256. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

211/2011 FORU AGINDUA, abenduaren 22koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Zorraren jaulkipena arautzen duena, Nafarroako Gobernuak zorpetze-eragiketak egitea xedatzeko 2011ko azaroaren 16an hartutako Erabakiaren babesean.

Nafarroako Gobernuak azaroaren 16an hartutako Erabakiaren bidez xedatu zen Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan agertzen diren zorpetze-eragiketak egitea, gehienez 476.100.000 euro arte. Erabaki horren 4. artikuluan xedatu zen, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru aginduaren bidez, balioen jaulkipenen baldintza guztiak zehaztuko zirela, eta hango titularrari foru lege horren 66.1 artikuluko c) eta d) letretan bildutako eskumenak eskuordetu zitzaizkion.

Une honetan burutzen den eragiketaren bidez, 100.000.000 euroko jaulkipena berrirekitzen da (retap) (jaulkipen data: 2011ko otsailaren 24a; mugaeguna: 2016ko otsailaren 24a; %5,529ko kupoia; ISIN ES0001353277). Baldintzak otsailaren 10eko 14/2011 Foru Aginduan jasota daude; aipatu jaulkipenaren nominala 54.000.000 euro igo da.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Jaulkipenaren ezaugarriak.

2011ko otsailaren 24an jaulkitako Nafarroako Zorraren (mugaeguna: 2016ko otsailaren 24a; %5,529ko kupoia, ISIN ES0001353277) berrirekitzeak, 54.000.000 euro nominalekoak, haren ezaugarri eta baldintza berak ditu, ondotik adierazten den jaulkipen prezioa izan ezik:

Ex-kupoiaren prezioa: %100,816.

Kupoi korritua: %4,650.

Prezio osoa: %105,466.

Jarri beharreko dirua: 56.951.866,36.

Dirua noiz jarri: 2011ko abenduaren 28an.

2. artikulua. Jaulkipenen kolokazioa.

Kolokazio pribatuaren sistemaren bidez esleituko da jaulkipena.

3. artikulua. Likidezia.

Nafarroako Zorrak Zor Publikoaren Merkatuan kotizatuko du idazpenetan.

4. artikulua. Tratamendu fiskala.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboentzat interesek sortutako etekinek atxikipena izanen dute, indarra duen legezko araudiaren arabera. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek lortutako errentetan ez da beharrezkoa izanen atxikipenik egitea, ez eta konturako diru-sarrerarik ere, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5. artikulua. Jaulkipenaren produktua eta gastuak.

Jaulkipen honen produktu guztia 2011ko azaroaren 16ko Erabakian ezarritako helbururako erabiliko da.

Jaulkipenaren komisioak eta haren ondoriozko gainerako gastuak 2011ko gastuen aurrekontuko "Zor publikoa eta bestelako maileguak jaulki, aldatu eta kitatzeko gastuak" izeneko 112003-11430-3010-951100, kontu-sailaren kargura izanen dira.

Jaulkipenaren interesak 2012tik 2016ra bitarteko ekitaldietako gastuen aurrekontuetan bidezkoa den kontu-sailari aplikatuko zaizkio, bi ekitaldi horiek barne.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko abenduaren 22an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1120737