256. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

249/2011 FORU DEKRETUA, abenduaren 28koa, Nafarroako Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa arautzen duena.

Osasun Ministerioak 2007an egin eta 2007ko urriaren 10ean Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluari aurkeztu zion "Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Planak" hauxe du xede: "7 urtetik 15 urtera bitarteko haur espainiar guztiek aho-hortzetako osasun laguntza berdintasunez jasotzen dutela ziurtatzea".

Plan hori egin aurretik ere, Nafarroako Gobernuak interesa eta sentsibilitatea erakutsi zituen Nafarroako haurren aho-hortzetako osasunaren gaian, Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzarako Programa progresibo bat (HAOLP) ezarri baitzuen otsailaren 7ko 58/1991 Foru Dekretuaren bidez.

Geroago, Haur eta gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa aldatzen duen apirilaren 7ko 69/2003 Foru Dekretuaren bidez, programak bere baitan hartzen zuen adin-tartea zabaldu egin zen, 18 urte arteko gazteak ere biltzeko.

Osasuneko kontseilariaren uztailaren 1eko 77/2003 Foru Aginduaren bidez, Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa garatu zen.

Hortzaldiko unerik kritikoena hortzak atera ondoko 3 urteak dira. Horrexegatik, HAOLPren zerbitzu zorroan dauden prebentzio eta laguntza neurrien errentagarritasunik handiena tarte horretan lortzen da. Beraz, lehentasunak ezarriz gero, 6 urtetik 15 urtera bitarteko adin taldeek jaso beharko lukete lehentasunezko laguntza. 15 urtetik aurrera, nerabeen hortz-haginak helduenak bezalakoak dira, eta beraz, jarduketa eta zainketa berdinak behar dituzte. Horrez gain, Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programari esker, aho-hortzetako osasunaren arloko profesionalengana aldizka jotzeko ohitura sortzen denez, pentsatzekoa da programa amaituta ohitura horri eutsiko zaiola.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta aurrekontuetan murrizketak egin beharra dagoela, bidezkoa da Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa egokitzea eta HAOLPren prebentzio eta laguntza neurriek eragin handiena lortzen duten adin tartera mugatzea.

Azkenik, aho-hortzetako osasun laguntzarekin lotuta baitago, eta desgaitasunak dituzten pertsonak babestu behar dituzten berezitasunak direla eta, apirilaren 7ko 70/2003 Foru Dekretuaren 1. artikulua aldatu da, terminologia bat etor dadin Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearekin.

Horiek horrela, Osasuneko kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak 2011ko abenduaren 28an egindako bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programaren bitartez, hortzetako oinarrizko osasun laguntza doakoa bermatuko die Nafarroan bizi diren 6 urtetik 15 urtera bitarteko haur guztiei.

2. Osasun laguntza hori haurrak sei urte betetzen dituen urteko urtarrilaren 1ean hasi, eta 15 urte betetzen dituen urteko abenduaren 31n amaituko da.

2. artikulua. Aho-hortzetako oinarrizko osasun prestazioak.

1. Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programan sartutakoei aho-hortzetako osasun prestazio hauetarako eskubidea aitortzen zaie:

a) Ahoko osasun egoera diagnostikatzeko azterketa.

b) Higieneari eta dietari buruzko osasun jarraibideak.

c) Hagin iraunkorretako artekak ixtea.

d) Hortz-hagin iraunkorren obturazioa.

e) Hortz-hagin iraunkorren mamiaren tratamendua.

f) Behin-behineko hortz-haginak eta iraunkorrak erauztea.

g) Hortz-hagin iraunkorren tratamendu periodontala.

h) Aho-hortzetako larrialdien tratamendua.

i) Ebakortz eta letagin iraunkorren malformazioen eta traumatismoen tratamendua.

j) Azaleko fluorraren aplikazio profesionala.

k) Tratamendu protesikoak eta ahoko kirurgiakoak.

2. Artikulu honen 1. idatz-zatian aipatzen diren prestazioei dagozkien ekintzak foru dekretu honen eranskinean zehazturik daude.

3. artikulua. Programan sarturik ez dauden aho-hortzetako osasun prestazioak.

Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programatik kanpo daude prestazio hauek:

a) Behin-behineko hortz-haginetarako osasun laguntza, diagnostikoa egiteko azterketa salbu; ortodontziakoak ez diren erauzketak eta larrialdiak.

b) Hortz inplanteak.

c) Ortodontziako osasun laguntza, bai diagnostikoaren fasean bai terapeutikoan.

d) Korden exodontzia, salbuespen hauekin:

Hantura edo kistearen sintomatologia dagoenean.

Sintomarik gabe ere, erdi atereak edo atereak daudenean, posizio mesioangeluarrean edo horizontalean.

e) Haurren Aho-hortzeko Osasun Laguntzaren Planetik kanpo dauden prestazioen ondorioz edo horietarako behar diren ebakuntzak ere ez dira sartzen.

4. artikulua. Zerbitzuak ematea eta ordaintzeko sistema.

1. Foru dekretu honen 1. artikuluan aipatzen diren pertsonak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko odontologoek edo estomatologoek artatu ahal izanen dituzte, edo sektore pribatukoek, horretarako ituna egia dutenek.

2. Itundutako zerbitzuak bi modutan ordainduko dira, emandako laguntzaren arabera:

a) Kapitazio bidez ordaintzea.

Urtean diru kopuru bat ordainduta gaixo bakoitzeko (kapitazioko tarifa), dentistak haurrak aho-hortzetako osasun laguntzan dituen premiei erantzungo die, betiere foru dekretu honen 2. artikuluko 1. idatz-zatiaren a)tik h)ra bitarteko letretan aurreikusitako osasun estalduran sartutakoak badira.

b) Hortzetako osasun laguntzaren zerbitzu edo ekintza bakoitzeko ordaintzea:

Foru dekretu honen 2. artikuluko 1. idatz-zatiaren i)tik k)ra bitarteko letretan aurreikusitako tratamenduak ekintza medikoaren arabera ordainduko dira, finkatutako ordainsarien arabera, betiere hirugarrenik ez badago tratamendu horiek bere gain hartzera beharturik, eta foru dekretu honen eranskineko B) atalean dauden zehaztapenei jarraikiz.

5. artikulua. Sektore pribatuarekiko itunak egitea eta gaikuntza.

1. Sektore pribatuarekiko itunak, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 77. artikuluko eta hurrengoetako aurreikuspenen arabera, epe batzuei segituz eginen dira, eskaintza orokorraren bidez eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezarritako betebeharrekin bat.

2. Estomatologo edo odontologo bat baino gehiagoko kontsulta edo klinikekin egin daitezke itunak, betiere programaren aho-hortzetako laguntzarako proposatutako profesionalek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak horretarako gaitzeko jarritako baldintzak betetzen badituzte.

3. Hortzetako kontsulta edo klinikek Nafarroako Foru Komunitatean egon behar dute nahitaez.

4. Gaikuntza lortzeko, laguntza eman behar duen profesionalak baldintzak hauek bete behar ditu:

a) Odontologo titulua edo estomatologiaren arloko mediku titulua izatea, legeria indardunaren arabera jarduera profesionalerako bidea ematen diona.

b) Lanbide Elkargoei buruzko legeria indarduna betetzea.

c) Frogatzea aho-hortzetako laguntza eskaini behar duen kontsultak edo klinikak honakook dauzkala:

Osasun zentro gisara funtzionatzeko baimena, Osasun Departamentuko Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuak emana.

Aho-hortzetako osasun laguntzaren programaren barrenean dauden prestazioak egiteko tresneria.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Aho-hortzetako Osasunaren Unitateak aldian-aldian antolatzen dituen eguneratze-ikastaroetan parte hartzeko hitza ematea.

e) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen dituen jarraibide eta aholkuak betetzeko hitza ematea.

f) Itunaren Administrazio Klausula Partikularren eta Teknikoen Pleguek ezartzen dituzten gainerakoak.

5. Sendagileak berak uko egin ezean, ulertuko da foru dekretu honen bidez ezartzen den programaren ondorioetarako gaikuntza dutela Nafarroako Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren aurreko programetan parte hartzeko ituna eta gaikuntza zituzten odontologoek eta estomatologoek.

6. artikulua. Dentista hautatzeko askatasuna.

1. Gaituta dauden odontologo eta estomatologoen zerrenda emanen zaie programaren onuradunei, libre aukeratu dezaten nahi dutena, 5. artikuluan ezarritakoa deusetan ukatu gabe.

2. Guraso edo tutoreek gaixoaren aho-hortzetako laguntzaren fakultatibo arduraduna aldatzeko eskatzen ahal diote Aho-hortzeko Osasun Unitateari.

7. artikulua. Profesionalak gaixoak onartzeko prozedura.

1. Mediku estomatologo edo odontologoek eskubidea dute Aho-hortzetako Osasun Unitateari jakinarazteko ez dizkiotela osasun zerbitzuak eman nahi gaixoren bati, eta gaixo berriak ez hartzeko eskubidea ere izanen dute, betiere halako kasuetan:

a) Aho-hortzetako osasun laguntza eskatzen den urteko urtarrilaren 1a baino lehenagoko 24 hilabeteetan gaixoa programaz baliatu ez bada.

b) Gaixoa, aurretik abisatu gabe, hartutako azkeneko bi hitzorduetan agertu ez bada.

c) Gaixoekin edo beren arduradunekin liskar larririk baldin badago.

2. Halako kasuetan, Aho-hortzetako Osasun Unitateak, egoera azterturik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren sareko aho-hortzetako kontsulta batera bidal dezake gaixoa, eta bertan eginen dira behar diren tratamenduak, programak bere gain hartzen dituenetatik. Geroago, gaixoaren arduradunek askatasunez hautatuko dute dentista, programakoen artean.

8. artikulua. Kontrolerako baliabideak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak finkatuko ditu foru dekretu honetan ezartzen den Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa ezarri, garatu eta ebaluatzeko behar diren kontrol eta kalitate bermerako baliabideak.

Xedapen gehigarri bakarra.-Elbarrien Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa aldatzen duen apirilaren 7ko 70/2003 Foru Dekretuaren aldaketa.

1. Apirilaren 7ko 70/2003 Foru Dekretuan eta maiatzaren 9ko 51/2003 Foru Aginduan Elbarrien Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programaz egiten diren aipamenak Desgaitasuna dutenen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Planari buruzkoak direla ulertuko da.

2. Apirilaren 7ko 70/2003 Foru Dekretuaren 1. artikulua aldatu da, honela gelditu baita haren testua:

"Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, Desgaitasuna dutenen Aho-hortzetako Osasun Programaren bitartez, aho-hortzetako osasun laguntza ziurtatzen die Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kargurako osasun laguntzarako eskubidea izan, eta hiru baldintza hauek betetzen dituzten pertsonei:

a) %75eko edo hortik goitiko desgaitasuna izatea, Nafarroako Gobernuaren Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak ezarritakoaren arabera.

b) 18 urteko edo hortik goitiko pertsonak baldin badira, hirugarren pertsonaren laguntza-premia aitortua izatea.

c) 18 urtetik beheitiko pertsonen kasuan, mendekotasun egoera aitortua izatea, edozein gradutakoa dela ere.

d) Ahoko eritasuna izateko arrisku irizpideak betetzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Aho-hortzetako Osasunaren Atalaren iritziz."

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetzeak.

Indarrik gabe gelditu dira apirilaren 7ko 69/2003 Foru Dekretua, Haur eta gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa aldatzen duena, uztailaren 1eko 77/2003 Foru Agindua, Osasuneko kontseilariarena, Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa garatzen duena, eta maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen, foru dekretu honetan ezarritakoarekin kontra doana.

Azken xedapenetan lehena.-Foru dekretu honen eranskina aldatzeko ahalmena.

Foru dekretu honen eranskinaren edukia Osasuneko kontseilariak emandako foru agindu bidez aldatu ahal izanen da.

Azken xedapenetan bigarrena.-Foru dekretu hau garatzeko ahalmena.

Osasuneko kontseilariak foru dekretu hau garatzeko beharrezko xedapenak emateko ahalmena izanen du.

Azken xedapenetan hirugarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2012ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko abenduaren 28an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

ERANSKINA

A) Oinarrizko osasun prestazioak, kapitazio bidez ordaindutakoak

a) Ahoko osasun egoera diagnostikatzeko azterketa:

Aho barrunbearen osagai guztien azterketa zehatza, estomatologo edo odontologo arduradunak egina. Horretarako, medikuak kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen dituen metodo diagnostikoak erabiliko dira. Azterketa erradiografikoa, azterketa honen parte den aldetik, hortz-haginetako patologia dela-eta komeni denean eginen da. Gutxienez urtean ahoko osasun azterketa bat eginen da. Gutxienekoa hori da, baina profesionalak, beharrezkoa iruditzen bazaio, urtean bi azterketa edo gehiago egitea agindu lezake.

b) Higieneari eta dietari buruzko osasun jarraibideak:

Azterketa diagnostiko guztietan osasun jarraibide batzuk emanen dira ohitura osasungarriak sustatzeko, bai dietari buruzkoak bai ahoko higieneari buruzkoak. Jarduera hori laguntza hartzen duen pertsonarekin eta haren guraso edo tutoreekin eginen da, aho-hortzetako osasuna zaindu eta hobetzeko arduraz jabe daitezen.

c) Hagin iraunkorretako artekak ixtea:

Lehenbiziko hagin iraunkor osasuntsuetako artekak itxiko dira, baldin eta 4 urte baldin badituzte gehienez aterata, "CAOD" indizea zerotik goitikoa denean edo "cod" indizea batetik goitikoa denean, hau da, hortz iraunkorretan txantxarren bat edo behin-behineko haginetan txantxar bat baino gehiago duenean edo izan duenean.

Bigarren hagin iraunkorretako artekak ere itxiko dira, baldin eta 4 urte baino gutxiago badituzte aterata, "CAOD" indizea zerotik goitikoa denean, hau da, hortz iraunkorretan txantxar bat baino gehiago duenean edo izan duenean.

Itxiko dira, gainera, egoera bereziren bat dela-eta txantxarra izateko arrisku handia duten hagin iraunkorretako artekak ere.

d) Hortz-hagin iraunkorren obturazioa:

Hortz edo hagin iraunkor batean txantxarra atzemanik, eta hondamena gelditzerik edo birmineralizatzerik ez dagoela iritzirik, aurrera egiten baitu bixi-bixi, gai iraunkor bat erabiliz butxatuko da, betiere, kasuan kasu, ahalik eta teknika kontserbatzaileenetara joz hortz-haginik kendu beharrik ez izateko.

e) Hortz-hagin iraunkorren mamiaren tratamendua:

Hortz-haginen mamiaren inflamazioak sendabiderik ez badu, eta sendagileak egoki baderitzo, mamian behar den tratamendua eginen da.

f) Behin-behineko hortz-haginak eta iraunkorrak erauztea:

Mamiaren tratamendua egitea egokia ez den kasuetan, hortza edo hagina erauziko da. Halaber, behin-behineko hortz-haginak kenduko dira, beharrezkoa baldin bada. Ortodontziaren ondorioz hortz-haginak erauzi beharra prestazioetatik kanpo geldituko da.

g) Hortz-hagin iraunkorren tratamendu periodontala.

Terapia periodontalaren barrenean, baina ez arrazoi estetiko hutsengatik, hauek eginen dira:

-Profilaxia: pigmentazio estrinsekoa edo lertzo biguna kentzea eta/edo hortz eta haginen azala garbitzea, eskuilaz edo kopaz eta profilaxirako oreaz.

-Tartrektomia: lertzo gogorra kentzea, ultrasoinuak erabiliz edo erabili gabe, eta, azkenik, gainazalak garbitzea.

h) Aho-hortzetako larrialdien tratamendua:

Helburu nagusia mina kentzea izanen da; hortz-hagin iraunkorrak badira, tratamendua osoa izanen da, behin-behineko hortz-haginen kasuan, berriz, tratamendu aringarria besterik ez da eginen (botika bidezko terapia, aldi baterako ebakuntza edo mina ematen duen hortza kentzea).

B) Ekintza medikoaren arabera ordaindutako oinarrizko osasun prestazioak

2. artikuluaren 1. idatz-zatiko i)tik k)ra bitarteko letretan aipatzen diren tratamendu bereziak zuzenean ordainduko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, zerbitzu edo ekintza medikoaren arabera, betiere hirugarrenik ez badago horiek bere gain hartzera beharturik.

Nahitaezkoa izanen da, tratamendua fakturatu ahal izateko, aipatu erakunde autonomoko Aho-hortzetako Osasunaren Unitateak aurretik adostasuna adieraztea, salbu eta larrialdiko tratamendua denean. Osasun arrazoi hutsez atzeratu ezin den tratamendua besterik ez da hartuko larrialdikotzat.

1. Apizektomia/kistektomia (atzeranzko obturazioarekin edo gabe).

2. Apikoformazioa.

3. Behin-behineko koroak:

-Behin-behineko koroa, dentistak egina: dentistak berak egindako koroa, material akrilikoz edo antzeko materialarekin, hortz baten tailatuaren eta protesikoak eginiko koroa behin betiko baten zementazioaren artean jartzen dena.

-Behin-behineko koroa, protesikoak egina: aurreko kasuan bezalaxe, baina protesikoak egina.

4. Behin betiko koroak:

-Atzeko sektorean: txantxarraren eta/edo malformazioen tratamendu gisa, koroaren parte handi bat hondatua dagoela-eta koroa oso bat jartzea bidezkoa denean, metalezko koro soil bat sar liteke prestazio arrunt bezala. Prestazio hau gaixoa 12 urtekoa edo hortik goitikoa denean baizik ezin izanen da eman.

-Aurreko sektorean: irizpide bera aplika liteke aurreko sektorean. Traumatismoak ere sartzen dira oraingoan, eta kasu horretan erretxinazko edo metal-erretxinazko koroa erabil liteke, zein ere den gaixoaren adina.

5. Endodontzia.

6. Atera gabeko edo erdizka ateratako behin betiko hortz bat erauztea, foru dekretu honen 3. artikuluan ezarritakoa deusetan ukatu gabe.

7. Supernumerario bat erauztea.

8. Behin-behineko hortz edo hagin bat ateratzea, ostektomiarekin.

9. Fenestrazioa, ortodontziagatik egiten dena izan ezik.

10. Aurreko hortz-taldearen ferulizazioa.

11. Fluorizazio topikoa txantxarra izateko arrisku handia dagoenean (populazioaren % 5 inguru). Horretarako ondoko taulan ageri diren irizpideak erabiliko dira, deusetan ukatu gabe egoera bereziak, hau da, gaixoak txantxarrerako joera izatea (salbu eta ortodontzia aparatua eramatea). Gehienez fluoruro aplikazio pare bat eman dakizkioke gaixoari urtean.

ADINA

COD INDIZEA

CAOD INDIZEA

6 urtetik 9 urtera

? 6

? 2

10 urtetik 12 urtera

-

? 4

13 urtetik 15 urtera

-

? 5

12. Frenektomia.

13. Berregite-lan handia. Ondoko tratamenduak hartuko dira halakotzat (aurreko talde iraunkorrean):

-Traumatismoagatik: koroaren herenetik goitiko haustura horizontala berregitea, tratamendu endodontikoaren beharra izan duena.

-Malformazioagatik: koroa osorik berregiteko lana, material estetikoarekin.

14. Metalezko hortzondoa, itsatsia eta sustraibakarra: protesikoak egindako metalezko pieza, koroari eutsiko dion hortz bat berregiteko erabilia.

15. Erro barreneko bernoa, aurretik egina.

16. Behin-behinekoa, erretxinazkoa: mekanismo akrilikoa, gune-eusle gisara erabilia traumatismoen ondoriozko hortz-galeretan (aurreko hortz iraunkorrak).

17. Pulpotomia.

18. Berregiteko lana: halakotzat hartuko dira, aurreko hortz iraunkorren berregiteak, traumatismo eta malformazioen ondoriozko lesioengatikoak, "berregite handiak" izeneko atalean sartutakoak izan ezik.

19. Mamiaren zuzeneko estaltzea.

20. Hortz-haginak berriz ezartzea.

21. Ehun bigunen jostura, salbu eta aurreko tratamenduren baten parte direnak.

Iragarkiaren kodea: F1120740