256. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

247/2011 FORU DEKRETUA, abenduaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitatean epeen zenbaketarako 2012. urtean baliogabeak izanen diren egunak zehazten dituena.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 48.7. artikuluak ahalmena ematen die autonomia erkidegoei epeen zenbaketarako egun baliogabeen egutegia zehazteko, bakoitzak bere lurraldean. Epeen zenbaketarako baliorik gabeko egunak ezartzerakoan lan egutegi ofizialari jarraitu beharko zaio. Halaber, erkidego bakoitzeko Toki Administrazioa osatzen duten entitateen egun baliogabeak sartuko dira egutegian.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 24ko 699/2011 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2012ko jaiegunen egutegi ofiziala ezarri zen.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak azaroaren 30ean emandako 1258/2011 Ebazpenaren bidez ezarri dira herrietako 2012ko jaiegunak, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez direnak.

Aipatutako xedapenak ikusirik eta aldez aurretik Toki Araubideko Foru Batzordeak txostena eginda, bidezko da epeen zenbaketarako 2012. urtean baliogabeak izanen diren egunak zehaztea.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko abenduaren 28ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Egun baliogabeak Foru Komunitatearen esparruan.

Nafarroako Foru Komunitatean epeen zenbaketarako 2012. urtean baliogabeak izanen dira egun hauek: igande guztiak, urtarrilaren 6a, martxoaren 19a, apirilaren 5a, 6a eta 9a, maiatzaren 1a, abuztuaren 15a, urriaren 12a, azaroaren 1a, eta abenduaren 3a, 6a, 8a eta 25a.

2. artikulua. Egun baliogabeak Nafarroako Toki Administrazioko entitateen esparruan.

Nafarroako Toki Administrazioa osatzen duten entitateen esparruan, aurreko artikuluan aipaturiko egunez gain, bertako jaiegunak gehituko dira, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak azaroaren 30ean emandako 1258/2011 Ebazpenaz ezarriak.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko abenduaren 28an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilaria, Roberto Jiménez Alli.

Iragarkiaren kodea: F1120955