Iragarkia
255. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 29a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
2012ko urtarrilaren 1etik aitzina indarra izanen duten prezio publikoak. Behin betiko onespena
Tafallako Udalak, 2011ko azaroaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen prezio publikoak arautzen dituzten arau fiskalen multzoa eta haien eranskinak, tarifak zehazten dituztenak, 2012ko urtarrilaren 1etik aitzina indarra izanen dutenak.
2011ko 224. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 11n, horien hasierako onespena argitaratu zen, eta, erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko 30 egun balioduneko epea igarota inork ez duenez halakorik aurkeztu, behin betiko onetsita daude.
Ondotik ematen da argitara 2012ko arau fiskalen testu osoa, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betetzeko.
Tafallan, 2011ko abenduaren 21ean.-Alkate udalburua, Cristina Sota Pernaut.
0 ARAUA:
UDAL JARDUERAK EDOTA ZERBITZUAK
EGITEKO PREZIO PUBLIKOEN GAINEKOA
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta ondokoetan xedatutakoari jarraikiz, arau honetan tarifak ezartzen dira eranskinean zehazten diren zerbitzu eta jarduerak egiteagatik.
2. artikulua. Zerbitzu bakoitzaren erabiltzaile edo onuradunak daude arau honetako prezio publikoak ordaintzera behartuak.
3. artikulua. Arau honetako prezio publikoen tarifak eranskinean agertzen dira.
4. artikulua. Tasa ordaindu beharra zerbitzua edo jarduera egiten hastean sortuko da, edo eskatzen den unean.
1. ARAU FISKALA:
UDALAREN MUSIKA ESKOLAKO IKASTAROETAN
IZENA EMAN ETA PARTE HARTZEKO ETA MUSIKA
TRESNAK ALOKATZEKO PREZIO PUBLIKOEN GAINEKOA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da arau honetako prezio publikoa.
Sorrarazpena
2. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da ikastaro bakoitzean parte hartzeko izena ematen denean, eta parte-hartzaileek ordaindu beharko dute.
Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak
3. artikulua. Musika Eskolan izen emateak inskripzio eskubideen tarifaren sorrarazpena (matrikula) ekarriko du, bai eta beste tarifa batena ere, zein irakasgaitan matrikulatzen den kontuan hartuta, eta betiere ikastaroaren iraupen osorako.
4. artikulua. Prezio publikoen diru-bilketa udal bulegoetan eginen da.
5. artikulua. Matrikularen prezioa deuseztatuko da bakar-bakarrik Musika Eskolak deuseztatzen badu ikastaroa.
6. artikulua. Ikasturtea hasitakoan izena emanez gero, matrikula osorik ordainduko da eta irakasgaiak hilabete naturaletan, izen ematea gertatzen den hilabetea barne.
7. artikulua. Matrikula zabalduz gero, izen emateko eskubideak osorik ordaindu beharko dira eta irakasgaiak hilabete naturaletan, izen ematea gertatzen den hilabetea barne. Halakorik gertatzen bada, ez da eskubiderik izanen jatorrizko irakasgaiaren tarifa kobratzeko, hori zabaltzea gertatzen den hilabetearen hasieratik aurrera.
8. artikulua. Ikasleak Musika Eskola uzten badu ikastaroa hasita dagoela, irakasgaiak likidatuko dira ikasturte osorako ezarrita dagoenaren arabera, zein den ere eskola-uztea gertatzen den unea.
Ikasle batek baja ematen badu adierazitako epez kanpo, baina ikasturteko lehen klasea hasi aurretik, eta ikaspostu hori beste ikasle batek betetzen badu, lehenak bakarrik matrikularen zenbatekoa ordaindu beharko du.
9. artikulua. Irakasgaien tarifak 6 hilabetetan zatikatuko dira, denak zenbateko berekoak izanik, eta likidatu, berriz, ikastaroaren lehenbiziko 6 hilabeteetan. Aipatu likidazioak hilabete bakoitzeko lehenbiziko hamabostaldian eginen dira.
Tarifen aplikazioa
10. artikulua. Arau honetan agertzen diren murrizketak eskuratu nahi dituzten eskatzaileek nahitaez aurkeztu beharko dute familia ugariaren karneta.
11. artikulua. Aurreko ikastaroan Ohorezko Matrikula eskuratu duten ikasleek eskubidea izanen dute doaneko izen emateari (matrikula) dagokion eskubideen tarifarako.
12. artikulua. Irakasgaiak baliokidetzen direnean eta ikasleak ez badu klaseetara joan behar, ez da hileko irakasgaiendako tarifak kobratzeko eskubiderik, eta bakar-bakarrik izen emateko eskubideen tarifa (matrikula) ordaindu beharko da.
ERANSKINA
2012-2013 ikasturteko tarifak
Onestekoak.
2. ARAU FISKALA:
UDALAREN MAKINERIA, IBILGAILUAK, LANABESAK
ETA BESTELAKOAK UZTEKO PREZIO PUBLIKOEN GAINEKOA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da arau honetako prezio publikoa.
Zergapeko egintza
2. artikulua.
1. Pertsona natural edo juridikoei Udalarenak diren elementuak lagatzea, horra zergapeko egintza.
2. Elementu horiek lagatzen ahalko dira Udaleko zerbitzuetarako behar ez direnean.
3. artikulua. Kultur eta kirol ekintzetan edo udal batzorderen batek babesturikoetan, Udala antolatzaileen laguntzaile denean eta antolatzaileei elementu horiek uzten dizkienean ez da prezio publiko hau ordaindu beharko, eta berdin beste udalekin, irabazi asmorik gabeko gizarte erakundeekin eta Tafallako auzoetan festak antolatzen dituzten auzo elkarteekin.
Subjektu pasiboa
4. artikulua. Ordenantza honetako prezio publikoa ordaintzera behartuta daude 2.1. artikuluan aipatutako tresna edo materialak erabiltzen dituzten pertsona edo entitateak.
Karga-oinarria
5. artikulua. Lagatako elementuak zenbat denboran erabili diren, horren araberakoa izanen da.
6. artikulua. Erabilera denbora egunetan zenbatuko da, tarifetan zehazten denaren arabera, materiala udal biltegi edo parkeetatik ateratzen denetik hasi eta itzultzen den arte. Zatikia beti egun osotzat hartuko da.
Tarifak eta kuotak
7. artikulua.
1. Aplikatzeko tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.
2. Lagatutako elementuak udal langileen bidez eta Udalaren bitartekoekin muntatu eta garraiatzen badira, kuota zehazterakoan elementu horiek erabiltzeko tarifari muntaiarengatik eta garraioarengatik dagokiona gehituko zaio, betiere kontuan harturik horretan aritzen diren langileak, kategoria, muntatu eta garraiatzeko erabili diren bitartekoak eta ordu kopurua.
3. Material suntsigarriak lagatzen direnean, tasari haien kostua gehituko zaio.
4. Lagapen hori dohainik egiten ahalko da, baldin eta hartzaileak erakundeak badira eta haiekin Udalak harreman estua badu aholkularitza teknikoan edo azpiegiturako materialen lagapenean.
Kudeaketa arauak
8. artikulua. Material horiek eskuratzeko interesa duten partikularrek idatziz eskatuko dute, beharrezkoa dutena eta erabiltzeko denbora argi azalduz.
9. artikulua. Udal zerbitzu teknikoei komenigarria iruditzen zaienean, fidantza bat eskatu ahalko da lagatutako materialetan gerta daitezkeen haustura eta kalteei erantzuteko.
10. artikulua. Lagatako apaindura elementuen erabilpen faseetan edozein motatako istripuak gertatuko balira, haien erantzukizuna ez legokioke Udalari.
11. artikulua. Lagatako materialek izaten dituzten hausketa eta kalteak erabiltzaileen gain egonen dira. Harreraren arduradunek kalteei buruzko oharrak jasoko dituzte, kopia bat erabiltzaileei eman eta jatorrizkoa zerbitzuburuei igorriko diete. Haiek eginen dute behar den tasazioa.
12. artikulua. Materialak eta elementuak nahi erara emanen ditu Udalak, eta ukapenaren aurka ezin izanen da erreklamaziorik egin.
13. artikulua. Udal aldamioak eskuratzeko aldez aurretik fidantza bat jarri beharko da kalte eta hondaketei erantzuteko. Galdu eginen da, lagapen epea edo horren luzapenak gainditzen badira. Horren zenbatekoa lagapenari dagokion tasaren %10 izanen da.
PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA
2012ko tarifak
I. epigrafea.-Langileak.
Kontzeptu honengatik aplikatu beharreko tarifak zerbitzua egiten den garaian indarra duten soldatei dagozkienak izanen dira, gehi %35, osasun laguntzagatik, Montepioari Udalak egiten dion ekarpenagatik eta pentsioengatik.
II. epigrafea.-Materialak.
Kontzeptu honengatik aplikatu beharreko tarifak Udalak erabilitako materialak erosi edo lortu prezioan kitatuko dira, eta hornitzaileen fakturak hartuko dira oinarritzat.
III. epigrafea.-Ibilgailuak, makinak.
III.1. Kamioi arrunta: 45,95 euro/ordua.
III.2. Dumperra: 23,05 euro/ordua.
III.3. Konpresorea, mailu bat duena: 76,45 euro/eguna.
III.4. Pala kargatzailea: 91,65 euro/ordua.
III.5. Atzerakako hondeamakina: 76,45 euro/ordua.
III.6. Udaltzaingoaren garabia: 45,95 euro/zerbitzua.
III.7. Kamioi biltontziduna: 45,95 euro/ordua.
Ondasuna uztea eta maneiatzen duenaren zerbitzua, biak sartzen dira epigrafe honetako aitzineko tarifen barnean.
III.8. Desinfektatzeko makina, hornitzen diren produktuez aparte: 40,05 euro/eguna.
-Desinfektatzailea: 22,25 pezeta/litroa.
-Intsektu hilkaria: 25,55 pezeta/litroa.
IV. epigrafea.-Oholtzak, aldamioak eta bestelakoak.
IV.1. Hesi metalikoak: 1,60 euro/bakoitza.
IV.2. Aldamioak uztea Alde Zaharrerako, garraioa, muntaia, desmuntaia eta ziurtagiria eta osagarriak barne (metro karratu eta egun bakoitzeko): 0,85 euro.
IV.3. Oholtza handi metalikoa: 72,50 euro/eguna.
IV.4. Mahaiak: 0,75 euro/eguna/bakoitza.
IV.5. Kadirak eta aulkiak: 0,55 euro/eguna/bakoitza.
V. epigrafea.
"Oholtzak, aldamioak eta bestelakoak" lagatzeko fidantza: 100 euro/eguna.
Aurreikusi ez diren kasuak tarifako antzekoekin parekatuko dira, kontuan hartuz indarra duten kostu ofizialak edo merkatukoak.
Tarifa guztiak denbora unitateei edo unitateen zatiei dagozkie.
3. ORDENANTZA FISKALA:
KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluaren 8. ataleko 109.etik 120.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Honako hau da kontribuzio berezien zergapeko egintza: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Udalak herri lanak egitearen ondorioz edo zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.
3. artikulua.
1. Honakoak hartuko dira Udalaren obra eta zerbitzutzat:
a) Udalak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe titular gisa egiten dituenak.
b) Udalak beste entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartuta egiten dituenak.
c) Udalak diru-laguntza emanik beste entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.
2. Aurreko zenbakiko a) letran sartzen direnak Udalaren esparruko lan edo zerbitzutzat joko dira nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik Udalarena duten erakunde autonomo edo merkataritza elkarteak, edo Udalak diru-laguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.
4. artikulua. Zein obra edo zerbitzutarako biltzen diren kontribuzio bereziak, haien gastuak ordaintzeko bakarrik erabiltzen ahal dira.
Subjektu pasiboa
5. artikulua.
1. Unitate ekonomikoa edo ondare banatua osatzen duten pertsona fisikoak zein juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak dira kontribuzio berezien subjektu pasiboak, haiek ordaintzera behartuak, obrak egiteagatik edo Udalaren zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik onura berezia jasotzen badute.
2. Onura berezien hartzailetzat jotzen dira:
a) Kontribuzio berezia delarik ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien jabeak.
b) Kontribuzio berezia delarik enpresa ustiapenen ondorioz obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien titular diren pertsona edo entitateak.
c) Kontribuzio berezia delarik su-itzaltze zerbitzuak handitu edo hobetzeagatik, ukitutako ondasunen jabeak eta, gainera, arlo horretan udalerrian diharduten aseguru konpainiak.
d) Kontribuzio berezia delarik lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.
3. Jabetza horizontaleko kasuetan, jabeen komunitateko ordezkaritzak udal administrazioari emanen dizkio jabekideen izenak eta komunitate horretan bakoitzak duen parte hartzearen koefizientea, banako kuotak igor ditzan. Horrela egiten ez bada, kuota bakarra igortzea onartzen dela ulertuko da, eta komunitateak berak eginen duela banaketa.
Zerga-oinarria
6. artikulua.
1. Gehienez ere, obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik Udalak pairatzen duen kostuaren %90k osatuko du kontribuzio berezien zerga oinarria. Udalak, ordenatzeko erabakia hartzean, kasu bakoitzean aplikatu beharreko portzentajea finkatuko du.
2. Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:
a) Peritu lan, proiektu prestatze eta obra zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.
b) Egin beharreko obren edo zerbitzuak ezarri edo handitzeko lanen zenbatekoa.
c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo Udalari dohainik eta nahitaez emandako lurrena edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Udalari emandako eraikinena.
d) Eraikinak lurreratu eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalte-ordainak, baita lurreratu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.
e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren korritua, Udalak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo, berdinduta ere, kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.
3. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.
4. Obra edo zerbitzuak direlarik 3.1 artikuluko c) letrak aipatzen dituenetakoak, edo artikulu horrexetako 2) zenbakiak aipatzen dituenetakoak, Udalak diru-laguntza emanda kontzesiodunek egindakoa alegia, kontribuzio berezien zerga-oinarria finkatzeko, diru-laguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du ukatzen beste administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexengatik ezar ditzaketenak ukatu gabe. Nolanahi ere, artikulu honen lehen zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, %90 alegia.
5. Zerga-oinarria finkatzeko, honako hau izanen da udal administrazioak bere gain hartutako kostua: osotarako kostuaren zifrari udal administrazioak erdiesten dituen diru-laguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.
6. Diru-laguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Diru-laguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, bertze subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.
Kuota
7. artikulua.
1. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:
a) Kasu guztietarako, batera nahiz bereiz, banaketa modulutzat ezarriko dira eraikinen fatxadako metro linealak, haien azalera, haien bolumen eraikigarria eta lurraren gaineko kontribuziorako duten katastroko balioa.
b) Su-itzaltze zerbitzua ezarri, handitu edo hobetu beharra delarik, udalerrian dauden ondasunengatik arriskua estaltzen duten entitate edo sozietateen artean eginen da banaketa, aurre-aurreko urtean bildutako primen zenbatekoaren proportzioan egin ere. Subjektu pasibo bakoitzari eskatuko zaion kuota baldin bada berak bildutako primen %5 baino gehiagokoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako da, erabat amortizatu arte.
c) Ordenantza honetako 5. artikuluko 2. zenbakiko d) atalean aipatzen diren obren kasuan, haiek erabili behar dituzten konpainia edo enpresen artean banatuko da kontribuzio bereziaren zenbateko osoa, bakoitzari erreserbatzen zaion espazioaren arabera edo haien osotarako sailarekiko proportzioan, nahiz eta berehala erabiltzekoak ez izan.
8. artikulua. Lege edo hitzarmen nazioartekoek onura fiskalak ematen badituzte, onuradunei egokitzen zaizkien kuotak ez dira banatuko beste zergadunen artean.
9. artikulua. Ordaindu beharreko kuota finkatu delarik, Udalbatzak zilegi izanen du, subjektu pasiboak hala eskatuta, kuota zatikatu edo gerokotu dadin agintzea gehienez bost urtez.
Tributuaren sorrarazpena
10. artikulua.
1. Obrak egiten diren unean berean gertatzen da kontribuzio berezien sorrarazpena, edo zerbitzua ematen hasten denean. Obrak zatikatzea zilegi baldin bada, tarte edo zatiki bakoitza burutu denetik izanen da sorrarazpena subjektu pasibo bakoitzarentzat.
2. Aurreko zenbakian xedatu dena ukatu gabe, ezartzeko eta ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik, Udalak zilegi izanen du eskatzea aurrez ordain daitezela kontribuzio bereziak, hurrengo urterako aurreikusten den kostuaren arabera. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, hura burutu ez bada ez da zilegi izanen bertze urtealdi bat aurreratzeko eskatzea.
3. Kontribuzio bereziak sorrarazteko unea kontuan hartuko da ordaintzera nor beharturik dagoen finkatzeko 5. artikuluaren arabera, nahiz eta ordenatzeko erabaki zehatzean beste subjektu pasibo bat agertu, hura onetsi zen datan hala zena alegia, eta kuoten ordainketa berak aurreratu bazuen ere, artikulu honetako 2. zenbakiak xedatzen duenarekin bat. Ordenatzeko erabaki zehatzean subjektu pasibo gisa ageri den pertsonak jakinaren gainean egon eta ezarpena sortzen duten ondasun edo ustiapenen gainean dituen eskubideak eskualdatzen baditu, erabaki hori onestetik hasi eta sorrarazpena gertatu arteko epean, egin den eskualdatzearen berri eman beharko dio Udalari eskualdatzearen datatik hasi eta hilabeteko epean, eta hala egiten ez badu, administrazio horrek zilegi izanen du espedientean subjektu pasibo gisa ageri zenaren kontra jotzea kobratzeko ekintza.
4. Obrak osorik nahiz partez bururatu direlarik, edo zerbitzua ematen hasi delarik, subjektu pasiboak, oinarria eta kuota indibidualizatu behin betikoak seinalatuko dira, bidezko likidazioak igorriko eta aurreratuta egon litezkeen ordainketak konturako entrega gisa konpentsatuko. Udalak eginen du behin betiko seinalamendu hori, zein obra edo zerbitzutarako antolatzen den tributua, hartarako erabakiaren arauei jarraituz.
5. Ordainketa aurreratuak tributua sortu zen egunean subjektu pasibo ez diren pertsonek egin badituzte, edo berez tokatzen zaien kuota indibidual behin betikoaz goiti egiten badute, udal administrazioak bere kabuz eginen du behar den itzulketa.
Ezarpena eta ordenazioa
11. artikulua.
1. Kontribuzio bereziak ordainarazteko, kasu bakoitzean hura ezartzeko erabaki hartu beharko da aldez aurretik.
2. Ez da zilegi izanen kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko obra bat egiteari edo zerbitzu bat ezarri nahiz handitzeari buruzko erabakia betetzea, harik eta kontribuzio berezien ordenazio zehatza onesten ez den arte.
3. Ordenatzeko erabakia nahitaez hartu beharrekoa izanen da eta obra eta zerbitzuen kostu zenbatetsia finkatu beharko du, baita onuradunen artean banatu beharreko zenbatekoa eta banaketa irizpideak ere. Ordenatzeko erabaki zehatzak ordenantza honi eginen dio aipua.
4. Behin kontribuzio bereziak ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak finkatu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek, baldin subjektua edo bere helbidea ezagunak badira, eta, bestela, ediktu bidez. Interesdunek zilegi izanen dute errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen Bederatzigarren Tituluko II. Kapituluak aurreikusten duen moduan.
12. artikulua.
1. Udalaren eskumeneko obrak eta zerbitzuak Udalak beste toki entitate baten laguntzarekin egiten dituenean, eta baldin kontribuzio bereziak ezartzen badira foru arauetan xedatzen denaren arabera, obra egitea edo zerbitzuak ezartzea bere gain hartzen duen entitatea arduratuko da kontribuzio horiek kudeatu eta biltzeaz, nahiz horrek ez duen galarazten entitate bakoitzak dagokion eskumena atxikitzea, ezartzeko eta ordenatzeko erabakiei dagokienez.
2. Entitate horietako batek onesten ez badu ordenatzeko erabaki zehatza, jarduketa unitatea baliogabetuko da eta haietako bakoitzak bakarka hartuko ditu behar diren erabakiak.
Herritarren lankidetza
13. artikulua.
1. Lanek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboa sortzen ahal dute, Udalak lanak egin edo zerbitzuak paratu edo handitu ditzan sustatzeko, konpromisoa hartuz, lana edo zerbitzua zein izan, dagokien zatia ordaintzeaz gain, hari dagokion zatia ere ordaintzeko, Udalaren finantza egoera larria denean.
2. Orobat, Udalak sustatutako lanak egitean edo zerbitzuak ezartzean edo handitzean, ukituriko jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboak sortzen ahal dituzte, kontribuzioak ordenatzeko erabakia jendaurrean egon artean, Udalak aurretik erabakita eginen den lanean edo zerbitzuan parte hartzeko.
3. Zergadunen elkarteen funtzionamendu eta eskumenak haien estatutuetan xedatzen direnak izanen dira. Estatutuak Udalak onetsi beharko ditu. Nolanahi dela ere, zergadunen elkarteak gehiengo osoz hartzen dituen erabakiak, ukitutako jabetzaren bi herenak biltzen baldin badituzte, lotesleak izanen dira gainerakoentzat. Elkarteak, behar den quoruma bildurik, zuzendaritza batzordea izendatzen baldin badu, horrek hartutako erabakiak lotesleak izanen dira interesdun guztientzat.
14. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen zergadunen elkarte administratiboak sortu ahal izateko, ukitutakoen erabateko gehiengoaz hartu beharko da erabakia; betiere, ordaindu beharreko kuoten bi herenak biltzen baldin badira edo, kuotak zehaztu gabe izanez gero, ukitutako jabetzaren bi herenak.
PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA
2012ko tarifak
Janariaren tarifari dagokion prezio publikoa izanen da haietaz arduratuko den enpresarekin hitzarturiko esleipen prezioa: 6,30 euro/janaria (BEZa barne).
Aurretik ezarritakoan ez baizik eta beste prezio batean esleitzen bada kontratua, esleipen berriarena aplikatuko da.
Gainerako zerbitzuen 2012rako tarifak kalkulatzeko prezio publikoa 18,65 euro da.
(Prezio hori atera da ordenantza honetako testuaren 10. artikuluan egindako arauketaren arabera).
4. ARAU FISKALA:
ARAUA, KULTUR ETXEKO ARETOAK ETA UDALAREN BESTE LOKAL BATZUK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOEN GAINEKOA
Kontzeptua
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, arau honetan prezio publikoak ezarri dira Udalak baimentzen dituen pertsona fisiko edo juridikoek, erakundeek eta entitateek kultur etxean eta Udalaren beste lokal batzuetan aretoak erabiltzeagatik.
Ordaindu beharra noiz sortzen den
2. artikulua. Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da baimena ematean eta ordaindu beharko da ekitaldia egin baino bi egun lehenago gutxienez.
3. artikulua. Interesdunak erabiltzeari uko egin ahal izanen dio ekitaldirako ezarritako data baino hogeita lau ordu lehenago, eta kasu horretan prezio publikoaren %50 itzuliko zaio.
Ordaintzera behartuak
4. artikulua. Udalak aipatu lokalak erabiltzeko baimena nori ematen dion, haiexek daude beharturik prezio publikoa ordaintzera.
Erabilera
5. artikulua. Baimena Udalbatzak udal lokalen erabilpenerako onetsitako arauen arabera emanen da.
Oinarriak, tasak eta tarifak
6. artikulua. Lokalak erabiltzeagatik, eranskineko tarifak aplikatuko dira.
Zein ekitaldirengatik ez den ordaindu behar
7. artikulua. Ekitaldi mota hauengatik ez da ordaindu beharko:
a) Kultur ekitaldiak.
b) Kirol ekitaldiak.
c) Udal batzorderen batek babesturiko ekitaldiak.
Zer ekitaldirengatik ordaindu behar den
8. artikulua. Ekitaldi mota hauengatik ordaindu beharko da:
a) Merkataritza arloko ekitaldiak.
b) Politika arloko ekitaldiak.
c) Sindikalismo arloko ekitaldiak.
Betiere Patronatuak eskubidea gordeko du halako ekitaldi batzuk bazter uzteko edo ez baimentzeko, Patronatuaren xede eta helburuekin bat egiten ez badute.
PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA
2012ko tarifak
I. epigrafea.
A) Ekitaldi Aretoa.
3 ordu edo denbora gutxiagorako lagatzea, egunean: 125,25 euro.
B) Erabilera anitzeko gela.
Ordubeterako edo gutxiagorako lagatzea, egunean: 25,80 euro.
C) 1. gela.
Ordubeterako edo gutxiagorako lagatzea, egunean: 18,05 euro.
D) 2. gela.
Ordubeterako edo gutxiagorako lagatzea, egunean: 18,05 euro.
E) 'La Rentería'' aretoa.
Ordubeterako edo gutxiagorako lagatzea, egunean: 25,80 euro.
II. epigrafea.
Multimedia proiektagailua alokatzea: 41,25 euro/saioa.
5. ARAU FISKALA:
UDALAREN GIZARTE ETXEKO LOKALAK
ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOEN GAINEKOA
Kontzeptua
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, arau honetan prezio publikoak ezarri dira Udalak baimentzen dituen pertsona fisiko edo juridikoek, erakundeek eta entitateek Gizarte Etxeko aretoak erabiltzeagatik.
Ordaindu beharra noiz sortzen den
2. artikulua. Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da baimena ematean eta ordaindu beharko da ekitaldia egin baino bi egun lehenago gutxienez.
3. artikulua. Interesdunak erabiltzeari uko egin ahal izanen dio ekitaldirako ezarritako data baino hogeita lau ordu lehenago, eta kasu horretan prezio publikoaren %50 itzuliko zaio.
Ordaintzera behartuak
4. artikulua. Udalak aipatu lokalak erabiltzeko baimena nori ematen dion, haiexek daude beharturik prezio publikoa ordaintzera.
Baimena
5. artikulua. Baimena Udalbatzak udal lokalen erabilpenerako onetsitako arauen arabera emanen da.
Oinarriak, tasak eta tarifak
6. artikulua. Lokalak erabiltzeagatik, eranskineko tarifak aplikatuko dira.
Zein ekitaldirengatik ez den ordaindu behar
7. artikulua.
-Kultur ekitaldiak.
-Kirol ekitaldiak.
-Gizarte eta Kultur Kontseiluak edo Udaleko beste alor batek babesturiko talde ekitaldiak.
Zer ekitaldirengatik ordaindu behar den
8. artikulua. Enpresek edo erakunde pribatuek antolaturiko jarduerak.
Betiere Udalak eskubidea gordeko du halako ekitaldi batzuk bazter uzteko edo ez baimentzeko, Udalaren xede eta helburuekin bat egiten ez badute.
PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA
2012ko tarifak
-Bazkideen aretoa.
3 orduz edo gutxiagorako lagatzea, egunean: 125,25 euro.
-Erabilera anitzeko 1. gela.
Ordubeterako edo gutxiagorako lagatzea, egunean: 25,80 euro.
-Erabilera anitzeko 2. gela.
Ordubeterako edo gutxiagorako lagatzea, egunean: 18,05 euro.
6. ARAU FISKALA:
PODOLOGIA ZERBITZUA ERABILTZEKO
PREZIO PUBLIKOAREN GAINEKOA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza honetako prezio publikoa.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Podologia zerbitzua erabiltzea da zergapeko egintza.
Kudeaketa arauak
3. artikulua. Tafallan erroldaturik dauden erretiratuak edo aurre-erretiratuak eta haien ezkontideak izanen dira zerbitzuaren onuradunak.
4. artikulua. Ordaindu beharra eskariarekin batean sortzen da eta zerbitzua eskatu dutenek ordaindu beharko dute.
5. artikulua. Udal bulegoetan bilduko da prezio publikoa.
6. artikulua. Hitzordua erreserbatzeko bidea:
1. Interesdunak zerbitzua eskatuko du Udaleko Bulego Bakarrean, kontuan harturik zerbitzu bakarra eskatzen ahalko dela eta hura jaso artean ez dela besterik eskatzen ahalko.
2. Ezarritako denbora (20 minutu) baino gehiago behar duenik bada, orduan bai erreserbatzen ahalko da txanda bat baino gehiago egun berean. Interesdunak egoera horren berri emanen du eta lehenago podologoaren preskripzioa beharko da.
7. artikulua. Eskatutako podologia zerbitzuko hitzordura ezin bada agertu, kobratutako tarifa itzuliko da soilik beste pertsona batek hitzordu hori betetzen badu.
PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA
2012. urtea
Podologia zerbitzua: Tafallan eroldaturiko jendeendako eta haien ezkontideendako:
-Erretiratuak, 60 urte edo gutxiago dituztenak: 14,80 euro.
-Erretiratuak, 60 urtetik goitikoak: 11,20 euro.
7. ARAU FISKALA:
UDAL LUDOTEKAREN ZERBITZUA
ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOEN GAINEKOA
1. artikulua. Oinarria. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da arau honetako prezio publikoa.
2. artikulua. Ordainarazpenaren xedea. Ordainarazpenaren xedea udal ludoteka izeneko zerbitzua erabiltzea da, bertan egiten diren modalitate edo atalkako zerbitzu guztietan.
3. artikulua. Zergapeko egintza eta ordaindu beharra: zergapeko egintza, hura egitetik sortzen baita zerga ordaindu beharra, ludotekan abonamendua edo sarrera eskatzearekin gauzatzen da. Era berean, une horretan berean hasten da zerga ordaindu beharra ere, zeren eta kontsideratzen baita orduan sortzen dela ematen diren zerbitzuen onura, ordain gisa prezio publiko bat daukana.
4. artikulua. Subjektu pasiboa: ordenantza honetan ezartzen den prezio publikoa ordaintzera beharturik daude ludotekaren zerbitzua erabiltzeko oinarrizko Erregelamenduan aipatzen diren pertsona fisikoak, zerbitzuaren hartzaile izateko inskribatuak gertatzen direnak.
Zergadunaren ordezkoa izanen da, ondorio guztietarako, adin txikikoaren legezko ordezkaria.
5. artikulua. Kuotaren eta kobrantzaren zehaztapena: prezio publikoaren zenbatekoa eranskinean finkatuko da, eta izena ematen den une berean eskatuko da ordaintzeko, kontsideratzen baita orduan hasten dela bai Udala zerbitzua ematen bai onuraduna zerbitzua hartzen. Udal bulegoetan bilduko da prezio publikoa.
Prezioa osorik ordaintzeko eskatuko da, kontuan hartu gabe noiz ematen den izena, eta diru horrekin denboraldi osoari dagokiona kitatuko da, alegia, ikasturteak hartzen duen denbora tartea, eta ez da ez dirurik itzuliko ez murrizketarik eginen zerbitzuari uko egiten zaion kasuetan.
Espresuki baztertzen da kuota hainbanatzeko aukera.
6. artikulua. Kudeaketako arauak. Udal zerbitzu honen onuradun izan daitezkeen eta ludotekan izena emateko interesa duten pertsonek zerbitzurako prestatzen den lokalean agertu beharko dute, haien legezko ordezkariarekin batera, eta bertan egiten ahalko dute izen-ematea, behar den bezala erraten zaien gisan.
7. artikulua. Iraungipena. Pertsona bat zerbitzuaren onuradun bihurtzen duen izen emateak denboraldiaren bukaera arte balioko du, eta, beraz, hurrengoaren hasieran berriz ere egin beharko dira inskripzioa eta prezio publiko osoaren ordainketa.
8. artikulua. Zerbitzua erabiltzeko eskubidearen hasiera eta bukaerarako adinaren mugari dagokionez, lehenbizikorako beharrezkoa izanen da gutxienekoa izatea; bigarren edo gehieneko adinaren kasuan, berriz, denboraldiaren barrenean gertatzen bada, ez da orduantxe onuradun izaera galduko, baina besterik gabe utziko zaio izateari hasitako denboraldi hori amaitzen denean, horretarako inolako baja edo aitorpenik tramitatu beharrik izan gabe.
9. artikulua. Tributu arloko arau-hausteak eta zehapenak. Arau-hausteei eta zehapenei buruzko afera guztietan, Tafallako Udaleko Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
10. artikulua. Azken xedapena. Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Tafallako Udaleko Ordenantza fiskal orokorra aplikatuko dira.
PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA
2012. urtea
-Familiarendako abonamendua: 39,30 euro.
-Eguneko sarrera: 2,00 euro.
8. ARAU FISKALA:
UDALAREN 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLAKO
ZAINKETA ETA EGONALDI ZERBITZUAK ERABILTZEKO
PREZIO PUBLIKOEN GAINEKOA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. idatz-zatiko 2. azpiatalean xedatutakoari jarraituz ezarri da ordainarazpen hau, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.
Ordaindu beharra
2. artikulua. Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolako zerbitzuez baliatzen diren adin tikikoen gurasoak, tutoreak edota legezko ordezkariak daude prezio publikoa ordaintzera behartuak.
Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak
3.1 artikulua. Hilabete osoetan eta aitzinetik ordaindu beharko da prezio publikoa, eta Udalaren 0-3 urtekoendako Haur Eskolan onartua izateko nahitaezko baldintza izanen da ordainagiria erakustea.
3.2 artikulua. Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolako zerbitzuaz baliatzen diren haurren gurasoek, tutoreek edo legezko ordezkariek beren diru-sarreren eta ondarearen gaineko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, eta horrekin batera ziurtagiri guztiak, besteak beste, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak, ikasturtea hasi aitzineko urtekoak.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko obligaziorik ez dutenentzat, honako hau aurkeztu beharko da:
-Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu ez dela adierazten duena.
-Nafarroako Gobernuan aurkeztutako agiria, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena ez aurkezteko arrazoia zerga horren subjektu pasibo izateko adina diru-sarrerarik ez izatea dela dioena.
Tarifen aplikazioa
4.1 artikulua. Aplikatu beharreko tarifak arau honen eranskinean aurreikusitakoaren arabera zehaztuko dira.
4.2 artikulua. Haur Hezkuntzako ikastetxean bi seme-alaba dituzten familiek %50eko beherapena izanen dute bigarren haurragatik dagokien tarifan. Tarifa hori lanaldiari dagokion tarifa tikienaren parekoa izanen da, gutxienez.
4.3 artikulua. Haur Hezkuntzako ikastetxean 3 seme-alaba edo gehiago dituzten familiek %50eko beherapena izanen dute bigarren haurraren tarifan, eta lanaldiari dagokion tarifarik tikiena hirugarren eta hurrengo seme-alabengatik.
4.4 artikulua. Ordenantza honi honi dagokionez, urteko per capita errentatzat hartuko da zatiketa honetatik ateratzen den zenbatekoa: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenean familia unitatearen zerga-oinarria zati matrikula egiten denean familiak dituen kide guztiak. Kasu guztietan, aitaren eta amaren aitorpenak hartuko dira aintzat, bereizi nahiz dibortziatzeko epaia edo ezkontzaz kanpoko seme-alabarendako legezko neurriak daudenean izan ezik. Kasu horietan haurraren zaintza eta ardura duen gurasoaren aitorpena hartuko da aintzat, eta haren zerga-oinarriari epaian ezarritako urteko diru kopurua erantsiko zaio.
4.5 artikulua. Tarifak matrikula egiten denean ezarriko dira, eta aurtengo ikasturtean ezin izanen dira aldatu.
4.6 artikulua. Ikastetxean matrikulaturik dauden haur guztiek eskolatze kuota ordaindu beharko dute, baita justifikaturiko arrazoiengatik ikastetxera joaten ez badira ere. Matrikula egiteak, borondatezko baja eskatzen den kasuetan izan ezik, ikastetxera joatera eta ikasturtean hamaika hilabeteko ordaintzera behartzen du. Matrikula ikasturtea hasita dela egiten bada, haurra ikastetxean hasten den unetik aitzina ordainduko dira tarifak.
Ezarritakoa aldatzeko edozein proposamenen aurrean, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak dagokion txostena eginen du.
4.7 artikulua. Errentaren azkeneko aitorpena edo 5. artikuluko bigarren lerroaldean zehaztutako diru-sarreren frogagiriak aurkezten ez dituztenei, edo horiei aski irizten ez bazaie, Udalaren 0-3 urtekoendako Haur Eskolako gehieneko kuota aplikatuko zaie.
ERANSKINA
2011-2012 ikasturtea
Haur hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatuetan, familiek ordaindu beharreko tarifak ezartzen dituzten oinarriak.
Lehenbizikoa.-Tarifen egonkortasuna ikasturteak dirauen bitartean.
Tarifak matrikula egiten denean ezarriko dira, eta ezin izanen dira aldatu 2011-2012 ikasturtean.
Bigarrena.-Haien ordainketa eginen da Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsitako egutegi eta orditegi motaren arabera:
-A mota: 11 hileko ordaintzea ikastetxeetarako, 216 egun irekirik egonda.
Hilabeteko gehieneko tarifak
-Eskolatzea.
Ordutegi osoko unitateak: 217 euro.
-Jantokia.
Gehieneko tarifa: 95 euro.
Hirugarrena.-Kalkulu prozedura.
1. Foru Agindu honi dagokionez, urteko per capita errentatzat hartuko da zatiketa honetatik ateratzen den zenbatekoa: 2010eko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako zerga-oinarria, edo, kasua bada, aitaren eta amaren edo legezko tutorearen guztirako diru-sarrera justifikatuak, zati familiak dituen kideen kopuru osoa, ikaspostua zein haurrentzat eskatzen den, haiek ere sartuta.
Familia unitatearen kideen kopurua familia liburuaren bidez egiaztatuko da. Kontuan izanen da familia unitatearen kide direla legez bereizita ez dauden aitak eta amak edo, kasua bada, legezko tutorea edo tutoreak, adin txikiko seme-alabak, salbu eta gurasoen baimenarekin aparte bizi direnak, eta judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak. Familia gunean familia liburuan ageri ez diren seme-alabak baldin badaude, bertzelako dokumentuen bidez egiaztatu beharko dira, adibidez, jaiotza agiri, banantze edo dibortzioko epai eta abarren bidez.
Familia-harrerako egoeran dauden haurrak ere familia unitateko kideak izanen dira ondorio guztietarako.
Banantzea edo dibortzioa izan bada, ez dira kide gisa kontatuko adin txikikoaren zaintza eta ardura ez duen aita edo ama. Egoera hau honela frogatuko da:
-Izatezko banantzean, banantzeko eskaera aurkeztu izanaren ziurtagiria edo notario agiria zein egoera hori erakusten duten beste agiri batzuk aurkeztuko dira.
-Banantzea legezkoa bada, edo dibortzioa, hori zehazten duen epai judiziala aurkeztuko da.
Kasu guztietan izanen dira kontuan aitaren eta amaren edo legezko tutoreen aitorpena edo diru-sarrerak, salbu eta banantze edo dibortzio epaia edo ezkontzaz kanpoko haurrendako legezko neurriak badaude; kasu horietan, haurraren zaintza eta ardura duen gurasoaren aitorpena izanen da kontuan, haren zerga-oinarriari erantsita epaian ezarritako urteko zenbateko ekonomikoa.
Ondorio praktikoei dagokienez, zerga-oinarria laukitxo hauen batura da: Nafarroako Foru Komunitateko 2010eko ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako 507, 8810, 706 eta 765.a, edo Estatuaren gainerako tokietako laukitxo baliokide direnena.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena nahitaez egin beharra ez dutenek Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzen duena; orobat, lan bizitzaren txostena eta/edo 2010ean familiak izan dituen diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen diren agiriak.
Interesa duenak aukera izanen du dokumentazioa berak aurkezteko edo, bestela, dagokion toki entitatea eskabide baten bidez baimentzeko, behar duen dokumentazioa eska diezaion Foru Komunitateko Administrazioan eskumena duen unitate organiko edo departamentuari.
2. Ezartzen den epearen barnean 2010eko aitorpena edo diru-sarreren frogagiriak aurkezten ez dituztenei, matrikulaturiko egonaldi motari dagokion gehieneko kuota aplikatuko zaie.
Laugarrena.-Murriztapenak.
1. Aurreko atalean ezarritako tarifak murriztu eginen dira familia unitateko kideen per capita errentaren arabera. Ondoko taulan jaso dira 2011-2012 ikasturtean ordaindu beharreko tarifak:
PER CAPITA | ESKOLATZEA | JANTOKIA | ESKOLATZEA + JANTOKIA |
15.000tik gora | 217 | 95 | 312 |
12.400,01 - 15.000 | 195 | 95 | 290 |
10.700,01 - 12.400 | 162 | 95 | 257 |
9.300,01 - 10.700 | 135 | 95 | 230 |
7.980,01 - 9.300 | 101 | 95 | 196 |
6.650,01 - 7.980 | 86 | 84 | 170 |
5.500,01 - 6.650 | 62 | 84 | 146 |
4.500,01 - 5.500 | 50 | 84 | 134 |
4.500 euro edo hortik beheiti | 37 | 84 | 121 |
2. Ikastetxean bi seme-alaba dituzten familiek %50eko deskontua izanen dute bigarren haurragatik eskolatzeagatik eta jantokiagatik dagokien tarifan. Tarifa hori ordutegi motari dagokion tarifa tikienaren parekoa izanen da, gutxienez.
3. Ikastetxean hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familiek aurreko atalean aipatutako murrizketa izanen dute bigarren haurragatik, eta ordutegi motaren arabera ezarritako gutxieneko tarifa hirugarren haurragatik eta hurrengoengatik.
Bosgarrena.-Hasierako kuota.
Toki entitate bakoitzak kuota bat ezarriko du, matrikulatzean ordaindu beharrekoa, eta gero konpentsatuko da, kurtsoaren azken hilekoa ordaintzerakoan. Kuota hori fidantza gisa hartuko da eta, beraz, atxiki eginen da izandako gastuengatik konpentsazio bat egon behar denean.
Seigarrena.-Erabilera partzialeko tarifen egokitzapena.
1. Matrikula ikasturtea abiatua dela egiten bada, haurra ikastetxean hasten den unetik aitzina ordainduko dira eskolaren eta jantokiaren tarifak, eta hilabete horri dagokion tarifaren zati proportzionala ordainduko da.
2. Jantokia barne duten matrikuladun erabiltzaileek osorik ordaindu beharko dituzte jantokiari dagozkion hilekoak, zerbitzua osorik erabiltzen ez badute ere.
Salbuespenak:
1. Erabiltzailearen borondateari egotzi ezin zaizkion kausak.
2. Egoikitzapen aldia.
3. Bidezko arrazoiengatik 15 egun naturalean jarraian baino gehiagoan ez agertzea.
Aipatutako kasuetan, jantokiko laguntzaileei dagokien baliokidea ordainduko dute bakar-bakarrik; hileko tarifatik deskontatu beharko da menuaren edo cateringaren kostua, betiere familia bakoitzak ordaintzen duen tarifa partikularraren arabera kalkulatua.
4. Bestelako salbuespenak:
4.1. Jantoki zerbitzua egun zehatzetan erabiltzea: gehieneko tarifaren (95 euro) eta hileko zerbitzu egunen (21 egun) arabera kobratuko da. Eguneko tarifa, 4,52 euro.
4.2. Jantoki zerbitzua behin ikasturtea hasita kontratatzea, jarraitzeko konpromisoarekin eta astean 5 egun baino gutxiagotan: gehieneko tarifaren (95 euro) eta hileko zerbitzu egunen (21 egun) arabera kobratuko da. Eguneko tarifa, 4,52 euro.
4.3. Jantoki zerbitzua behin ikasturtea hasita kontratatzea (eskola-ordutegi motaren aldaketa), jarraitzeko konpromisoarekin, arrazoi justifikatuak direla-eta eta Hezkuntza Departamentuaren oniritziarekin: araudiaren arabera dagokion tasa aplikatuko da.
4.4. Jantoki zerbitzua kontratatzea jantokia barnean hartzen duen eskola-ordutegi modatitatean ikastoki huts bat betetzeagatik: araudiaren arabera dagokion tasa aplikatuko da.
3. 8 hilabetetik beherako haurrek, familiek ekartzen duten esnea besterik hartzen ez badute, ez dute jantokiko kuota ordainduko.
Zazpigarrena.-Bajak.
1. Ikasturtea hasi eta hamabost egun natural iraganik ikastetxera azaltzen ez den haurrari nahitaezko baja emanen zaio; orobat, ikastetxean hasi eta, justifikaziorik gabe, hamabost egun naturalean jarraian agertzen ez denari. Kasu horietan, entitate titularrak familiari idatziz jakinaraziko dio haurra bajan eman duela ikastetxean. Baja gauzatuko da jakinarazpena egin eta hamabost egunean. Familiak ordainduko beharko ditu baja gauzatzen den egunera arteko kuota gehi eragindako gastuak konpentsatzeko hilabete bateko kuota.
2. Ikasturtean zehar borondatezko bajak badira, idatziz jakinarazi beharko zaizkio ikastetxeko zuzendaritzari hamabost egun lehenago. Kasu horietan, familiek ordainduko dute baja gauzatzen denera arteko kuota gehi eragindako gastuak konpentsatzeko hilabete bateko kuota. Baja gauzatuko da hori jakinarazi eta hamabost egunean. Baja justifikatua dagoen kasuetan, hots, seme-alaba gaixotzen bada, bizilekua aldatzen bada, langabezia edo ustekabeko diru-premia larria suertatzen bada, edo ikastetxeko entitate titularrak horien antzekotzat jotzen duen bestelakoren bat gertatzen bada, fidantza gisa ordaindutako zenbatekoa itzuliko da.
3. Borondatezko baja matrikula formalizatu ondotik sortzen bada, eta entitate titularrari edo ikastetxeari ikasturtea hasi baino 15 egun lehenago jakinarazten bazaio, fidantza gisa ordaindutako zenbatekoa itzuliko da.
Oharra: 2012-2013 ikasturterako, Nafarroako Gobernuak Foru Dekretuaren bidez zehazten dituen tarifak aplikatuko dira, haur eskola honi eraginen baitiote, bi alderdien arteran sinaturiko hitzarmenaren ondorioz.
9. ARAU FISKALA:
GAZTERIAREN ETXEKO ARETOAK
ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOEN GAINEKOA
Kontzeptua
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, arau honetan prezio publikoak ezarri dira Udalak baimentzen dituen pertsona fisiko edo juridikoek, erakundeek eta entitateek gazteriaren etxeko aretoak erabiltzeagatik.
Ordaindu beharra noiz sortzen den
2. artikulua. Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da baimena ematean eta ordaindu beharko da ekitaldia egin baino bi egun lehenago gutxienez.
3. artikulua. Interesdunak erabiltzeari uko egin ahal izanen dio ekitaldirako ezarritako data baino hogeita lau ordu lehenago, eta kasu horretan prezio publikoaren %50 itzuliko zaio.
Ordaintzera behartuak
4. artikulua. Udalak aipatu lokalak erabiltzeko baimena nori ematen dion, haiexek daude beharturik prezio publikoa ordaintzera.
Erabilera
5. artikulua. Baimena Udalbatzak udal lokal hauen erabilpenerako onetsitako arauen arabera emanen da.
Oinarriak, tasak eta tarifak
6. artikulua. Lokalak erabiltzeagatik, eranskineko tarifak aplikatuko dira.
Zein ekitaldirengatik ez den ordaindu behar
7. artikulua. Ekitaldi mota hauengatik ez da ordaindu beharko:
d) Kultur ekitaldiak.
e) Kirol ekitaldiak.
f) Udal batzorderen batek babesturiko ekitaldiak.
Zer ekitaldirengatik ordaindu behar den
8. artikulua. Ekitaldi mota hauengatik ordaindu beharko da:
d) Merkataritza arloko ekitaldiak.
e) Politika arloko ekitaldiak.
f) Sindikalismo arloko ekitaldiak.
Betiere Udalak eskubidea gordeko du halako ekitaldi batzuk bazter uzteko edo ez baimentzeko, Udalaren xede eta helburuekin bat egiten ez badute.
PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA
2012ko tarifak
I. epigrafea.
1. Ordenagailu guztiak (ordu erdiko tarteak). Cyber-aretoa: gehienez ere 2 ordu. Jokoak: gehienez ere ordu bat | 0,65 euro |
2. Probasaioetarako aretoa (ordubete edo gutxiago, eta talde bakoitzeko). Gehieneko jende kopurua: 10 | 5,70 euro |
3. DJendako edo bideosorkuntzarako aretoa (ordubete edo gutxiago, eta talde bakoitzeko). Gehieneko jende kopurua: 6 | 3,40 euro |
4. Sukaldea (ordubete edo gutiago, eta talde bakoitzeko, egunean) | 17,40 euro |
5. Bilera, lantegi eta balio anitzeko aretoak (ordubete edo gutiago, eta talde bakoitzeko, egunean) | 17,40 euro |
HILABETEKO TASAK
PROBA SAIOETARAKO ARETOA | ELEKTRONIKA ARETOA | |
2 saio astean, 2 ordukoak | 34,20 | 20,55 |
Saio 1 astean, 2 ordukoak | 20,55 | 13,70 |
2 saio astean, ordubetekoak | 20,55 | 13,70 |
Saio 1 astean, ordubetekoa | 11,35 | 11,35 |
-Gazte ekarteak: taldeka egiten diren erabilera guztiak doakoak izanen dira.
-Udal entitateak: taldeka egiten diren erabilera guztiak doakoak izanen dira.
Iragarkiaren kodea: L1120181
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
