2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Alde Zaharreko BBBPBren 88. artikuluaren testu bategina.
Behin betiko onespena
Iruñeko Udalak, 2011ko azaroaren 25ean egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
PLE 25-NOV-11 (4/CU).
Akatsa atzeman da 88. artikuluaren testuan, 2011ko urriaren 21ean behin betiko onetsi baitzen; izan ere, artikulu horren azken puntua eman gabe utzi da, nahiz eta 88. artikuluan bazegoen jada (12. zenbakia zuen) eta orain tramitatu den aldaketak ez duen ukitu. Beraz, espedientean dagoen dokumentazioa ikusirik, honako hau erabaki da:
1.-Akatsa zuzentzea, Alde Zaharreko BBBPBren 88. artikuluaren testu osoa behin betiko onetsirik, honako testu hau izanen baitu:
88. artikulua. Erabilera zehaztuak.
"Udal Planeko Hirigintzako Arautegi Orokorreko lurzatiaren erabilera xehakatuekin erabilera zehaztuek duten bateragarritasunari buruzko 3. taula, Alde Zaharrean aplikatzekoa da, honako aldaketa hauekin:
1. Teilatupean baimenduta daude gainerako goiko solairuetan baimendutako erabilera berak, baldin eta fisikoki teilatupea lotuta badago beheko solairuarekin.
2. Aldi baterako bizitegia baimenduta dago goiko solairuetan.
3. Biltegitarako erabilera nahitaez lotuta egon beharko da VIII. Unitate Integratuko ostalaritzako jarduketei edo merkataritzari.
4. "Ohiko etxebizitzari erantsitako bulegoa" kontzeptuan ileapaindegiak, jostundegia eta antzekoak sartzen dira.
5. Ez da ezarri azalera mugarik erabileretarako.
6. Josteta jarduerak 89. artikuluan adierazitakoari jarraikiz arautu dira.
7. Garajearen erabilera ez dago lotuta Udal Planeko Arautegi Orokorraren 28. artikuluko 3. taulako 14. atalean ezarritako baldintzari.
8. Merkataritzako, aldi baterako bizitegitarako, ekipamendutarako edo josteta jardueretarako erabilera duten eraikin osoetan, biltegitarako, bulegotarako edo lantegitarako erabilerak erabilera toleratuak dira eta bakar-bakarrik dira onargarriak erabilera nagusiari lotutako erabilera gisa.
9. Erabilera onartutzat joko dira, edozein inguruabarretan, irabazi asmorik gabeko instalazioen erabilera alternatiboak, interes kulturala, kirolen arlokoa, publikoa edo soziala badute, baina ez dute bere baitan izan behar taberna, sukalde, jatetxe edo antzeko zerbitzurik.
10. Arautegi honen arabera debekatuta dauden erabileretarako diren establezimenduek -jarduera, obra edo irekitzeko lizentzia badute aldaketa puntual honek indarra hartzen duen unean, edo finkatutzat jo badaitezke Udal Planeko Hirigintzako Arautegi Orokorraren 28.3 artikulua aplikatuz- edonolako zaharberritzeak egiten ahalko dituzte, baldin eta ez badute azalera orokorra handitzen.
11. Alde Zaharrean banketxe eta aurrezki kutxak ezartzeari edota handitzeari dagokionez, honako baldintza hau sartzen da:
Banketxe eta/edo aurrezki kutxen jardueretarako ezarri nahi diren sukurtsal nahiz bulego berrietarako, betiere Alde Zaharreko etxebizitzen eraikinetako beheko solairuetan bada, 100 metroko tartea utzi beharko da, bederen, jarduera horretan aritzen diren beste edozein lokal edo establezimendutatik. Baldintza hori bera bete beharko da jardueraren handitzea gertatzen denean.
Alde Zaharrean edo Zabalguneetan dauden eta esparru horien barnean bertze lokal batzuetara lekualdatu nahi diren sukurtsalek edo banku bulegoek hori egiten ahalko dute, nahiz eta aurreko paragrafoan aipatzen den tartea errespetatu ez, honako baldintza hauek betetzen badira:
-Banku jarduerarako lizentziari uko egitea jatorrizko lokalean.
-Lokal berria jatorrizko lokala baino urrunago egotea bertze banku jarduera batzuetatik.
Tartea neurtzerakoan, honako eskemari jarrraikiz eginen da:

Banketxe edo aurrezki kutxen jarduera berriak badira, edo horren handitzeak baldintza hori betetzen dela frogatu beharko da jarduerarako lizentzia eskatzen den espedientean (horren tramitazioa beharrezkoa balitz), obra lizentziaren espedientean edota irekitzeko lizentziaren espedientean -obrarik egin behar ez den kasuetan-, eta bertan adierazi beharko da jarduera berria edo handitzea non kokatuko den, baita hurbilen dauden banketxe edo aurrezki kutxen bulegoak non dauden, betiere beheko solairuetan badaude. Egun dauden banku bulego batzuk lekualdatzen badira, beste banku entitate batzuekiko distantzien konparaketa egin beharko da bai jatorrizko lokalarekiko bai jarduera eginen dela aurreikusten den lokal berriarekiko. Gainera, agiri bat aurkeztuko da non adieraziko baita jarduera lizentziari uko egiten zaiola lekualdatu aurreko banku bulego edo sukurtsalean.
Banketxe edo aurrezki kutxetako bulegoak jartzeko edo lehengoak handitzeko obra espedientearen tramitea egiteko ezin izanen da prozedura laburtua erabili, alegia, lizentziak tramitatzeko prozedura arrunta erabili beharko da.
Aurkezten diren eskabideen lehentasun ordena:
Bi proposamen batera aurkeztuz gero eta biak bateraezinak badira, tarteak direla-eta, lehentasuna emanen zaio lehendabizi aurkeztu denari, betiere:
-Obra lizentzia bada, proiektua teknikari eskudunak izenpetua bada eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia eman badio.
-Irekitzeko lizentzia bada (obrarik ez baitu behar), teknikari eskudunak ziurtagiria izenpetu badu eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia eman badio.
Banketxe edo aurrezki kutxen jardueretarako lizentziaren bigarren eskabidea edota hurrengoak ez dira onartuko, eta arrazoia azalduko da, alegia, beste bat tramitatzen ari delako, harekin bateraezina dela."
2.-Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabaki hau eta 2011ko urriaren 21ean behin betiko onetsitako 87 eta 88. artikuluen testua, erabaki honen hutsegitea zuzenduta, eta Nafarroako Gobernuri jakinaraztea, aldaketaren agiri zuzenduaren kopia igorrita.
Iruñean, 2011ko abenduaren 1ean.-Alkatea, Enrique Maya Miranda.
Iragarkiaren kodea: L1119653