247. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

191/2011 FORU AGINDUA, azaroaren 25ekoa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, mendekotasun menderatua (2. maila) duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoak arautzen dituena.

Nafarroako Foru Komunitateak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluaren bidez, eskumen osoa du gizarte zerbitzuen arloan. Horren arabera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea eman zuen, funtsezko helburua, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, herritarren gizarte ongizatea lortzea zuena. Horretarako, gizarte zerbitzuen sistema bat osatu du, mendekotasuna duten pertsonenganako arreta biltzen duena.

Foru lege hori garatzeko, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Horren bidez, gizarte zerbitzuen sistema publikoko laguntza guztiak zehazten dira; haien aplikazio esparrua Nafarroako Foru Komunitate osoa da.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroak, I. eranskineko B letran, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoak agertzen ditu prestazio bermatu gisa.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren ekainaren 1eko 211/2009 Foru Aginduaren bidez, mendekotasun handia eta larria duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoak arautzen ditu.

Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak azken xedapenean ezartzen du hura pixkanaka aplikatzeko egutegia. Xedatzen duenez, aurreikusten dituen mendekotasun prestazioak jasotzeko eskubidearen eraginkortasuna pixkanaka gauzatuko da, mailaka, eta egutegi honi jarraituz 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, zehazki:

-Lehen urtean, III. graduko mendekotasun handia (1. eta 2. mailak) dutenei.

-Bigarren eta hirugarren urtean, II. graduko mendekotasun larria (2. maila) dutenei.

-Hirugarren eta laugarren urtean, II. graduko mendekotasun larria (1. maila) dutenei.

-Bosgarren eta seigarren urtean, I. graduko mendekotasun moderatua (2. maila) dutenei.

-Zazpigarren eta zortzigarren urtean, I. graduko mendekotasun moderatua (1. maila) dutenei.

Aipatutako aplikazio egutegia betez, otsailaren 11ko 175/2011 Errege Dekretuak arautzen ditu, besteak beste, I. graduko mendekotasun aitortua duten pertsonentzako zerbitzuen babes maila eta prestazio ekonomikoen zenbatekoa zehazteko irizpideak; familia inguruan zaintzeko eta laguntzaile pertsonalerako prestazio ekonomikoa mendekotasun moderatuko 2. mailari dagozkion zerbitzu eta prestazioen artean jasotzen da.

Hortaz, foru agindu honi dagokio mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoak arautzea, zehazki, mendekotasun moderatua (2. maila) aitortua izanda, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistemaren prestazioak jasotzeko aukera eskatzen duten erabiltzaileen kasuan.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoak jasotzeko baldintzak.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzak baliatu ahal izateko, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroaren I. eranskineko B letran, 24. zenbakian, agertzen diren betebeharrez gainera, honako betebehar hau bete beharko da eskaera aurkezten den momentuan eta laguntzaz baliatzen den bitartean:

a) I. graduko mendekotasun moderatua (2. maila) aitortua izatea.

b) Egoitza batean etengabe ez egotea, hau da, egoitza pertsonaren benetako bizileku ez bihurtzea, honako hauek eskaintzen zaizkiola, pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta: ostatua, mantenua eta habilitazio edo errehabilitazioko jarduera espezializatuak.

Hauek salbuetsiko dira: egoitzan aldi baterako sartzeko zerbitzuak, zaintzaile nagusiaren aldi baterako egoerei (eritasunak, ospitaleratzea edo beste beharrizan edo betebehar pertsonal batzuk) zein erabiltzailearen egoerei (ebakuntza kirurgiko baten ostean osatzea, eritasun larria, eriondoko aldi baterako egonaldiak) erantzuteko sortutako zerbitzuak, kontuan hartuta egonaldi horiek egun bat eta hogeita hamar egun bitartekoak direla zaintzailearen atsedenagatik, eta gehienez hiru hilabetekoak onuraduna osatzeagatik edota zaintzailea ospitaleratzeagatik.

c) Hirugarren maila bitarteko odol- edo ezkon-ahaide bat izendatzea zaintzaile, aplikazio araudian jasotako salbuespen egoeretan izan ezik.

2. artikulua. Laguntza ekonomikoa hilean zenbatekoa izanen den kalkulatzea.

1. Laguntzaren zenbatekoa onuradunaren gaitasun ekonomikoaren arabera zehaztuko da.

2. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa jasoko dute gaitasun ekonomikoa Ondorio Askotarako Errenta-Adierazle Publikoa (IPREM) halako 1,35ekoa edo gutxiagokoa dutenek, betiere gizarte babeseko araubide publikoetatik (PAN) sortutako antzeko ezaugarriak eta xedeak dituen beste laguntzarik jasotzen ez badute.

3. Gehieneko laguntza ekonomikoak jotzen duen zenbatekoa baino zenbateko txikiagoa emanen zaie gaitasun ekonomikoa Ondorio Askotarako Errenta-Adierazle Publikoa (IPREM) halako 1,35 baino gehiagokoa duten eskatzaileei.

Egoera horretan, murrizketa indize hauek ezarriko dira:

TARTEAK

MURRIZKETAREN EHUNEKOA

IPREM halako 1,35, gehienez

%0,00

IPREM halako 1,35etik 1,50era

%20,00

IPREM halako 1,50etik 1,80ra

%40,00

IPREM halako 1,80tik 2ra

%42,00

IPREM halako 2tik 3ra

%45,00

IPREM halako 3tik 4ra

%50,00

IPREM halako 4tik 4,50era

%52,00

IPREM halako 4,50etik 5era

%58,00

IPREM halako 5etik 10era

%66,66

4. Dena dela, emaitza horri kendu behar zaizkio antzeko ezaugarri eta helburuak dituzten beste prestazio batzuen arabera gizarte babeseko edozein araubide publikotatik (PAN) jasotako hileko zenbatekoak, halakorik bada; jasoko den zenbatekoak laguntza hauetarako ezarritako gutxieneko zenbatekoa gainditu beharko du. Zehazki, honako hauek kenduko dira: baliaezintasun handiko osagarria (Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren 139.4 artikuluan arautua); %75eko edo hortik gorako minusbalioa duten 18 urtetik gorako seme-alabentzako osagarri ekonomikoa; beste pertsona baten beharragatiko osagarria, kotizazio gabeko baliaezintasuneko pentsioan; eta Elbarrien Integrazio Sozialari buruzko Legearen hirugarren pertsonarentzako laguntza.

3. artikulua. Beste prestazio eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Aurreko artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, foru agindu honetan araututako laguntza bateragarria izanen da honako hauekin:

a) Deialdi honetako onuradunek jasotzen dituzten antzeko izaera eta helburuko prestazioekin, gizarte babeseko araubide publikoetatik (PAN) edozeinetan ezarritakoekin.

b) Larrialdietarako Telefono Zerbitzuarekin; horrek ez du inola ere dagokion laguntzaren zenbatekoaren murrizketa ekarriko.

c) Autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuarekin, etxeko laguntza zerbitzuarekin eta arreta goiztiarreko zerbitzuarekin, bai eta Haur Hezkuntzaren bigarren etaparekin zein Oinarrizko Hezkuntzarekin, Lehen Hezkuntzarekin edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin. Kasu horietan, ezarritako gutxieneko zenbatekoa joko du laguntzaren zenbatekoak.

2. Bateraezina izanen da eguneko zentroko zerbitzuarekin.

4. artikulua. Araubide orokorraren aplikazioa.

Foru agindu honetan arautzen ez den orotan, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren ekainaren 1eko 211/2009 Foru Aginduko xedapenak aplikatuko dira; haren bidez, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoak arautu ziren.

Xedapen iragankor bakarra.-Laguntzen zenbatekoa, 2011n.

Hona hemen mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoen zenbatekoak, 2011rako:

MENDEKOTASUN EGOERA

GEHIENEZ
(euro hilabeteko)

GUTXIENEZ
(euro hilabeteko)

Mendekotasun moderatua (2. maila)

180,00

60,00

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak; laguntza jasotzeko eskubidea Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak lehenengo azken xedapenean ezarritakoari jarraikiz aitortzen da.

Iruñean, 2011ko azaroaren 25ean.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

Iragarkiaren kodea: F1119380