247. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Artikako igerilekuen gaineko erregelamendua.
Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2011ko azaroaren 2an egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Artikako igerilekuen gaineko erregelamendua.

Onesteko erabakia 2011ko 171. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 30ean, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Berriobeitin, 2011ko azaroaren 15ean.-Alkatea, José María Irisarri Ollacarizqueta.

ARTIKAKO UDALAREN KIROL INSTALAZIOEN BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Kirol Hiria osatzen duten kirol instalazioen erabilera arautzea. Instalazioak Artikan daude eta Berriobeitiko Udalaren jabetzakoak dira.

Udalaren kirol instalazioak dira, bai kirolgunea, bertan sartzen baitira jostetarako igerileku klimatizatua, igerileku klimatizatu ludikoa, kanpoko igerilekuak, hidromasajeko igerilekua, erlaxazio aldea, sauna lehorra, lurrun bainua, muskulazio gela, jarduera gelak, aldagelak, kanpoko lorategia, tratamenduetarako aldea eta erretokiak, bai kirola egiteko erabiltzen diren gainerako tokiak, eta jarduera ludikoetarako eta oro har gorputza lantzeko direnak, hala gaur egun dauden horiek nola egungo eremuak handitzeko etorkizunean egon daitezkeenak.

Horien barnean sartuko dira, baita ere, aipatutako jarduerei loturik eta aurreko paragrafoan azaldu diren instalazioetan kokaturik dauden ondasun higigarriak, instalazioak eta zerbitzuak.

2. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatzen diren Udalaren kirol instalazioak, zerbitzu publikoari atxikitako jabari publikoko ondasuntzat hartuko dira eta Foru Erkidegoan indarra duten arauak bete beharko dituzte, kirolaren, ikuskizun publikoen eta aisialdiko jardueren edo ingurumena babesteko jarduera sailkatuen arloan.

3. artikulua. Udalaren kirol instalazioak jende guztiarentzat zabalik egonen dira, baina haietara sartu eta haiek erabiltzeko, kasuan kasuko udal tasa ordaindu beharko da edo, bertzenaz, instalazio horien kudeaketa ez badu Udalak zuzenean egiten, ezartzen diren tarifak ordaindu beharko dira.

3.1. Udalaren kirol instalazioen erabiltzailetzat hartuko dira erregelamendu honetako 1. artikuluan aipatzen diren instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak.

3.2. Kirol eremu horietako erabiltzaile izan daitezke hala banakoak (bakarkako erabilera) nola talde antolatuak (erabilera kolektiboa), kirol klubak, elkarteak, ikastetxeak, entitate edo pertsonak, erabilera erreserbatzen dutenak, betiere aurretik ezarritako programazio eta ordutegi baten barrenean.

3.3. Instalazioak ezin dira taldeka erabili instalazioan Zuzendaritzaren edo Segimendu Batzordearen baimen espresurik gabe.

3.4. Erabiltzaileek ezin izanen dituzte instalazioak irabazi asmoz erabili Segimendu Batzordearen baimen espresurik gabe.

4. artikulua. Instalazio bakoitza erabiltzen ahalko da harentzat aurreikusitako xede diren edo hari dagozkion kirolak praktikatu eta jarduerak egiteko.

5. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan kartela paratuko da, Segimendu Batzordeak onetsia, erabiltzaileak ongi ikusteko moduko tokian, ondokoak azaltzeko:

-Zer kirol zerbitzu eskaintzen diren eta, hala bide denean, zer tarifa edo tasa ordaindu behar diren.

-Jardueraren ordutegia.

-Erabiltzaile kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.

-Egiten diren zerbitzuak edo programak.

Kontsultatu ahal izateko eskura dagoen tokiren batean utziko da Erregelamendu honen ale bat.

6. artikulua. Berriobeitiko Udalak xedapenak eta ebazpenak emateko eskubidea gordetzen du beretako, Erregelamendu honetan ezartzen dena azaldu, aldatu edo garatzeko, instalazioak era egokian erabiltzearren.

Erregelamendu hau jendearen eskura egonen da Artikako Kirol Hiriko kirol instalazioetan eta instalazioen web orrian.

Berriobetiko Udalak Erregelamendu honetan jasotako eskubideak erabiltzen ez dituenean are, horrek ez du adieraziko eskubide horiei uko egiten dienik.

7. artikulua. Udalak erantzukizun zibileko asegurua izanen du zuzenean kudeatzen dituen kirol instalazio guztietarako, instalazioaren erabileraren ondorioz datozkeen kalte eta galera guztiak babesteko. Udalak, orobat, aseguru bera eskatuko dio bere kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresari.

8. artikulua. Udalak eta kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresak ez dute erantzukizunik izanen Udalaren kirol instalazio guztietan kirolean aritzean gertatzen ahal diren istripuen gainean, horiek arauak ez betetzeagatik, seinale edo gaztiguei kasurik ez egiteagatik edo instalazio eta zerbitzuak oker erabiltzegatik gertatzen badira. Alde horretatik, irristadek eragindako istripuak erabiltzailearen ardura izanen dira. Era berean, instalazioen barnean ebasketarik edo lapurretarik gertatuz gero, Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute erantzukizuna beren gain hartuko.

9. artikulua. Kirolarien eta jendearen segurtasuna eta babesa bermatzeko xedez, ez zaie ikuskizunetarako eta kirol saioetarako Udalaren kirol instalazioen barrenera pasatzen utziko honako hauek sartu nahi dituztenei:

9.1. Edukiz edo erranahiz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankarta, sinbolo, ikur edo idazkiak.

9.2. Armak edo kalteak eragin ditzaketen objektuak.

9.3. Bengalak edo su artifizialak.

9.4. Erregelamenduz ezartzen diren bertze objektu edo tresna guztiak.

Nolanahi ere, debeku izanen da Udalaren kirol instalazioetan aitzineko lerroaldean aipatu diren objektuak erakutsi edo erabiltzea, eta instalazioaren titularrak edo kudeatzaileak beharturik daude haiek berehala kentzera.

10. artikulua. Udalak baimendutako jardueretan sarreretatik ateratako dirua jarduera hori antolatzen duen entitatearen esku geldituko da, betiere dagokion erabilera tasa eta indarra duten zergak ordaindu beharko dituela.

11. artikulua. Kudeaketa eta Segimendu Batzordeak proposaturik, Udalak baimena ematen ahalko du publizitatea jartzeko, mugigarria nahiz estatikoa, iraunkorra edo ez, edozein elementu tekniko edo euskarritan, baldin eta legezko arauak betetzen baditu, kirol entitateren batek eskatzen badu eta dagokion baimenean Udalak zehazten dituen arauak beteta.

12. artikulua. Instalazioko seinale guztiek, barnekoek nahiz kanpoaldekoek, dagokien araudia bete beharko dute, hala udalekoa nola foru administraziokoa, eta orokorra ere bai. Betiere, seinale horietan agertu beharko du instalazioaren titulartasuna Udalari dagokiola.

13. artikulua. Kirolean aritzeko, edozein espezialitatetan, material eta janzkera egokiak erabili beharko dira. Hori kontuan hartuz, oinetakoak zaindu beharko dira bereziki, kirolgune bakoitzaren parketean edo zoru berezian markarik utziko ez duten zolak erabilita.

13.1. Ez dago baimenduta jostetan aritzea edo beroketa ariketak egitea, baloiak, pilotak edo bertzelako objektuak erabilita, aldageletan, pasabideetan eta kirolgunetzat hartzen ez diren eremu guztietan.

14. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzeak berarekin dakar Erregelamendu honetako arauak onartu behar izatea.

II. KAPITULUA

Instalazioak ireki eta ixteko ordutegiak

15. artikulua. Berriobeitiko Udalari dagokio Artikako Kirol Hiriko udal kirol instalazioen funtzionamenduaren urteko egutegia finkatzea, baita instalazioak noiz itxiko diren ere (geldialdi teknikoa egiteko). Egutegia urtero onetsi beharko da.

Arau orokor gisa, Artikako Kirol Hiria itxita egonen da abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, instalazioa goizez baizik ez da irekiko, arratsaldez itxita egonen baita, hala nola urtero onesten diren jaiegun ofizialetan.

Berriobeitiko Udalak hemengo egutegi eta ordutegiak aldatu ahalko ditu hala behar duenean eta kirol instalazioetan kirol, kultur edo gizarte ekitaldiak antolatzen direnean.

Artikako udal kirol instalazioetara abonaturik daudenek kirol instalazioak itxiak dauden aldietan Udalak onetsitako tasak edo prezio publikoak ordaindu beharko dituzte.

III. KAPITULUA

Abonatuak

16. artikulua. Abonatua izateko, pertsona batek inskripzioa eskatu behar du, hura onartu behar diote, abonatu txartela eduki behar du, eta Udalak finkatzen dituen kuoten edo tasen ordainketa eguneratua izan behar du.

Abonatu txartela duten abonatuak instalazioetan libreki sartzen ahalko dira, eta antolatzen diren jardueretan finkatzen diren deskontuez baliatzeko eskubidea izanen dute.

Abonatu txartela galduz gero diru kopuru jakin bat ordaindu beharko da.

17. artikulua. Abonatu motak:

17.1. Mota hauek ezarri dira:

-A mota: 6 urtetik beheitiko haurrak.

-B mota: 6tik 15 urtera bitarteko haurrak.

-C mota: 16 urtetik goitiko helduak.

-D mota: 65 urtetik goitikoak, erretiratuak eta pentsiodunak.

17.2. Udalak, Kudeaketa Batzordeak proposatuta, unean uneko kuotak finkatuko ditu, abonatuek ordain ditzaten.

17.3. A motako abonatuek ez dute kuotarik ordaindu beharko. Edozein modutara guraso edo tutoreek lagunduta sartu beharko dute. Ezin da A motako abonamendurik egin bakarka.

17.4. Gutxienez 65 urte dituzten erretiratuak soilik sartuko dira D motaren barrenean, betiere beren egoera hori egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala (administrazio publiko batek egina) aurkezten baldin badute.

D motako pentsioduntzat hartuko dira elbarritasuna %65ekoa edo handiagoa dutela ziurtagiri ofizialaren bidez (administrazio publiko batek egina) egiaztatzen dutenak.

Baztertuak izanen dira 65 urte baino gehiago ez dituzten erretiratu eta pentsiodunak.

17.5. Artikako Udalaren kirol instalazioen abonatu izan nahi duten guztiek sarrerako diru kopuru jakin bat ordaindu beharko dute.

Sarrerako diru kopurua ordaindutakoan hasiko zaizkie ordainagiriak bidaltzen, kirol instalazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa noiz aurkezten duten kontuan hartu gabe.

Baja hartzen duen abonatuak ezin izanen du zenbateko hori itzultzeko eskatu. Berriz ere abonatua izan nahi badu, beste behin ordaindu beharko du goian aipatutako diru-kopurua, eta baja hartu zuenean instalaziotik igorri zitzaizkion ordainagiriak ordainduta eduki beharko ditu.

Berriobeitiko Udalak abonatuak erakartzeko sustapen kanpainak ezarri ahalko ditu, deskontuekin eta baita hasierako sarrera kuota kenduz ere. Azken kasu honetan ordaintzeko betebeharraren hasiera data instalazioaren harreralekuan agiriak aurkezten diren unean hasiko da.

18. artikulua. Hilaren 20a baino lehen edo 20an berean abonamendua egiten dutenek hilabeteko kuota osoa ordainduko dute. Abonamendua hilaren 21etik aitzina egiten dutenak hurrengo hilean hasiko dira kuota ordaintzen.

Urteko abonamendurako ezarrita dauden ordainketa moduak (hilabeteko, hiruhileko, seihileko edo urteko kuota) banku igorpenaren bidez eginen dira, abonatuak ematen duen kontu zenbakira zuzenean; kuota ordaintzeko bestelako modurik ez dagoenez, kontu zenbaki bat eman behar da, bertara egiteko banku igorpenak.

19. artikulua. Kuotak ordaintzen ez badira instalazioen harreralekutik ohar telefoniko bat eginen da. Ez ordaintzea gertatu eta 7 egun igarota ate birakaria automatikoki blokeatuko da, itzulitako ordainagiria ordaindu arte abonatuari sarrera eragotziz. Ordainketari Udalak onetsiko duen itzulketa komisio bat gehituko zaio, kudeaketa gastuengatik.

Ordaintzeko ordainagirien gauzatzea, dagokien gehikuntzarekin, dirutan ordainduko da instalazioaren harreralekuan.

Bi ordainagiri jarraian itzuli edo ordaintzen ez badira, horrek abonatuaren baja ekarriko du nahitaez.

Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondotik, berriz ere alta hartu nahi badu kuoten ordainketa eguneratu beharko du eta beste behin ordaindu beharko du sarrerako diru kopurua.

20. artikulua. Baja nahi duen abonatuak idatziz eman beharko die bere nahiaren berri instalazioetako administrariei; horretarako baja-inprimakia bete beharko du.

Baja jakinarazi beharko da ordainagiria pagatzeko egunaren aurreko hilabeteko 20a baino lehen. Baja gertatzen bada tasa kobratzeko egunaren ondoren, ez da tarifa edo tasa itzultzeko eskubiderik izanen.

Txartela edo giltza galdu, lapurtu edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio berehala instalazioak kudeatzen dituen entitateari.

Wellness system izeneko giltza erabiltzeko, hasierako fidantza bat ordainduko beharko da. Udalak zehaztuko du fidantza hori eta erabiltzaileak giltza itzultzen duenean berreskuratuko du. Giltza lapurtu, galdu edo desagertzen bada, fidantza galduko da eta beste fidantza bat eratu beharko da wellness system giltza berri bat erabili ahal izateko.

21. artikulua. Udalak mugatzen ahalko du abonatuen kopurua, instalazioen erabilera ahalik eta egokiena izan dadin.

22. artikulua. Abonatu txartela eta wellness system giltza pertsonalak eta besterenduezinak dira. Beste inork erabiltzen badu, zehapena etorriko da.

23. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte:

23.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatu txartela erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

23.2. Instalazioak erabili ahal izatea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraituz.

23.3. Kirol ikastaroetan izena emateko lehentasuna izatea abonatu gabeen aldean.

23.4. Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuak izatea kirol instalazioetan antolatzen diren jardueretarako.

23.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.

23.6. Intalazioetako abonatuek erabiltzen ahal dute soilik muskulazio gela, gainerako erabiltzaileek (hilabeteko abonamendua, eguneko sarrera, etab.) ezin baitute erabili. Muskulazio gela erabiltzeko, wellness system giltza erabili beharko da nahitaez.

24. artikulua. Abonatuak beharturik daude aitzinxeago erabiltzaileentzat, oro har, ezartzen diren obligazioak betetzera.

IV. KAPITULUA

Abonamendurik gabeko erabiltzaileak

25. artikulua. Abonatu ez direnak soilik hurrengo moduan sartu ahalko dira kirol instalazioetara:

-Neguko abonamenduaren bidez.

-Kirol ikastaroren batean izena emanda.

-Eguneroko sarrera erosita.

-Beauty Spa-ko tratamendu bat edo ingurubira bat erosita, bainuetxearen eremua erabili behar bada.

25.1. Neguko abonamenduak Artikako Kirol Hiriko instalazio guztiak erabiltzeko eskubidea ematen du. Eguneko sarrerak, berriz, abonamendurik ez dutenei eskubidea ematen die igerilekuak eta eremu komunitarioak erabiltzeko, muskulazio gela eta jardueren gelak izan ezik.

Eguneko sarrera eskuratzen bada, instalazioak egun osoan erabili ahalko dira; kirol instalaziotik ateraz gero, eguneko sarreraren ordainagiria, eroslearen NANa ageri duena, erakutsi beharko da berriz sartu ahal izateko.

Abonaturiiz ez daudenak soilik abonatuendako diren kirol eremuetara sartzen badira instalazioko langileek ohartarazpena eginen diete, eta arau-hauste bera aldi gehiagotan eginez gero, instalaziora sartzea ukatuko zaie, eta abonaturik ez dagoen pertsonak egindako ordainketa itzultzeko eskubideak galduko ditu.

25.2. Kirol ikastaroetan izena emateak aipatu ikastaroetara sartzeko eskubidea ematen du soilik, hau da, ezin izanen dira instalazioak beste inolako jardueretarako erabili. Ezin izanen da instalazioan sartu jarduera hasi baina 15 minutu lehenago. Irteera jarduera bukatu eta hurrengo 20 minutuetan egin beharko da. Baten bat beranduago ateraz gero, instalazioko langileek kargu hartuko die, eta arau-hauste bera aldi gehiagotan eginez gero, baja emanen zaie dagokien jardueran, eta hartan jarraitzeko eta kuota itzultzeko eskubideak galduko dituzte.

Udalak finkatuko ditu abonatuek eta abonatu gabeek kasuan kasuko jardueran izena emateagatik ordaindu beharreko kuotak, baita kirolerako abonamendu aktiboagatik ordaindu beharreko kuotak ere. Aurrekoa gorabehera, abonatuek lehentasuna izanen dute ikastaroetan izena emateko abonaturik gabekoen aurrean.

Abonaturik ez daudenek ikastaroetan baizik ezin dute izena eman eta ez dute kirolerako abonamendu aktiboa eskuratzerik. Berriobeitiko instalazioetan abonaturik daudenek, aldiz, abonatutzat joko dira ondorio guztietarako.

Berriobetiko Udalak bestelako sarbideak ezartzen ahalko ditu, bai eta Erregelamendu honetan ezarritakoak aldatzen ahal ere.

Halaber, baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu kirol klubentzat, ezintasunen bat duten bizilagunentzat eta biztanleriako beste sektore batzuentzat, egoki iruditzen bazaio.

26. artikulua. Arau orokorrak, abonaturik ez daudenen sarbide guztiei dagozkienak.

26.1. Abonatu ez direnak behartuak egonen dira kuotak ordaintzera, betiere sartzeko moduaren arabera (eguneko sarrera, neguko abonamendua) eta adinaren kategoriaren arabera. Kategoria horiek urteko abonatuendako ezarritako berberak izanen dira.

26.2. Dirutan edo txartelaren bidez ordainduko da, instalaziora sartzen denean; ezin izanen da banku-helbideratzearen bidez ordaindu. Ordainketa eginda ez da itzultzerik eskatzen ahalko.

26.3. Eremuak alokatzeko tenorean abonatuek izanen dute lehentasuna.

26.4. Abonatuak ez direnek egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egin ditzakete, instalazioen funtzionamenduaren gainean betiere.

V. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak

27. artikulua. Eskubideak:

27.1. Erabiltzaileak, dagokion tasa edo tarifa ordaintzen badu, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea du Erregelamendu honetan ezartzen den gisan.

27.2. Erabiltzaileek Udalaren kirol instalazioetako zerbitzu guztiak erabiltzeko eskubidea izanen dute, haietako bakoitzaren arau partikularrak beteta.

27.3. Herritarrak eskubidea du informazioa jasotzeko, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko baldintzez eta haietan eskaintzen diren kirol programez.

27.4. Erabiltzaileek eskubidea dute egokiak iruditzen zaizkien iradokizunak aurkezteko Udalaren kirol instalazioen kudeaketa hobetu beharrez, baita erreklamazioak aurkezteko ere haien funtzionamenduaz. Bi-biak tramitazen ahalko dira kirol instalazioetan dauden inprimakien bidez.

27.5. Eskubidea, orobat, eskatzeko Udalak bete ditzala bere zerbitzu eskaintzetan hartzen dituen konpromisoak.

28. artikulua. Betebeharrak:

28.1. Txartela edo sarrera aurkeztea Udalaren kirol instalazioetara sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean. Norbaitek kirol instalazioetara sartzean txartela aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.

28.2. Erabiltzaileak modu egokian jokatu beharko du instalazioen barrenean, hala hitzez nola ekintzez, gainerako erabiltzaileei traba egin gabe eta gizalegezko elkarbizitzak zehazten dituen mugen barnean.

28.3. Funtsezkotzat jotzen da, orobat, erabiltzaileen eta instalazioetako langileen artean, elkarri begirunea izatea, erabiltzaileek langile horien erranak, hasteko eta behin, onartu beharko dituztelarik.

28.4. Garaiz ordaintzea ezarritako kuotak eta ordu erreserbak, aldez aurretik ematen direnak.

28.5. Erabiltzaileek modu egokian erabili behar dituzte instalazio eta eremu guztiak, baita horiek zaindu eta zainarazi ere; bertzenaz, erantzun egin beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan ematen duten denboran asmo txarrez edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei.

28.6. Erabiltzaileek bereziki saiatu beharko dute erabiltzen dituzten eremuak garbi edukitzen, horretarako paperontziak eta zaborrak biltzeko gainerako elementuak erabiliz.

28.7. Debeku dute instalazioetara sartzea 10 urte bitarteko adingabeek, non ez diren 14 urte baino gehiagoko batekin joaten eta hark bere gain hartzen haien zaintza.

28.8. Haurrek gurasoen edo arduradunen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihestu eta gainerako erabiltzaileei traba ez egiteko.

28.9. Erabiltzaile adindunek erantzun beharko dute, baldin eta beren kargura dituzten adingabeek Erregelamenduko arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausterik egiten badute.

28.10. Erabiltzaileek onartu beharko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertu edo hondatzen badira.

28.11. Erabiltzaileek instalazioko ordutegiak errespetatu beharko dituzte, baita Erregelamendu hau ere, enplegatuen erranei kasu eginez beti.

28.12. Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aitzinetik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.

28.13. Erabiltzaileak instalazioetatik egozten ahalko dituzte eta hortik erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galdu, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, ohiko elkarbizitza nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.

28.14. Arau hauetan aipatzen ez diren gainerako kasuetan, eta haiei buruzko interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartuko du dagokion erabakia, hasteko eta behin, eta gero, bidezko bada, gaia Kudeaketa eta Segimendu Batzordera igorriko da, eta azken buruan Gobernu Batzarraren esku utziko da, behin betiko ebazpena eman dezan. Erabiltzailea beharturik dago une bakoitzean instalazioan dagoen pertsona arduradunak hasteko eta behin hartzen duen erabakia onartzera.

28.15. Kudeaketa eta Segimendu Batzordeak proposaturik Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

29. artikulua. Erabiltzaileen eskubideen bermetako, instalazio bakoitzean izanen dituzte erreklamazio orriak eskura. Edozein erabiltzaile baliatzen ahalko da erreklamazio orri horietaz, bertan jarrita izena, deiturak, helbidea, eta telefono eta NAN zenbakiak, baldin eta instalazioetako zerbitzuen funtzionamendua desegokia dela uste badu. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna hartuko du. Erantzuna nahitaez etorriko da nonbait jasoa izateko moduan, nahiz eta aldez aurretik telefono bidez jakinarazten ahal den.

Erabiltzaileek noiznahi eskatzen ahalko dute instalazioetako zerbitzuen enplegatu edo arduradunen identifikazioa, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egin ahal izateko.

30. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan biltzen diren gauza galduak instalazio bakoitzeko argibide zerbitzuan (harreralekua) utziko dira, 15 egunean. Behin epe hori iraganez gero, instalazio bereko biltegian utziko dira 30 egunean. Denbora hori ere iragandakoan, Udaltzaingoaren egoitzara eramanen dira, legez ezarritako bideak segi dezan.

VI. KAPITULUA

Instalazioen erabileraren gaineko araudia

31. artikulua. Zerbitzu eremua.

31.1. Zerbitzugunea erraten zaion aldean sartzen dira harreralekua, armairuak, dutxak, komunak, kanpoko solariuma eta botika-kutxa.

31.2. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileekin lankidetzan ariz, eta instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak erabiliz. Higiene arrazoiak direla eta, debeku da arras bizarra egitea, depilatzea eta pedikura, manikura eta gisako tratamenduak egitea.

Debekatua da Udalaren kirol instalazioetan erretzea, solariumean izan ezik.

31.3. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.

31.4. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalazioko ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek egiten dizkieten oharrei.

31.5. Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

31.6. Jantzitegi zerbitzua takillen eremuan bakarrik izanen da. Udalaren kirol instalazioetako armairuak erabiltzen direnean, behar-beharrezkoa izanen da bai pertxak bai eserlekuak libre uztea kirol eremuak erabiltzen diren bitartean.

31.7. Debeku da arras armairua erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako. Arau hori betetzen ez duenari isuna ezarriko zaio, eta armairuan altxatu duen materiala handik atera eta jantzitegian edo bulegoetan utziko da, isuna harrelakuan ordaintzen den arte.

31.8. Giltza galduz gero, instalazioaren arduradunari emanen zaio horren berri, eta hark dagokionari emanen dio takillaren barrenean utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen bada. Jabetza frogatzerik ez badago, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko. Gainera, hala izanez gero, inplikatutako erabiltzaileak sarrailaren aldaketaren kostu guztia ordaindu beharko du, armairua berriz ere erabiltzeko maneran uzteko, hura bortxatu eta, beraz, ezin erabilirik utzi bada.

31.9. Bortz urtetik goitiko haurrak ezin dira, inola ere, bertze sexukoen aldageletara sartu, ez bakarrik ezta helduaren eskutik ere.

31.10. Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barrenean).

31.11. Higienea dela-eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

31.12. Debeku da irristailu, bizikleta, haur aulki, gurdi edo gisakoak aldegelen eremuan sartzea. Toki bat egokituko da horretarako.

32. artikulua. Ur bazter eta igeri-ontziak.

32.1. Ur bazter eta igeri-ontziak erabiltzeari dagokionez, Erregelamendu honetan ezarritakoa bete beharko da, baita erabilera publikoko igerilekuetan derrigorrez bete behar den osasun arloko berariazko araudia ere, unean-unean indarrean dagoena alegia.

32.2. Erabiltzaileek erabiliko dituzte igerilekuak (barneko klimatizatuak eta kanpoan dauden aisialdikoa eta plisti-plastakoa) edo bainatzeko edo igeri egiteko, eta lehiaketa garaietan, igerileku horietako eremu bakoitza argi eta garbi mugatua egonen da.

32.3. Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu Udalak ematen dituen arauak, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta bainulari guztien segurtasuna zaintzeko bertze xederik gabe.

32.3. Sorosleek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, igerilekutik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasi, ekipamendua gaizki erabili eta erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat arriskutsuak baldin badira.

32.4. Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea; 18 urtetik beheitiko haur eta gazteen gurasoak edo legezko tutoreak dira beren seme-alaben arduradun nagusiak (bereziki igeri egiten ez badakite).

32.5. Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo instalaziotik bidaltzeko, baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.

32.6. Ur bazterrera eta igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aitzin nahitaez dutxatu behar da. Halaber gomendatzen da bainatu ondoan dutxatzea.

32.7. Ur bazterrera edo igeri-ontzira oinutsik edo txankletak jantzita joan behar da, instalazioko langileak izan ezik, horiek oinetako egokiak edo bereziak jantziko baitituzte, behar izanez gero. Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin.

32.8. Debeku da ur bazterretan eta igeri-ontzietan erretzea, jatea edo hondarrak sortzen dituen bertze zernahi egitea.

32.9. Debeku da ur bazterretara aulkiak, etzaulkiak edo eskuoihalak sartzea, eguzkitan egoteko.

32.10. Debekaturik dago baloiak, koltxonetak edo gainerako erabiltzaileak molestatzen ahal dituzten bestelako gauzak (hegatsak, urperako betaurrekoak, etab.); onartzen dira, ordea, igeri egiteko betaurrekoak; salbu eta kirol instalazioan antolatzen diren aisialdiko jarduera edo ikastaro berezietarako egun jakinetan. Igerilekuko langileek erabakiko dute erabiltzaileei aisialdiko erabilerarako uretako materiala utzi edo ez, une horretan igerilekuaren egoera bereziaren arabera (erabiltzaile kopurua, material beharra, etab.).

32.11. Ur bazterrean eta igeri-ontzian debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Beraz, ahal dela, ez da lasterka ibili behar, ez baloiekin jostetan, ez joko bortitzetan, ez da uretan modu zakarrean murgildu behar, hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei traba egin edo uraren kalitateari eragin diezaiokeen deus.

32.12. Igeri-ontzi bakoitzak, arauek hala aginduta, bainulari kopuru bat har dezake gehienez. Kopuru horretara iritsiz gero, igerilekuan jende gehiagori sartzea galarazten ahalko zaio denbora batean.

32.13. Igeriketa ikastaroak egin bitartean, izena eman ez dutenek ezin izanen dituzte erabili horretarako bereizitako alde edo kaleak.

32.14. Erabiltzaile guztiek bainurako txanoa erabili beharko dute igeri-ontzietan sartzeko.

32.15. 5 urtetik goitiko haurrek, gazteek eta helduek debeku dute plisti-plastako igerilekuak erabiltzea, haur txikiak zaintzen ari diren helduak izan ezik. Kasu horretan, pertsona heldu horiek igerilekuaren inguruan egon behar dute, eta uretara sartuko dira bakar-bakarrik beharrezkoa baldin bada.

32.16. Debeku da arras listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen edozein gauza.

32.17. Erabiltzaileak erabiliko ditu beste xede batzuetarako mugaturik ez dauden parteak (ikastaroak, entrenamendua...).

32.18. Izena eman dutenek eta ikastaroetan soilik erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala...).

32.19. Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.

32.20. Bainu librean ari direnek ezin izanen diete kargu hartu, bulka edo traba egin, inola ere, ikastaroren bat edo instalazioen kudeatzaileek antolatutako jardueraren bat egiten ari diren ikastarogile, igerilari edo oro har erabiltzaileei.

32.21. Instalazioak kudeatzen dituen entitateak programaturiko jardueraren batean izena eman dutenek kasu eginen diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, jardueren gainean edo instalazioak erabiltzeko moduaz, eta errespetatuko dituzte Erregelamendu hau eta indarra duen araudia.

32.22. Kirolerako igeri-ontzi klimatizatuan bete beharreko arauak:

a) Igerileku horiek prestatu dira batera izan daitezen jarduera antolatuak (ikastaroak, ikastetxeetako ikasleen igeriketa saioak eta abar) eta abonatuen erabilera librea.

b) Igeri-ontzia kaletan banaturik egoteak bermatzen du bainulariek modu arrazoizko eta ordenatuan erabiltzea. Kalearen barnean bainulariek horrexegatik ibili beharko dute eskuin aldetik; horrek aukera emanen du kale bakoitza 6 bainularik batera erabiltzeko.

c) Jarduera antolatuetarako alde edo kaleetan ezin dira sartu haietan izena eman ez dutenak.

d) Halako une batzuetan edo zerbitzuak hala behar duenean, kaleak zertarako erabiliko diren, horrexen arabera katalogatuko dira. Hau da:

-Azkar igeri egiteko kalea.

-Mantso igeri egiteko kalea.

-Jostetan aritzeko kalea.

-Ikastarorako erreserbaturiko kalea.

e) 0tik 3 urte arteko umeek nahitaez erabili beharko dute bainurako pixoihala.

f) Igeri egiteko elementuak, hala nola hegatsak eta palak erabiltzeko baldintza izanen da sorosleak baimena ematea eta kale berean elementu horiek ez dituzten bertze bainulari batzuk ez egotea.

g) Ez da erabiltzen ahalko ur azalean irauteko elementu osagarririk, non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala. Sorosleak edo instalazioko langileek baimena eman ezik.

h) Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.

32.23. Igerileku termoludikoan bete beharreko arauak:

a) Ez da gomendagarria 14 urtetik beheitikoek "zisne-lepoak, ur-jauziak eta hormako ur-zurrustak" deituriko osagaiak erabiltzea, ezta helduren batekin daudenean ere.

b) Igeri-ontzira sartzeko nahitaez eskailerak erabili behar dira, debeku baita igerileku honetan salto eginez murgiltzea, gainerako erabiltzaileei traba ez egiteko.

c) Hidroterapiako igeri-ontzian gehienez ere 30 minutuz egoten ahal da, betiere jendea sartzeko esperoan baldin badago.

d) Hidroterapiako igerilekuaren barreneko instalazioetako bakoitzean (zorrotadak) gehienez ere 10 minutuz egoten ahal da, betiere jendea haiek erabiltzeko esperoan baldin badago.

e) Gisa honetako lekuen ezaugarriak direla-eta, bainulariek behar bezalako portaera izan beharko dute, egitez nahiz hitzez, gainerako erabiltzaileei ez nahasmendurik ekarri ezta trabarik egiten diena.

f) Ez da erabiltzen ahalko ur azalean irauteko elementu osagarririk, hots, aleta, pala edo gisakorik non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala.

33. artikulua. Spa eta erlaxazio aldea.

33.1. Spa eta erlaxazio eremuaren baitan sartzen dira ur ohe eta zurrustaz hornituriko hidromasaje igerilekua, jacuzzia, hala nola lurrin bainua, sauna, izotz iturria, dutxa nebulizatzailea, ziklonikoa eta etzaulkiak.

33.2. 16 urtetik goitikoek baizik ezin dituzte eremu horiek erabili.

33.3. Eremu bakoitzean, egonaldirako gehieneko denborak ezarriko dira, nahitaez bete beharrekoak.

33.4. Eremu guztietan panel batzuk paratuko dira, erabileraren gaineko aholkuak emateko, nahitaez bete beharrekoak. Erabiltzeko aholkuak eta debekuak jarrita daude, toki guztien sarreretan, denek ikusteko tokian; sartu aitzin, haiek irakurtzeko gomendioa egiten da.

33.5. Higieneagatik, nahitaezkoa da txankletekin sartzea eremu horietan, baita eskuoihala erabiltzea ere. Debeku da halako tokietara bizkar-zorro, poltsa edo kaleko arropekin sartzea.

33.6. Debeku da arras inolako osagairik manipulatzea: tenperatura, zundak, harriak, etab. Duda izanez gero edo azalpenik behar izanez gero, instalazioko langileei galdetuko zaie.

33.7. Debeku da erabat etzaulkiak erabili baino lehen erreserbatzea. Derrigorrezkoa da eskuoihala erabiltzea.

33.8. Debeku da spa eta erlaxazio eremuetan bizarra egitea, depilatzea, jatea eta hondarrak sor ditzakeen edozein egintza.

33.9. Debeku da spa eta erlaxazio eremuetara liburu, aldizkari edo paperak sartzea.

33.10. Instalazioko zuzendaritzak osasun azterketa egitea gomendatzen die erabiltzaile guztiei, eremu horiek erabiltzea osasunaren aldetik komeni zaien ala ez jakin dezaten.

34. artikulua. Muskulazio Gela edo Fitness Gela.

34.1. Muskulazio Gelara edo Fitness Gelara sartu ahal izateko, urteko edo neguko abonamendua beharko da, eta 16 urtetik goitikoa izan; hortaz, abonatu gabekoek ezin izanen dute kirol eremu hori erabili.

34.2. Gelan dauden aparatuek kalte larria egin diezaiekete manera desegokian erabiltzen dituztenei. Hortaz, gela erabili nahi duen orok gelako teknikariengana jo beharko du, aparatuak erabiltzeko aholkuak eman diezazkioten.

34.3. Muskulazio edo fitness gela erabili ahal izateko, wellness system giltza eskuratu beharko da nahitaez. Giltza lortzeko, haren kostua estaliko duen fidantza utzi beharko da. Berriobeitiko Udalak finkatuko du fidantza horren zenbatekoa. Giltza bakoitzak erabiltzaileari egokitutako jardun plan bat edukiko du eta hark erabiltzen dituen aparatu guztiak erregistratuko ditu, gelako teknikariek erabiltzaileak zer ariketak egin dituen jakiteko modua izan dezaten.

34.4. Wellness system izeneko giltza norberarena da eta ezin zaio inori utzi. Titularraz besteko norbaitek giltza iruzurra eginez erabiltzen badu, hutsegite larritzat joko da, eta Erregelamendu honen zehapenen araubidean ezarritakoaren arabera zehatuko da.

34.5. Orokorrean, 16 urtetik beheitikoek ez dute muskulazio gela erabiltzen ahalko. Arau hori ez betetzeak zehapena ekarriko du eta han egotearen ondorioak haien guraso edo legezko tutoreen gain izanen dira.

34.6. Salbuespenez eta gelako teknikariek gainbegiraturik, adinez txikikoek fitness gela erabili ahalko dute, baina batiere gelako teknikarien gainbegiratupean eta norberari egokituriko ariketak egiteko.

34.7. Fitness aretoko teknikariak eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, handik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.

34.8. Fitness gelara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita.

34.9. Garbitasunagatik eta gainerako erabiltzaileenganako errespetuagatik, xukadera eraman beharko da aparatuak erabiltzen direnerako.

34.10. Fitness aretoaren erabiltzaileek, pisuak altxatzen aritu eta gero, pisuak beren lekuan utziko dituzte, gela txukun egon dadin eta beste erabiltzaileen entrenamenduan trabarik jar ez dezaten.

34.11. Gomendioa egiten zaio erabiltzaileari aitzinetik osasun azterketa egiteko.

34.12. Udala eta instalazioa kudeatzen duen enpresa ez dira izanen fitness gelan dauden aparatu eta materialekin erabiltzaileek egiten duten erabilera okerraren erantzule.

35. artikulua. Jardueretarako gela.

35.1. Kirol instalazioak kudeatzen dituen entitateak antolaturiko ikastaroetarako eta kirolerako abonamendu aktiboa dutenendako baizik ezin dira erabili taldeko jardueretarako gelak. Hortaz, ikastaroetako parte hartzaileak baizik ez dira haietara sartuko.

35.2. Ikastaroen orduetatik kanpo, kirol gune hori itxita egonen da erabiltzaileentzat, non ez den baimenik ematen bestelako zio batengatik.

35.3. Kirolgune horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.

35.4. Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izanen kirolean aritzetik sor daitezkeen lesioengatik.

36. artikulua. Erretokiak eta askaldegiak.

36.1. Askaldegietan, nork bere etxetik ekarriko du bazkaria edo erretokiak erabiliko dira edo, bestela, askaldegitako baliatuko da.

35.2. Sua erretokietan baizik ezin da egin, eta egur-ikatza baliaturik beti.

35.3. Askaldegia erabili eta gero, erabiltzaileak txukun-txukun eta garbi-garbi utzi beharko du eremu guztia (erretokiak, mahaiak eta abarrak).

35.4. Artikako Kirol Hiriko erretokien eta askaldegien ordutegia, kirol instalazioen horixe bera izanen da; hortaz, instalazioak erabiltzaileendako itxi aurretik atera beharko da eremu horietatik.

37. artikulua. Aulki eta etzaulkien biltegia.

37.1. Belardietan aulkiak eta etzaulkiak erabil daitezke baina betiere lurrean finkatu behar ez badira.

37.2. Instalazioetako abonamendua dutenek toki bat erabili ahalko dute udan aulkiak eta etzaulkiak biltegiratzeko. Toki hori librea izanen da eta aukerakoa da erabiltzea ala ez, hortaz ez Udalak ez enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izanen zer edo zer lapurtzen bada. Bada baimena toki horretan biltegiratzen diren aulki eta etzaulkiak giltzarrapoz gakotzeko.

37.3. Udako denboraldia bukatutakoan, jabeek bertatik eraman beharko dituzte aulkiak eta etzaulkiak. Bestela, udako denboraldia bukatu eta hamar egun igarotakoan, instalazioetako langileek bertan dauden aulki eta etzaulki guztiak eramanen dituzte eta egoki iruditzen zaiena eginen dute haiekin. Hala gertatuz gero, erabiltzaileek ezin izanen dute inolako erreklamaziorik egin.

38. artikulua. Haurren eremua.

38.1. Haurren eremua 0tik 12 urte bitarteko abonatuendako da. Arduradun heldu batek egon beharko du beti 0tik 3 urte bitarteko erabiltzaileekin.

38.2. 4tik 12 urte bitarteko haurrak eremuaren arduradunaren zaintzapean geldituko dira.

38.3. Irekita dagoen bitartean eremuaren arduradunaren ardurapean egonen da; hark harrera eginen die haurrei eta han egiteko denbora arinduko du jarduerak, mahai jokoak, eskulanak, filmeen proiekzioak etab. antolatuz.

38.4. Arduradunak erabakiko du zein den gehieneko edukiera eta zein haur bakoitza eremu horretan egoten ahal den gehieneko denbora, eta horren berri emanen die guraso edo tutoreei.

38.5. Haurra bertan dagoen bitartean ez zaio kanpora ateratzera utziko, bere guraso edo tutorearekin ez bada.

38.6. Udalak eta enpresa kudeatzaileak bertzelako erabilera eta alokairuak erabakitzen ahalko dituzte eremu horretarako.

38.7. Haurrak uzteko gehieneko denbora bat ezarriko da, eta gehienez ere bi ordukoa izanen da.

VI. KAPITULUA

Kirol instalazioak eta kirolerako abonamendu aktiboa

39. artikulua. Artikako Kirol Hirian antolatzen diren jarduera fisiko eta kirol jardueretan parte hartzeko, erabiltzaileek kirol ikastaroetan eman beharko dute izena edo, bestela, kirolerako abonamendu aktiboa eskuratu.

40. artikulua. Honako hauek dira kirol ikastaroen funtzionamendu arauak:

40.1. Kirol ikastaroetan izena emateko, abonatuek lehentasuna izanen dute gainerako erabiltzaileen aurrean. Horregatik, lehenbiziko abonatuentzako zerrendak irekiko dira, eta gero, tokirik baldin badago, abonatuak ez direnei ere izena emateko aukera eskainiko zaie.

40.2. Udalak banan-banan finkatuko ditu kirol ikastaro guztietan parte hartzeko prezioak.

40.3. Kirol ikastaro guztietan, jarduera bakoitzeko gehieneko izen emate kopurua finkatuko da; beraz, kupo hori betez gero, ezin izanen da pertsona gehiago hartu.

40.4. Halaber, ikastaro guztietan izen emate kopuru gutienekoa ere finkatuko da (instalazioko zuzendaritzak baloratu beharko du), haren azpitik ikastaroak bertan behera geldituko baitira.

40.5. Kirol ikastaro batean izena eman ondoan, ez da inola ere berreskuratzen ahalko ordaindutako diru kopurua (ikastaroak hasiz gero), baldin eta jarduera aurreikusi bezala egiten bada.

40.6. Jarduera guztietan begiratuko da erabiltzaileak joaten ote diren kirol ikastaroetara, eta bakarrik baja ematen ahalko zaio jarduera jakin batean hiruhileko osoan saio guztietara huts egiten duenari. Neurri hori hala dago jarria, kasuan kasuko jardueraren itxaron zerrendan daudenek ikastaroan parte hartzeko aukera izan dezaten.

40.7. Ez da inola ere onartuko egunez eta ordutegiz aldatzea, nahiz eta kirol jarduera bera izan; beraz, erabiltzaileak ezin izanen dira taldez aldatu, instalazioko zuzendaritzak kirol jardueretan zehazten dituen salbuespenak izan ezik.

41. artikulua. Honako hauek dira kirolerako abonamendu aktiboaren funtzionamendu arauak:

41.1. Kirol instalazioetako abonamendua edo neguko abonamendua dutenek, kirolerako abonamendu aktiboa ere eskura dezakete. Abonamendu horrek astean nahi adina saiotara joateko aukera ematen die erabiltzaileei.

41.2. Kirolerako abonamendu aktiboa 3, 6 edo 9 hilabeterako eskura daiteke. Behin baizik ez da ordainduko, hautatutako denbora tarteagatik, eta instalazioak ezartzen duen sistema erabilita. Kirolerako abonamendu aktiboa erosteari dagokionez, hilabete osoak edo hiruhileko osoak ordaindu beharko dira, ezin baita ordainketa denbora tarte txikiagoetan hainbanatu. Honela banatuko dira hiruhilekoak:

-1. hiruhilekoa: urria, azaroa eta abendua.

-2. hiruhilekoa: urtarrila, otsaila eta martxoa.

-3. hiruhilekoa: apirila, maiatza eta ekaina.

41.3. Kirolerako abonamendu aktiboa eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da 16 urte beterik izatea.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

42. artikulua. Berriobetiko Udalari dagokio abonatu edo erabiltzaileendako zehapen neurriak hartzea, Erregelamendu honen konplimendua eta instalazioaren barreneko udal ondasunak begiratu beharrez.

43. artikulua. Instalazioetako enplegatuek ahalmena dute erabiltzaileei ahoz kargu hartzeko edo instalaziotik egozteko, edo abonatuei txartela kentzeko, ahozko kargu hartzeari kasurik egiten ez dietenean, arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena ukatu gabe.

44. artikulua. Hona zehapenera iristeko prozedura:

Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake txartela kendu eta, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori instalazioetako edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

Kiroldegiko Kudeatzailetzak txosten bat eta arau-hauslearen datuak igorriko ditu Udalera, bidezko zehapen neurriak har ditzan Erregelamendu honetan oinarrituta. Zehapen horiek arau-hausleari jakinaraziko zaizkio. Ematen diren ebazpenen aurka, egungo legerian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira, eta errekurtsoak ebatzi arte, instalazioaz baliatzeko aukera aldi baterako edo betiko galdu duen erabiltzailea ezin izanen da sartu.

45. artikulua. Barne araubidearen Erregelamenduan eta kirol eremuen araudi berariazkoen eranskinetan agertzen diren arauak betetzen ez badira, arau-haustea eginen da; horrek atal honetan aurreikusten diren zehapenak ezartzea ekarriko du.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

46. artikulua. Arau-hauste arinak dira:

1. Kirol eremu bakoitzaren araudi berariazkoa ez errespetatzea.

2. Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

3. Kirol instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, salbu eta eguneko sarrera edo baimen espresu puntuala badute, kirol ikastaro batean izena emanda egon edo instalazioak erabiltzen dituzten klub edo taldeetako batekoak badira.

4. Eremu espresuki debekatuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

5. Kirol instalazioetan erretzea, kanpoko solariumaren eremuan izan ezik.

6. Takillak modu desegokian erabiltzea.

7. Instalazioen ardura duten langileen erranei kasurik ez egitea.

8. Bi zehapen-gaztigu izatea.

9. Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, hutsegite larri edo oso larritzat hartzen direnak izan ezik.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:

-Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere 15 egunetarako, eta aldi horretan abonamendu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

-Kargu hartze publiko edo pribatua.

-Zehapen-gaztigua aplikatzea.

-Denbora baterako zehapena, gehienez ere hilabetez kirolgune berariazkoak ez erabiltzeko.

-Arau-hauste arinen ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragin bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu ahal izanen da, baita betearazpenaren bidetik erreklamatu ere.

Arau-hauste eta zehapen arinak 6 hilabetera preskribatuko dira.

47. artikulua. Arau-hauste larriak dira:

1. Liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea, dela instalazioetako langileekin dela erabiltzaileekin.

2. Instalazioak hondatzen dituzten animalia edo gaiak sartzea.

3. Instalazioak nahita zikintzea edo hondatzea.

4. Igerilekuetako, hidromasaje igerilekuetako eta/edo jacuzziko uraren kalitatea hondatzea.

5. Kirol instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea, zikintzea edo kalte egitea.

6. Abonatu txartela modu desegokian erabiltzea.

7. Hiru arau-hauste arin egitea.

8. Abonatu txartela beste edonori uztea instalazioan sartzeko.

9. Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edoezin arau-hauste.

10. Instalazioko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.

11. Instalazioaren barrenean ordena larriki nahastea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

Arau-hauste larria egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:

-Instalazioetatik behin betiko kanporatzea, eta abonamendua eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

-Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere sei hilabeterako, eta aldi horretan abonamendua eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

-Arau-hauste larrien ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragiten bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu ahal izanen da, baita betearazpenaren bidetik erreklamatu ere.

Arau-hauste eta zehapen larriak 2 urtera preskribatuko dira.

48. artikulua. Arau-hauste oso larriak dira:

1. Kirol instalazioak eta/edo materialak kaltetzea, ebastea edo lapurtzea.

2. Instalazioetako langileei edo gainerako erabiltzaileei gorputzez, hitzez edo psikologikoki eraso egitea.

3. Erabiltzaileen nahiz langileen gauzak ebatsi edo lapurtzea.

4. Instalazioen barrenean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak.

5. Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

6. Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larrian hondatzea.

7. Urtebetean hiru arau-hauste larri egitea.

Arau-hauste oso larria egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:

-Instalazioetatik behin betiko kanporatzea, eta abonamendua eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

-Kirol instalazioetatik denbora baterako bidaltzea, gehienez ere urtebeterako. Bitarte horretan, abonamenduak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.

-Arau-hauste larrien ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragiten bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu ahal izanen da, baita betearazpenaren bidetik erreklamatu ere.

Arau-hauste eta zehapen oso larriak 4 urteren buruan preskribituko dira.

49. artikulua. Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legerian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak aurkezten ahal dira.

Errekurtso horiek ebazten diren arte, instalaziora sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betiko kendu zaion erabiltzailea ezin izanen da instalaziora sartu.

50. artikulua. Zehapen araubideari aplikatzen ahal zaion arautegia ondokoetan ezarritakoaren arabera arautuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen IX. titulua, "Zehapen ahalmena", eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua.

VIII. KAPITULUA

Erregelamendu honetako xedapenak

51. artikulua. Berriobeitiko Udalaren esku gelditzen dira Erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak ahalmena haren esku utzita ariko da haren xedapenak interpretatu eta aplikatzen, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1118966