24. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

3025/2010 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariari eskumenak eskuordetzen dizkiona.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoen berezko eskumenak maila bereko edo baxuagoko beste organo bati eman dakizkioke eskuordetzan, hierarkian haren mende ez badago ere, besterik ezartzen ez bada.

Halaber, aipatu artikuluak ezartzen duenez, eskumenak eskuordetu eta errebokatzea noiznahi egin daiteke. Agindu horiek eskuordetza egiten duen organoak onetsiko ditu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Horrez gain, eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio-egintza eta -ebazpenetan egoera hori azaldu beharko da berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak bailiran hartuko dira.

Enpresa Zuzendaritza Nagusiaren jardueren garapenean beharrezkoak diren eraginkortasuna eta azkartasuna lortzeko, egokitzat jo da Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzea Enpresako zuzendari nagusiari dagozkion zenbait eskumen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzea Enpresako zuzendari nagusiari dagozkion eskumenak ondoko arlo hauetan:

a) Meatze-makina higigarriak erabiltzeko baimenak, aire zabaleko nahiz lur azpiko lanetan.

b) Meategietan hauts-laginak murrizteko baimena.

c) Meategiko lanak eteteko baimena.

d) Meatze-eskubideak eskualdatzeko baimena.

e) Instalazio elektrikoak eraikitzeko, zabaltzeko, aldatzeko eta ustiatzeko baimenak.

f) Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu edo banatzeko instalazio baten titulartasuna eskualdatzeko baimena eta instalazioa ixteko baimena.

g) Erabiltzaileei gas erregaiak hodi bidez eramateko instalazioetarako baimena.

h) Kontrol-erakunde egiaztatuek jarduteko baimena.

i) Ibilgailu historikoak katalogatzea.

j) Salgai galkorren nazioarteko lurreko garraiora zuzendutako ibilgailuentzako adostasun-agiriak ematea (nagusiki nekazari direnentzat).

k) Takografo digitalen zentro teknikoetarako baimenak.

l) Abiadura mugatzaileen gailuak instalatzeko eta haien funtzionamendua egiaztatzeko baimena.

m) Profesionalei industria segurtasunaren arloko egiaztagiriak ematea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 29an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1100017