24. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2011 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2011-2012 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura arautzen duena.

Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duenak, 12.1 artikuluan ezartzen du Hezkuntza Departamentuak arautuko duela funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozedura, baldintza beretan sartzeko aukera izan dezaten.

Foru dekretu hori aplikatzeko, eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eskolatzearen arloan ezarritako esparruaren barnean, komenigarritzat jo da funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe guztietan ikasleak onartzeko irizpideak eta prozedurak arautzea.

Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, non funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2011-2012 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura proposatzen baita.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 21.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen xedea da funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2011-2012 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura arautzea, zehaztapen hauekin bat:

1. Ikastokien hartzaileak.

Ikastokia eska dezakete 2009an eta 2010ean jaiotako haurren aitak, amak edo tutoreek, eta 2011n jaiotako haurrenek, baldin eta euren jaiotza 2011-2012 ikasturte hasiera baino 16 aste lehenagorako aurreikusten bada.

Ikastetxeetan hasteko, haurrak 16 aste beteak izanen ditu, edo urtebete, baldin eta ikastetxeak urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez badu.

Ebazpen honetan aurreikusitako prozedura aplikatuko zaie 2010-2011 ikasturtean ikastetxean matrikulatuta ez dauden haurrei.

2. Haurrak onartzeko prozeduran eskumena duten organoak.

Entitate titular bakoitzak hautapen batzorde bat izendatuko du, eta gutxienez ere entitate titularraren eta ikastetxeen ordezkari batek edo batzuek osatuko dute. Entitate titularraren ordezkari bat izanen da batzordeburua.

Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikastokiak zehaztea eta gordetzeko prozedura egitea.

b) 2011-2012 ikasturterako hutsik dauden ikastokiak argitaratzea.

c) Tramitaziorako baremoa eta epeak argitaratzea.

d) Aurkezten diren eskaera guztiei tramiterako sarrera ematea.

e) Eskatzaile bakoitzari dagokion puntuazioa esleitzea, haurrak onartzeko araudian ezarritako irizpideekin bat.

f) Haurrak onartzeko prozesua ebaztea, onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea, lortutako puntuazioa adierazita, eta erreklamazioak aurkeztea.

g) Hezkuntza Departamentuari igortzea, eskatutako epeetan, 2011-2012 ikasturterako behin-behineko eta behin betiko plangintza ereduak.

3. Haurrak onartzeko prozeduraren zati diren jarduketak.

Jarraian adierazten diren jarduketak eginen dira funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozeduran:

a) Ikastokiak gordetzea, ikastetxe horietan 2010-2011 ikasturtean matrikulatu diren haurrei.

b) 2011-2012 ikasturtean hutsik egonen diren ikastokien kopurua zehaztea.

c) Eskaerak aurkeztu eta jasotzea, baremazioa egitea eta behin-behineko zerrendak argitaratzea.

d) Erreklamazioak ebaztea eta behin betiko zerrendak argitaratzea.

e) Behin-behineko eta behin betiko plangintza ereduak prestatu eta Hezkuntza Departamentura igortzea.

f) Matrikula egitea.

Iruñean, aurreinskripzioa batera eginen da Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren ikastetxeetan eta Iruñeko Udalaren mendekoetan.

4. Haurrak onartzeko prozeduraren garapena.

4.1. Ikastokiak gordetzea.

4.1.1. Hautapen Batzordeak epe bat eta jarraibide batzuk ezarriko ditu 2010-2011 ikasturtean zehar ikastetxera joanen diren haurrei ikastokia gordetzeko.

4.2. Hutsik dauden ikastokien kopurua zehaztea.

4.2.1. Hautapen Batzordeak, unitate bakoitzeko gehieneko haur kopuruari buruzko araudi indardunarekin bat, ikastetxe bakoitzean aurreikusitako ikastoki hutsak zehaztuko ditu, eta 2011ko otsailaren 23an argitaratuko du, ikastetxearen eta entitate titularraren iragarki oholean, haurrak onartzeko prozeduran aplikatuko den baremoa.

4.3. Eskaerak.

4.3.1. Eskaerak ikastetxean eta/edo entitate titularrean jaso eta aurkezten ahalko dira, 2011ko martxoaren 1etik 17ra bitartean. Entitate titularraren ikastetxe bat baino gehiago egonez gero, edo ordutegi edo hizkuntza eredu bat baino gehiago izanez gero, eskatzaileek horietatik zein lehenesten duten adierazi beharko dute.

4.4. Agiriak.

4.4.1. Sartzeko eskabideak eredu ofizialaren araberakoak izanen dira, eta haurraren jaioteguna eta eskatzailearen bizilekua egiaztatzen dituen agiriarekin batera aurkeztuko dira. Oraindik ere jaio ez den haurraren eskabidea egiteko, noiz jaioko den aurreikusten duen txosten medikoa erantsiko da eta, adoptatutako edo harreran hartutako haurren kasuan, kasuan kasuko egiaztagiria sartuko da.

4.4.2. Eskabideei agiri hauek erantsi beharko zaizkie:

a) NANaren, pasaportearen, atzerritarrentzako bizileku-txartelaren edo balio bera duen aitaren eta amaren edo legezko tutoreen nortasun agiriaren fotokopia.

b) Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen lan-egoera eta/edo egoera akademikoa justifikatzen duten agiriak.

-Eskaera egiten den hilabetea barne hartzen duen lan bizitzaren ziurtagiria.

-Gizarte Segurantzako araubide berezietara lotuak dauden lan-egoerak justifikatzeko, langilea araubide horretan alta emanda dagoela frogatzen duen agiria aurkeztuko da, bai eta enplegatzailearen edo enplegatzaileen zinpeko aitorpena ere, lanaldia eta soldata adierazita.

-Norberaren konturako lan egiten duen profesional liberalaren lan-egoera justifikatzeko, dagokion mutualitatean alta emanda dagoela frogatzen duen agiria, lizentzia fiskala eta lanaldia adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko dira.

-Eszedentzian egonez gero, eszedentziaren jakinarazpena aurkeztuko da eta idatziz azalduko da lanera itzuliko dela ikasturtea hasi ondoko hilabete eta erdian beranduenez, jarduneko langiletzat har dadin. Matrikulazioa ikasturtea hasi ondoren egiten bada, lanera itzuliko da ikastokia eman ondoko hilabete eta erdian beranduenez. Kasu horietan, eta behin lanera itzulita, enpresa ziurtagiria aurkeztu beharko da, lanera itzuli deneko eguna frogatuko duena.

-Eskaerak aurkezteko unean ikasten arituz gero, matrikularen, ikasturteko egutegiaren eta ordutegiaren frogagiria aurkeztuko dira.

c) Familiaren osaera frogatzeko agiriak.

-Familia-liburuaren fotokopia (aita, ama eta seme-alabak) edo, halakorik ez badago, antzeko agiri ofiziala osorik.

-Familia unitateko edozein kideren minusbaliotasuna frogatzen duen agiria, ikastetxean onartua izateko eskatu den haurrarena izan ezik, edo familia unitateko kideren bat Gizarte Segurantzako pentsioduna dela frogatzen duen agiria, ezintasun iraunkor osoko, absolutuko edo baliaezintasun handiko pentsioa aitorturik badu.

-Haurra harrera-egoeran dagoela edo adoptatua dela frogatzen duen agiria.

d) Errenta mailak frogatzeko agiriak.

-Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen azken errenta aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egin beharrik ez badute, beharkizun horretatik salbuetsita daudela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute, Nafarroako Gobernuak sinatua, eta horrekin batera, lan bizitzaren txostena eta familiak 2009. urtean izan dituen diru-sarrerak finkatzeko agiriak, edo 2010. urtekoak, onarpen prozesua 2011ko ekainaren 30etik aurrera hasten bada.

-Interesdunak bi aukera izanen ditu: dokumentazioa berak aurkeztea, edo entitate titularrari baimena ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barrenean eskumena duen unitate organikoari edo departamentuari behar den dokumentazioa eska diezaion. Baimen hori eskabide bidez eman beharko da, deialdian dokumentazioa aurkezteko ezartzen den epearen barrenean, eta agiria noiz eta zein organotan aurkeztu zen finkatu beharko da.

e) Aitaren, amaren edo legezko tutoreen bizilekua edo lantokia eraginpeko eremu geografikoan dagoela frogatzen duen dokumentua.

-Aitaren, amaren edo legezko tutoreen erroldatze agiria, udalak emana 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen.

-Haurrarentzako ikastokia eskatzen den Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeko zuzendaritzaren ziurtagiria, eskatzaileak bertan lan egiten duela adierazten duena.

-Aitaren, amaren edo legezko tutoreen lantokia zein den frogatzen duen agiria.

-Bizilekua aldatzea aurreikusi bada, etxebizitza berria 2011ko abenduaren 31 baino lehen emanen dela frogatzen duen edozein agiri aurkeztuko da. Kasu horretan, gaur egungo bizilekua zein den adieraziko da jakinarazpenetarako, eta bizileku berria, berriz, baremazioa egiteko.

f) Sarbide zuzenerako baldintza bereziak betetzen direla frogatzen duen agiria:

-Haurraren minusbalioa kalifikatzeko ziurtagiria eta/edo haurraren mendekotasun handia (III. gradua) aitortzen duen egiaztagiria eta/edo profesional batek egindako txostena, dituen ezaugarriengatik hezkuntza berezia behar duela dioena.

g) Beste edozein egoera berezi baloratzeko frogagiriak. Medikuaren, psikologoaren, gizarte langilearen edo zerbitzu espezializatu ofizialen txostena aurkeztu beharko da inguruabar hori frogatzeko.

4.4.2. Alegatzen den egoerari buruzko ziurtagiriak aurkezten ez badira, zero puntuazioa emanen da onarpen baremoan dagokion atalean.

4.4.3. Egiaztatzen bada eskabidean edo erantsitako agirietan adierazitako datuak okerrak edo faltsuak direla, dagokion puntuazioa aldatuko da eta, kasua bada, emandako ikastokia kenduko.

4.4.4. Hautapen Batzordeak zilegi izanen du edozein unetan ziurtagiri gehiago eskatzea hautapen baremoan puntuazioa duten egoerei buruz.

4.5. Ebazpenaren faseak.

4.5.1. Eskabideak baloratzeko, Hautapen Batzordeak ebazpen honen I. eranskinean ageri den baremoa aplikatuko du, haurren gurasoek edo legezko tutoreek aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

4.5.2. 2011-2012 ikasturterako behin-behineko plangintza eredua 2011ko apirilaren 8a baino lehen igorriko da Hezkuntza Departamentura. Haurrak onartzeko epeak egokitu dituzten entitateen kasuan, onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu baino lehen igorriko da.

4.5.3. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin-behineko itxaronzerrenda ikastetxearen eta entitate titularraren iragarki oholean jarriko dira 2011ko maiatzaren 6an, ebazpen honetan ezarritako baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz.

4.5.4. Erreklamazioak ikastetxearen entitate titularrean aurkeztuko dira, Hautapen Batzordeari zuzenduta, behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko zergatik eskatzen den azalduz. Aurkezteko epea 2011ko maiatzaren 6an hasi eta maiatzaren 12an bukatuko da, biak barne. Ezin izanen dira inolaz ere hautapen baremoan puntuazioa ematen duten agirietako akatsak zuzendu.

4.5.5. Onartuen behin betiko zerrenda eta behin betiko itxaronzerrenda 2011ko maiatzaren 24an argitaratuko dira ikastetxearen eta entitate titularraren iragarki oholetan, lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz.

4.6. Matrikula egitea.

4.6.1. Matrikulak entitate titularrak finkatzen duen tokian eginen dira, 2011ko maiatzaren 24tik 31ra bitarte.

4.6.2. Matrikula egiteko, beharrezkoa da haurrak 16 aste beteak izatea ikasturtea hasten denean, edo 12 hilabete, bularreko haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan.

4.6.3. Ezarritako epean egiten ez diren matrikulen ondorioz, beste esleipen bat eginen da itxaronzerrendako ordenari jarraituz.

4.6.4. Matrikula egiteko honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

-Gizarte Segurantzako kartillaren edo txartelaren fotokopia, haurra inskribatua dela frogatzeko.

-Matrikulazioan ezarritako kuota ordaindu izanaren egiaztagiria.

-Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen 2010eko pertsona fisikoen errentaren gaineko aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egin beharrik ez badute, beharkizun horretatik salbuetsita daudela frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, Nafarroako Gobernuak sinatua, eta horrekin batera, lan bizitzaren txostena eta familiak 2010. urtean izan dituen diru-sarrerak finkatzeko agiriak. Dokumentu hori aurkezteko eguna 2011ko ekainaren 30era arte atzeratzen ahalko da.

-Ordainagiriak helbideratzeko banku entitateko kartilla orriaren fotokopia, titularra eta zenbakia agertzen dituena.

-Kasua bada, beharrezkoa den osasun informazioa, haurra behar den moduan zaintzeko.

4.6.5. Hautapen Batzordeak Hezkuntza Departamentura igorri beharko ditu, 2011ko ekainaren 15a baino lehen, 2011-2012 ikasturterako behin betiko plangintza eredua eta matrikulazioei buruz eskatzen diren datu guztiak.

4.6.6. Itxaronzerrendan dauden haurrak ikastetxean matrikulatzen ahalko dira ikastokiak hutsik gelditzen direnean, betiere 16 aste beteak badituzte, edo 12 hilabete, bularreko haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan. Matrikula egiteko zerrendako puntuazioari jarraikiko zaio, 2012-2013 ikasturterako ikastoki hutsen zerrenda argitaratu arte.

4.6.7. Ikasturtean zehar ere aurkezten ahalko dira eskabide berriak, horretarako ezarritako epetik kanpo, 2012-2013 ikasturterako bete beharreko ikastokiak argitaratu arte, betiere.

Eskaera horiek kontuan hartuko dira ikastokiren bat hutsik gelditzen bada, onarpen prozesu arruntean sortutako itxaronzerrenda agortu ondoren. Ikastokiak esleitzeko, eskabidea aurkezteko egunari jarraikiko zaio, betiere haurrak 16 aste beteak baditu, edo 12 hilabete, bularreko haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan.

4.6.8. Salbuespen gisa, entitate titularrak egokitzat jotzen duenean eta Hezkuntza Departamentuaren oniritziarekin, haurrak matrikulatzen ahalko dira behin ikastoki hutsak argitaratuta, betiere hurrengo ikasturterako eskaintzari eragiten ez badio eta epea apirilaren 1a izanik.

5. Hezkuntza premia berariazkoak dituzten ikasleak.

Hezkuntza premia bereziak dituzten haurrek sarbide zuzena izanen dute Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.

Sarbide zuzena emateko beharrezkoa izanen da Hezkuntza Departamentuak aldeko txostena ematea, alde batera utzita eskaerekin batera aurkezten diren txostenak.

6. Epeak egokitzea.

Aldez aurretik Hezkuntza Departamentuari jakinarazita, ebazpen honen 4.2.1., 4.3., 4.5.2., 4.5.3., 4.5.4. eta 4.5.5. ataletan aipatutako epeak egokitzen ahalko dira, eta apirilaren 1a izanen da 2011-2012 ikasturterako ikastoki hutsak argitaratzeko epea.

7. Ikasleak onartzeko prozedura berezia.

Haurrak 2011-2012 ikasturtean onartzeko prozedura bereziak abiarazten ahalko dira ikastetxe berrietarako, edo unitateak handitzen ahalko dira aurretik zeudenetan. Halakoetan, horretarako eratutako Hautapen Batzordeak, aldez aurretik Hezkuntza Departamentuari jakinarazita, ebazpen honen 4.2.1., 4.3., 4.5.2., 4.5.3., 4.5.4., 4.5.5., 4.6.1. eta 4.6.5 ataletan adierazitako epeak zehaztuko ditu.

8. Tarifak.

Tarifak aplikatuko dira Hezkuntza Departamentuak familien 2011-2012 ikasturteko tarifak arautzeko onetsitako araudian ezarritakoaren arabera.

9. Bajak.

9.1. Ikasturtea hasi eta hamabost egun natural iraganik ikastetxera azaltzen ez den haurrari nahitaezko baja emanen zaio; orobat, ikastetxean hasi eta, jakinarazpen edo frogagiririk gabe, hamabost egun naturalean jarraian agertzen ez denari. Kasu horietan, entitate titularrak familiari idatziz jakinaraziko dio haurra bajan eman duela ikastetxean. Baja gauzatuko da jakinarazpena egin eta hamabost egunean.

9.2. Ikasturtean zehar borondatezko bajarik badago, idatziz jakinarazi beharko zaizkio ikastetxeko zuzendaritzari hamabost egun lehenago.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau igortzea Ikasketak Antolatzeko Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Haur Hezkuntzako Lehen Zikloaren Atalera eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Familiaren Sustapenerako Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko urtarrilaren 12an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Hautapen baremoa

A) Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen lan-egoera eta/edo egoera akademikoa: 20 puntu gehienez.

a.1) Haurren aita, ama edo legezko tutoreak jarraian adierazten diren egoeretako batean daudenean: 20 puntu gehienez.

-Aita, ama edo legezko tutoreak lanaldi osoan daudenean biak.

-Aita, ama edo legezko tutoreetako bat lanaldi osoan eta bestea dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, behar bezala frogaturik.

-Aita, ama edo legezko tutoreak dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari direnean, behar bezala frogaturik.

-Familia gurasobakarretan aita, ama edo legezko tutorea lanaldi osoan edo dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, behar bezala frogaturik.

a.2) Haurren aita, ama edo tutoreak jarraian adierazten diren egoeretako batean daudenean: 15 puntu gehienez.

-Guraso edo legezko tutoreetako bat lanaldi osoan ari denean eta bestea lanaldi partzialean.

-Guraso edo tutoreetako bat dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, behar bezala frogaturik, eta bestea lanaldi partzialean lanean.

-Familia gurasobakarretan aita, ama edo legezko tutorea lanaldi partzialean ari denean.

a.3) Lan-egoeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1. Gizarte Segurantzan alta eman gabe edo lizentzia fiskalik izan gabe egindako lana ez da kontatuko.

2. Seme-alaba baten jaiotzagatik lanean ez egotea, lanpostu finkorik izan gabe, hau da, ordezkoen zerrenden eta antzekoen kasuetan, ez da eszedentziatzat hartuko.

3. Lanaldi mota baloratzeko, lanaldi osotzat hartzen da lanaldi erdia edo handiagoa hartzen duena. Eta lanaldi partziala, berriz, lanaldi erditik beherakoa.

4. Ikasketak baloratzeko, ikasketa araututzat hartzen dira titulu akademiko ofizialak eskuratzeari begira egiten direnak: DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Unibertsitateko titulazioak, etab.

5. Baremazioaren ondorioetarako, lanaldi osoko lan gisa kontatuko da ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik prestazio bat jasotzeko eskubidearen aitorpena.

B) Familiaren osaera: 8 puntu gehienez.

b.1) Modalitateak:

-Deialdi berean bi seme-alabarentzat edo gehiagorentzat ikastokia eskatzen bada (ikastokiaren erreserba sartzen da): 4 puntu.

-6 urtetik beherako hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familien kasuan: 3 puntu.

-Bi seme-alaba adingabe dituzten familien kasuan: puntu bat. Hirugarren adingabetik aurrera, puntu bat gehituko da seme-alaba bakoitzeko.

-Familia unitateko edozein kidek %33ko minusbaliotasun fisikoa, psikikoa edo zentzumenezkoa onartua izatea, edo familia unitateko kideren bat Gizarte Segurantzako pentsioduna dela frogatzen duen agiria, ezintasun iraunkor osoko, absolutuko edo baliaezintasun handiko pentsioa aitorturik badu: 2 puntu.

b.2) Familiaren osaeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1. Familia unitatearen kideen kopurua familia-liburuaren bidez egiaztatuko da. Horretarako, kontuan hartuko da familia unitatearen zati direla aitak eta amak edo adingabearen zaintza eta ardura duten tutoreak edo, seme edo alaba adingabeak, salbu eta gurasoen baimena izanda haiekin bizi ez direnak, eta judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren mende dauden seme-alaba adindunak. Familia gunean familia-liburuan ageri ez diren seme-alabak baldin badaude, bestelako dokumentuen bidez egiaztatu beharko dira, adibidez, jaiotza agirien, banantze edo dibortzio epaien eta abarren bidez.

Familia harreran diren haurrak familia unitateko kidetzat joko dira ondorio guztietarako.

2. Banantze edo dibortzio kasuetan, ez da kontatzeko kidetzat joko adingabekoaren zaintza eta ardura ez dituen aita edo ama. Honela egiaztatuko da egoera hori:

-Egitatezko banantzean, notario agiria, ezkontzaz kanpoko seme edo alabaren neurria edota egoera hori egiaztatzen duten bestelako agiriak aurkeztu beharko dira.

-Banantzea legezkoa bada, edo dibortzioa, kasua bada, hura ezartzen duen epai judiziala.

3. "6 urtetik beherako hiru seme-alaba edo gehiago" daudela kontatzeko, 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako seme-alabak hartuko dira kontuan.

4. "Deialdi berean bi anai-arrebarentzat edo gehiagorentzat ikastokia eskatzea" kontzeptuagatik emandako puntuazioa galdu eginen da, matrikula egiterakoan berresten ez bada.

5. Familia harreran diren haurrek, betiere egoera hori behar bezala egiaztatuta, ikastetxean anai-arrebak izateagatik ematen den puntuazioa lortzen ahalko dute, familia hartzaileak eskatutako ikastetxean seme edo alabaren bat badu eskolatuta.

C) Errenta mailak, urteko per capita errentaren arabera baloratuak: 12 puntu gehienez.

c.1) Errenta tarteak:

Per capita errenta. Puntuak.

2.000 euro edo gutxiago: 12 puntu.

2.000,01 euro eta 3.500 euro artean: 11 puntu.

3.500,01 euro eta 5.000 euro artean: 10 puntu.

5.000,01 euro eta 6.500 euro artean: 9 puntu.

6.500,01 euro eta 8.500 euro artean: 8 puntu.

8.500,01 euro eta 11.000 euro artean: 7 puntu.

11.000,01 euro eta 13.500 euro artean: 6 puntu.

13.500,01 euro eta 16.000 euro artean: 5 puntu.

16.000,01 euro eta 18.500 euro artean: 4 puntu.

18.500,01 euro eta 21.000 euro artean: 3 puntu.

21.000,01 euro eta 23.500 euro artean: 2 puntu.

23.500,01 euro edo gehiago: puntu 1.

c.2) Errenta mailen kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1. Kasu guztietan, aitaren eta amaren edo legezko tutoreen aitorpena edo justifikatutako diru-sarrerak hartuko dira aintzat, salbu eta tartean bada banantze edo dibortzio epairik edota ezkontzaz kanpoko seme edo alabaren legezko neurririk. Kasu horietan, haurraren zaintza eta ardura dituen aitaren edo amaren aitorpena hartuko da aintzat, eta zerga-oinarriari erantsiko zaio epaian ezarritako urteko diru-kopurua.

2. Urteko per capita errentatzat hartuko da zatiketa honetatik ateratzen den zenbatekoa: 2010eko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako zerga-oinarria edo, hala badagokio, aitaren eta amaren edo legezko tutoreen diru-sarrera justifikatu guztiak, zati familia unitateko kide guztien kopurua, ikastoki eskatzaileak barne.

D) Eraginpeko eremu geografikoa: 20 puntu gehienez.

d.1) 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen eskaeraren xedeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxea dagoen herrian edo eraginpeko eremu geografikoan den herrian erroldatua egoteagatik: 20 puntu.

d.2) Aita, ama edo legezko tutorea eskaeraren xedeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxea dagoen herrian edo eraginpeko eremu geografikoan den herrian lanean aritzeagatik: 10 puntu.

d.3) Aita, ama edo legezko tutorea entitate titularraren Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe batean lanean aritzeagatik: 5 puntu.

E) Beste irizpide batzuk.

Hautapen Batzordeak beste behar larri batzuk, pertsonalak, familiakoak edo sozialak, behar bezala frogatuak eta aurreko ataletan bildu gabeak, hartzen ahal ditu kontuan (10 puntu, gehienez ere).

F) Puntuazioko berdinketa kasuak ebaztea.

Baremoa aplikatuta, adin talde bakoitzeko azken ikastokia eskaintzean berdinketa gertatuz gero, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen ondoren:

-Per capita errenta txikiena.

-Adin handiena.

Iragarkiaren kodea: F1100587