238. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Hizkera eta irudi ez-baztertzailea arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena. Akats zuzenketa

2011ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 27koan, argitara eman zen Altsatsuko Udalaren Hizkera eta irudi ez-baztertzailea arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena. Delako testuan akatsik bazela oharturik, honako honen bidez ematen da testu zuzendua.

Altsasun, 2011ko azaroaren 9an.-Alkatea, Garazi Urrestarazu Zubizarreta.

ORDENANTZA, HIZKERA ETA IRUDI EZ-BAZTERTZAILEAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Altsasuko Udalaren xedeetariko bat gizon eta emakumeen arteko egiazko berdintasuna lortzea da eta, horretarako, Altsasuko gizon eta emakumeen arteko lehen berdintasun plana abiarazi zuen 2008an. Planak 2008-2011 aldirako ezarritako xedeen artean, hau dago: Altsasun, emakumeak ahalduntzea bultzatuko duten jarduketa eta estrategiak arautzen eta zilegitzen duten erregelamenduak eta ordenantzak prestatzea. Zehatz-mehatz hau biltzen du: "Hizkera (ahozkoa, idatzia eta irudi bidezkoa) ez-sexista erabiltzeko ordenantza prestatzea eta onestea".

Gainera, honako hau ezartzen du Berdintasunari buruzko Legeak, II. Tituluko (Berdintasunerako politika publikoak) I. tituluan (Printzipio orokorrak), zehazki 14. artikuluan, hain zuzen ere botere publikoen jarduketa irizpide orokorrei buruzkoan: "lege honen xedeetarako, botere publikoen jarduketa irizpide orokorrak izanen dira (...) 11. Hizkera ez-sexista ezartzea administrazioan eta hura sustatzea gizarte harreman orotan, bai eta kultura eta artearen arloko harreman guztietan ere."

Gaur egun dugun legediaren arabera, gizon eta emakumeak berdinak gara legearen aurrean eta eskubide eta betebehar berberak ditugu; tamalez, errealitatea bestelakoa da, gaur egunean ere emakumeak desabantaila handiak ditu gizonaren aldean, eta horren adibide bat da mintzairan desagerraraztea, eta orobat, haren errepresentazioa irudi sexista edo baztertzaileen bitartez egitea.

Hizkuntza pentsamenduaren adierazpena da. Hizkeraren zuzentasunean garrantzi handia du esaten ez denak, izendatzen ez denak, existitzen ez denak; alegia, emakumeak aipatzen ez direnez, ikustezin bihurtarazten dira kulturan, zientzian, ekonomian.

Horregatik guztiagatik, ordenantza honekin zenbait mezuren anbiguotasuna eragotzi eta emakumearen presentzia azaleratu nahi da administrazio hizkeraren diskurtsoan, betiere arau gramatikalak behartu gabe, eta Altsasuko Udaleko administrazioko langileak hizkuntzak dituen estrategia ez-sexistak erabiltzera ohitzeko ekimenari erantzun nahi zaio.

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio eremua

1. artikulua Ordenantza hau aplikatuko da Altsasuko Udalean eta haren mendeko erakunde eta enteetan.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

2. artikulua. Altsasuko Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien dokumentuek, jakinarazpenek eta komunikazioek hizkera ez-sexista erabiliko dute.

3. artikulua. Udaleko Alkatetzak, Berdintasunerako Alorrarekin koordinaturik, aurreko artikuluan esandakoa betetzen ote den begiratuko du eta, horretarako, kasuan kasuko alorrera itzuliko ditu agindu hori betetzen ez duten espediente, txosten eta agiriak.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

4. artikulua. Administrazioari ahoz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkera ez-baztertzailearekin eginen zaie harrera. Horretarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatu ahalko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile prestatuak daudela bermatzearren, ordenantza honetako V. kapituluan ezarri bezala.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

5. artikulua. Altsasuko Udalak eta haren mendeko erakunde autonomoek hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko dituzte herritarrei zuzentzen zaizkienean.

Hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko dira dokumentu hauetan:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

c) Eraikin, karrika eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udal egoitza eta bulegoetako errotuluak, udal langileen arropak eta uniformeak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udal jardueren informazio eta propagandako eskuorriak, kartelak.

g) Argitalpenak. Udalak egiten dituen argitalpenak eta herritarrei zuzentzen zaizkienak.

h) Udalak prentsan argitaratzen dituen iragarkiak.

i) Udalaren web-orria.

j) Kontratuak, hitzarmenak, fakturazioa etab.

k) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

Udalak publizitaterako agiriak edo gisakoak igortzen dituenean, haietan irudirik baldin bada, aldioro ahalegina eginen da emakumeen eta gizonen irudiak eginkizun anitzetan ager daitezen, eta rol eta estereotipo sexistak baztertuko dira.

Orobat, Berdintasunerako Batzordeak edozein hedabidetan agertutako iragarkien kontrako salaketak jasoko ditu eta Emakumearen Institutuko Publizitatearen Behatokira (Lan eta Gizarte Aferen Ministerioa) bideratuko ditu, haien edukia, Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorraren 3. artikuluan ezarritako eskumenen arabera, "pertsonaren duintasunari erasotzen badio edo Konstituzioan babesten diren balio eta eskubideak urratzen baditu, bereziki haurrari, gazteari eta emakumeari dagokionez".

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

6. artikulua Urteroko plantilla organikoan, lanpostuak izendatuko dira lanpostu horretan ari den pertsonaren sexua adieraziz edo forma bikoitza erabiliz (maskulinoa eta femeninoa).

7. artikulua Lanpostuen deialdietan:

-Lanpostuaren izendapena bitara eginen da: maskulinoan eta femeninoan.

-Udalak egiten diten lanpostuen deialdi publiko guztietan %5 baloratuko da probetan hizkera ez-baztertzailea erabili izana.

8. artikulua. Zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketarako Altsasuko Udalak egiten dituen kontratazio espedienteetan, klausula bat sartuko da emakumearendako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa bilduko duena, eta %5eko balorazioa izanen du proiektu teknikoa idazterakoan hizkera ez-baztertzailea erabiltzeak.

9. artikulua. Diru-laguntzak eman edo hitzarmenak sinatzean ohartaraziko zaie kasuan kasuko entitate edo taldeei nahitaezkoa dela hizkera eta irudi ez-baztertzailea erabiltzea diruz lagundutako edo hitzarmenaren xedeko jardueraren gaineko idazki, iragarki, propaganda eta ohar guztietan.

10 artikulua. Udal langileei lagunduko zaie hizkuntza egoki erabiltzeko teknikak ikas ditzaten, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

11. artiklua. Udalak prestakuntzarako planak antolatu ahalko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

VI. KAPITULUA

Sustapena

12. artikulua. Berdintasunerako Batzordeak jarduketa programak proposatu ahalko ditu urtero, informazio gehiago izateko hizkera eta irudi ez-baztertzailearen inguruan.

13. artikulua. Altsasuko Udalak, aipatze aldera, Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, bai eta beste udal entitateekin koordinatuta ere hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzeko kanpainetan.

14. artikulua. Udalak diruz laguntzen dituen jardueren dokumentazioan eta propagandan irudi eta hizkera ez-sexista erabiliko da.

Helburu hori betetzeko, atal bat sartu da diru-laguntzen urteroko deialdian.

15. artikulua. Altsasuko Udalaren kontura diharduten enpresa esleipen eta kontzesio hartzaileek, baita ustiapen mistokoek ere, ordenantza honen araberako hizkera eta irudia erabiliko dute, eta honela jaso beharko da kontratuaren agirietan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa.-Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Bigarrena.-Alkatetzak eta Berdintasunerako Alorrak (Emakumearen Batzordeak) eginen du segimendua ordenantza hau betetzen ote den eta edozein gairen gainean proposamenak eginen ditu, hura aplika dadin.

Iragarkiaren kodea: L1118373