238. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Akats zuzenketa, Gazolazko Arau Subsidiarioetako aldaketaren hirigintza araudian. Martxoaren 22ko argitalpenaren deuseztapena

Zizur Zendeako Udalak, 2011ko maiatzaren 16an egin osoko bilkuran, erabaki zuen Gazolazko Arau Subsidiarioetako aldaketaren hirigintza araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, argitara dadin, eta gisa horretara deusezta dadin 2011ko martxoaren 22an egin argitalpena (56. Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Horren ondorioz, argitaratutako testua zuzendu da, eta honako honekin ordeztu:

HIRIGINTZAKO ARAUDIA

A.-Hiri lurzoru finkaturako hirigintzako baldintzak U9 eta U10 unitateetan.

Gazolazko hiri lurzoru osoa gaur egun prestatzen ari den Udal Plan Orokorrean sartuko da. Hala ere, hirigintzako baldintza batzuk zehaztu dira, behin-behineko izaeraz, Gazolazko hiri lurzoru osoaren antolamendu xehakatua zehaztu arte, indarrean dauden Arau Subsidiarioen arabera U9 eta U10 unitateak osatu eta lurzoru urbanizagarriko sektore berriaren eremuan sartu ez diren lurzatietarako. Hona hemen baldintza horiek:

-Hiri lurzoru urbanizagarriko sektore berriaren esparruak zein azpinutateren perimetroa ez duen ukitzen, horiexendako mantenduko dira indarra duten Arau Subsidiarioetan azpiunitate bakoitzerako ezarritako determinazioak (Hirigintza Arauen 56 eta 57. artikuluak). Eraikin berrietarako, xehetasun azterlan bat tramitatuko da obra lizentzia eskatu aitzin, eraikuntzaren eta lurzatiko itxituren lerrokadurak zehaztu beharrez.

-Bertze azpiunitate batzuen mugak aldatuko ditu, berriz, hiri lurzoru urbanizagarriko sektore berriaren esparruak; halakoetan, obra lizentzia eskatu aitzineko baldintza izanen da tramitatzea, batetik, unitatea mugatzeko proiektua eta, bertzetik, bolumen eraikigarria antolatzeko eta eraikuntzaren eta lurzatiko itxituren lerrokadurak zehazteko xehetasun azterlana.

B.-Lurzoru urbanizagarria.

1.-Egiturazko determinazioak.

1.1.-Lurzoruaren sailkapena:

Urbanizagarri sektorizatua, 35/2002 Foru Legearen 95.2 artikuluko definizioari jarraikiz.

-AR-G1 banaketa eremua, sektorearen mugekin bat heldu duena.

-Sektore bakarra.

-Plan partzialean zehaztu beharreko exekuzio unitateak.

1.2.-Erabilera orokorraren kalifikazioa.

Erabilera orokorra edo nagusia bizitegietarako erabilera izanen da.

1.3.-Etxebizitza babestua.

Sektorearen antolamenduan aurreikusiko da egiten diren etxebizitzen erdiek gutxienez babes publiko motaren bat izanen dutela, eta horien erdia gutxienez babes ofizialeko etxebizitzak izanen direla.

1.4.-Erabilerak homogeneizatzeko koefizienteak eta aprobetxamendu tipoa.

Erabilerak homogeneizatzeko koefizienteak:

-Familia bakarreko etxebizitza libreak: 1,00 au/m² (*).

-Eraikinik gabeko lurzati pribatua: 0,20 au/m² (**).

-Etxebizitza kolektibo librea: 1,00 au/m².

-Eraikinik gabeko lurzati pribatua: 0,20 au/m² (**).

-Prezio tasatuko etxebizitza: 0,37 au/m².

-Babes ofizialeko etxebizitza: 0,30 au/m².

-Hirugarren sektorekoa: 0,70 au/m².

-Eraikinik gabeko lurzati pribatua: 0,07 au/m² (**).

-Ekipamendu pribatua: 0,70 au/m².

-Eraikinik gabeko lurzati pribatua: 0,07 au/m² (**).

(*) Familia bakarreko etxebizitza atxikia, binakakoa edo isolatua.

(**) Sestra gainetik eraiki gabeko lurzati pribatuaren zatia kontatuko da.

Eredu-aprobetxamendua:

0,365 UA/m² (aprobetxamenduak kontatzeko irizpidea, txostenaren 6.4.A atalaren araberakoa).

1.5.-Antolamendu xehakatuko determinazio orokorrak.

Kasuko plan partzialean garatu beharreko sektorearen antolamendu xehakatuan ondoko alderdiak hartuko dira kontuan:

-35/2002 Foru Legean ezarritako gutxieneko lagapen eremuen %60 gutxienez sektorearen eremu zentralean bilduko dira; hain zuzen, gune historikoaren eta antolamendu berriaren arteko elkargunean eta egun 49. eta 91. lurzatiak dauden tokian. Lurzati horiek eremu libre publikotzat hartuko dira.

-Familia bakarreko etxebizitza egungo hirigunetik gertuen dagoen eremuan antolatuko da, sektorearen iparraldeko mugan. Gutxienez 18 lurzati aurreikusiko dira familia bakarreko bizitegiko eraikin isolatuetarako. Lurzatien batezbesteko azalera 600 metro koadrotik gorakoa izanen da.

2.-Determinazio xehakatuak.

2.1. Erabilera xehakatuak.

Erabilera xehakatuak eta erabilera horien arteko bateragarritasuna sektorea garatzeko Plan Partzialean zehaztuko dira.

Gehienez ere 8.000 metro koadroko sestraren gaineko azalera eraikia onartuko da hirugarren sektoreko erabilerarako edo ekipamendu pribatuetarako.

2.2.-Etxebizitzen kopurua.

-Sektoreko gehieneko etxebizitza kopurua: 246 etxebizitza.

2.3.-Etxebizitza babestua.

-Sektorearen antolamenduak gutxienez babes ofizialeko 62 etxebizitza egiteko lurzorua aurreikusiko du.

-Sektorearen antolamenduak gutxienez prezio tasatuko 61 etxebizitza egiteko lurzorua aurreikusiko du.

2.4.-Ekipamenduko espazioen eta zerbitzukoen lagapenak.

Espazio libre publikoak:

-Sistema orokorrekoak, 4.500 m² gutxienez.

-Tokiko ekipamenduak, 14.000 m² gutxienez.

Erabilera anitzeko ekipamendu komunitariorako erreserba:

-Ekipamendu komunitarioetarako, 7.000 m²-ko gutxieneko erreserba aurreikusi da.

Hezkuntza ekipamendurako eta osasun arlokoetarako erreserba:

Ez daude aurreikusita, Osasunbideak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak beharrezkotzat jotzen ez badituzte bederen.

Aparkalekuak:

Bi plaza jarriko dira sestra gaineko edozein erabileratarako eraikinaren 100 metro karratuko, garajeetarako tokia kenduta; erabilera publikoko espazioetan gutxienez plaza bat jarriko da etxebizitza bakoitzeko eta plaza bat merkataritzako edo hirugarren sektoreko erabileretako 100 metro karratuko.

2.5.-Lurzoruaren foru bankua.

Sektoreko Plan Partzialean tokiz gaindiko ekipamenduetako lurzatien erreserba eginen da (gutxienez 10 m², babes publiko motaren bat izanen duten etxebizitzetarako eraikitako 100 m² bakoitzeko). Lur horiek etxebizitzak eraikitzeko edota titulartasun publikoko bertze bizitegietarako erabileraren baterako izanen dira.

2.6.-Exekuzio epeak.

Arau Subsidiarioetako aldaketa hau behin betikoz onetsi ondoan, bederatzi hilabeteko epea ezarriko da Plan Partziala hasiera batean onesteko, eta urtebetekoa, birzatiketa hasiera batean onesteko. Urbanizazio lanak hasiko dira dokumentu hau behin betikoz onetsi eta bi urte pasa baino lehenago.

2.6.-Jarduketa sistemak.

Lankidetza, Udalak lurzoruaren merkatuan esku hartzeko interesa baitu. Hala, lurzati horiek urbanizatuko dira eta ekipamenduetarako guneak sortuko dira lehenbailehen.

2.7.-Sektorearen antolamendu xehakatuan kontuan hartzeko determinazioak.

Kontuan hartuko da biribilgune bat paratzea hirigunetik hurbil, han garraio publikoaren lerro bukaera planteatu ahal izateko.

Bide sarearen diseinuan begiratuko zaio garraio publikoaren joan-etorriari, kontuan harturik erreien zabalera, garraio publikoaren joan-etorrietarako lehentasunak, biraketen egokitzapena, geralekuen diseinua etab.

Garapenerako Plan Partzialean honako hauek sartuko dira: lurraren profilen azterketa, egungo profilak nahiz antolamendu berriak proposatzen dituenak ekarriz, baita indusketatik heldu diren lurrak kudeatzeko azterketa ere.

Kalteak ahalik eta tikienak izateko eta urbanizatu beharreko zonek paisaiarekin bat egiteko neurriak hartuko dira diseinuaren aldetik, hala nola sektoreko iparraldeko eta hegoaldeko ertzetan arbolen zerrenden sorrera, iparraldeko ertzetik hurbilenak dauden eraikinen garaiera ezari-ezarian apaltzea etab.

Sektorearen antolamenduan ondoko alderdi bioklimatikoak hartuko dira kontuan:

Eraikinen orientazio egokia, esposiziorik handiena lortzeko eguzkiaren kokaerari buruz; horretarako fatxadaren kokaleku nagusia izanen da hegoaldera, guti goiti-beheiti 30/40º.

Eraikuntza, ahal dela 12 m inguru sakon diren bloke paraleloetan, etxebizitza guztietan aireztapen gurutzatua bermaturik.

Bloke batetik bertzerako tartea, haien garaieraren arabera, solairu guztien eguzkimendurako aukera emateko.

Lorategi moduko espazioak karrikekin nahasirik ematea, eta orobat etxebizitzen artean banatuak, ahal dela hemengo espezieak eta ur gutien kontsumitzen dutenak erabalirik.

Zolatu gabeko azalerak nagusi izatea espazio publikoetan.

Arbola franko izatea, bereziki iparraldeko eta hegoaldeko mugetan.

Tamaina tikiko arbolekin eta zuhaizkekin pantaila akustikoa eratzea, hegoaldeko mugan.

Plan Partzialean eraikuntzari buruz garatu beharreko araudiak irizpideak finkatuko ditu eraikuntzan eta urbanizazioan erabili beharreko diseinuari eta materialei dagokienez, energiaren kontsumoa murrizteko xedea duten irizpideei jarraikiz.

Sektorea urbanizatzeko proiektuan, neurri zuzentzaileak aztertu eta proposatuko dira azaleko dreinatze uren isurketaren kalitatea isurgunean hobetzeko.

Gazolatzen, 2011ko azaroaren 10ean.-Alkate udalburua, José Joaquín San Martín Murillo.

Iragarkiaren kodea: L1118811