1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
238/2011 FORU DEKRETUA, azaroaren 16koa, Nafarroako Urrezko Domina ematen diena Nafarroako Foru Komunitatean diren Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteei.
Done Jakue Bidea funtsezko osagaia da Nafarroako historian eta egungo errealitatean. Erdi Aroan, Nafarroako Erresumako erregeek Done Jakue Bidea eraiki zuten galtzadak eta zubiak diseinatuz eta hiribilduak, monasterioak eta ospitaleak sortuz; eta horiek guztiek arrasto nabarmena utzi dute arteari, kulturari eta espiritualtasunari dagokienez.
Mende luzez gainbeheran egon ondoren, XX. mendean Konpostelarako erromesaldiak berpiztu ziren eta haren balioak unibertsalizatu ziren. Nafarroak, bertan elkartzen baitira Europatik Santiagorako bide nagusiak, bidearen berreskurapena erabakitasunez sustatu du jarduketa handien bidez, besteak beste, bideak berreskuratzea, monumentuak zaharberritzea eta instalazioak eta zerbitzuak bultzatzea erromesentzat eta Konpostelarako bideak ibiltzearen bizipen pertsonala sentitu nahi duten guztientzat.
Bidearen berpizte honetan, erabakigarria izan da Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteek egindako lana; hiritar sutsu eta borondate handikoek osatutako elkarte hauek beren jakintza eta ahalegin eskuzabala eskaini dituzte bidea berreskuratu, ezagutzera eman eta baloratzeko. Nafarroan, eta bereziki Lizarran (bidearen funtsezko tartea baita), Espainiako lehen elkartea sortu zen duela 50 urte, bidea askorentzat ezezaguna zenean edota iraganeko fenomenotzat hartzen zenean. Duela 25 urte, elkarte berri bat sortu zen, jarduketa eremua Nafarroa osoan zuena eta xedetzat Bidea, erromesaldia eta Santiagorekiko debozioa sustatzea zuena. Berriki, tokian tokiko elkarteak sortu dira Los Arcosen, Urdazubin eta Baztanen, baita Ebroko Erriberan ere, donejakueren historia eta balioak berreskuratzeko eta Bidea ahalegina, gogoeta, laguntasuna eta emozioak uztartzen dituen ibilbide bizia bihurtzeko.
Une honetan, Done Jakue Bidea fenomeno sozial eta kultural garrantzitsua da, eta bertatik igarotzen da mundu osotik heldutako jendea, adin, lanbide, sinesmen eta interes ezberdinak dituena. Horri esker, gure Komunitateak garrantzia eta oihartzuna lortu ditu nazioarte mailan. Hori horrela izanik, Nafarroako Gobernuak esker ona eman nahi die gure Komunitatean diharduten Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteei, Bideari zerbitzu ematen eta Bidea sustatzen egindako lan etengabe eta dinamikoagatik.
Nafarroako Urrezko Domina, irailaren 29ko 290/1998 Foru Dekretuaren bidez ezarria, Nafarroako Foru Komunitatearen sarietan garrantzitsuena da, eta Nafarroako Gobernuak, herritarren iritzia bere eginik, Nafarroako interesen defentsan, promozioan edo sustapenean nabarmentzen diren pertsona edo entitateei ematen die sari hori.
Horrexegatik, Lizarrako, Los Arcosko, Urdazubiko, Baztango eta Ebroko Erriberako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteek bidea bermatu eta sustatzeko egindako lan handia baloratu nahian -jarduera horri esker gure Komunitateari prestigioa ematen baitiote eta gure gizartearen izaera irekia, abegitsua eta arduratsua ezagutzera ematen baitute-, proposatu da Nafarroako Urrezko Domina ematea. Domina aurtengo Nafarroaren Egunaren karietara antolatutako ekitaldien barnean emanen da.
Horiek horrela, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko azaroaren 16an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Nafarroako Urrezko Domina ematea Nafarroako Foru Komunitatean diharduten Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteei, denei batera.
Iruñean, 2011ko azaroaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.
Iragarkiaren kodea: F1118791