231. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 22a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

"ERRIOXA" JATORRIZKO DEITURA KALIFIKATUAREN
KONTSEILU ARAUEMAILEA

09/2011 ofizio-zirkularra. 2011ko azaroaren 4ko osoko bilkurak mahastien ureztaketari buruz hartutako erabakia

Mahastiari eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen 9. artikuluak adierazten du EJPKA bakoitzaren arau partikularrak ezartzen ahalko dituela bai bere ekoizpen eremuko ureztapena baimentzeko modua eta baldintzak, bai aplikazio motak. Bereziki nabarmenduko da jarduera horiek landarearen potentzial begetatiboaren eta klima-lurzoruko ekosistemaren arteko orekari eusteko helburua izan behar dutela kontuan hartzea, kalitate handiko produktuak eskuratzea xede.

Aldi berean, 24/2003 Legearen 26. artikuluak deitura kudeatzeko organoari agintzen dio, besteak beste, kanpaina bakoitzerako ureztatzeko modu eta baldintzen baimena ezartzeko, kalitatearen babesa eta hobekuntza irizpidetzat hartuta.

Horrez gain, "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikatuari buruzko Erregelamenduak (APA/3465/2004 Agindua, urriaren 20koa) honakoa ezarri du 6.2 artikuluan:

Oro har, laborantzako lanek ekoizpenen kalitatea optimizatzeko helburua izanen dute. 24/2003 Legearen 9. eta 26.2.d) artikuluetan adierazitakoa betez, ureztapena Kontseilu Arauemaileak arautuko du urtero, eta baimena eman dezake, landarearen potentzial begetatiboaren eta klima-lurzoruko ekosistemaren arteko orekari eusteko, tantakako ureztapena, aspertsiozko ureztapena eta ureztapen ugaria erabiltzeko, betiere bermatuta egon dadin gutxieneko ur ekarpena, 600 litrotik gorakoa urtean, eta horren erdia, gutxienez, ernetzetik ondu arte hornituko dela; nolanahi ere, lan hori egiteko mugaeguna ezarri beharko da, mahats-bilketa hasi baino hogeita hamar egun lehenago, gutxienez, eta, ohiz kanpoko inguruabarrak gertatu ezean, urte bakoitzeko abuztuaren 15a baino lehen. Hori guztia eginen da kalitateko produktuak eskuratzen laguntze aldera, eta egiteko baldintza praktikoak eta garaia adierazita.

Aurrekoa ikusita, Kontseilu Arauemaileak 2011ko azaroaren 4an egin osoko bilkurak adierazi du badirela ureztaketa aplikatzea justifikatzen duten baldintza ekologikoak, landarearen potentzial begetatiboaren eta klima-lurzoruko ekosistemaren arteko orekari eusten eta kalitateko produktuak eskuratzen laguntzen duen laborantzako jarduera den aldetik.

Horren ondorioz, mahats-bilketa amaituta, "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arauemaileak 2011ko azaroaren 4an osoko bilkura egin eta erabaki du mahastiaren ureztaketa baimentzea "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikatuari buruzko Erregelamenduaren 6.2 artikuluan aurreikusi mota eta baldintzekin. Erabaki horren arabera, ureztapena baimenduta egonen da, Osoko Bilkurak jarduera horretarako mugaeguna zehaztu arte, Zerbitzu Teknikoek plubiometria indizeei eta mahastiaren egoera begetatiboari buruz eginen duten txostenarekin bat.

Aditzera ematen dugu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Logroñon, 2011ko azaroaren 4an.-Lehendakaria, Víctor Pascual Artacho.

Iragarkiaren kodea: E1118453