1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
36E/2011 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Irunberrin gas naturalaren hornidurarako adarra (16 barekoa) proiekturako; sustatzailea Gas Natural, S.A. da.
2011ko apirilaren 20an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Aurreikusitako jarduketaren xedea da Irunberri gas naturalez hornitzeko 3.036 metroko luzerako adarra eraikitzea eta 440 metroko deribazioa egitea Cárnicas Argal enpresara; horrela, Gas Natural Navarraren banaketa sarea handituko da, enpresa horren garraio eta banaketa sareen garapen antolaturako konpromisoak betez. Sarearen hasiera "Gas Navarra, S.A.ren lotura puntua, Irunberrin" hoditeriaren amaieran dago, Murillo el Frutotik Zaraitzurako altxonbidea eta A-21 autobia berria batzen diren tokitik hurbil; eta bukaera, AR-5 erregulazio armairuan, Irunberriko herrigunean, eta Cárnicas Argal enpresaren instalazioetan. Adar nagusirako 6 eta 4 hazbeteko hoditeriez eta Cárnicas Argal enpresarako deribazioaz gain, honako hauek aurreikusi dira: dagozkion ebakitze balbulak, erregulazio armairua, hiri lurzoruan jarri beharrekoa, hargune balbulako kutxeta bat Cárnicas Argalera doan adarraren amaieran eta hoditeriaren babes katodikoko sarea eta anodo galbanikoak.
Gas naturaleko adar nagusiak, hasi eta berehala, Pirinioetako Autobiako eta Huesca-Iruña N-240 errepideko trazadurak zeharkatzen ditu, 300 metro egiten ditu azpiegituraren korridorearekiko paralelo, haren eskuineko ertzetik, eta ipar-ekialdera jaisten da, Irati ibaiaren alubioi zelairantz, malda txiki batetik, eta Murillo el Frutotik Zaraitzurako Errege Altxonbidea zein Irati ibaia bera zeharkatzen ditu, Zaraitzu ibaiarekin bat egiten duen puntutik metro batzuk ibaian behera, zulaketa gidatu bidez. Ibaia gainditu ondoren, hoditeriak Zaraitzu ibairen alubioi zelai eta terrazetatik igarotzen da, Irunberrirantz, ibaiaren ezkerreko ertzeko alorrei eta baratzeei zerbitzu ematen dien bidearekiko paralelo. Irunberriko araztegia baino pixka bat lehenago, adar nagusitik Cárnicas Argal enpresarako deribazioa dago. Adar nagusiak hiri lurzorua ukitzen du, araztegia igarota eta Zaraitzu ibaia zeharkatuta, Iratiko trenbideko zubiko taula zaharrari atxikia.
Dokumentazioan, 2011ko urtarrileko Ingurumen ukipenen azterlan bat dago, natura aldetiko interesen balioak aztertzen dituena eta dauden aukeren gaineko azterlana barne hartzen duena, zeinaren arabera, deskribatutako aukera ezin hobea baita; halaber, aukera hori gauzatzeko neurri zuzentzaileak ezartzen ditu. Aipagarriak dira sakan mediterraneoen sareko landaredi natural higrofiloa eta sastrakadi mediterraneoko larreak, Irati ibaiaren arroa drainatzen duten laboreen artean ibilbideko lehen zatian, Irati eta Zaraitzu ibai bazterren formakuntza zabalak eta behar bezala egituratuak, Natura 2000 Sarearen barne daudenak; horiek, hoditeriaren gurutzaketa puntuan eta haren ibilbidearekiko paralelo dagoen tartean (Irunberrira doana), "Irati, Urrobi eta Erro ibaietako ibai-sistema" izeneko ES2200025 Batasunaren Intereseko Leku eta "Zaraitzu Ibaia" izeneko ES2200012 Batasunaren Intereseko Leku deklaratu dituzte, hurrenez hurren, eta ez ditu ukituko aurreikusitako zulaketa gidatu bidezko eta taulari atxikitako gurutzaketak, ez eta hoditeriaren trazadurak ere. Paisaiaren eta ondare sozio-ekonomikoaren eta kulturalaren ikuspegitik aipatzekoak dira Murillo el Frutotik Zaraitzurako Errege Altxonbideko zulaketa gidatu bidezko gurutzaketa eta Zaraitzu ibaiaren ibarreko aprobetxamendu intentsiboetatik eta aisiarako lurzatietatik igarotzen den ibilbidea; bertan aurreikusi dira lehengoratze neurriak, behin hoditeria lurperatuta, aurreko erabilerarekin berreskuratzeko. Dokumentazioak ondare arkeologikoa babesteari buruzko azterlana barne hartzen du.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Espedientean jaso dira Plangintza eta Laguntza Atalaren 2011ko apirilaren 28ko, uztailaren 18ko eta abuztuaren 1eko txostenak eta Irunberriko Udalaren 2011ko uztailaren 27ko txostena.
Eskaera Iruberriko Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. 2011ko uztailaren 27ko data duen erantzuna jaso da, non adierazi baita jarduketa bateragarria dela hirigintza aldetik.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Irunberrin gas naturalaren hornidurarako adarra (16 barekoa) proiekturako; sustatzailea Gas Natural, S.A. da.
2. Irati eta Zaraitzu ibaietan aurreikusitako gurutzaketa irtenbideak gauzatzea (zulaketa gidatu bidezkoa bata eta zubiko taulan sostengatutako hoditeria bidezkoa bestea), eta 2011ko urtarrileko Ingurumen ukipenen azterlanaren neurri zuzentzaileak eta, bereziki, ingurumen edukiko baldintza hauek betetzea:
Irati ibaiaren sakanen eta ibaiadarren gurutzaketan ibilguaren ukipena murriztuko da, eta, gurutzaketa eta hoditeriaren defentsa egitean, ibilguaren eta bazterren higadura saihesteko ahaleginak eginen dira.
Ahaleginak eginen dira hoditeria N-124 errepidearen eta Pirinioetako Autobiaren korridore azpitik igarotzea ahalbidetzen duen zorroaren irteeran bihurgune bat egiteko, eta, horrela, pasagune hori jarri den puntuaren aurreko zuhaitz ibarbasoan ez sartzeko.
Ahal bada, korridorearen barruan, Zaraitzu ibaiaren eskuineko ertzean, hoditeria bidetik bereiziko da, bertako zuhaitzak ez ukitzeko, eta hoditeriaren zortasuna "Zaraitzu Ibaia" izeneko ES2200012 Batasunaren Intereseko Lekuaren mugatik bereiziko da, etorkizunean ibaiaren alde horretan zuhaitz ibarbasoa lehengoratzeko egin litezkeen jarduketak ez baldintzatzeko.
Kasu eginen zaio Plangintza eta Laguntza Atalak 2011ko abuztuaren 1eko txostenean abelbideak babesteari buruz dioenari.
Hirigintza arlokoak:
Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 18.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarririko moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Irunberriko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko abuztuaren 4an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1114896