228. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Deialdia, lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez eskolazain izateko lau lanpostu betetzeko, bi Camino de Santiago ikastetxe publikorako, horietako bat etxebizitzarekin, eta beste bi
Catalina de Foix ikastetxe publikorako, Zizur Nagusian.
Izendapena eta lanpostuen esleipenak

Zizur Nagusiko alkateak, 2011ko irailaren 30ean, 634 zenbakiko dekretuaren bidez, honako hau ebatzi du:

Aurrekariak: Gobernu Batzarrak 2011ko otsailaren 4an hartutako erabakiaren bidez, honako deialdi hau eta haren oinarriak onetsi dira: Camino de Santiago ikastetxe publikoko eskolazain izateko lanpostu bat, Zizur Nagusiko Udalaren mendekoa, lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko deialdia. Deialdia 2011ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 22an.

Deialdi hori onetsiz geroztik, behin betiko onetsi zen 2011ko plantilla organikoari dagokion espedientea, 2011ko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, maiatzaren 5ean. Aipatutako plantilla organikoan eskolazain izateko beste lau lanpostu huts ageri dira, eta haietako bat Erreniega ikastetxe publikokoa da; baina, horretan euskaraz jakin beharra nahitaezkoa denez, lanpostu hori ezin da honako deialdi honetan bete.

Aurreikuspen hori kontuan izanda, lekualdatze lehiaketa bidezko hautapen prozesua, abian zena, aprobetxatzea aukera ona zela uste izan zen, 2011ko plantilla organiko berritik eratorritako lanpostu hutsen beharrei egokiro erantzuteko. Horregatik, deialdiko 9. oinarriko bigarren paragrafoan aipatzen den aukera kontutan hartuta -"bestalde, alkateak behar den ebazpena emanen du hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez"-, beharrari erantzun zitzaion, Alkatetzaren maiatzaren 31ko 380/2011 Dekretua emanda; haren bidez hauxe ebatzi zen:

1. Deklaratzea gertatzen dela lanpostu kopurua guztira lau arte handitzeko kasua, bai egun diren lanpostu hutsen kopuruaren aldetik, bai abian den lekualdatze lehiaketan onetsitako izangaien kopuruaren aldetik.

2. Deialdian hasieran agertutako lanpostuari, 48001 zenbakia baitu, beste hiru lanpostu gehitzea: 48003 zenbakikoa, hau ere Camino de Santiago ikastetxe publikoari atxikia, eta beste bi, Catalina de Foix ikastetxe publikoari atxikiak, 48004 eta 48005 zenbakiak dituztenak.

3. Ebazpen hau lekualdatze lehiaketaren epaimahaiari jakinaraztea, hark, 9. oinarrian aurreikusitakoa betez, puntuaziorik handiena lortu duten lau izangaien aldeko izendapen proposamena igor dezan, lortutako puntuazioaren araberako hurrenkera duen izangai zerrendarekin batera; eta,

4. Ebazpen honen ondoren, lau izendapenak eginen dira, eskolazain izateko lanpostuetan aritzeko, Camino de Santiago eta Catalina de Foix izeneko bi ikastetxe publikoetan, bakoitzean bi, horrela esleiturik 48001 eta 48003, eta 48004 eta 48005 zenbakiko lau lanpostuak, hurrenez hurren. Lortutako puntuazioaren arabera lehiatzaileek eskaera egin ondoren, izendapen horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Horretarako izendatutako epaimahaiak, deialdiko 9. oinarria betetzeko, bilera egin zuen 2011ko maiatzaren 31n, eta hautaketa organo honi bidali zizkion izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua (aldez aurretik hura argitaratuta, izangai guztien behin betiko puntuazioekin batera, Zizur Nagusiko Udalaren iragarki oholean), espediente osoa eta puntuaziorik handiena lortu duten lau izangaien aldeko izendapen proposamena.

10. oinarriak ezartzen duenaren arabera, bidezko da jarraian izendapenak egitea eta lau lanpostu hutsak esleitzea. Izendapena lau izangaiei jakinaraziko zaie banan-banan, eta ebazpen hau jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean hartu beharko dute izangai horiek dagokien lanpostuaren jabetza, lanpostua jada aukeratu baitzuten 2011ko irailaren 27an horretarako deitutako ekitaldian. Lau izangaien izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Hortaz, bada,

EBATZI DUT:

1. Ondoren aipatuko diren ikastetxe publikoetako eskolazain lanpostuan aritzeko izendatzea eta honako lanpostu hauek esleitzea:

Lehen izangaia, Andrés Benítez Hurtado, Catalina de Foix ikastetxe publikoan eskolazain izateko lanpostuan aritzeko izendatzen da, eta 48004 zenbakiko lanpostua esleitzen zaio.

Bigarren izangaia, José Javier Ursúa Luri, Camino de Santiago ikastetxe publikoan eskolazain izateko lanpostuan aritzeko izendatzen da, eta 48003 zenbakiko lanpostua esleitzen zaio.

Hirugarren izangaia, Carlos Diego Diez, Camino de Santiago ikastetxe publikoan eskolazain izateko lanpostuan (etxebizitza duenean) aritzeko izendatzen da, eta 48001 zenbakiko lanpostua esleitzen zaio.

Laugarren izangaia, Amalio Iglesias Iglesias, Catalina de Foix ikastetxe publikoan eskolazain izateko lanpostuan aritzeko izendatzen da, eta 48005 zenbakiko lanpostua esleitzen zaio.

2. Lau lehiatzaileek hamar egun naturaleko epean hartuko dute lanpostuaren jabetza, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

3. Andrés Benítez Hurtado, José Javier Ursúa Luri, Carlos Diego Diez eta Amalio Iglesias Iglesias jaunei ebazpen hau jakinaraztea, adierazitako ondorioak izan ditzan.

4. Lau izangaien izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Deialdi honen oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, ondoko errekurtsoetako bat paratzen ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako erabakiak edo egintzak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, bi hilabeteko epean, erabakiak edo egintzak jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, edo bertzenaz,

c) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako erabakiak edo egintzak jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Zizur Nagusian, 2011ko urriaren 27an.-Alkate udalburua, Luis María Iriarte Larumbe.

Iragarkiaren kodea: L1117647