2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
RIBAFORADA
Erregelamendu Organikoa. Behin betiko onespena
Udalak, abuztuaren 22an egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi du Ribaforadako Udaleko Erregelamendu Organikoa, jendaurrean egoteko epea iragan baita inork erreklamaziorik aurkeztu gabe 2011ko uztailaren 21eko osko bilkuran onetsitako aldaketei.
Ribaforadan, 2011ko irailaren 2an.-Alkate udalburua, Jesús María Rodríguez.
RIBAFORADAKO UDALEKO
ERREGELAMENDU ORGANIKOA
1. artikulua.
1. Antolamendu orokorrak, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeak, Toki Korporazioen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak gobernatzen dituzte Udaleko organo premiazkoak.
Udaleko organo beharrezkoak:
-Alkatea.
-Osoko Bilkura.
-Alkateordeak.
2. Udalak bi hilabetetik behin eginen ditu osoko bilkura arruntak, eta berariaz deitzen direnean eta/edo legeak agintzen duenetan, berriz, osoko bilkura bereziak.
3. Beren eskumenen esparruan, organo horiek zuzentzen dituzte gobernua eta toki administrazioa.
2. artikulua. 1. Udaleko organo osagarriak dira:
a) Zinegotzi delegatuak.
b) Informazio batzordeak (ebazteko eskudantziarik ez dutenak).
c) Kontuen Batzorde Berezia (Udalaren Osoko Bilkura).
d) Zerbitzuak kudeatzeko organo deskontzentratuak eta deszentralizatuak.
2. Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduak egiten duen bereizkuntzarekin bat, zinegotzi delegatuek eskumen generikoak izaten ahalko dituzte halako gai edo jarduera esparru bati dagokionez, ahalmenak zehaztu gabe, edo bertzenaz, eskumen berariazkoak, eskumen horiek berak haien esku uzteko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den dekretuak zehaztuak. Horiek alkateari dagozkion guztiak dira, Alkatetzak bertzerik espresuki ebatzi ezik.
3. Informazio batzordeak iraunkorrak izaten ahal dira, edo bertzenaz bereziak, Osoko Bilkurak hala erabakitzen duelarik halako gai baterako, edozein motatako goiti-beheitiak kontuan harturik.
4. Ahal dela eta bere eginkizunak betetzeko eraginkortasun handiagoa lortzeko, eskuordetza generikoak informazio batzorde iraunkorretako buruen esku utziko dira, hain zuzen ere, eskuordetzako gai edo esparruekin ikusteko duten gai edo jarduera esparruak dagozkien batzordeetako buruen esku.
3. artikulua.
1. Udalaren informazio batzorde iraunkorrak hauek dira:
-Ogasun Batzordea.
-Langileria Batzordea.
-Hirigintzako eta Herri Lanetako, eta Ingurumeneko Batzordea.
-Nekazaritza Batzordea.
-Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Batzordea.
-Bestetako eta Gazteriako Batzordea.
-Kiroletako Batzordea-Udalaren Kirol Kontseilua.
-Hezkuntza eta Kultura Batzordea.
-Industria eta Ondare Batzordea.
2. Informazio batzordeen osaketa, funtzionamendua eta eginkizunak lege antolamendu orokorrean ezarriari lotuko zaizkio, talde politiko guztiek izan dezaten bertan ordezkaritza, salbu eta Udalean ordezkaritza tikia izateagatik haietakoren batean parte hartzeari uko egiten dionean.
Horren ondorioz, udal hauteskundeetan eskuratutako zinegotzi kopuruaren arabera baloratuko da informazio batzordeetako kide bakoitzaren botoa.
3. Alkatezak Udalbatzako edozein kideren esku uzten ahalko du informazio batzorde horietako egiazko burutza; kasuan kasuko gai edo jarduera esparruei dagozkien eskumen generikoak zer zinegotzi delegaturen esku uzten diren, horrexen esku utziko da burutza ere.
4. Informazio batzordeen bilkurek ez dute aldizkotasun jakinik izanen; haien deialdia batzordeburuari dagokio.
4. artikulua. Ogasun Batzordearen lana da:
-Kontuen azterketa eta horien gaineko txostena.
-Aurrekontu proiektua prestatzea, haien aplikazioa kontrolatzea eta betearaztea.
-Udal katastroa
-Ordenantza fiskalak prestatzea eta aldaketak sartzea.
-Finantzatzeko eragiketak.
-Udal tasak ezartzea.
-Udalaren eta organo deskontzentratu eta deszentralizatuen aurrekontua nola gastatzen den zaintzea eta kontrolatzea.
-Aseguruak eta ondare arloko erreklamazioak.
-Gaiaren eta ezaugarrien aldetik aitzinekoen gisakoak diren gainerako eskumenak, eta izaera ekonomikoa duten guztiak, bertze batzorde bati esleitu ez bazaizkio.
5. artikulua. Langileria Batzordearen lana da:
-Plantilla organkoa eta lan publikoaren eskaintza prestatzea.
-Udal enplegatuen proposamenak, kexak eta eskakizunak aztertzea.
-Udal langileen diziplina araubidea.
-Udal langileen ordainsariei dagozkien guztiak.
-Udal langileak kontratatzeko arauak ezartzea.
-Udal langileen organigrama aztertzea eta proposatzea, modu egoki eta eraginkorrean funtzionatzeko eta zerbitzu egiteko.
-Udal egutegia prestatzea.
-Langileen ordezkari sindikalekin harremanetan ibiltzea.
-Aitzinekoekin ikusteko duten eskumen eta eginkizun guztiak, Udaleko langileei loturik badaude.
6. artikulua. Hirigintzako eta Herri Lanetako Batzordearen lana da:
-Hirigintzako planeamendua eta hura garatzeko bitarteko eta figura guztiak.
-Hirigintzako lizentziak.
-Lehen erabilerako lizentziak.
-Hondamen egoeren espedientea.
-Hiriguneko eremu publikoak, bide seinaleak eta karriken garbiketa barne.
-Mota guztietako hirigintza espedienteen tramitazioa, txostenak eta ordenantzak.
-Hiri bideetako zehapen araubidea.
-Udalez gaindiko udal azpiegiturak, Ribaforadako mugapean.
-Herri lanen kontratazioa eta segimendua, tarteko diren bertze batzorde batzuekin koordinaturik.
-Merkatu txikia.
-Bertze azpiegitura batzuk, uraren ziklo integralari dagozkionak kenduta, Moncayoko Ur Mankomunitatearen eskumen baitira.
7. artikulua. Ekologia eta Ingurumen Batzordearen lana da:
-Ekologiarekin, ingurumenarekin eta inguruaren zaintzarekin ikusteko duten jarduera, zerbitzu eta eskumenak, barne direla mota ingurumenaren kutsadura mota guztiak (isurketak, igorpenak, asotsak etab.), baita zehapen araubidea ere.
-Hondakinak eta zaborrak.
-Jarduera sailkatuak.
-Hiriguneko lorategi, parke eta berdeguneak, bertan dauden hiri altzariak barne.
-Hiri inguruko arboladiak eta pinudiak, Ebroko ibarbasoak eta alderdiak eta Udalaren titulartasuna duen bertze edozein.
8. artikulua. Nekazaritza Batzordearen lana da:
-Udalaren eskumeneko kontu guztiak, nekazaritzarekin ikusteko dutenak.
-Auzobideak, Aragoiko Ubide Inperialaren eta Dehesaren eskumenekoak kenduta.
-Udal titulartasuneko belar eta lurzatiak.
-Abeltzaintza.
-Legarra ateratzea.
-Ehiza barrutia.
9. artikulua. Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Batzordearen lana da:
-Udal izaerako osasunarekin eta gizarte zerbitzuekin ikusteko duten eskumen guztiak.
-Udal igerilekuetako, osasun kontsultategiko, eguneko zentroko eta erretiratuen elkarteko instalazioak eta haien kudeaketa.
-Hilerria.
-Oinarrizko gizarte zerbitzuarekikoak, gizarte laguntza, GKEeendako eta giza laguntzan ari diren bertzelako entitateendako diru-laguntzak.
-Genero berdintasunak berezko dituenak.
-Emakume eta erretiratu elkarteekiko harremanak.
10. artikulua. Bestetako eta Gazteriako Batzordearen lana da:
-Herriko besten programazioa.
-Edozein herri bestaren programazioa eta sustapena, hala nola Dehesa egunarenak etab.
-Inauterien programazioa.
-Aisialdiko jardueren programazioa, bereziki gazteendako direnak barne.
-Gazte klubaren kudeaketa.
-Gazteriaren Udal Kontseiluaren sustapena.
11. artikulua. Kirol Batzordearen lana da (Udalaren Kirol Kontseilua):
-Kirolari dagozkion jarduera eta zerbitzu guztiak, Udal Kontseiluaren estatutuetan sarturik daudenak.
-Udalaren kirol instalazioei dagozkien guztiak: kiroldegia, frontoia, pistak, gimnasioa, futbol zelaia, gimnasioa, futbol zelaia, eskola gimnasioa (eskola ordutegitik kanpora).
-Eta, oro har, kirol jardueren programazioari, kudeaketari eta betearazpenari dagozkien guztiak, estatutuek ezarriari jarraikiz.
12. artikulua. Hezkuntza eta Kultur Batzordearen lana da:
-Kultur eta josteta jarduera klase guztietako jardueren programazioa eta sustapena.
-Udalaren Musika Eskolako Patronatuarekiko koordinazioa eta harremana.
-Kultur etxea, udal liburutegia eta udal ludoteka.
-Bertze lokal batzuk, bertan egiten badira kultur eta josteta jarduerak.
-Kultur jarduerak egiten dituzten herriko talde guztiekiko kordinazioa eta harremana.
-Ikastetxe publikoa eta lehen hezkuntzako ikastetxea.
-Prestakuntza ikastaroak.
-Eguberriko kanpaina.
-Arte eta Kultura kanpainaren programazioa.
13. artikulua. Industria eta Ondare Batzordearen lana da:
-Industriaren sustapena bere osoan.
-Industriaren, merkataritzaren eta zerbitzuen garapena.
-Industrialdeetako eta zerbitzu aldeetako mantentze lanak eta industriariekiko harremanak.
-Udal inbentarioa egitea, eguneratzea eta mententzea.
-Udal titulartasuna duten eraikin guztiak berritzea, aldatzea eta mantentzea, edozein izanda ere ematen zaien erabilera.
-Udalaren higiezinen eta zerbitzuen kontzesioen gaineko errentamendu kontratuak, bertze batzordeen lana ez bada.
-Udalaren makineria, ibilgailuak, erremintak eta instalazioak.
-Mugaketa administratiboak eta udal ondarea berreskuratzea.
-Udalaren ondasun eta eskubideen gaineko bertze edozein jarduera, haien gaineko eskumena ez baldin badu bertze batzorde batek esleitua.
14. artikulua. Osoko Bilkurak ebatziko ditu bi batzorde eta gehiagoren artean sortzen diren zalantzak eta eskumen gatazkak, udal idazkariak txostena egin ondoan. Hala ere, eta Osoko Bilkuran bidezko den erabakia hartzen ez duen bitartean, alkateak erabakiko du zein informazio batzorderi dagokion auzitan dagoen eskumena.
15. artikulua. Zinegotzi delegatuak dira Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduan halakotzat hartzen direnak; horiek antolamendu juridikoak eskuordetza generikoetarako onartzen dituen gehieneko eskumenak izanen dituzte.
Salbu eta Alkatetzak eskuordetza berezi bat egiteko erabakia hartzen duenean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den eskuordetza dekretuan zehazten diren eskumen eta eskudantziekin, zinegotzien esku uzten diren eskuordetzak generikoak izanen dira, eskuordetza esparru horretan Alkatetzak dituen eskumen eta eskudantziekin, salbu eta inoren esku uzten ahal ez direnak, eta batere ukatu gabe Alkatetzaren ahalmena eskuordetza hori ezeztatu edo deuseztatzeko.
16. artikulua. Funtzionaltasun eta eraginkortasun hobeak lortzearren, onesten diren informazio batzordeak berak izanen dira zinegotzigo delegatuak; beraz, zinegotzigo bakoitza dagokion informazio batzordeko buruaren eskutan egonen da, salbu eta Langileria, Ogasun eta Hirigintza, Ekologia eta Ingurumen Batzordekoa, Alkatetzaren eskutan egonen baita.
17. artikulua. Alkatetzak berak ebatziko ditu eskumenak direla-eta bi zinegotzi delegaturen edo gehiagoren artean sortzen diren dudak edo gatazkak; haren ebazpenak, ahal dela, bat eginen du gai beraren gainean Osoko Bilkurak kasuan kasuko informazio batzordeen gainean hartzen duen erabakiarekin.
18. artikulua. Udalaren Kirol Kontseilua eta Musika Eskolaren Udal Patronatua tokiko erakunde autonomoak dira, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduan xedatuarekin bat.
Beren estatutuetan xedatzen denaren bidez eta, oro har, antolamendu juridikoaren bidez gobernatuko dira ente deszentralizatu horiek, baita sortzen ahal diren bertze batzuk ere.
19. artikulua. Udal taldeak.
1. Eraketa: hauteskunde zerrenda bakoitzetik udal talde bakarra eratzen ahalko da. Udaleko Talde Mistoa ere eratzen ahalko da; guztiak arau hauen bidez gobernatuko dira:
-Hauteskunde zerrenda batetik Udalbatzan gutienez ere bi kide badira, udal taldea eratuko da.
-Alkatetzari taldearen eraketa aditzera emanen zaio, zerrenda bakoitzean buru egiten duen zinegotziak sinaturiko idatziaren bidez, eta horren berri emanen zaio Udalbatzaren Osoko Bilkurari.
-Hauteskundeen emaitzen ondorioz hauteskunde zerrenda bakarra baldin bada zinegotzi bakarra erdietsi duena, udal taldea eratzen ahalko du.
-Bi hauteskunde zerrenda edo gehiago badira zinegotzi bakarra erdietsi dutenak, zerrenda horietako zinegotziak Udaleko Talde Mistoan sartzen ahalko dira, baldin eta nahi badute erregelamendu honek udal taldeei aitortzen dizkien eskubideak erabili.
-Udalbatzaren agintaldian zinegotzi batek edo gehiagok uko egiten badiote hasieran eraturiko udal taldean egoteari, ez dute bertze udal talde berririk eratzen ahalko, baina bai sartu jadanik eraturik dagoen bertze batean, aitzinetik onartzen badituzte; bertzenaz Udaleko talde Mistoan sartuko dira.
2. Hona hemen udal talde bakoitzaren eginkizunak:
a) Taldeak Udalbatzaren kide anitzeko organoetan izanen dituen ordezkariak proposatzea bere kideen artean.
b) Taldeko eleduna hautatzea, eta orobat, hura kanpoan edo eri denerako, ordezkatuko duen zinegotzia. Talde Mistoko eleduna hura osatzen duten kideen gehiengoak hautatuko du.
c) Irizpide politiko komunak finkatzea udal biziari dagozkion gai guztien gainean.
20. artikulua. Eledunen Batzordea.
Alkatetza udal talde bakoitzeko eledunarekin biltzen ahalko da, haren iritzia jakiteko interes orokorreko gaien gainean.
Alkatetzak erabakitzen duenean bilera egitea udal taldeetako eledun guztiekin, Eledunen Batzordea erranen zaio horri, eta halako organoa den aldetik guztien arteko adierazpenak egiten ahalko ditu, baita Osoko Bilkurari eta/edo Alkatetzari ebazpen proposamenak aurkeztu ere.
21. artikulua. Gobernu Batzordea.
Borondatezko organoa denez eta 2009ko urtarrilaren 21eko osoko bilkuran hartutako erabakian egituratua dagoenez, kontsultarako organoa da soil-soilik, eta Alkatetzaren eta zinegotzi delegatuen arteko edo zinegotzi delegatuen beren arteko koordinaziorako, eta Alkatetzak eta zinegotzi delegatuek osatzen dute.
Iturrien lehentasuna: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legean, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/85 Legean eta biak garatzen dituzten erregelamenduetan ezarriari jarraituko zaio erregelamendu organiko honek aurreikusten ez duen orotan.
Xedapen indargabetzailea.-Indarrik gabe geldituko dira Osoko Bilkuraren erabaki guztiak eta/edo Alkatetzaren ebazpen guztiak, erregelamendu honi kontra egiten badiote edo berarekin kontraesanean badaude edo bateragarri ez badira.
Iragarkiaren kodea: L1117888