1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
84E/2011 EBAZPENA, urriaren 19koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Narkueko ur horniduraren hargunerako eta hodiaren berrikuntzarako proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona, zenbait baldintzarekin. Sustatzailea Narkueko Kontzejua da.
2011ko abuztuaren 29an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P epigrafean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Eskaera Lana Ibarreko Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Proiektatutako jarduketaren xedea da Ardozako iturriko urak hartzea, bertan dagoen etxolatik, eta grabitatez eramatea herriko biltegiraino. Egun dagoen hodia kendu eta berria jartzeko lanak dira, baina osotara Lokiz Mendiko ES2200022 BILen barruan eginen direnez, ingurumen arloko esku-hartzea behar du, eta beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena ere.
Iturburuan, drainatze zanga bat eginen da, 25 metroko luzerakoa, oinarrian 80 cm-ko zabalerarekin, 1/5 maldako ezpondarekin eta sakonera aldakorrarekin, ura bertan dagoen etxolaraino bideratzeko. Hartutako emaria 0,1etik 0,313 l/s-ra bitartekoa izanen da. Iturburua 2 metroko hesiturarekin itxiko da, 3 metroko altuerako zutoinen bidez lotuta.
Herriko biltegirainoko hodia 800 metro luze da, burdinurtu nodularrekoa, 80 mm-ko diametrokoa. Hodia 40 cm-ko eta 1/5 maldako ezpondan paratuko da. Trazadurarako ahalik eta topologia linealena erabiltzeko ahalegina egin da, ukipenak ahal diren txikienak izateko eta sarbide egokia utzita, sarearen aurreragoko ustiapenerako.
Herriarentzat funtsezkoa den hornidurak, berritu beharrekoak, hodiaren trazaduraren zati batean eta ura hartzeko gunean harizti bat ukitzen du, ametz ilaundunak eta erkametzak nahasian dituena (325 metroko luzeran). Gainerakoaren ukipena mendi-hegal maldatsuei dagokie; bertan zuhaixkak dira nagusi, eta hariztiaren tokia hartzen duen etapako flora ongi ordezkaturik dago (Prunus mahaleb, Rhamnus alaternusm R. saxatilis, Cornus sanguinea, Juniperus oxicedrus, Amelanchier ovalis, errosazeoak eta zenbait igokari).
Laneko eremua zabaltzeko haritzak bota beharko dira: 16 ondo, 10etik 20 cm-ra bitarteko diametrokoak, eta haietako bat 30 cm-koa. Landaredia kentzeaz gain, faunaren gaineko ukipena ere aipatu behar da, lanetan zehar makinen zaratak eragozpenak eraginen baititu.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Narkueko ur horniduraren hargunerako eta hodiaren berrikuntzarako proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin. Sustatzailea Narkueko Kontzejua da.
2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:
-Zuhaitzak botatzeko, dagokion administrazio baimena beharko da, aurreikusi gabeko zuhaitzen kasuan ere, bota behar direla lanak egin bitartean erabakiz gero.
-Zuloaren hondeatzea eta lur mugimenduak oro har bateragarriak izan beharko dira lanak betetzen diren gune motarekin (BIL). Ahaleginak eginen dira lur-erauzketak, trazaduraren zabalera, ezpondak, landareak kendu eta eremua garbitzea, eta makinen mugimenduak lortu nahi den helburua betetzeko behar-beharrezkoak direnak baizik izan ez daitezen.
-Landare lurra kendu eta gorde beharko da, lanen amaieran bideko ezpondak, bazterrak eta zuloa lehengoratzen erabiltzeko.
-Lur-erauzketako ezpondetako malda 2H/1V-koa izanen da edo hortik beherakoa.
-Zuhaitzak aldez aurretik eta eskuz, motozerrarekin bota eta inausiko dira, ebaki garbiekin.
-Iturburuko ura hartzeko tokian egin beharreko sakoneko katetik ateratzen den lurra modu antolatuan zabalduko da, azalera mugakideetako topografiarekin ongi egokitzeko.
-Lanen ondorioz ateratzen diren harriak lur hondakindegi baimendu batera eramanen dira, edo bertan lurperatuko dira.
-Lanak amaituta, proiektuak ukitzen duen eremu osoan ez da hondakinik utziko, hondakinen kudeatzaile baimenduak eramanen baititu.
3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarririko moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Lana Ibarreko Udalari, Ingurumen Zaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko urriaren 19an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1117148