228. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2011ko azaroaren 2an hartua, Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoaren udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea onesten duena, 2. multzoa eraikitzeko. Fuerzas Eléctricas de Navarra, S.A.U.k (FENSA) sustatzen du proiektua.

2005eko urtarrilaren 17an, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoaren udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa hastea, 2. multzoa eraikitzeko, Fuerzas Eléctricas de Navarra, S.A.U.k (FENSA) sustaturik; orobat, proiektua jendaurrean jartzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean aurreikusitako ondorioak izan ditzan. Erabaki hori 2005eko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 9an.

Castejongo ziklo konbinatuko zentralaren (CTCC) 2. multzoa eraikitzea da jarduketaren xedea, energia elektrikoa ziklo konbinatuen bidez sortzeko, gas naturala erregai nagusi gisa erabilita; horretarako, gaur egungo UPSa aldatzeko eskatu du sustatzaileak.

Orobat, egungo UPSko informazioa eguneratu gogo du aldaketak; horretarako, 1. multzoaren kokaera erreala jasotzen du, proiektuan zuen orientazioa aldatu behar izan baitzen.

Ziklo konbinatuko bigarren multzoa ziklo konbinatuko egungo zentrala kokatzen den lurzatian ezarriko da, eta egun funtzionamenduan den multzoaren antzeko potentzia izanen du.

Zentralari gas naturaleko beste ziklo konbinatu bat, 2. multzoa, 400 bat MW-ekoa, gehitzearen helburuak, besteak beste, honako hauek dira: bai Estatuan bai eskualdean sortzen diren hornidura elektrikoaren behar gero eta handiagoei behar bezala aurre egitea, Nafarroako Foru Komunitateko hornidura elektrikoa dibertsifikatzea hura sortzeko modu eraginkorrekin, eta zentral berean argindarra ekoizteko antzeko bi multzo instalatzean sortzen diren sinergiak aprobetxatzea.

I.-Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean, lau alegazio idazki aurkeztu dira: Ion Erro Armendáriz jaunak, Nafarroako Ezker Batua ordezkatuz; Francisco Javier Sanz Carramiñana jaunak, Castejongo Udala ordezkatuz, Antonio Munilla García jaunak, Gurelur ordezkatuz, eta Vicente de Carlos Pérez jaunak, Murillo de las Limasko ureztatzaileen elkartea ordezkatuz. Azken hiru alegazioen edukia ingurumenari buruzkoa denez, Ingurumen baimen integratua emateko prozeduraren ebazpenean deskribatuko da haien edukia eta izanen dute erantzuna; hortaz, hartara jo beharko da.

Ondoren azaltzen dira Nafarroako Ezker Batuaren alegazioaren eduki laburtua eta eman zaion erantzuna.

Edukia:

Idazki horretan, 2005eko martxoaren 8an aurkeztu baitzen, alegatzaileak proiektuaren aurka dagoela adierazten du, eta espedienteari tramitazioa ukatzeko eskatzen du.

Alegatzaileak uste du, Nafarroako Foru Komunitatean energia zertan den ikusita -2005-2010eko Energia Plana prestabidean eta onesteko zain-, ausarkeria dela Nafarroako Gobernuak hartutako erabakia, plan sektorial bat berrikusten hasteagatik haren ondorioen gaineko ezagupenik batere izan gabe.

Horren gainean, adierazten du energia plan berriaren helburuak eta hedadura, baldintza teknikoen hirugarren klausularen arabera, honako hauek direla, besteak beste: "2010 urte bitarteko bilakaera energetikoaren eszenatokiak zehaztea", "politikak zehaztea", "horniduraren segurtasuna hobetzea" etab., eta uste du, "etorkizuneko energia planean aurreikusitakotik ezer ez dela kontuan hartu proposatu den berrikuspenean" eta "Nafarroako Gobernuak, prestatzen ari den energia planaren berrikuspena orain zertan den ikusita, espedientearen tramitazioa bertan behera behar zuela utzi".

Azken kontu horren gainean, alegatzaileak dio "ez dagoela arrazoibiderik parke eoliko gehiagoren tramitazioa etenda edukitzeko, bukatutako energia plan batean justifikatuta, Kiotoko protokoloak betetzen dituen energia garbi baterako eta, aldiz, energia planik gabeko instalazioa onartzea protokolo horiek betetzen ez dituen energia baterako, egin den eta kontuan hartu ez den esleipena ebaluatu gabe".

Aurrera jarraitzen du esanez "jokatzeko modu bikoitz horrek ez duela onartzeko moduko legezko euskarririk, eta Nafarroako energia esparruan adierazitako egoeran, ezin dela Nafarroako Gobernuak 2005eko urtarrilaren 17ko Erabakiarekin hasitako tramitea aurrera eraman, horren bidez Castejongo ziklo konbinatutko zentral termikoaren udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa hasi baitzen 2. multzoa eraikitzeko, Fuerzas Eléctricas de Navarra, S.A.U.k sustaturik.

Erantzuna:

Orduko Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak eman zuen alegazio horien berri 2005eko maiatzaren 6an. Gero, Enpresa Zuzendaritza Nagusiak, ikusita 2020rako Nafarroako III. Energia Plana berriki onetsi zela, beste txosten bat egin zuen 2011ko ekainaren 15ean, eduki hau duena:

"Nafarroako 2020rako III. Energia Plan onetsi berriak funtsezko helburu hauek ditu: energiaren aurrezpena eta eragimena sustatzea, ingurumen baldintzak hobetzea Europako estrategiak (20-20-20 gisa ezaguna) negutegi efektuko 2020rako igorpenak murrizteko ezarritako helburuak lortzearren, eta hornidura tasa pixkanaka handitzea energia berriztagarriak erabiliz.

Ingurumenarekin bateragarria den energia eragimen handiagoa lortzen saiatzea lehentasunezko helburua da gaur egun beste autonomia erkidegoetan eta Estatu osoan diseinatzen ari diren energia politika guztietan.

Nazioan eta nazioartean eskuarki onartzen diren neurrien artean, gas naturalaren bidezko ziklo konbinatuko zentralen bitartez energia elektrikoa sortzea gailentzen ari da energia elektrikoa ekoizteko modu eraginkorrenetako bat bezala, bai energiaren ikuspegitik bai ingurumen aldetik; izan ere, argindar bera ekoizteko, zentral horiek ohikoek (fuel edo ikatz bidezkoak) baino %50-60 negutegi efektuko gas gutxiago igortzen dute.

Bai Estatuan bai gure Foru Komunitatean, negutegi efektuko gasak murrizteko, beharrezkoa da batez ere bi norabidetan aritzea: energia berriztagarrien ekoizpenean eta gainontzeko energietan.

Iturri berriztagarrien ekarpena Espainiako behar elektrikoak betetzeko nahikoa ez den neurrian eta nahiz autonomia erkidego batzuk, hala nola Nafarroak, bide horretan ahalegindu, Estatuko kontsumoak gora egin duenez eta Europako 20-20-20 estrategiarekin ditugun konpromisoen ondoriozko igorpen kutsagarriak murriztu behar direnez, pixkanaka ordeztu behar dira egungo zentral kutsagarriak gaitasun handiagoa eta "garbiagoak" diren beste modernoago batzuekin, nahiz eta haien ezaugarriengatik ezin diren edozein tokitan kokatu.

Kontuan hartuta CO2-ren eta beste gas kutsagarri batzuen igorpenaren ondorioek (negutegi efektua) mugarik ez dutela, sortzen den energia elektrikoaren ekoizpena Estatuko sarean sartzen dela eta Espainiako lurralde osoan banatzen (ez du zuzenean Nafarroako kontsumoa hornitzen), eta aintzat hartuta horrelako zentralak kokatzeko alternatibak gure erkidegoaren ondoko eskualdeak direla, egiturazko kostu handiagoekin, Estatuko helburu eta beharren aurkako erabakitzat har liteke gure lurraldean dauden zentralak ez handitzea edo geroko uztea.

Nafarroan dauden zentralak ez handitzeko mugak jarri, geroko utzi edo galaraztearen ondorioz, ondoko erkidegoetako herrietan kokatzeko baimena eskuratzea etortzen ahal da eta, kasu horretan, gure lurraldean ez kokatzeko erabiltzen diren alde txarretan bakarrik hartuko luke parte Nafarroak.

Gainera, energia elektrikoa pilatzeko hain aukera gutxi izanik, ziklo konbinatuko zentralak, erantzun azkarrekoak eta malgutasuna handikoak direnez, guztiz sistema osagarria dira energia berriztagarriaren ekoizpenarekin (horien ekoizpenak hegazkortasun handi samarra du, eolikoenak batez ere); era horretan, ekoizpen elektrikoa ahalik eta hobekin egokituko da eskaeraren gorabeherekin. Alde horretatik, ziklo konbinatutako zentralak ez daude gure Foru Komunitatean energia berriztagarriak sustatzearen aurka.

Beste alde batetik, ezin da aipatu gabe utzi planta honek aberastasuna sortzeari egiten dion ekarpena, bai kokatzen den eskualdean bai Nafarroa osoan, zuzeneko lanpostuak sortuko baitira enpresa lagungarriek (ingeniaritzakoak, garbiketa zerbitzuak, segurtasuna, mantentze-lana, katering, etab.) sortuko dituzten zeharkako langileez gain, bai gure ekonomia dibertsifikatzen duelako eta munta honetako jarduera batek gure Foru Ogasunari dakarkion tributazioagatik.

Arrazoi horiengatik, egungo energia plangintzan -Nafarroako 2020rako III. Energia Planean adierazia- energia ekoizteko aukera bat baino gehiago jasotzen dira eta lehentasuna ematen zaie energia berriztagarrien hainbat teknologiari, baina toki bat utzita beste teknologia batzuei, hala nola gas naturala darabilten ziklo konbinatuko zentral termikoei".

Horiek horrela, bidezko da alegazio horiek ezestea.

II.-2005eko urtarrilaren 17ko erabakiko determinazioak betetzea.

Espediente honen tramitazioa hasten duen Erabakiaren 2. puntuak zehazten du "Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2004ko azaroaren 10eko txostena beteko duela sustatzaileak".

Alde horretatik, esan behar da Kulturako zuzendari nagusiak, otsailaren 12ko 25/2008 Ebazpenaren bidez, hozte dorreak jartzea baimendu ziola Fuerzas Eléctricas de Navarra, S.A.ri, zenbait baldintzarekin, Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoaren bigarren multzoan, ondare arkeologikoaren gaineko ukipenen ondorioetarako.

Orobat, Erabaki horretan bi determinazio ezartzen dira jardueraren garapenari eta obrei buruz; direnak direlako, bidezkoa da Erabaki honetan agertzea.

III.-Ingurumen eraginaren adierazpena.

2009ko urriaren 1ean, Klima Aldaketako Estatu Idazkaritzak aldeko ebazpena eman zion Fuerzas Eléctricas de Navarra, S.A.rena den eta Castejongo udal mugapean (Nafarroa) kokatua den ziklo konbinatuko zentral termikoa handitzeko proiektuari, hau da 425 bat MW-eko potentzia elektrikoa duen ziklo konbinatuko 2. multzoa eraikitzeari.

IV.-Bestelako baldintzak.

Sustatzaileak, 2011ko otsailaren 15ean, abala gordailutu izanaren gordekina aurkeztu zuen, LAHFLren 43.3 artikuluan ezarritako betebeharrei erantzuteko.

Azkenik, bidezkotzat jotzen da sustatzaileak plano bat aurkeztea, non proiektu honen eta indarra duen "Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoa" izeneko UPSaren mugapenak edo esparruak koordinatzen baitira.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoaren udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea onestea, 2. multzoa eraikitzeko. Fuerzas Eléctricas de Navarra, S.A.U.k (FENSA) sustatzen du proiektua.

3. Sustatzaileak plano bat aurkeztuko du, non proiektu honen eta indarra duen "Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoa" izeneko UPSaren mugapenak edo esparruak koordinatuko baitira.

4. Sustatzaileak Kulturako zuzendari nagusiaren otsailaren 12ko 25/2008 Ebazpenean xedatutakoa beteko du.

5. Ebro ibaiko ur aprobetxamenduari eta isurketari zein ibilguaren polizia eremuan egin beharreko obrei dagokienez, sustatzaileak arlo horretan eskudun den organoan lortu beharko ditu behar diren baimenak.

6. Egin asmo diren instalazioak ukitu edo baldintzatu ditzaketen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, entitate sustatzaileari adieraztea behar diren baimen guztiak eskuratu beharko dituela kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeengandik.

7. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea, eta Sustapen eta Etxebizitza Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzura igortzea.

8. Erabaki hau Castejongo Udalari, alegatzaileei eta sozietate sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa amaitzen duela eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2011ko azaroaren 2an.-Nafarroako Gobernuko idazkaria ordezkatuz, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1117875