226. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGUILAR KODES

Aldaketa Aguilar Kodesko hirigintzako ordenantzetan.
Behin betiko onespena

Udalak, 2011ko apirilaren 11n egin osoko bilkuran, aldaketa onetsi zuen hasiera batean Aguilar Kodesko hirigintzako ordenantzetan, eta argitaratu, berriz, 2011ko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 16an. Jendaurreko epea inork erreklamazio, kexa eta oharrik aurkeztu gabe iragan denez, aipatu ordenantza behin betikoz onetsita gelditu da eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/2008 Foru Legearen 262.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, osorik argitaratzen da. Hona hemen:

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera eta aplikazio esparrua.

1. Hirigintzako ordenantza hauek Aguilar Kodesko Udalak eman ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Aguilar Kodesko udal mugape osoan dira aplikatzekoak, nahiz eta haien aurreikuspenetariko batzuk, kasu bakoitzean adierazten den gisara, hirigunean baizik ez dira nahitaez bete beharko edo, are zehatzago, haren alde zaharrean.

2. artikulua. Ordenantza arauen xedea eta edukia.

1. Xedea dute eraikinen alderdi morfologiko eta apaingarriak eta eraikuntza obren baldintzak arautzea, baita higiezin edo lurzati bakoitzean baimena har dezaketen jardueren baldintzak ere.

2. Aipatu 35/2002 Foru Lege horren 189. artikuluan aurreikusitakoaren arabera Udalari dagozkion hirigintzako lizentzien eskaerak ebaztean aplikatu beharko dira ordenantzak.

3. Alde horretatik, ordenantzek alderdi substantiboak nahiz prozedura arlokoak arautzen dituzte, eta zehatz-mehatz lizentziak eta Udalak hirigintzako legedia betearazteko egiten dituen gainerakoak tramitatzeko manera.

3. artikulua. Ordenantzen interpretazioa.

1. Ordenantza hauek aplikatzeak ez du inola ere ekarriko Aguilar Kodesen indarra duen planeamenduan edo kasu bakoitzean lurralde antolamendurako aplikatzekoa den tresnan ezarritako baldintzak ez betetzea.

2. Aitzineko kasuan aurreikusitako kasua aparte utzirik, edo ordenantzak lege agindu bati kontra egiten dionean, ordenantzek ezarritako baldintzak nahitaez betetzekoak izanen dira, nahiz eta Udal Plan Orokorrak eskatzen ez dituzten betebeharrak ekarri.

3. Hala ere, aitzineko zenbakian finkaturiko irizpidea ez da aplikatuko baldintza eta ordenantza hauek espresuki adierazten badute halako baldintza bat ez dela aplikatzekoa aplikatzen ahal den hirigintzako araudiak baldintza desberdinak zehazten dituenean.

4. Ordenantzek aplikatzen ahal den hirigintzako araudia aipatzen dutelarik ulertu behar da Aguilar Kodesko Udal Plan Orokorrak edo hura garatzen duten hirigintza tresnek ezartzen duten araudiaz ari direla.

5. Nolanahi ere, ordenantza hauen interpretatzeko, beharrezkoa izanen da Udalak ebazpen arrazoitua ematea, egokitzat jotzen dituen txosten tekniko eta juridikoak eskatu eta gero. Nolanahi dela ere, Udalaren erabaki eta ebazpenen kontra legeetan aipatzen diren errekurtsoak aurkezten ahalko dira.

II. titulua

Eraikuntzaren gaineko ordenantzak

I. KAPITULUA

Definizioak

4. artikulua. Ordenantzetan erabilitako terminoak.

Ordenantza hauei dagokienez, ondotik adierazten diren terminoak erabiltzen diren aldiro, segidan heldu diren artikuluetako erranahia izanen dute, zalantzarik gabe:

1. Lerrokadura ofiziala: finkek bide-espazioen aldera dituzten mugak dira.

2. Eraikuntza lerrokadura. Azalera okupatua lurzoru eraiki gabearen aldera mugatzen duena da.

3. Gehieneko eraikuntza lerrokadura. Planeamenduak finkaturiko lerrokadura da, etorkizuneko eraikinaren eraikuntza lerrokadurak gainditu ezin duena.

4. Nahitaezko eraikuntza lerrokadura. Planeamenduak finkaturiko lerrokadura da, etorkizuneko eraikinaren eraikuntza lerrokadura haren gainean kokatu behar denean.

5. Eraikigarritasuna: halako lurzati edo eremu batean eraikitzen ahal diren metro koadroak finkatzen ditu. Zifra absolutu baten bidez adierazten ahal da, edo delako lurzati edo eremuan aplikatzen ahal den koefiziente baten bidez.

6. Sestra ofizialak: bide, plaza edo karriketako altitude kotak dira, planeamenduaren agirietan edo urbanizazio proiektuetan definituak.

7. Egungo sestrak: egungo bideen altitude kotak dira.

8. Etxesaileko patioa: barne lerrokadura ofizialek mugatzen duten espazio irekia da.

9. Bizigela: bizigelak dira pertsonak luzaroan egoteko diren gelak. Beraz, ez dira bizigelatzat jotzen atondoak, korridoreak, komunak, jaki-tokiak, jantzitegiak, trastelekuak, biltegiak, aparkalekuak eta gisakoak.

10. Sotoak: sotoa erraten zaio lurpean edo erdi lurpean dagoen solairuari, haren sabaia, puntu guztietan, 1,20 m baino gutiagora dagoelarik espaloiaren sestraren gainean edo eraikuntza ukitzen duen lurraren gainean.

11. Erdisotoak: erdisotoa erraten zaio lurpean edo erdi lurpean dagoen solairuari, haren sabaia, puntu guztietan, 1,20 m baino gehiagora dagoelarik espaloiaren sestraren gainean edo eraikuntza ukitzen duen lurraren gainean.

12. Antolamenduz kanpoko eraikin edo instalazioak: halakotzat hartzen dira Udal Plan Orokorra onetsi aitzin eraikiak izanik harekin bat heldu ez direnak.

II. KAPITULUA

Eraikuntzako baldintzak

1. ATALA

Baldintza estetikoak

5. artikulua. Inguruneari egokitzea.

1. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 88. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, eraikin berriek nahiz handitu, berritu edo zaharberrituek Aguilar Kodesko hiri ingurune arkitektonikora egokituko dute kanpoko itxura.

2. Espazio publikotik ikusten ahal diren zutikako paramentu guztiek behar bezala zarpiatuak gelditu beharko dute edo, bertzenaz, harri natural nahiz artifizialez edo adreiluz eginak. Estalkiak teila zeramikoz edo hormigoi koloreztatuan eginen dira, teilaren gisako itxuran.

3. Proiektuak lizentzia beharko du eta proposatzen ahalko du, justifikatuz gero, bertze material batzuk erabiltzea; horiek bakarrik erabiliko dira baldin eta Udalak uste badu artikulu honen 1. zenbakian aipatu diren baldintzak betetzen direla.

4. Inoiz ere ez da lizentziarik emanen hirigunean paratzeko egurrez, metalezko profilez edo gisako elementuz aurrefabrikatutako eraikuntzak.

5. Uste da ingurumenera egokitze hori hirigintza araudian eta ordenantza honetan ezarritako xedapenak betez gero gauzatzen dela; hala ere, Udalak arrazoiak emanda ukatzen ahal du eraikitzeko lizentzia edo zenbait baldintza jarri, baldin ezarritako determinazioak beteta ere emaitza inguruneari egokituko ez zaiola aurreikusten bada.

6. Erabaki horrek arkitekto batek emandako txostena izanen du oinarri. Hura igorri beharko dio Udalak sustatzaileari edozein erabaki hartu baino lehen, hark egokiak iruditzen zaizkion iritziak eman ditzan, edo txostenekoaz bertzelako konponbideak proposa ditzan.

6. artikulua. Eraiki gabeko hirilurreko lurzatiak.

1. Aipatu 35/2002 Foru Legearen 87.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, eraiki gabe utzitako hirilurreko lurzatien eremua segurtasun, osasungarritasun eta txukuntasun publikoaren araberako baldintza egokiek eskatu bezala erabili eta zaindu beharko dira.

2. Bizitegietarako hiri lurzoruan eraiki ez den eremua, espazio publikotik ikusten ahal dena, ezin izanen da erabili hiri paisaiari kalte egiten dioten produktu edo materialak biltzegiratzeko, aldi baterako baizik ez bada ere.

3. Egurra euritik babestuta eduki nahi bada, hobe da teilape bat egitea akabera egokiekin.

4. Lurzati librean berotegi bat izaten utziko da, gehienez ere 2 bider 4 metroko azalera eta 200 cm-ko garaiera baditu. Materialak hautatzean kanpoko itxura zainduko da beti.

5. Udal lizentzia beharko da aitzineko zenbakietan adierazten diren eraikuntzak egiteko, baita lurzatiaren barne urbanizazioa dakartenak ere.

6. Behar denetan, lurzatia hesitzeko eskatzen ahal dio Udalak jabeari, aipatu legearen 87.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera; lurzatia non dagoen, eremu horretantxe aplikatzen ahal den hirigintza araudiak ezartzen dituen baldintetan egon beharko du itxitura horrek.

7. artikulua. Portada, erakusleiho eta beirarasak.

Beheko solairuetako dekorazioan kontuan hartu beharko da fatxadaren konposizio orokorra, izanik horiek merkataritzako nahiz industriako lokalak, bulegoak edo gisakoak.

8. artikulua. Errotuluak edo hiri elementuak.

Udalak, bere kontura, finketan paratzen, kentzen edo aldatzen ahalko ditu, eta jabeek onartu beharko, euskarri, errotulu, seinale edo herriaren zerbitzurako diren bertzelako elementuak. Udalaren zerbitzu teknikoak ukitutakoei trabarik ez egitera ahaleginduko dira, aitzinetik, ahalik eta agudoena, abisu emanda.

9. artikulua. Errotulu pribatuak eta fatxadako bertze elementu batzuk.

1. Eraikinean paratzen diren errotuluak eraikinaren fatxadetako batean kokatuko dira, inola ere ez estalkiaren gainean. Neurria, kokalekua eta materiala bat etorri beharko dira eraikinaren ezaugarriekin, hau da, ez dira eraikuntzako osagaiak estaliko, ezta fatxadako konposizioa kaltetuko ere.

2. Errotulu argidunak alde zaharrean paratu nahi badira, metalezko xafla moztuan eta material zeharrargi zurian eginen dira. Diseinuaren ezaugarriak eskualdearekin bat etorriko dira. Hirigunearen bertze eremu batzuetan ez dira eskatuko baldintza hauek, baina betiere, non dauden, bertako hiri ingurunera egokitu beharko dira.

3. Errotulua paratzeko lizentziaren eskabidean eraikinaren altxaeraren planoa edo argazkia aurkeztuko da, kokalekua adieraziko da eta errotulua zehatz-mehatz erakusten duten planoak erantsiko dira, erabiliko den materiala zehaztuta.

4. Debeku dira karrikarekin perpendikularki diren farola eta errotuluak, salbu eta interes sozialeko elementuak edo herriko argiak seinalatzeko direnak. Kasu horretan, elementu horiek 60 zentimetro aterako dira gehienez ere; betiere, 3,00 metrora geldituko dira, gutienez ere, eremu publikoko zoladuraren sestretatik.

5. Portadak, erakusleihoak, beirarasak, markesinak, olanak, erakustokiak, banderatxoak eta, oro har, bide publikoko fatxada ukitzen duten elementuak paratzeko baimena ematen denean, hartzaileak hitz eman behar du elementu horiek aldatu edo kendu eginen dituela Udalak egokitzat jotzen duen unean.

2. ATALA

Bolumenaren baldintzak

10. artikulua. Eraikuntzaren garaiera.

1. Aplikatzen ahal den hirigintza araudiak ezarritako gehieneko garaieratik goiti, espazio itxiak eraikitzea baizik ez da baimenduko, hau da, igogailuen kaxak, eskailerak, biltontziak, tximiniak eta azpiegituretarako bertzelako instalazioak edo trastelekuak gordetzeko. Horien garaiera eraikin nagusiaren aldera ez da inoiz izanen %35 baino gehiago, teilatu-hegaletik abiatutako lerro etzanak trazatutako planotik goiti. Bolumen hauek ez dira kontuan hartuko eraikigarritasunari dagokionez.

2. Solairuarteak ezartzeko baimena ematen da, betiere ondoriozko gelek indarra duen legeriak eskatzen dituen biziegokitasun baldintzak betetzen baditu. Nolanahi ere, solairuarteen azalera kontuan hartuko da azalera eraikigarritako.

11. artikulua. Hegalkinak.

1. Lerrokadura ofiziala gainditzen duten hegalkinek, eremu publikoaren gainean kokatzen baitira, baldintza hauek beharko dituzte bete:

a) Hegalkinaren azpiko gainazalak 300 cm-ra egon beharko du, gutienez ere, eremu publikoaren sestratik, hegalkinak hartzen duen azalera guztian.

b) Hegalkinak eremu publikoaren 100 cm hartuko ditu, gehienez ere; ez du karrikaren zabaleraren %10 gaindituko edo hurbilen duen eraikinerainoko tartearena, estaltzen duen fatxadarekiko perpendikularrean neurtuta.

2. Alboetako finketatik bereizirik egon beharko dute, tartea gutienez ere irtengunearen tamainakoa izanik eta, betiere, 0,60 metro edo gehiagokoa.

3. Lurzatiaren beraren gainean kokatzen diren hegalkinek, hirigintza araudiak ezartzen dituen gehieneko eraikuntza lerrokadurak edo gutieneko atzeremaneguneak gainditzen badituzte, espazio publikoaren gaineko hegalkinek dituzten baldintza berak bete beharko dituzte.

4. Norberaren lurzatiaren gaineko hegalkinek ez dute inolako mugarik izanen, baldin eta gehieneko lerrokadura gainditzen ez badute eta atzeraemaneguneak errespetatzen badituzte.

12. artikulua. Elementu irtenak.

Eraikuntzako elementuak dira, edo apaindurarako erabiltzen direnak, betiere bizitzekoak edo okupatzekoak ez badira; hala nola zokaloak, teilatu-hegalak etab.

Soto, erdisoto eta beheko solairuetan galarazia dago eraikuntzaren zati irtenik ateratzea fatxadako lerrokaduratik kanpora.

Debeku da beheko solairuetan ateak edo leihoak kanpoaldera irekitzea, baita orri baskularretakoak, horiek zabaltzean espazio publikoa ukitzen badute, salbu eta kanpoaldera irekitzen direnean beren jabetzaren barrenean gelditzen badira, hau da, karrika edo espazio publikoa ukitu gabe.

Debeku dira ate lerragarriak, bai fatxada nagusien kanpoaldean bai albokoetan, horiek espaloia hartzen badute.

13. artikulua. Tximiniak eta sutegiak.

1. Ez da baimenik emanen tximiniak karrikara edo espazio pribatuetara jotzen duten fatxadetan kokatzeko, tximinia espazio publikotik ikusten ahal bada. Aldiz, baimena emanen da tximiniak paratzeko barne patioei atxikitako fatxadetan edo etxesail itxietako barne fatxadetan.

2. Eraikin berrietan, debeku da kea kanpora ateratzea mota guztietako fatxada eta patioetatik, ez bada behar bezalako hodiek 2,00 metro gorago eramana estalkiaren gainetik. Garaiera tikiagoa izaten ahalko da, 1 eta 2. tauletan zehazten denari jarraikiz.

3. H garaiera librea 1. taulan zehazten da, tximiniatik buxadurarainoko distantziaren arabera, distantzia hori metrotan neurtuta, eta buxaduraren garaiaren ariora.

4. Buxadura da estalkian tximiniaren aitzinean agertzen den edozein traba.

5. Buxadura bat baino gehiago agertuz gero, H kalkulatuko da kasu horietako bakoitzerako eta baliorik gorena hartuko da, H izanik garaiera bertikala estalkiaren zoladura bururatutik ke irteeraraino.

1. taula

DISTANTZIA HORIZONTALA, METROTAN, TXIMINIATIK BUXADURARA

BUXADURAREN GARAIERA, METROTAN

0,00

0,50

1,00

1,50

2,00

2,50

2,50eraino

1,10

1,60

3,00raino

1,10

1,55

2,00

4,00raino

1,10

1,50

1,90

5,00eraino

1,10

1,45

1,80

2,00

6,00raino

1,10

1,40

1,65

1,95

7,00raino

1,10

1,30

1,55

1,75

2,00

2,00

8,00raino

1,10

1,25

1,40

1,55

1,75

1,90

H garaiera, metrotan

6. H garaiera librea 2. taulan zehazten da, tximiniatik gailurrerainoko distantziaren arabera eta teilatuaren maldaren angeluaren arabera, gradutan neurtuta.

2. taula

ESTALKIAREN
MALDAREN ? ANGELUA, GRADUTAN

DISTANTZIA, METROTAN, TXIMININIATIK GAILURRERA

0,00

0,50

1,00

1,50

2,00

>2,00

5.º - 10.º

1,10

1,20

1,30

1,35

1,45

1,55

11.º - 20.º

1,10

1,30

1,45

1,65

1,85

2,00

21.º - 30.º

1,10

1,40

1,70

2,00

2,00

31.º - 40.º

1,10

1,50

1,95

40.º - 50.º

1,10

1,70

2,00

50.º - 60.º

1,10

1,95

H garaiera, metrotan

14. artikulua. Fatxadei atxikitako etxebizitzak.

Debeku dira fatxadei atxikitako gorputzak, tximiniak eta eskailerak kenduta, betiere 13. artikuluan adierazitako baldintzetan.

Eskailerak eta bertzelako gorputzak, berriz, bakar-bakarrik lurzatien lerrokaduren barnean eta, aurreikusten diren eraikin berrietan, eraikuntzaren gehieneko okupazioaren lerrokaduren barnean.

15. artikulua. Erlaitzak eta teilatu-hegalak.

Erlaitzetan eta teilatu-hegaletan aitzineko artikuluan ezarri diren baldintza berak aplikatuko dira, salbu eta aplikatzekoa den hirigintza araudiak hegalkin handiagoa aurreikusten duenean teilatu-hegaletarako.

3. ATALA

Aparkalekuendako baldintza berariazkoak

16. artikulua. Definizioak.

1. Ordenantza honi dagokionez aparkalekua da edozein motatako ibilgailuak aparkatzeko ohiko tokia, izanik hura lur azalekoa, eta orduan aparkatzeko eremu erranen zaio, nahiz eraikinen barnekoa edo orubeko lursail eraikigarrien zoru nahiz zorupekoa, eta orduan barneko aparkaleku edo garaje-aparkaleku erranen zaio.

2. Aparkalekuaren definizio orokorraren barnean sartuko dira, ondorio guztietarako sartu ere, garraiorako zerbitzu publikoak, ibilgailuak igaro, itxaron edo egoteko tokiak.

3. Ondorio beretarako, automobilendako tailerrak dira automobilak artatu eta konpontzeko tailerrak, garbitzeko edo olioztatzeko zerbitzuetakoak barne.

17. artikulua. Baldintza orokorrak.

1. Garajeak eta automobilendako lokalak paratu eta erabili ahal izateko, bete beharko da ordenantza hauetan, jarduera sailkatuen gaineko erregelamenduan eta indarra duten gainerako xedapenetan agindua.

2. Udalak ukatzen ahalko du zenbait finketan haiek paratzea baldin eta hango joan-etorriek edo hirigintzako ezaugarriek hala iradokitzen badute, non eta ez diren beharrezko neurri zuzentzaileak hartzen kasuan kasuko baldintzak kontuan hartuz. Garaje-aparkalekua paratzeko ukapenak ez die jabeei kenduko instalazio horiek modu eta leku egokian ordezteko beharra, hala behar badu.

18. artikulua. Aparkatzeko tokien aurreikuspena.

1. Garaje-aparkalekuetako tokien aurreikuspena unitate bakoitza urbanizatzeko ordenantzetan agertuko dira.

2. Aparkatzeko edo garaje-aparkalekuetako tokien kopurua kalkulatzean kontuan hartu behar den eraikuntza-azalera ez da kasuan kasuko jarduerak hartuko duen azalera osoa bakarrik; jarduerari atxikitako zerbitzuena, biltegiena eta bertze eranskin batzuena ere kontuan hartu behar dira.

3. Metro karratutan emandako gutieneko determinazioak aplikatu eta zatikizko zenbakia ateratzen bada, erdiak eta erditik beherako zatikiak kentzen ahalko dira kontutik, eta erditik gorako zatikiak toki oso bat balira bezala kontatu behar dira.

19. artikulua. Aparkatzeko tokien azalera.

1. Aparkatzeko edo garaje-aparkalekuetako toki bakoitzaren gutieneko azalera 20 m² izanen da, lokalaren azalera erabilgarriarenak izanen direnak (bere itxituren barne aldeak definituriko perimetroaren barnean dagoen lurzoruaren azalera), garaje horretan dauden zerbitzu eta instalazioetarako diren azalerak kenduta.

2. Garaje-aparkalekuko toki bakoitzaren espazioa 2,20 x 4,50 m izanen da gutienez. Onartuko da 2 x 4 m izatea tokien %25.

3. Nolanahi ere, garaje-aparkalekuetan justifikatzen den tokien kopurua ez da 20 m² auto bakoitzeko ratioari dagokiona baino handiagoa.

4. Ibilgailu arinendako garajeetan, sarbide errazeneko solairuan, eta sarreratik ahalik hurbilen, garaje osoko ehun plazatik bat elbarrituendako ibilgailuak aparkatzeko erreserbatu behar dira. Haren gutieneko zabalera 2,90 m izanen da.

5. Aparkatzeko tokiak eta ibilgailuendako pasabideak seinalatuko dira garaje-aparkalekuetako zoruan, eta lizentziak eskatzeko aurkezten diren proiektuetako planoetan agertuko dira.

20. artikulua. Gutieneko garaiera.

Garaje-aparkalekuetan gutieneko garaiera librea 2,20 metro izanen da edozein puntutan.

21. artikulua. Eskailerak.

Garaje-aparkalekuetan sartzeko eskailerak 1 m zabal izanen dira gutienez.

22. artikulua. Kanpoan aparkatzea eta kanpoko zirkulazioarekikoak.

1. Garajeetarako zer neurri ezarri diren, horren araberakoa izanen da aparkatzeko tokia. Kanpoko aparkalekuetan justifikatzen den toki kopurua 15 m² autoko ratioari dagokiona izanen da gehienez ere.

2. Aparkatzeko tokiak eta garaje-aparkalekuak proiektatuko dira haietara iristeko aukerak eta haietako bakoitzean ibilgailuen zirkulazioaren beharrak kontuan hartuta. Proposatutako irtenbidea arrazoituko da joan-etorrien izaera eta intentsitatea aztertuz.

23. artikulua. Sarbideak.

Garaje-aparkalekuek, haiei erantsitako establezimenduek eta automobilari zerbitzu egiteko lokalek sartzeko espazio bat izanen dute, gutienez ere hiru metro zabal eta bortz metro sakon, eta zola horizontala izanen duena; hartan ez da bertze inolako jarduerarik egin. Azalera lau hori lurzatiaren barnean kokatu beharko da, lerrokadura ofizialetatik atera gabe.

24. artikulua. Sarrerako arrapalak.

1. Aparkalekuetan sartzeko baimenduko da eraikinetatik kanpo arrapalak egitea; azalera okupatu gisa kontuan hartuko dira, eta bolumen gisa, itxia bada.

2. Arrapala zuzenen malda ez da %16 baino gehiago izanen eta bihurgunea dutenena, berriz, %12, betiere banaz bertzeko lerrotik neurtua. 3 m zabal izanen da gutienez, gehi zabalera gehigarria bihurguneetan; ardatzean neurturiko kurbaduraren erradioa 6 m-tik goiti izanen da.

3. Udalak malda handiagoak baimentzen ahalko ditu familia bakarreko etxebizitzetako garajeen sarbideetan, gutienez ere 2 tokitarako edukiera badute.

25. artikulua. Garaje-aparkalekuak mankomunatzea.

Ibilgailuendako sarbideak ahalik eta gutien izan daitezen, garaje-aparkalekuak mankomunatzea baimenduko da, betiere behar bezalako bermeak ezarrita.

26. artikulua. Esparrua eraikitzea.

1. Esparrua isolaturik egonen da bertze eraikin edo finka mugakideetatik, tartean paratuz hormak eta forjatuak, suaren kontrakoak eta isolamendu akustikoa bermatzen dutenak indarra duten Ordenantzen arabera, bertzelako erabilera duten patio edo lokalekin komunikazio tarterik gabe.

2. Garaje-aparkalekua komunikatzen ahalko da eskailerarekin, igogailuarekin, galdara-gelarekin, makina-gelarekin, trastelekuekin nahiz etxe berean bertze erabilera batzuetarako baimendutako lokalekin.

3. Trafiko arina.

III. KAPITULUA

Segurtasun baldintzak

1. ATALA

Baldintza orokorrak

27. artikulua. Sendotasun baldintzak.

1. Eraikuntza guztiek, xedapen orokorrei loturik, estatikak eskatzen dituen sendotasun baldintzak bete beharko dituzte, obraren zuzendaritza fakultatiboaren erantzukizunaren pean.

2. Hori hala izanagatik ere, Udalak noiznahi ikuskatzen ahal ditu ezarritako sendotasun baldintzak eta agintzen ahalko ditu egokiak iruditzen zaizkion neurri guztiak, bere gain inolako betebehar edo erantzukizunik sortu gabe.

3. Jabeek sendotasun baldintza ezin hobeetan atxiki beharko dituzte beren eraikin eta eraikuntzak, kalterik egin ez diezaien ez pertsonei ez ondasunei.

28. artikulua. Segurtasun hesiak.

1. Eraikuntza berriko obrak edo eraispenekoak egiten badira, etxearen edo orubearen aitzinaldea gutienez ere 2 metro garai izanen den segurtasun hesi batekin itxiko da; hura segurtasuna eta kontserbazio duina bermatuko duten materialetan eginen da, hala nola adreiluak, taulak edo panel aurrefabrikatuak. Hesia paratzea ez da nahitaezkoa izanen, baldin eta eraikinaren itxitura egina badago edo egin beharreko lanek eremu publikoan eragozpenik eta arriskurik gabe ibiltzeko eraginik ez badute.

2. Segurtasun hesiarekin gehienez ere okupatzen ahal den espazioa karrikaren zabaleraren araberakoa izanen da, eta betiere bidea utziko zaie ibilgailu nahiz oinezkoei, salbu eta, halako batean, Udalak uste badu beharrezkoa eta posiblea dela ibilgailuen joan-etorria galaraztea alde honetan.

3. Neurri bera hartuko da konpontzeko obra baldin bada, Udaleko zerbitzu teknikoak komenigarritzat jotzen duenean.

4. Bertzelako batean, baita aldian behingo emokadura, teilaberritze eta gisako lanak egiten direnean, aitzinean bidea soka bat ezarrita eragotziko da bidea eta langile bat jarriko da ondoan oinezkoei gaztigatzeko.

5. Hesien mutur edo ertz bakoitzean argi-seinale bat paratu beharko da, behar bezain bizia.

6. Hesiak behin-behinekoz paratuko dira, obrek irauten duten bitartean. Beraz, obrak hasi gabe hilabete pasatuz gero edota hilabeteko etena izanez gero, hesia kendu eta espaloia libre utziko da, betiere babeserako behar diren neurriak hartuta.

7. Lan horiek oinezkoei arriskua ekartzen ahal badiete, haiek egin bitartean eremu publikoa babesteko olanak edo sareak paratuko dira solairuen forjatuen artean, edo bertzenaz espaloiaren babes egokia eginen da.

29. artikulua. Obra garaian hartu beharreko segurtasun neurriak.

1. Karrikan ibiltzeko arrisku edo traba sortzen bada eraikuntza lanak edo etxearen zaharberrikuntzak irauten duen bitartean, obraren inguruan bidea eragotziko da, Udalak kasu bakoitzerako zehazten duen gisan.

2. Materialak obraren barnean ezarri eta prestatuko dira, eta hori ezinezkoa denean, Udalak adierazten duen tokian ezarri eta prestatuko dira.

3. Aldamioak, trabes-eskorak eta eraikuntzako gainerako elementu osagarriak zuzendaritza fakultatiboaren jarraibideen arabera muntatu, erabili eta desmuntatuko dira.

4. Aldamioak 0,75 m zabal izanen dira gutienez, eta haiek egiteko erabiltzen diren oholak eta sokak egin behar duten zerbitzua egiteko behar bezain sendoak izanen dira. Gainera, aldamioaren kanpoaldean estalki bertikala paratuko da 1 m-ko garaieraraino gutienez, langileek arriskurik batere ez izateko eta materialik ez erortzeko. Horrez gain, laneko segurtasunari eta osasunari buruz indarra duten arauak bete beharko dira.

5. Eraikinen eskoratzeak zuzendaritza fakultatiboaren agindupean eginen dira beti.

30. artikulua. Jasogailuak.

1. Materialak goitzeko aparatuak ezin izanen dira bide publikoan paratu; bai, ordea, eraikin edo orubearen barrenean edota babeserako hesiaren barrenean. Kasu berezietan salbuespenak eginen dira, betiere Udalaren baimenarekin.

2. Jasogailuen instalazioa arloko arau orokorretan ezarritakoari lotuko zaio. Materialak nahiz obrako langileak jasotzeko erabiltzen diren aldi baterako jasogailu mistoen eraikuntza, instalazioa eta mantentzea indarra duen erregelamendu berariazkoaren bidez arautuko dira.

3. Eraikuntza obretan erabiliko diren makinek eta instalazio osagarriek nahiz horien elementuek Udalaren baimena beharko dute behin-behinean funtzionatzeko.

31. artikulua. Dorre-garabiak.

Udalaren eskumenari dagokionez, dorre-garabiak paratzeko eta eraikuntzan erabiltzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

1. Muntatu beharreko garabiak eta haren elementu guztiek kontserbazio egoera ezin hobean egon behar dute.

2. Garabia funtzionamendu eta segurtasun baldintza ezin hobeetan paratuko da.

3. Kasu bakoitzean garraia litezkeen zamarik astunenak posiziorik zailenetan garraiatu ahal izateko maneran erabili behar da garabia.

4. Erantzukizun zibil mugagabearen aseguru poliza eginen da, garabia erabiltzeak eta obra tokian edukitzeak eragin ditzakeen mota guztietako kalteetarako.

5. Garabiak garraiatu beharreko elementuak ahalik eta modurik seguruenean kokatu behar dira. Garabiaren funtzionamenduaren ardura duen teknikariak zehaztuko du nola kokatu.

6. Arau orokor gisa, kakoa zintzilik daukan orgak ezin izanen du gainditu orubearen mugek eta obrako segurtasun hesiak mugatzen duten eremua. Hala ere, behar bezala justifikatutako kasuetan, aurrealdeko hesia gainditzea onartzen ahalko da. Betiere obraren zuzendari fakultatiboak hesiaren osagarrizko edo ordezko konponbidea proposatu beharko du, eremu publikoa segurtasunez erabiltzea bermatuko duena.

7. Orubearen neurriengatik, garabiaren besoaren funtzionamendu eremua orubearen eta segurtasun hesiaren eremu mugatutik kanpo badago, horren berri eman beharko da espresuki. Halaber, eroanbide elektrikoak ez ukitzeko beharrezkoak diren aurreneurriak hartzeko konpromisoa agerrarazi beharko da. Paragrafo honetako nahiz aitzineko salbuespeneko kasuetan, ordea, lizentzia eman edo ukatzea Udalaren esku egonen da.

32. artikulua. Goi tentsioko lineak.

Goi tentsioko lineak dauden aldeetan ez da onartuko inolako eraikuntzarik egitea linea hori erregelamenduak agintzen duen bezala desbideratzen den arte. Udalak horri buruzko txostena eskatu beharko die Estatuko Administrazioan eskumena duten zerbitzuei, linea horien pasaerari eta ukitutako lurrei buruz.

2. ATALA

Hondamenak jotako eraikinetarako baldintzak

33. artikulua. Betearazteko aginduak eta hondamen deklarazioa.

1. Eraikinaren hondamen egoeraren deklarazioa eta osorik edo partzialki eraisteko erabakia, baita higiezinen biziegokitasunari buruz ematen diren xedapenak nahiz bizilagunak irtenarazteari buruzkoak ere, lotu beharko zaizkio Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean xedatuari.

2. Behar den espedientea ordenantza hauen 73. artikuluan ezartzen denari jarraikiz tramitatuko da.

3. Hondamen arrisku berehalakoa bada, eta horrek bertze eraikinei edo eremu publikoei eragiten badie, jabea baliabideak jartzera behartuta dago: eraispen partziala, apeoak etab., arrisku hori galarazteko.

4. Gisa berean, alkateak, edo hura ez bada, haren ordez aritzen den zinegotziak, neurri horiek hartzeko agindua eman dezake, betiere jabearen kontura.

III. titulua

Urbanizazioari buruzko ordenantzak

I. KAPITULUA

Eremu publikoan urbanizatzeko ordenantzak

1. ATALA

Urbanizazio obrak

34. artikulua. Baldintza orokorrak.

1. Urbanizazio lanak dagozkien proiektuetan ezartzen denari lotuko zaizkio, horiek behin betikoz onetsi ondoan. Eraikuntzaren aitzinetik edo horrekin batera, aplikatzekoa den hirigintza araudian ezarritako urbanizazio lanak egin beharko dira eta gutieneko zerbitzuak ezarri (ur hornidura, hondakin eta euri urak husteko sarea, argindar hornidura, kaleko argiak eta sarbideetako zoladura), unitate bakoitzeko urbanizazio proiektuetan aurreikusitako ordenantzak betez.

2. Aplikatzekoa den hirigintzako araudian ezarritako baldintzak errespetatuko dira eta espresuki justifikatu beharko da hiri antolamendua hobetzeko xedez egiten den edozein aldaketa. Aldaketa horiek inoiz ez dira izanen eremu publikoaren ezaugarrien kalterako, partikularren interesen aldean.

Bereziki hartuko dira kontuan:

a) Bertako klima, eta urbanizatu beharreko aldeak hiri bihurtuta izanen duen mikroklima.

b) Topografia, lurzoruaren ezaugarriak, landaredia eta zuhaitzak.

c) Inguruko hiri sarearen ezaugarriak; batez ere, ibilgailu eta oinezkoendako bideak. Horrela ahal den neurrian bermatu behar da eraikuntzarik gabeko eremuaren jarraitutasuna.

d) Lehendik dauden azpiegiturak, eta, halaber, urbanizazioa egiteko ahalmena eta gutieneko ekipamenduen aurreikuspena.

35. artikulua. Irisgarritasun baldintzak.

1. Oinezkoendako aurreikusi diren ibilbideek (eta, beraz, bide partekatuek ere) bete beharko dituzte ibilbide mota horietarako Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoei buruzko ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan ezarritako baldintzak.

2. Espazio publikoaren baldintza topografikoek horretarako aukera ematen badute, aukerako ibilbideak aurreikusi beharko dira.

3. Nolanahi ere, beharrezkoa denean, arrapala mailakatuak paratzen ahalko dira, betiere errespetatzen badira Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoei buruzko delako Erregelamenduaren baldintzak, ondotik ematen diren balioekin:

ARRAPALEN BALDINTZAK

GEHIENEKO BALIOAK

Oinezkoendako bidearen zabalera

< 250 cm

Neurriak

arrapala mailakatuenak

Mailagaina

< 150 cm

Kontramaila

? 7 cm

Gehieneko malda

arrapalena, tarteunearen

luzeraren arabera

< 3 m

? %10

3tik 8 m-ra bitarte

? %8

8tik 15 m-ra bitarte

? %6

4. Oinezkoendako bide bat bide partekatu batekin bat egiten duenekoaren diseinuan behar diren elementu formal eta eraikuntzakoak ezarriko dira, ibilgailuei gaztigatu eta aldi berean atzera eragiteko balioko dutenak. Betiere, elementu horiek errespetatuko dituzte aitzineko paragrafoan finkaturiko baldintzak.

36. artikulua. Lur-berdinketa eta zoladura ematea.

1. Eremu publikoetan lurra berdindu eta zolatzen denean kontuan hartuko dira irizpide orokor hauek:

a) Ibilgailuen karga eta klima jasateko zoladurak behar duen sendotasuna.

b) Uraren aterabidea saneamendu eta drainatze sarera.

c) Eraikiko diren instalazioen aurreikuspena.

d) Profilen erregulartasuna eta ibilbideen jarraitutasuna.

e) Oinezkoen segurtasuna. Material eta akabera irristagaitzak hautatzea.

f) Emandako zoladuraren geroko mantentze-lana.

2. Partikularki, zorua zelaitzeko eta egokitzeko lanak bereziki kontuan hartuko dituzte tokiko ezaugarri topografikoak, baita landarezko jantzia erabiltzea eta atxikitzea ere. Alderdi hori betetzeko, funtsezkoa izanen da urbanizazio edo eraikuntzako obrak hastean gaineko lurra eramatea eta biltegiratzea, edo bertzenaz bertan zuzenean erabiltzea, delako obran lorezaintzako lanak ere sartu badira.

3. Obra egiteko materialak eta prozesuak hautatzean, Udalak une bakoitzean ezartzen dituen irizpide eta ezaugarriei eutsiko zaie.

37. artikulua. Zoladurak

1. Elementuka jartzen direnak:

a) Hormigoizko lauza aurrefabrikatuak eta harri naturalezko lauzak gutienez 40 mm lodi izanen dira oinezkoendako aldeetan. Noizbehinka ibilgailuak igarotzen badira, lauzek 60 mm-ko lodiera izan beharko dute.

b) Ageriko agregakinezko lauzak irristagaitzak izanen dira, baldosaz, mosaikoz edo adreiluz egindako bertze edozein zoladura bezala. Bertzalde, bermatu beharko da material horiek izotzak jasanen dituztela.

2. Gainazal malguak:

a) Trakzioarekiko erresistentziarik gabekoak dira. Bi geruzaz osaturik daude: oinarrian bat eta gainean gurpilendako bertze bat. Hotzeko asfaltozko zoladurek 10 mm eta 20 mm bitarteko lodiera izanen dute oinezkoendako bideetan.

b) Legarrezko zoruetan legarra solte egonen da eta azpian 100 mm inguruko oinarri egokia izanen du, clinker-ez edo harri lodiagoz egina. Uharri soltezko zoruetan uharriak lurraren gainean edo legar geruza baten gainean egonen dira.

3. Zoladura zurrunak:

a) In situ hormigoia. Gutienez 75 mm-ko lodiera (1:2:4 nahasketa). Macadam estalia. Oinezkoendako aldeetan aplikatzen denean, goiko geruza edo errodadura geruza 12 mm izanen da gutienez.

b) Zoladuraren oinarria, oinezkoak dabiltzan eremuan, 50etik 70 mm-ra bitarteko sekzio izanen du gutienez, harri xehetuan eta agregakin zanpatuan egina. Malda, berriz, behin betiko zoladurarena izan daiteke, eta 1:60 erlazioa bete beharko du, euri ura behar bezala atera dadin.

c) Ibilgailuak ere noizbehinka pasatuko direla aurreikusten bada, oinarria hormigoizkoa izanen da, gutienez 70-100 mm-ko lodiera izanen du, eta zuzenean zorupearen gainean edo 70 mm-ko agregakin geruza baten gainean paratuko da.

38. artikulua. Junturak.

1. Topekako junturak: ertz erregularreko zoladuretan bakarrik onartuko dira.

2. Landare lurrezko junturak: belar eta landareak hazteko aproposak dira; 10 eta 20 mm bitarteko zabalera izanen dute, zirkulazioa handia bada, eta junturaren azpiko erdia morterozkoa izanen da.

3. Morterozko junturak: 1:30 proportzioko nahastura ematea eta azkenean ekortzea gomendatzen da.

39. artikulua. Maila aldaketak.

1. Eremu zolatuetako maola aldaketa, eskailera eta arrapalei dagokienez, oro har, ordenantza hauetako bertze atal batean ezarritako irisgarritasun baldintzak beteko dira, ezintasun nabarmenik ez bada.

2. Eskaileretan kontramaila 80 mm-tik 150era bitarte izanen da eta mailagaina ez da 300 mm baino gutiago izanen.

3. Kontramailaren proiekzioa mailaren gainean ez da 15 mm-tik gorakoa izanen.

4. Inklinazio onenak 1:2 eta 1:7 bitartekoak dira. Gehienez ere hamaika maila egonen dira eskailera-buruen artean, gehiago egoteko bidezko arrazoirik ezean.

5. Arrapalek gehienez %8ko malda izanen dute, baina tarte laburretan %15 izan dezakete, deusetan ukatu gabe bertze tarte batzuetan irisgarritasun baldintzak bete beharra.

6. Gainazaleko ura zeharka bideratuko da.

7. Arrapala mailakatua bereziki egokia da distantzia luzeetarako; halakoetan, maldak %8 izanen dira gehienez eta kontramaila gehienez ere 100 mm.

40. artikulua. Galtzaden eta espaloien eraikuntza.

Oro har, batzuk nahiz bertzeak bi urratsetan eginen dira. Lehenbiziko urratsean oinarri-azpia eta behin betiko oinarria jarriko dira. Bigarren urratsean, gurpilendako behin betiko geruza jarriko da lehenbiziko urratsean egindako zoladuraren gainean, betiere, zoladura horrek izan ditzakeen hondamenak konponduta.

41. artikulua. Aparkalekuak.

Exekuzio unitate bati dagokion urbanizazio proiektuan zehaztu beharko da aparkalekuen kokalekua hirigintza araudian eskatzen den zenbakian, eta ordenantza hauen 22. artikuluan ezartzen diren luze-zabalekin.

42. artikulua. Lorategiak.

1. Baldintza orokorrak:

a) Urbanizazio proiektuan lorategiak eta zuhaitzak sartzen badira, lorategi motak eta zuhaitzak aukeratzerakoan kontuan hartuko da gero nola mantendu beharko diren.

b) Proiektuak eta urbanizazio obrek lehendik dauden landareak eta zuhaitzak errespetatuko dituzte eta ahal den neurrian mantenduko, beren egoera eta ezaugarriak ikusirik.

c) Lorategien proiektuan, ingurumena zaintzeko eta ingurua apaintzeko helburuek bat eginen dute hiriko mikroklimaren hobekuntza ahalbidetuko duten xede funtzionalekin.

d) Urbanizazio obra orotan, baita eraikuntza obretan ere, halakorik egiten den tokietan, landareetako lur geruza atxikitzea jartzen da helburu gisa, nekez berriztatzen ahal den baliabidea delako. Behar izanez gero, biltegiratu eginen da.

e) Lorategien proiektuetan landare espezieak irizpide ekologikoen arabera hautatuko dira. Hortaz, espezie autoktonoak lehenetsiko dira, lorategira moldatzeko gai direla behar adina egiaztaturik badago.

2. Lehendik dauden zuhaitz eta zuhaixkak kontserbatu edo kendu eginen dira beren osasun egoeraren arabera. Dena dela, kontserbatu nahi diren ale horien inguruan, adaburuaren proiekzioan guti goiti-beheiti, lurraren maila ez da 30 cm baino gehiago aldatu behar.

3. Zuhaitzen baldintzak hiri giro batean:

a) Landatzen diren zuhaitzen arteko distantzia inguruabar hauen araberakoa izanen da:

-Espeziearen hazkunde mota.

-Lortu nahi den paisaia-diseinua, hertsiki funtzionala.

-Zuhaitzari forma emateko esku-hartze maila (inausketa sendoen bidez zuhaitz handiak hiri giroko zoko txikietara moldatzen ahal dira). Landareen arteko tartea, oro har, 3,50 m izanen da lerroan, piramide formako espezieen kasuan, eta 8 m tamaina handiko zuhaitzak direnean.

b) Zuhaitzaren eta fatxadaren arteko tartea. Espeziearen ezaugarriak eta inauste eta berritze gradua kontuan hartuta erabaki behar da. Nolanahi ere, gutienez 2,50 m-ko tartea utzi behar da.

c) Zerbitzu sareetara gutienez 1,50 m izanen da, baina hautaturiko espeziearen arabera aldatuko da, aurreko kasuetan bezala.

d) Arbolaren lepotik zoladurara bete gabeko tartea ez da 30 cm baino gutiago izanen, losetek edo arbolaren inguruko azaleko materialak behar adinako porositatea duenean. Hala ez bada, tarte horren bikoitza utzi behar litzateke estali gabe zuhaitzaren eta zoladuraren artean.

e) Hortaz, ez da zentzuzkoa zuhaitz ilarak landatzea 2 metrotik beheitiko zabalera duten espaloietan.

4. Zuhaitzen gutieneko adina, garaiera eta sekzioa eta zuhaitzen babesa.

a) Landatzeko tenorean bertzerik justifikatu ezean, zuhaitzek gutienez 1,60 m-ko garaiera izanen dute, enborrak 8 cm-tik goitiko diametroa izanen du, eta gutienez 6 urtean mintegian hazitako zuhaitzak landatuko dira.

b) Zuhaitzen babesa bermatzeko, zuhaitz bakoitzaren inguruan metalezko babes elementuak paratuko dira.

5. Ahal dela, bertako espezieak erabiliko dira eta betiere, bistakoa denez, hemengo klimarekin eta zoruaren ezaugarriekin bateragarriak diren espezieak baizik ez dira erabiliko.

2. ATALA

Hiri instalazioak

43. artikulua. Edateko uraren hornidura eta banaketa.

1. Uraren hornidura eta banaketa baldintza hauetan egin beharko da:

a) Garatzen diren alde guztiak banaketa sare orokorretik hornitu behar dira. Hala ez denean, eta hori salbuespenetan baizik ez da gertatuko, hornidura, hartzeko manera, kokapena, ur emarien neurketak eta ur analisiak justifikatuko dira.

b) Ur horniduraren sarea bide sareari jarraikiz eginen da edo, bertzenaz, eremu publiko eraikiezinetan barna, trazadura erregular baten arabera, lerro luze eta angelu zabalekin, sakonera beti berdinean eta, konpondu behar izanez gero, sarbidea izanen dutenetan.

c) Presioa ez da izanen 6 Kgs/cm²-koa baino handiagoa sarearen inolako puntutan.

d) Eraikin bateko presioa askietsiko da, baldin eta azken solairu erabilgarriaren gainetik gutienez 10 m-ko ur zutabe bat denean.

e) Uraren abiadura, banaketa hodiaren barnean, 0,60tik 1,75 metrorainokoa izanen da segundoko.

f) Aurreikusiko den banaz bertzeko kontsumoa izanen da 300 litro biztanle eta egun bakoitzetik.

g) Hornidurako sare orokorren kalkuluan erpin koefiziente aldakorrak erabiliko dira, zerbitzatutako biztanle kopuruaren arabera (1,5-3).

h) Banaketa sareko kalkulua halako moldez eginen da non gutieneko doikuntza izanen baita litro erdikoa segundo eta tarte bakoitzeko.

i) Eguneko 20 m³/ha-ko gutieneko kontsumoa bermatuko duten instalazioak paratuko dira parke, lorategi, espazio libre, pasealeku, karrika, plaza eta abarretan. Udalak hautatutako material eta modelo bereko ureztaketa ahoak izanen dira mahukak lotzeko; horiek instalazioarekin aldizkatuko dira, batetik bertzera 30 m utzita.

j) Nolanahi ere, ureztaketa ahoen arteko tarteak sarearen presioen arabera arrazoituko dira, halako moldez non ekintza eremuak bata bertzearen segidan jarriko diren, inolako eremurik estali gabe geldi ez dadin. Karriketan, espaloietan paratuko dira ureztaketa ahoak, zintarritik hurbil. Zabalera 15 metrotik goitikoa bada, bi espaloietan paratuko dira hiruzuloka.

k) Lorategietan, berriz, berdeguneetan eta igarobideen inguruetan paratuko dira.

l) Hodi banatzaileak gutienez 8 mm-ko diametroa izanen du eta gehienez ere 12 ureztatze aho hornituko ditu. 30 metroko ur-zutabeko hondar-presioak izan beharko dira.

2. Edateko uraren hornidurarako eta banaketarako proiektu berariazkoa urbanizazio proiektuaren barnean egonen da, eta banaketa sare nagusiaren bidezko ur hornidura bermatzen duten agiri guztiak jasoko ditu, hargunea egiteko behar den baimenarekin batera.

3. Aitzineko puntuan bildutako baldintzez landa, Eskualdeko ur Mankomunitateak bere proiektuetarako jasotzen dituen irizpide edo arauak bete beharko dira.

44. artikulua. Uren hustuketa eta saneamendua.

1. Bide sareari jarraikiz diseinatuko da edo, bertzenaz, eremu publiko eraikiezinetan barna.

2. Estolderia A.S.T.M. kalitatekoa izanen da eta sekzioak kalkulaturik egonen dira kolektoreari eskatzen zaizkion ahalegin mekanikoei eusteko.

a) Estolderiaren proiektuan zehatz azalduko dira instalazioaren ezaugarriak (zanga eta betegarri motak), aurreikusitako ekintzak, euspen faktorea eta hodiaren neurriak.

b) Hondakin uren sarea iragazgaitza izanen da, bai hodietan bai erregistro putzuetan. Gutieneko diametroa (Di) 300 mm izanen da.

3. Hautatzen diren maldek lur azalarenarekin ahalik eta hurbilen egon behar dute, betiere, gehieneko eta gutieneko abiadurari buruz ezarritako baldintza betetzen badute. Sekzio zirkularretarako, malda %1 izanen da gutienez, salbu eta malda hori izatea ezinezkoa denean; hori, betiere, teknikoki arrazoitu beharko da.

4. Ur beltzen hodian, abiadura 0,5etik 4,5 m/s bitartekoa izanen da, eta euri urena, berriz, gehienez 3 m/s-ko abiadura hartuko du. Gutienez ere 20 mm-ko sakonera eskatuko da.

5. Ur beltzen sareko muturretan, gomendatzen da hodiak garbitzeko hustuketa ganberak paratzea lehenbiziko erregistro putzuari atxikita. Haien edukiera 600 litro izanen da gutienez. Sarearekiko harguneak sareko erregistro putzuen bidez egin beharko dira, kolektoreetako emari etengabean trabarik ez egiteko moduan. Gainera, erregistro putzuak paratuko dira norabidea edo malda aldatzen den tokietan. Putzu batetik bertzera gehienez 50 metroko tartea egonen da.

6. Irtengunearekiko putzuak paratuko dira koten arteko aldeak 80 zentimetro baino handiagoak direnean.

7. Kainu-zuloak edo hustubideak 50 metrotik behin paratuko dira, eta haien bilketa-azalera 600 m² izanen da gehienez. Sare orokorrerako hargunea haiexetatik eginen da.

8. Hodi formako kanalizazioen gutxieneko sakonera, haien zolarekiko, 1,20 metro izanen da.

9. Ur-hustuketaren eta saneamenduaren proiektu berariazkoa, halakorik bada, urbanizazio proiektuaren barnean egonen da, eta behar den dokumentazioa izanen du saneamendu obrak argi zehazteko, bertzeak bertze estolderia, hondakin urak araztu eta isurtzeko instalazioak eta euri urak bideratzeko sarea, isurguneak baino beherago dauden finka edo jabegoek inoiz kalterik ez izateko maneran diseinatuta.

10. Ur beltzak eta euri urak bereizten dituzten sareak proiektatuko dira; euri urak ur-ibilguren batera isuriko diren punturaino bideratuko dira, eta ur beltzen hustubideak, berriz, sare orokorrarekin bat eginen du.

45. artikulua. Argindarraren hornidura.

1. Argindarra banatzeko proiektua urbanizazio proiektuaren barnean egonen da, eta egin beharreko obrak ongi definitzeko behar diren determinazioak bilduko ditu. Hura prestatzean, aurreko puntuan biltzen diren agindu guztiak kontuan hartzeaz aparte, goi eta behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoak bete beharko ditu, baita Behe Tentsioari buruzko NTE-IEB arauak, Kanpoko Sareari buruzko NTE-IER arauak eta Eraldatzeko Zentroei buruzko NTE-IET arauak eta, oro har, atal honetako gaiari buruz ematen ahal diren xedapen arauemaile guztiak ere.

2. Argindarraren banaketa betiere lur azpiko hodietan eginen da, eta hodien adarkaduretan edo ukondo nabarmenetan eta, betiere, 30 metrotik gutienez, kutxeta bat paratuko da, adreilu trinkoz egina, eta burdinurtuzko markoa eta estalkia jarriko zaizkio. Estalkian "Electricidad" hitza grabatuko da. Kutxetek 40 x 40 cm-ko neurriak izanen dituzte, handiagoak behar ez badira.

3. Hodia zanga batean sartuko da, eta hura 125 Kg-ko hormigoiaz beteko da; hodia 80 cm-ko sakoneran geldituko da.

46. artikulua. Argiteria publikoa.

1. Argiteri publikoaren proiektua urbanizazio proiektuaren barnean egonen da, hala behar denean, eta dokumentazio egokia izanen du egin beharreko obrak argi zehazteko; bertzeak bertze, argiztapen egokirako baldintzak betetzeko behar diren fabrika-obra eta elementu mekaniko guztiak argi zehazteko.

2. Hura prestatzean, aitzineko artikuluan argindarraren hornidurarako indarra duen araudia bete beharko da, baita kanpoko argiteriari buruzko NTE-IEE arauak ezartzen dituzten diseinu eta kalitatearen gaineko irizpideak ere.

3. Aitzineko artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, argien proiektua egiterakoan ondoko irizpideak erabiliko dira:

a) Luminariak. Hermetikoak izanen dira, iragazkidunak. Aluminio anodizatuzko edo beira zilarreztatuzko erreflektorea izanen dute, eta beirazko errefraktorea. Ez da onartuko ez plastikorik ez luminaria bifokalik.

b) Argiek fluxua murrizteko sistema izanen dute (gauekoa eta egunekoa). Goi presioko merkurio-lurrunezko lanparak izanen dira, kolorea zuzendua (V.M.C:C), edo goi presioko sodio-lurrunezkoak (V.S.A.P). Salbuespenez, aitzinetik arrazoitzen bada, eta argiak non paratu behar diren kontuan hartuta, goritasun-lanparak erabiltzea onartuko da.

c) Argiztapenerako berrikuntza teknikoak erabiltzea onartuko da, baldin eta errendimendu ona eta ezaugarri kromatiko egokiak eskaintzen badituzte.

d) Euskarriak. Hiru motatakoak izaten ahalko dira: zutabeak, argi-paldoak edo horma-besoak. Zutabeak paratuko dira galtzada aski zabalak izanez gero, eta argi-paldoak, berriz, galtzadaren zabalerak horretarako aukera ematen badu. Bertzenaz, horma-besoak paratuko dira.

e) Argi-fluxua nolakoa den eta zer hiri espaziotan kokaturik dauden, goitiago edo beheitiago paratuko dira luminariak. Euskarriak altzairu galbanizatukoak izanen dira eta gutieneko lodierak 2,5 mm izanen dira 4 m garai bitarteko euskarrietan; 3,00 mm, 4 m-tik 10 bitartekoetan, eta 4 mm, 10,00 m garaitik goitikoetan.

f) Pizteko ekipoak. Argi-puntu guztiek, erreaktantzia egokiaz gain, kondentsadore egokia izanen dute instalazioaren potentzia faktorea gutienez 0,9 izan dadin. Osagarri horiek metalezko kutxa hermetiko baten barnean egonen dira, etxeetako fatxadetan kokatuta, horma-besoen kasuan, eta argi-paldo edo luminariaren zokaloan, argi-paldoetan paratutako argi-puntuen kasuan.

4. Argiteria proiektuak segurtatuko ditu ondoko taulan zehazten diren argiztapen mailak. Ezartzen diren iluminantzia balioek kontuan hartu beharko dute zoladuraren islapen koefizientea.

ESPAZIO PUBLIKO MOTA

LUMINANTZIA (lux)

BANAZ

BERTZEKO

UNIFORMETASUNA

Ibilgailuen trafikoa duten karrikak, edo ibilgailuek eta oinezkoek partekatzekoa

12 - 15

0,30 - 0,40

10 m baino gehiagoko zabalera duten plaza eta espazioak

7 - 12

0,25 - 0,30

Oinezkoek erabiltzeko baizik ez diren bideak

5 - 7

0,15 - 0,20

5. Argien eroanbide elektrikoa aitzineko artikuluan argindarraz hornitzeko zehaztu den maneran eginen da; kutxatila eta hodi berak aprobetxatzen ahalko dira. Nolanahi ere, zutabe edo argi-paldi bakoitzaren zolan kutxatila bat egon beharko da; eta kutxatilen tapakietan zehaztu beharko da "argietarako" edo "argindarrerako eta argietarako" ote den.

3. ATALA

Obrak eremu publikoan

47. artikulua. Definizioa eta baldintza orokorrak.

1. Eremu publikoko obratzat hartzen dira bertan paratu diren zerbitzuak jartzeko, berritzeko, hobetzeko edo konpontzeko beharrezkoak direnak.

2. Ordenantza honek aitzineko ataleko obra guztiak arautzen ditu, partikularrenak, Udalarenak nahiz bertze organismo ofizial batzuenak izan.

3. Eremu publikoan zerbitzuak paratzeko egiten diren obra guztietan, baita Udalarenak bilakatu diren zerbitzuei dagozkienetan ere, udal lizentzia eskuratu eta egiteko epeak ezarri beharko dira aitzinetik.

4. Argindar, telefono, telegrafo eta horrelako zerbitzuen eroanbideek lur azpitik zeharkatuko dute hirialde osoa.

5. Zerbitzuak paratu, konpondu edo berriz ere jartzeko eremu publikoko zoladuran mugimenduak egitea beharrezkoa duen edozein obra abiatu aitzin, Udalari eman beharko zaio horren berri; horrek zehatz-mehatz zer tokitan eginen diren adieraziko du, baita lanak hasteko eta bukatzeko egunak ere.

6. Eskatzailearen kontura dira obrek eraginda sortzen diren gastu guztiak, hala nola Udalaren zainketa, zangak betetzea, lurra sendotzea, hiri hornigarriak eta azpiegiturak tokiz aldatzea, zoladura lehengoratzea eta abar.

7. Zangatik hurbil egon daitezkeen lur azpiko hodiei buruzko informazioa bildu beharko du eskatzaileak.

48. artikulua. Obrak egiteko baldintzak.

1. Udal Administrazioak, arrazoi bereziengatik, obren egutegian aldaketak egiten ahalko ditu.

2. Eremu publikoko obrak hasi aitzin, Zirkulazio Kodean seinaleei, segurtasunari eta abarri buruz xedatua beteko da.

3. Bidezko arrazoiak tarteko, obrak ezarritako egunean hasten ahal ez badira, interesdunak luzapena eskatzen ahalko dio Udalari.

4. Era berean, obrak egin bitartean lurpean trabak aurkitu eta lanak garaiz amaitzerik ez dagoenean, epearen luzapena eskatuko da.

5. Lanak egiteko, erakundeek Udalari jakinarazi beharko diote beren kabuz edo kontratistaren bitartez eginen dituzten.

6. Enpresei zoladura berria paratzeko ahalmena ematen ahalko zaie, frogatzen baldin badute behar den ekipamendua dutela trinkotze mekanikoa, garraioa eta gainerakoak egiteko. Nolanahi ere, Udalak, arrazoi teknikoengatik egokitzat jotzen badu, zangak bete eta zoladura paratzen ahalko du lizentziaren titularraren kontura.

7. Zangak fatxaden lerrokadurari jarraikiz eginen dira, espaloian nahiz galtzadan barna, eta inguruko azpiegiturak, zintarriak, zuhaitzak edo lehendik dauden instalazioak hondatu gabe.

8. Orobat, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira obrak egitean; haien betelanak eta akaberak bermatu behar dute kasuan kasuko erabileraren araberakoa izanen dela erresistentzia mekanikoa.

9. Galtzadak edo espaloiak gurutzatzen dituzten zangak karrikaren ardatzarekiko perpendikularrak izanen dira.

10. Zoladura berriak kendu denaren ezaugarri berak izanen ditu, eta hura berriz ere jartzean arau hauek beteko dira:

49. artikulua. Segurtasun eta seinalizazio baldintzak.

1. Eraikuntzaren ordenantza orokorretan zehaztuko dira, eta Laneko Segurtasun eta Higienearen Erregelamenduari eta haren ondorengo arauei jarraituko diete.

2. Udala ez da inoiz ere erantzulea izanen obra hauen ondoriozko kalte edo istripuengatik.

3. Obra guztiak behar bezala seinalatu behar dira, aitzinalde nahiz alboetan. Horretarako, hesiak edo udal zerbitzuek onetsitako bertzelako elementuak paratuko dira, eta lan eremu osoa itxiko da.

4. Erran bezala seinalatu behar dira espaloi edo galtzadetan oinezko eta ibilgailuen zirkulazioa eragozten duten oztopo guztiak; oztopotzat joko dira hondakin pilak, zoladura berritzeko materialak, zanga irekiak, makinak eta bertzelako elementuak.

5. Behar diren oholtzak eta segurtasun elementuak jarri beharko dira oinezkoen zirkulazioa eta higiezinetako sarrerak trabarik gabe eta behar bezala babesturik egon daitezen.

6. Obra gauaz seinalatzeko lanpara elektriko gorriak emanen dira, behar bezainbat.

7. Obrak behar bezala seinalatu edo babestu gabe egoteagatik istripuren bat gertatzen bada, erantzule bakarra obren jabea izanen da.

50. artikulua. Udalaren kontrola.

1. Udaleko administrazioak obrak ikuskatu eta zainduko ditu etengabe, zanga ireki eta betetzen denetik zoladura berria paratzen den arte.

2. Obrak egitean, Udalaren ordenantza eta jarraibide teknikoei jarraituko zaie betiere.

3. Horretarako, interesdunak Udalari jakinarazi behar dio zein egunetan hasiko diren lanak.

4. Ezin izanen da zangak betetzeko eta zoladurak berritzeko lanik egin Udalari jakinarazten ez bazaio behar diren egiaztapenak egiteko denbora aski duela. Tramite hori bete ezean, zangak husteko agintzen ahalko da, lanei berriz hasieratik ekiteko, eta gastuak interesdunaren kontura izanen dira.

51. artikulua. Presako obrak eremu publikoan.

Eremu publikoan zangak ireki edo zoladura berritzeko obrak egiten direnean zerbitzuetako instalazioen matxura eta kalteak konpontzeko, obra horiek presakotzat joko dira eta haien lizentzia honela tramitatuko da:

1. Entitate interesdunak matxuraren eta horren ondorioen berri emateko idazki bikoiztua aurkeztuko du Herriko Etxean. Udalak ikus-onetsiko du eta ale bat eskatzaileari itzuliko dio. Hortik aitzina behin-behineko baimena izanen da lanak hasteko, entitate eskatzailearen erantzukizunaren pean.

2. Idatzizko jakinarazpena aurkezten duenetik 48 ordu iragan baino lehen, entitateak obrarako lizentzia arrunta eskatu beharko du kasuan kasuko obrari dagokionez. Eskabidean obra presaz egiteko arrazoiak azaldu beharko ditu.

IV. titulua

Tramitazioaren ordenantzak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

52. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da indarra duen hirigintzako planeamendua garatzeko bidezkoak diren administrazio prozedurak arautzea.

53. artikulua. Planeamenduko figuren eta betearazteko bitartekoen tramitazioa.

Eskabideak alkateari zuzenduko zaizkio, proiektu teknikoarekin batera. Espedientearen sustatzaileak sinatuko du eskabidea, eta haren izen-deiturak, helbidea eta NANa jarri beharko dira.

54. artikulua. Planeamenduko figuren eta betearazteko bitartekoen edukia.

Planeamenduko figuren eta betearazteko bitartekoen edukia bat etorriko da indarra duen legerian eta Udal Plan Orokorrean ezarritakoarekin. Dokumentuen memorian beti arrazoitu beharko da indarra duten lege eta planak araudia zorrotz betetzen direla.

55. artikulua. Jardueren tramitazioa lurzoru urbanizaezinean.

Eraikuntzakoak izan ala ez izan, lurzoru urbanizaezinean egiten diren jardueren gaineko espedienteen tramitazioa Udal Plan orokorrean xedatuari lotuko zaio, eta aplikatzeko den guztietan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean xedatuari.

56. artikulua. Hirigintzako informazioa.

1. Aguilar Kodesko Udalaren argibideak jasotzeko eskubidea izanen dute halako lurzati edo finka baten hirigintza egoera jakiteko interesa duten pertsona edo entitate guztiek .

2. Hirigintzako informazioaren eskabidea Udalaren Erregistro orokorrean aurkeztuko da, eskatzen den argibidearen ideia garbia izateko behar diren plano edo krokisekin batean, halakoen errekerimendua egiten bada.

57. artikulua. Hirigintzako ikuskaritza.

Udalari dagokio behar diren ikuskapenak egitea Udal Plan Orokorreko determinazioak betetzen direla bermatzeko, bere eskumeneko eremuan.

II. KAPITULUA

Obra lizentzien tramitazioa

58. artikulua. Lizentzia izatera behartutako egintzak.

1. Lizentzia eskaerei zer dokumentazio eskatu eta haiek ebazteko zer tramitaziori jarraitu behar zaion erabakitzeko, honela sailkatzen dira lizentzia izatera behartutako egintzak.

a) Obra handia; honako hauek:

-Mota guztietako eraikin eta instalazio berrien eraikuntza.

-Bolumen eraikia aldatzen duen eraikuntza.

-Eraikinari eusten dion egituran eragina duena.

b) Obra txikia; honako hauek:

-Elementu sendoetan eragin gabe eraikinaren barreneko banaketa aldatzen duten berritze lanak.

-Fatxada edo estalkia berritu edo konpontzen dutenak, euskarriak ukitu gabe.

-Kanpoko zurajea aldatzea.

-Kartelak paratzea.

-Finkak ixtea.

c) Eraispen lanak, eraikin bat edo haren zati bat kentzen denean.

d) Ordezte lanak; hau da, zegoena bota ondoren eraikin berria egiten denean. Tramitazioan, kontuan hartu beharko dira eraikina botatzeko eta obra handia egiteko ezarri diren baldintzak.

e) Zaharberritze edo egokitze lanak. Horrela erraten zaie, lehendik legearen araberako bizigarritasun baldintzak ez izanik, etxebizitza gisa erabiltzeko aukera ematen dutenak, obra handiaren nahiz txikiaren kalifikazioa izan. Orobat, obra mota hauetan sartzen dira eraikina egokitzen dutenak, lehendik zuenaz bertzeko erabilera bat emateko.

f) Eraikinen lehen erabilera, etxebizitzak edo produkzio jarduerak izan. Obra berria denean, beti eskatu beharko da lizentzia; orobat, zaharberritze edo egokitze lanak bururatu ondoan.

g) Lur mugimenduak, lurraren topografia aldatzen duten egintza guztiak barne; hala nola, pista eta zangak irekitzea, zapaldak egitea eta agregakinak, harria edo lurra ateratzea.

h) Arbolak botatzea, arboladia edo oihana osatzen duten zuhaixka motako landareak moztea barne.

i) Lurzatiketa eta lurzatien mugetan egindako edozein aldaketa.

j) Behin-behineko obrak eta aldamioak paratzea

59. artikulua. Lizentzia eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Lizentzia eskaerarekin batean datu hauek eman behar dira:

a) Lizentzia eskatzen duenaren izen-deiturak eta helbidea.

b) Zein lurzatitarako esku hartu nahi den; katastroak lurzatiari emandako zenbakia adieraziko da, baita zein poligonotan dagoen ere.

c) Egin gogo diren obrak argi eta zehatz deskribatzen dituen dokumentazioa.

d) Obren aurrekontua.

2. Aitzineko c) eta d) epigrafeetan adierazitako datuen ezaugarriak obraren araberakoak izanen dira, hurrengo artikuluetan aipatzen den gisan.

60. artikulua. Dokumentazioa obra handia denean.

1. Obra handia denean, teknikari eskudun batek prestatutako proiektua erantsiko zaio eskaerari, eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsi beharko du.

2. Obrak hiri lurzoruan egiten direnean, edo etxebizitzarako badira, arkitekto batek prestatu beharko du proiektua, eta arkitektoen elkargo ofizialak ikus-onetsi.

3. Bertze kasuetan, aparejadore batek, arkitekto tekniko batek edo goi nahiz erdi mailako bertze teknikari batek prestatzen ahal du proiektua, zertarako den eraikuntza eta zein diren egin gogo diren obrak, haien arabera.

4. Proiektu horiek c) eta d) epigrafeetan aipatzen den informazioa ordezten dute.

61. artikulua. Dokumentazioa obra txikia denean.

1. Obra txikietan, aurreko artikuluan aipatu proiektu teknikoaren ordez memoria bat aurkezten ahal da, bertan adieraziz, argi eta osorik, lurzatiaren edo eraikinaren barrenean zer obra egin nahi den, forma, neurriak, materialak eta kokalekua zehaztuz betiere.

2. Eskabidearekin batera obren aurrekontua aurkeztuko da, obrak eginen dituen kontratistak edo ofizialak sinatua. Obrak egin behar diren moduagatik ezin bada dokumentazioa aurkeztu, zenbateko kostua aurreikusten duen azaldu beharko du sustatzaileak, materialen kostua zehaztuta eta eraikuntzan eman beharreko denbora zenbatetsita.

3. Jasotako informazioa eta zer-nolako obrak egin nahi diren ikusita, Udalak proiektu teknikoa aurkezteko eskatzen ahal du; hartan, beharrezkotzat jotzen diren ezaugarriak jasoko dira.

4. Nolanahi den ere, arkitekto batek prestaturiko proiektua beharko da fatxadaren konposizioa aldatuko duten obretarako, dela baoak aldatu nahi direlako, dela bertze edozein osagai, baita estalkiaren kanpoko itxura aldatuko duten obretarako ere.

62. artikulua. Zaharberritze edo egokitzapen obretarako dokumentazioa.

1. Zaharberritze edo egokitzapen obretarako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da beti; zaharberritze obretarako eta obra larritzat sailkatzen diren jarduketetarako, goi mailako arkitekto batek prestatu beharko du proiektu hori.

2. Obrek eraikinaren zati bat soilik ukitzen dutenean ere, egungo egoeraren planoetan egungo etxebizitzaren gela guztiak agertuko dira, baita etxebizitza moldatuaren parte izanen diren gelak ere; horrez gain, etxebizitzaren azken banaketa jasotzen duen planoa erantsiko da, ukituko ez diren gelak ere barne direla. Informazio hori bera azalduko da txostenean.

63. artikulua. Lizentzia ematea.

1. Lizentzia hau emanen da jabetza eskubidea batere ukitu gabe eta hirugarrenei kalterik egin gabe; hortaz, ez du balioko lizentzien titularrek izaten ahal dituzten erantzukizun zibil edo penalak arintzeko. Orobat, sustatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

2. Egin gogo diren obrek bete beharreko baldintzak eransten ahal dira lizentzia ematen denean.

3. Baldintza horiek betetzeko aldaketa handiak egin behar badira lizentzia lortzeko aurkeztu den proiektu teknikoan, Udalak, lizentzia eman aitzin, proiektua aldatu edo handitzeko eranskina aurkezteko eskatuko dio sustatzaileari.

4. Honelako epeak bete beharko dira, lizentzia ematen duen ebazpenean obrak egiteko bertzelako epeak zehazten direnean izan ezik:

a) Obra handia: lizentzia ematen denetik, urtebeteko epean hasi beharko dira, eta hiru urteko epean amaitu.

b) Obra txikia: lizentzia ematen denetik, hiru hilabeteko epean hasi beharko dira, eta sei hilabeteko epean amaitu egun beretik.

c) Obra handi edo txikien epeetan egin beharko dira zaharberritze obrak; zein diren ezaugarri materialak, haien arabera.

d) Obra handietarako ezarri epeetan egin beharko dira eraispenak; alabaina, arriskua dagoenean, berehala eraitsi beharko da.

e) Lehen okupazioko lizentziak ez daude epe bati loturik, beren izaerari dagokionez.

f) Ordenantza hauen 58. artikuluaren arabera Udalaren lizentzia behar duten gainerako jarduketetarako, obra txikietarako ezarri diren epeak beteko dira.

5. Obrak edo jarduketak ezin badira ezarritako epean hasi edo bukatu, sustatzaileak Udalari jakinaraziko dio eta epea luzatzeko eskatu. Nolanahi den ere, atzerapenaren arrazoiak azaldu beharko ditu, eta Udalak luzapena ukatuko du aldaketak gertatu badira aplikatu beharreko araudian.

6. Dena den, emandako lizentzia erabiltzen ez bada, eskatzaileak ez du eskubiderik ordaindutako tasa edo zergak itzul dakizkion eskatzeko.

64. artikulua. Eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zergaren likidazioa.

1. Obra lizentzia emateko, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaindu beharko da aldez aurretik. Ordainketa hori behin-behineko likidazioa da, lizentzia eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuaren gainean eginen baita.

2. Obra bukatu ondoren eginen da zergaren behin betiko likidazioa.

3. Lehen okupazioko lizentzia behar den kasuetan, lizentzia emateko prozeduran eginen da likidazioa.

4. Lizentzia hori behar ez duten obretarako, egindako obren fakturak aurkeztu beharko ditu sustatzaileak, obrak bukatzeko ezarri epearen barrenean aurkeztu ere.

65. artikulua. Obrak gauzatzea lizentziaren arabera

1. Lizentziak ezarritako baldintzak.

a) Lizentziaren ebazpenean zehazturiko baldintza guztiak bete beharko dira obrak gauzatzerakoan.

b) Obraren bat egiteko, lerrokatu, sestrak finkatu edo hegalkinak egiaztatzeko lanak burutu behar direnean, Udalaren zerbitzu teknikoekin bat etorriz gauzatuko dira lan horiek.

2. Eraikitzailearen betebeharrak.

a) Indarra duten legeekin bat, eraikitzaileak behar adina bitartekoak eduki beharko ditu pertsona nahiz gauzen segurtasuna bermatzeko, dela espazio publikoan dela finka mugakideetan.

b) Obrak egin ahal izateko, kable elektrikoak, telefonikoa, etab. tokiz aldatu behar badira, sustatzaileak berak eginen du lan hori eta hark jarriko ditu kableak berriz beren tokian, udal zerbitzuek adierazten diotenari jarraikiz.

c) Hoditerien harguneak, loturak edo aldaketak egiteko zangak ireki behar direnean, sustatzaileak berak ireki eta itxiko ditu, eta eremu publikoan ukitzen den zoladura behar bezala utziko du. Betiere, lizentziari loturiko obrak direla eta, eremu publikoan zoladura puskarik hondatzen bada, sustatzaileak jarri beharko du zoladura berria.

d) Obra larriak egiterakoan, segurtasun neurrien artean eremu publikoan hesiak jarri behar direnean edo aldamioak eremu publikoaren gainean bermatu, sustatzaileak ez du lizentzia berariazkorik eskatu beharko horretarako. Alabaina, obra txikia denean, sustatzaileak lizentzia espres eskatu beharko du horrela jokatzeko.

e) Hala aurreko zenbakian aurreikusitako kasuan, nola, edozein arrazoi dela bide, eremu publikoaren zati bat behin-behinekoz hartu behar duenean, kaleetan sortutako eragozpena ahalik eta txikiena izan dadin jokatuko du. Gainera, Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuarekin erabaki beharko du noiz eta nola jardun. Alabaina, ez du inola ere, hartutako jarraibideen aurka jokatuko.

3. Udalaren ikuskapena.

a) 35/2002 Foru Legearen 197. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, obrak egin bitartean eta bukatu arte, Udalaren zerbitzuek ikuskapenak egin ahalko dituzte.

b) Lehen aldiz erabiltzeko lizentzia edo irekitzeko lizentzia duten obretan, lizentzia eskuratzen denean bukatuko dira obrak Obra txikiak direnean, sustatzaileak obrak bukatu direla Udalari jakinarazi eta bertze hamabortz egun beharko dira obrak bukatutzat jotzeko.

66. artikulua. Behin-behineko obrak.

1. Lizentziaren beharra.

a) Lizentzia behar da behin-behineko obretarako. Eskabidean, obretarako oro har finkatu den informazioaz gain, obrak noiz hasiko diren eta zenbat iraunen duten zehaztu beharko da.

b) Lizentzia emateko, epe horiek bete beharko dira, edo lizentzia ematen duen ebazpenean ezartzen direnak.

2. Aldamioak eta eremu publikoaren okupazioa.

a) Obra handia egiteko lizentzia eskaerak berekin dakar beharrezko aldamioak behar den denboran jartzeko lizentzia eskaera ere. Horrenbertzez, obra mota horietarako lizentziaren barrenean aldamioak jartzeko lizentzia ere ematen da, lizentziaren ebazpenean aukera hori espres baztertzen denean izan ezik.

b) Obra txikien kasuan, sustatzaileak aldamioak paratzeko beharra ikusten badu, hala agertuko du lizentzia eskaeran, edo ondoren eskatzen ahal du -aldamioak paratu aitzin betiere- obrak egin bitartean suertatzen bada aldamioen beharra.

2. ATALA

Lehen erabilerarako lizentziaren tramitazioa

67. artikulua. Lehen erabilerarako lizentziaren xedea.

1. Lehen erabilerarako lizentzia inoiz erabili ez diren eraikinetarako eskatu beharko da, edo haien erabilera aldatu nahi denean.

2. Lehen erabilerarako lizentzia beharko da, orobat, zaharberritze obrak egiten direnean, eraikineko etxebizitza kopurua handitzen ez bada ere.

3. Lizentziarik gabe egindako eraikinak direnean, aldi berean tramitatu beharko dira lehen erabilerarako lizentzia eta obren legeztapena; betiere, obra horiek legeztatzeko modukoak badira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 25/2002 Foru Legean ezarritakorei jarraikiz.

68. artikulua. Jarduera sailkatua irekitzeko lizentzia.

1. Jarduera sailkatua irekitzeko lizentziak lehen okupazioko udal lizentziaren ordezkoa da ondorio guztietarako.

2. Izapideak egiteko, arloko legerian eta arauetan ezarritakoari jarraituko zaio. Dena dela, atal honetan lehen okupazioko lizentziarako ezarritakoa aplikatuko da haren tramitazioan, ordezko gisa.

69. artikulua. Lizentzia eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Lizentzia eskaerarekin batean datu hauek eman behar dira:

A) Lizentzia eskatzen duenaren izen-deiturak eta helbidea.

B) Zein eraikinetarako eskatzen den lizentzia, hura zein lurzatitan den.

C) Eraikitzeko lizentzia eman zen eguna eta, kasua bada, zein egunetan onetsi ziren aldaketak obra lizentzia eskuratua zuen proiektuan.

D) Obra zuzendu duen teknikariaren ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia. Dokumentu horrek ziurtatu beharko du obra lizentziaren arabera egin dela; gainera, obraren guztirako kostua jasoko du.

2. Zernahi arrazoi dela bide, obran aldaketak egin direnean, behin betiko planoak aurkeztu beharko dira eta, hala behar denean, jatorrizko proiektuetan egindako aldaketak legeztatzeko eskatu beharko da, baita lizentziarik gabe egindako obrak legeztatzeko ere.

70. artikulua. Lehen okupazioko lizentzia emateko baldintzak.

1. Lehen okupazioko lizentzia emateko, lizentzia eskuratutako obra guztiak eginak izatea eskatuko da.

2. Bukatua egon beharko da, bertzeak bertze, kanpoko itxitura, eta beteak egon beharko dira 65.2artikuluko eginbeharrak, hau da, lehen bezala utzi beharko dira obrak egiteko lurzoru publikoan ukitu diren instalazio orokorrak eta haren urbanizazioa.

3. Salbuespen gisa, lehen erabilerarako lizentzia ematen ahal da 2. puntuan adierazitako obretako bat egin gabe izanda, baina, kasu horretan, Udalak finkatutako abala aurkeztu beharko du aldez aurretik sustatzaileak, obrak eginen direla bermatzearren.

4. Kasu horretan, sustatzaileak ez badu obrak bukatzeko Udalak eman dion epea betetzen, obrak egiteko agintzen ahal du Udalak zuzenean, eta abala betearaziko du edo obren kostua sustatzaileari eskatuko dio.

3. ATALA

Hirigintzako legezkotasunaren babesa

71. artikulua. Betearazpen aginduak.

1. 35/2002 Foru Legearen 195 eta 196. artikuluetan ezarritakoarekin bat, Udalak, ofizioz nahiz edozein interesdunek eskaturik, exekuzio aginduak ematen ahalko ditu, higiezin nahiz finken jabeak behartu beharrez kontserbatzeko, zaharberritzeko eta inguruari egokitzeko betekizunak betetzera.

2. Halakoetan, jabeari gaztigu arrazoitua eginez abiatuko da espedientea; errekerimendu eginen zaio finkatzen zaion epean egin ditzan zehazten dizkioten obrak, edo bertzenaz alega ditzan obra horiek egitera beharturik ez egoteko arrazoiak.

3. Erantzuteko finkatzen den epea 15 egun izanen da gutienez, obra txiki bat egin behar duela uste bada, eta hilabete, obra handia denean.

72. artikulua. Betearazteko aginduak eta hondamen deklarazioa.

1. Jabearen erantzuna jasota, Udalak erabakia hartuko du eskatu zaion lizentziaz edo ebatziko ditu aurkeztu diren alegazioak.

2. Udala ados ez badago jabeak proposatu dionarekin, kasuaren gaineko txosten teknikoa eskatuko du, egin beharreko obrak zein diren eta zer epetan egin behar diren xehe-mehe zehazteko.

3. Udalak txostenaren kopia igorriko dio ukitutako jabeari, eta epe bat eman dio, gutienez ere hilabetekoa, aukera teknikoak proposatzeko. Aukera horiek gaian aditua den teknikari batek bermatu beharko ditu.

4. Aukeren proposamenak bilduta edo jabeari emandako epea iraganda horrek aukerarik aurkeztu gabe, edo erran dizkioten obrak egiteko lizentzia eskatuta, Udalak exekuzio agindua emanen du, eta horrek jabea behartuko du 35/2002 Foru Legearen 195. artikuluaren 3. atalean ezarri bezala.

73. artikulua. Hondamen egoeraren deklarazioa.

1. Aitzineko bi artikuluetan ezarri den prozesuari jarraituko zaio hondamen egoera deklaratzeko espedientean.

2. Obrak egiteko espedientea tramitatzearen ondorioa hondamen egoera baldin bada, ez da beharrezkoa izanen espedientea berriz abiatzea, betiere hondamenaren irizpena eman duen txosten teknikoa igorri bada eta hilabete bat eman, bidezko juzgatzen diren alegazioak aurkezteko.

3. Udalak edo bertzenaz jabeak eginarazi duten txostenaren irizpena izan beharko da eraikina, edo haren parte bat, 35/2002 Foru Legearen 196. artikuluaren 2. atalean jasotzen diren kasuetan ote dagoen.

74. artikulua. Epeak luzatzea.

1. Espediente hauen tramitazioetan, ukitutako jabeak errekerimenduari erantzuteko eman zaion epearen luzapena eskatzen ahalko du, luzapen hori zergatik den beharrezkoa edo komenigarria azaldurik.

2. Udalak horren gainean erabakiko du kontuan harturik jabeak agertutako arrazoiak.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa betez, argitara ematen da orok jakin dezan.

Aguilar Kodesen, 2011ko urriaren 10ean.-Alkatea, Amparo Labeaga Díaz de Cerio.

Iragarkiaren kodea: L1117183