226. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2330/2011 EBAZPENA, azaroaren 14koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez onesten dira Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoen zonifikazioa, departamentu honen menpeko ikastetxe eta programetako plantillak, lanpostuak kentzeko eta lanpostu ibiltariei atxikitzeko eskaeraren prozedurak eta Nafarroako Foru Komunitateko maisu-maistren lekualdatze lehiaketan (Hezkuntza Departamentuak 2011-2012 ikasturtean eginiko deialdian) bete beharreko lanpostu hutsak.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 13an emandako 2066/2011 Ebazpenaren bidez, autonomia erkidegoko lekualdatze lehiaketarako dei egin zen, kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: Maisu-maistren Kidegoa, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoa, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen, Irakasleen eta Tailer Maisuen Kidegoa.

Lekualdatze lehiaketan irakasleek errazago parte hartzeko, bidezko da Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoen zonifikazioa eta departamentu honen menpeko ikastetxe eta programetako plantillak onestea.

Bestalde, beharrezkoa da lanpostuak formalki kentzeko eskaeraren prozedura zehaztea, kasuan kasuko plantillan lanpostua aurreikusia ez duten maisu-maistrentzat, bai eta lanpostu ibiltariei atxikitzeko eskaeraren prozedura ere.

Halaber, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko maisu-maistren lekualdatze lehiaketan (Hezkuntza Departamentuak 2011-2012 ikasturtean eginiko deialdian) bete beharreko lanpostu hutsak zehaztea.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak abuztuaren 3an emandako 15/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko zonifikazioa, ebazpen honen I. eranskinean ageri dena, onestea.

Zonifikazio hori aplikatuko da urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 16. eta 17. artikuluetan aurreikusitako egoeretan dauden maisu-maistrek lehentasunezko eskubidea erabil dezaten. Errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen estatuko lekualdatze lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk arautu ziren.

2. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako plantillak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoei dagozkienak eta beste ikastetxe eta programa batzuetakoak, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko maisu-maistren lekualdatze lehiaketan (Hezkuntza Departamentuak 2011-2012 ikasturtean eginiko deialdian) bete beharreko lanpostu hutsak ere. Ebazpen honen II. eranskinean ageri dira.

Lanpostu hutsen zutabean agertzen den minus ikurrak esan nahi du ondoriozkoak amortizatu eginen direla eta, hortaz, bete beharreko lanpostu kopurua ez dela handituko.

Ebazpen honetan aurreikusitako lanpostu hutsei lekualdatze lehiaketako deialdiaren ebazpenetik heldu direnak gehituko zaizkie. Horiez gain, erretiroengatik, heriotzengatik edo lanpostua gorde gabeko eszedentziengatik sor daitezkeen lanpostu hutsak ere sartuko dira, 2011ko abenduaren 31 bitarte sortzen badira.

3. Deialdia ebatzi eta gero Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetan eman gabe geratzen diren lanpostu hutsak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioei eskainiko zaizkie, baldin eta hezkuntzako plangintzan ezarrita badago.

Baldintza horretatik salbuetsita daude Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren kurtsoetako lanpostuak.

4. Ebazpen honek onetsitako plantillek ez dakarte berarekin lanpostuak kentzea 2011-2012 ikasturtea bukatu arte.

Denbora horretan, onetsitako plantillatik gora gelditzen diren lanpostuak, (+) ikurra daukatenak, amortizatu eginen dira erretiroak, eszedentziak edo lanpostua galtzea dakarten kentzeak gertatzen badira, hutsik gelditzen badira lehiaketa, heriotza edo antzeko arrazoiak direla medio.

5. Behin betiko destinoa duten Maisu-maistren Kidegoko karrerako funtzionarioek, baldin eta beren lanpostua onetsitako plantilletan aurreikusita ez badago, beren lanpostua kentzeko eskatzen ahalko dute, honako prozeduraren arabera:

a) Kasuan kasuko plantillan aurreikusi ez diren edo murriztu diren lanpostuei atxikiak dauden maisu-maistrek lanpostua kentzeko eskaera egiten ahalko diote Giza Baliabideen Zerbitzuari, eta horretarako ebazpen honen III. eranskinean azaltzen den agiria beteko dute. Eskaera hori aurkezteko epea 5 egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Murriztutako espezialitateko lanpostuei atxikitako maisu-maistren artean gehiago badira lanpostuak kentzeko eskatzaileak murriztutako lanpostuak baino, jarraian azaltzen diren irizpideak hurrenez hurren aplikatzearen ondorioz ateratzen diren maisu-maistrak ukituko ditu lanpostuen kentzeak:

1. Behin betiko gisa etengabeko antzinatasun handiena ikastetxean edo eskualdean, lanpostu bereziei atxikitako maisu-maistren kasuan.

2. Maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen denbora luzeena.

Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriaren arabera kidegoan sarturiko langileen kasuan, maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatuta dutena gehituko zaio, lehenengo zerbitzu-urtea kenduta.

3. Antzinatasun handiena kidegoan.

4. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran, zerrendan zenbaki txikiagoa izatea edo puntuazio handiagoa.

c) Lanpostuak kentzeak ondorioak izanen ditu 5 egun balioduneko epearen azken egunean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hortaz, interesdunek ikasturte honetako lekualdatze lehiaketan erabili ahalko dute lanpostuak betetzeko araudian aurreikusitako lehentasunezko eskubidea, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 13ko 2066/2011 Ebazpenean ezarritako baldintzekin bat. Ebazpen horren bidez autonomia erkidegoko lekualdatze lehiaketetarako dei egin zen, kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: Maisu-maistren Kidegoa, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoa, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen, Irakasleen eta Tailer Maisuen Kidegoa.

6. Maisu-maistrek behin betiko destinoa ikastetxe bateko lanpostu arruntean baldin badute, plantillan ibiltari gisa ageri dena, lanpostu ibiltari berriari atxikitzea hautatzen ahalko dute, ikastetxean duten antzinatasuna ondorio guztietarako mantenduz, edo, bestela, lanpostua kentzea hautatu, aurreko atalean adierazitako baldintzetan.

Lanpostu ibiltariari atxikitzea erabakitzen badute, IV. eranskineko ereduaren araberako eskaera bete eta Giza Baliabideen Zerbitzura igorri beharko dute, 5 egun balioduneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Lanpostu berriko atxikipenak 2012ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Destinoa ikastetxe bati atxikitako lanpostu ibiltarian duten maisu-maistrak, plantillan ikastetxeko lanpostu arrunt gisa ageri bada, ofizioz atxikiko zaizkio ikastetxeko lanpostu arrunt berriari, eta 2012ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

7. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute ebazpen honen eta eranskinen kontra, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta eranskinak Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta web orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratzea.

9.º Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera eta Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Aukera Berdintasunaren, Hezkuntzako Parte-hartzearen eta Irakasleentzako Arretaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2011ko azaroaren 14an.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F1117762