225. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VILLAMAYOR DE MONJARDIN

Aldaketa xehakatua HAPOn. Behin betiko onespena

Villamayor de Monjardingo Udalak, 2011ko irailaren 22an egin osoko bilkuran, aldaketa puntual xehakatua hasiera batean onetsi zuen HAPOn, egun dauden katastroko lurzatiak gutieneko lurzati eraikigarri gisa finkatzeko eta, orobat, A-1 antolamendu eremuko hirigintzako araudi partikularrean eskatzen den gutieneko frontea murrizteko.

Jendaurrean egoteko epea iraganik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 79.-3, 74 eta 81.-1 artikuluak eta haiekin bat heldu direnak bete beharrez, Udalak, 2011ko urriaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betikoz onestea aldaketa hori eta iragarki hau argitaratzea, baita aldaketaren testua ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Villamayor de Monjardinen, 2011ko urriaren 28an.-Alkatea, Eugenio Fernando Barbarin Luquin.

ONETSITAKO ARAUDIA

50. artikulua. Gutieneko lurzati eraikigarria.

"Hauek izanen dira gutieneko lurzati eraikigarriak:

1. Udal Plan Orokor hau behin betikoz onestean diren katastroko lurzatiak, Villamayorko hiri lurzoru finkatuan badaude.

2. Hiri lurzoru finkatuko lurzatiak, araudiaren 49. artikuluan ezarritako baldintzen araberako banantzeetatik heldu direnak.

Hirigintzako fitxa proposatua.

A-1.-Etxebizitza tradizionala

Fitxa honetan agertzen dira NOR.2.O planoaren arabera antolamendu eremu honen barnean dauden lurzatiek bete beharreko baldintzak. Fitxa hori berari aplikatzen ahal zaizkion araudiko artikulu zehatzei edo dagokion planoari lotzen ahal zaie.

Lurzatiaren baldintzak.

Gutxieneko azalera: 70 m2.

Gutxieneko frontea: 6,50 m.

Erabiltzeko baldintzak.

Erabilera bereizgarria: etxebizitza tradizionala, familia batendako edo gehiagorendako, eta kolektiboa.

Erabilera bateragarriak: bateragarritasunen taularen arabera.

Erabilera debekatuak: gainerakoak.

Forma baldintzak.

Okupazioa: NOR.2.0. planoan aipatzen dena; okupazioko ehuneko baten bidez adierazten da bertan. Deus adierazten ez bada, eremuaren %100 okupatzen ahal dela ulertuko da.

Lerrokadura: gehieneko lerrokadura da eremuaren muga zehazten duena, eta nahitaezko lerrokadura, berriz, lerrokadura ofiziala.

Eraikigarritasuna: NOR.2.0 planoan adierazitako lurzatiaren gehieneko okupazioari eta garaierei dagokiena.

Eraikuntzaren gehieneko garaiera: B+2, eta gehienez ere 10 m teilatu-hegaleraino.

-Ordezkatze edo berregituratze obretan aukeran izanen da teilatu-hegalaren lerroaren egungo garaiera mantentzea edo eremu horretarako orkorrean ezarritakoa aplikatzea.

Atzeraemangunea: ez da onartzen. Eraikuntzak bere lurzatiaren lerrokadura ofizialetan eta lerrokadura ofiziala ukitzen duten alboko lurzatietako mehelinetan hartu beharko du euskarri.

Berariazko baldintzak.

1.-Estalki maldadunak.

Estalkiak %30 eta %40 arteko malda izanen du. Mehelinen arteko eraikinetan bi isurkiko estalkia izanen da, gailurra fatxadarekiko pixka bat paraleloa dela. Hiru edo lau isurki izaten ahalko dira, lurzatiaren formagatik beharrezkoa edo komenigarria denean. Soluzio konplexuak baztertuko dira eta edozein fatxadatan horma pikoak eratzea saihestuko da.

Estalkia teila zeramiko gorrixketan eginen da: lehentasunez teila zaharrak erabiliko dira eta, aldiz, betiere baztertuko kolore gorri biziko edo distiratsuko teilak. Teilatu-hegalek 40tik 80 cm arteko hegalkina izanen dute beren fatxadaren lerroaren gainean. Hala ere, teilatu-hegala sestratik 4 m-tik beherako distantzian dagoenean, ez da onartuko hegala 20 cm-tik gora irtetea. Teilatu-hegalak zurezkoak, adreiluzkoak edo hormigoizkoak izanen dira, haien formarekin eremuko ohiko soluzioak kopiatuta.

c) Ez da onartzen ez txapitularik, ez estalkiaren bolumena desitxuratu edo teilatu-hegalak eteten dituen bertzelako elementurik, behar-beharrezkoak diren tximiniak izan ezik. Estalkiaren planoan beiraz hornituriko leihoak (sabai-leihoak, velux motakoak) egitea baimentzen da, baldin eta baoaren neurriek 75 cm-ko aitzinaldea eta 125 cm-ko sakonera gainditzen ez badituzte eta estalkiaren isurki batean kokaturiko beiraz hornituriko azalera osoa isurki horren azalera osoaren %10etik goitikoa ez bada.

2.-Hegalkinak eta balkoiak.

a) Debeku dira irtengune itxiak eraikuntzaren fatxaden gainean:

-Balkoiak ezin izanen dira irten fatxada lerrotik 80 cm-tik goiti. Nolanahi ere, 109,3. artikuluan hegalkinetarako oro har ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

-Balkoietako harlauzen ertzak ezin izanen dira 15 cm-tik goitikoak izan. Harlauzaren goiko akabera ezin izanen da irten kanpora, eta 15 cm-ko ertzaren barnean egonen da beti. Hegalkina duten harlauzek oinplano erregularra eta simetrikoa izanen dute, sartzeko baoaren ardatzarekin. Berariaz debeku dira forma zorrotzak edo makurrak eta 90º-ko angelua ez dena duten izkinak.

-Babes gisa, burdinazko baranda ezarriko da, 110 cm-ko gehieneko garaierarekin. Debeku dira obrako barandak edo hormigoiz edo harri artifizialez egindako piezak dituztenak.

-Balkoi bakoitzaren gehieneko luzera 2 m izanen da, gehienez.

3.-Fatxaden konposizioa:

b) Fatxadek eraikinari euskarria ematen dion lurra ukituko dute kasu guztietan.

c) Adreilu trinkoaren proportzioa nagusia izanen da baoen proportzioaren aldean. Proportzio hori fatxada osoan eta solairu bakoitzean bete beharko da, azken solairuan izan ezik; izan ere, horretan baoak multzokatzea onartzen da. Horregatik, gainerako solairuetan bi baoren arteko distantzia horizontala bao horien zabaleren baturaerdia baino handiagoa izan beharko da.

d) Leihoen eta balkoien ertzek mehelinetatik edo eraikuntzaren izkinetatik 40 cm-ko distantzia edo hortik gorakoa izanen dute.

e) Baoak angeluzuzenak izanen dira, eta proportzio bertikalak edo karratuak izanen dituzte, baina ez horizontalak. Baoaren gehieneko zabalera 1,2 m izanen da, eta gehieneko garaiera 2,5 m.

f) Garajerako sarbidea konpontzeko asmoz, pasatzeko zabalera 1,20 m-tik goitikoa duen baoa onartzen da. Kasu horietan arotz lanak bereziki zainduko dira: ahal dela, zurezko estaldura izanen du kanpora begira; metalezkoa bada, aldiz, zurezko arotz lanekin bat heldu den akabera izan beharko du. Edozein pertsiana bilgarri saihestuko da.

g) Fatxada nagusietan baoen konposizioa ardatz bertikaletan eta horizontaletan antolatuko da. Dena den, horrek ez du ekarriko ardatzen elkargune guztietan baoak egon beharra.

4.-Fatxadako materialak:

Fatxadetako akaberak harlanduak edo harlangaitzak izanen dira. Oro har, ingurunearekin bat datozen materialak izanen dituzte.

Ageriko adreilua teilaztatua eta kolore naturalekoa denean baino ez da onartuko. Debekatuta dago adreilua agerian uztea, prentsatua edo estrusionatua denean.

Harri plakak onartzen dira betiere hemengo eraikinetan diren harriak imitatzen badira formaz, kokatzeko maneraz, egituraz nahiz koloreaz den bezainbatean.

Fatxadetan ez dira onartuko harriaren edo bertzelako materialak imitatzen dituzten pinturak; debeku horretan sartzen da zokalo, leihozango eta atezango, baoen ateburu eta leihoburu edo izkinetako kateaduretan harlanduak pinturaren bidez imitatzea.

Aldiz, baimendurik dago behe-oholak eta baoen laukiak herrian ohikoak diren kolore ilunetariko batzuetan pintatzea (grisak eta sienak). Nolanahi ere, pintura leunak izanen dira, ez juntura garbitzea ez harlanduak antzeratu gabe.

Fatxadan debeku da zura parrastaka erabiltzea.

Zaharberritze edo ordezte obretan lehendik dauden harrizko elementuak berreskuratu beharko dira.

5.-Arotzeria eta sarrailagintza lanak:

a) Leihoen eta ateen arotz lanak zurezkoak izanen dira, kolore naturalekoak edo marroi ilunez pintatuak. Era berean, koloreari, egiturari eta konposizioari dagokienez zura imitatzen duten materialak onartzen dira.

b) Pertsiana bilgarri finkoak onartzen dira, horiek biltzen dituen kutxa fatxadan islatzen ez bada. Materialei dagokienez, aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da.

c) Sarrailagintza lanetan burdina forjatua erabiliko da lehentasunez. Tutu-erako profilak erabiltzea onartzen da, horiek sarrailagintzan ohi den gisan kokatzen badira.

6.-Teilatu-hodiak eta zorrotenak:

a) Teilatu-hodi eta zorrotenek ahalik eta gehien errespetatuko dituzte teilatu-hegal eta horma-atalak, eta material hauek izanen dituzte: kobrea, zinkezko xafla, altzairu galbanizatu pintatua edo lakatua. Beheko solairurako burdinurtuzko piezak onartzen dira.

b) Zorrotenak ez dira zuzenean karrikara hustuko; nahitaezkoa da lotura bat egitea, ahal dela erregistratzen ahal dena, ur hustubideen sare orokorrera.

Iragarkiaren kodea: L1117688