1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1626/2011 EBAZPENA, urriaren 14koa, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena ematen duena Torrenueva legar-hobia ustiatu eta aprobetxatzeko jarduera sailkatuko proiekturako, udal ebazpena eman aurretik. Servicios Jorme, S.L. da titularra, eta Azkoiengo udal mugapean dago.
Hauxe da proiektua: erauzketa jarduera, bi urtetik gorako ustiapen aldia duena, eta 2,5 ha baino gehiago ukituko dituena. Hortaz, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua betez, Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar da, obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik, zehazki udalaren jarduera sailkatuaren lizentzia eman edo ukatu baino lehen, arau horren 4B eranskinean sartuta baitago.
2008ko abenduaren 12an Ingurumen eraginaren azterlana sartu zen nahikotasun tramiterako. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emandako 2009ko otsailaren 4ko idazkiaren bidez aditzera eman zen dokumentazioa nahikoa zela, eta Ingurumen eraginaren azterlana onartu zen, Azkoiengo Udalean tramitazioak aurrera segitu ahal izateko, 93/2006 Foru Dekretuaren 62. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.
Ingurumen eraginaren azterlana eta ustiapen proiektua 2010eko apirilaren 8an departamentu honetan sartu ziren, tramitatzeko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren 2010eko abuztuaren 17ko idazkiaren bidez, dokumentazio osagarria eskatu zitzaion sustatzaileari, eta 2011ko maiatzaren 16an jaso zen.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez (2009ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 25ekoa) proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunez, jarduera sailkatuaren udal lizentziaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako. Tarte horretan alegazio bat jaso da, hots, María Resano andreak, Huerta de Peralta enpresa ordezkatuz, aurkeztutakoa. Alegazio hori ebazpen honetako II. eranskinean laburtu da, eta erantzuna eman zaio.
Espedientean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2010eko ekainaren 3ko txostena jaso da eta Ibaiertzak Lehengoratzeko eta Obra Hidraulikoetarako Atalaren 2011ko maiatzaren 13ko txostena.
Ingurumen eraginaren azterlanean proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen ukipenik nabarienak aztertzen dira, eta, ebazpen honetan ezarritako baldintzekin batera, neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko.
Tramitatu den dokumentazioan jarduketak ongi zehaztuta daudela uste da eta, hortaz, proposatzen da Azkoiengo udal mugapean Torrenueva izeneko legar-hobia ustiatu eta aprobetxatzeko proiektuari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egitea (sustatzailea Servicios Jorme, S.L. da), aurkeztutako proposamena ingurumenaren aldetik bideragarri jotzen baita, ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betetzen badira.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 64. artikuluak ezartzen du Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak, udalaren ebazpenaren aurretik, Ingurumen eraginaren adierazpena eginen duela eta horrek, hala denean, lurzoru urbanizaezineko baimena jasoko duela.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduak emandako ahalmenak erabiliz, ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten baititu,
EBATZI DUT:
Lehena.-Ingurumen eraginaren adierazpena ematea Torrenueva legar-hobia ustiatu eta aprobetxatzeko jarduera sailkatuko proiekturako, udal ebazpena eman aurretik. Servicios Jorme, S.L. da titularra, eta Azkoiengo udal mugapean dago.
Bigarrena.-Jarduera ingurumenaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadin agintzea, eta espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren baldintzak ere bete beharko dira.
Hirugarrena.-Lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da honako arau hauek aplikatuz: ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena. Sustatzaileak abal solidarioa aurkeztuko du, uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuari loturik, bidezkoa bada, edo eskudiruzko fidantza aurkeztuko du Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 79.980 euro guztira, eta hori egin izana Udalari frogatu beharko zaio, hark irekitzeko baimena eman baino lehen. Bermea bost urtean behin eguneratu beharko da, kontsumorako prezioen indizearen bilakaeraren arabera.
Laugarrena.-Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 64.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
Bosgarrena.-Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik udalari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez funtsezkoa den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 77. eta 78. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
Seigarrena.-Irekitzeko udal lizentziaren eskaera udalean aurkeztu beharko da, obra bukaerako ziurtagiri batekin batera, zeinak bermatuko baitu instalazioak onetsitako proiektua betetzen duela, baita jarduera sailkatuaren udal lizentzian ezarri diren neurri zuzentzaile eta baldintza gehigarriak ere. Instalazioaren behin betiko planoak, egin diren neurketak eta egiaztatze praktikoak eta araudiarekiko egokitzapena ere erantsiko dira.
Zazpigarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Zortzigarrena.-Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean, hirigintzako gaiei buruz.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Bederatzigarrena.-Ebazpen hau igortzea udal eskatzaileari, sustatzaileari, María Resano andreari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Sustapen eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzari, eta adieraztea Udalak hamabost eguneko epean jakinarazi beharko diola zerbitzu honi hartutako erabakia, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko urriaren 14an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
I. ERANSKINA
Ingurumen baldintzak
A) Gehienez ere 150.000 m³ legar aterako da Azkoiengo 11. poligonoko 678. lurzatitik. Kota-beherapena 1,2 metrokoa izanen da batezbeste eta inolaz ere 3 metrotik gorakoa. Gehienez ere 15 urtez ustiatuko da, lehengoratzea barnean sartuta.
B) Ustiapenak ez du maila freatikoaren gainean ukipenik izanen, eta gutxienez ere erauzpenaren oinarrizko kotatik metro bat beherago mantenduko da. Lur azpiko uren gaineko ukipenik antzematen bada, erauzpena geldiarazi eta berriro ere diseinatuko da, ukipen hori saihesteko.
C) Lehengoratze lanean, sortutako zuloa bete, landare lurraren geruza berriz ezarri eta lur eremua birprofilatuko da, lurzati mugakideen ondoko eremua ahalik eta leunen gera dadin.
D) Lurrak mugitzen hasi baino lehen, 30 zentimetroko landare lurreko geruza kenduko da. Gorde eginen da eta guztia lurzatia lehengoratzeko erabiliko, nekazaritzako erabilera mantentzeko.
E) Legar-hobiaren ustialdian biltzen diren legarrak, lur-beltzak edo lur elkorrak proiektuan aurreikusitako aldean jarriko dira.
F) Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2006ko abuztuaren 4an emandako txostenean eskatutako neurriak beteko dira. Aurreikusitako lanak egitean hondar arkeologikorik agertzen bada lur azpian, obrak berehala geldituko dira eta aurkikuntzaren berri emanen zaio Vianako Printzea Erakundeko Ondare Arkeologikoaren Bulegoari.
G) Neurri zuzentzaileak eta baldintza teknikoak.
a) Isuri atmosferikoak.
Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:
-Kamioiak kargatu ondoren olanaz estaliko dira.
-Kamioiak upel-kamioi baten bidez ureztatuko dira hauts asko izateagatik beharrezkoa denean.
-Pistak eta sarbideak ureztatu eginen dira, eta behar bezala trinkotuta edukiko dira.
-Erauzketa eremuaren barrenean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura beti 30 km/h-tik beherakoa izanen da.
-Haizetik babestuta eta lurrez estalita metatuko da hautsa daraman materiala. Metaketa horiek estaltzeko materialik ez bada, hezetasuna emanen zaie. Ez da zilegi izanen hautsa duen materiala metatzea harrobiaren goiko kotetan.
b) Hondakinak.
Instalazioek material xurgatzaile egokiak izanen dituzte, baita edukiontzi bat ere, erauzteko makinetatik ateratzen ahal diren isurkinak eta gainerako gai kutsatuak biltzeko.
c) Hotsa.
Lanak egunez eginen dira eta ibilgailuen eta ekipo mugikorren ihes-hodietan isilgailuak jarriko dira.
d) Hondeatutako zuloa betetzea.
Ustiategian sortzen den zuloa betetzen hasiz gero, ustiapena hasi aurretik kendutako landare lurra eta ustiapenean zehar ateratako lurrak eta harriak baizik ez dira erabiliko betetze lanetan.
H) Isurien gehieneko balioak. zaratak eta bibrazioak.
-Instalazioak hots immisioaren mugako balio hauek bete beharko ditu:
ESKUALDEA | HOTS INDIZEAK |
Lk,d | Lk,e | Lk,n |
Instalazioak okupatutako lurzatia | 65 | 65 | 55 |
Instalaziotik hurbileko etxebizitzek okupatutako lurzatiak | 55 | 55 | 45 |
Erabiltzen diren indizeak bat datoz epe luzerako batez besteko hots etengabearen indize baliokide zuzenduekin, egunerako (07:00etatik 19:00ak arte), arratsalderako (19:00etatik 23:00ak arte) eta gauerako (23:00etatik 07:00ak arte), hurrenez hurren, Zaratari buruzko 37/2003 Legea garatzen duen 1367/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinean zehaztu bezala.
II. ERANSKINA
Jendaurrean jartzeko tramitearen emaitza
María Resano andreak, Huerta de Peralta enpresa ordezkatuz, aurkeztutako alegazioaren laburpena.
Alegatzaileak hau ager dadin nahi du: bere jardunean putzu batetik ateratzen den ura erabiltzen du eta, beraz, ez du nahi lur azpiko uren gaineko ukipenik izatea legarren mugimendua dela-eta. Horretarako, honako eskaera hau egiten du: lur-hobiaren ustiapenak ez dezala maila freatikoa ukitu.
Erantzuna:
Ebazpen honen ingurumen baldintzetan jasotzen den moduan, ustiapenak ez du maila freatikoa ukituko, hori erauzpenaren oinarrizko kotatik metro bat beherago mantenduko baita. Lur azpiko uren gaineko ukipenik antzematen bada, erauzpena geldiarazi eta berriro ere diseinatuko da, ukipen hori saihesteko.
Nolanahi ere, sustatzaileak aurkeztu duen azterlan hidrologiko berariazkoan ondorioztatzen da aurreikusitako ustiapenak ez dituela lur azpiko urak ukituko, izan ere erauzpenaren oinarrizko kota 288 metroan dago eta maila freatikoa 287,5 metrora dago. Era berean, ondorioztatzen da putzuetara eta ibilgu publikoetara dagoen distantzia aski handia dela eraginpeko eremutik kanpo geratzeko.
Iragarkiaren kodea: F1117092