225. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

233/2011 FORU DEKRETUA, azaroaren 2koa, Galar Zendeako eta Aranguren Ibarreko udal mugapeak aldatzeko espedientea ebazten duena, "Morea" sektoreko multzoko planaren eremuan.

Galar Zendeako Udalak eta Aranguren Ibarrekoak, 2010eko maiatzaren 21eko eta 25eko osoko bilkuretan, hurrenez hurren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan agindutako gehiengoa izanik, onespen-erabakiak hartu zituzten Galar Zendeako eta Aranguren Ibarreko udal mugapeak aldatzeko, "Morea" sektoreko multzoko planaren eremuan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 15. artikuluaren arabera, udal mugapeak aldatzen ahal dira, besteak beste, udalerri bateko edo batzuetako lur puska bat banandu eta beste bati edo batzuei eransten zaienean; horretarako, beharrezkoa da udalerriak mugakide izatea. Halaber, baimena ematen da jarduketa horiek espediente bakar batean biltzeko.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluak udal mugapeak aldatzeko prozedura arautzen du. Bigarren idatz-zatiaren a) eta b) lerroaldeetan xedatzen da espedientea gutxienez ere bi hilabetez jendaurrean jarri behar dela eta denbora horretan entzunaldia eman behar zaiela prozesuak ukitutako udalei.

Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamenduaren (uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsia) 14.1 artikuluarekin bat, espedientean honako hauek biltzen dira: aldatu nahi den lurraldearen planimetria, muga berriak zehaztuta, eta espedientean eskatzen den gainerako dokumentazioa, eta proposatutako aldaketa justifikatzeko zergatiak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 13.2.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Beraz, "Morea" sektoreko multzoko planak indarra hartzearen ondorioz, ukitutako eremua lurzoru urbanizagarri gisa sailkatu da, eta egun lurzatitan banatuta dago. Multzoko planak berak udal mugapeen aldaketa hori proposatzen zuen, ukitutako udalerriek orain bere egiten dutena osorik.

Horrek ekarri duen antolamenduak Galar Zendeako eta Aranguren Ibarreko udal mugapeak egokitzea eskatzen du, lurzati berriekin bat etortzeko, egun zenbait lurzati bi udal mugapeetan baitaude.

Udal mugapeak aldatzeko proposamena haien hirigintzako aprobetxamenduak eta azalera zuzen banatzen saiatu da. Aldaketa nagusia P7 eta DG lurzatietakoa da, Galarko udal mugapean kokatzen baitira; bestetik, bai bidea -P5 eta DG lurzatien artean- bai unitatearen ekialdeko berdegunea Arangurengo parte bihurtu dira.

Udal mugapeei buruzko aldaketa haien azalerak orekatuta gelditzeko baldintzapean egin da. Guztira, 37.589 metro koadro lurzati aldatzen da beren artean. Gainera, sektorea banaketa eremu bakar batekoa izanik, ez da aldaketarik izan karga edo onurei dagokienez, eta ez da kaudimenik galdu udaletan hartzekodunen kalterako.

Galarko eta Arangurengo udal mugapeen azalerak berdin jarraitzen du aldaketa aurretik eta ondotik; hortaz, bere horretan dirau bi mugapeen ondareak, eta ez dago banantzea galarazten duen aipatu foru legearen 13, 14 eta 15. artikuluetan aurreikusitako oztoporik.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak uztailaren 29an emandako 473/2010 Ebazpenaren bidez (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2010eko abuztuaren 16an), Galar Zendeako eta Aranguren Ibarreko udal mugapeak aldatzeko espedientea hasi eta jendaurrean jarri zen, eta udal horiei entzunaldia eman zitzaien.

Jendaurreko aldia amaitu ondoren, ukitutako toki entitateek ziurtagiriak aurkeztu dituzte, non aldi horretan alegaziorik jaso ez direla frogatzen baita.

Espedientea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 17. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat tramitatu denez eta lege bereko 13., 15., 16. eta 18. artikuluetan aipatzen diren baldintzak betetzen direnez, 13. artikuluan aipatzen diren helburuak lortzeko, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak espedientea ebaztea, proposatzen diren muga aldaketak onartzeko.

Lurraldeak Mugatzeko Batzordeak 2011ko apirilaren 13ko bilkuran eman zuen irizpenak eta Nafarroako Kontseiluak 2011ko ekainaren 27an egindako bilkuran emandako 31/2011 irizpenak (aldekoak) ere osatzen dute espedientea.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak emandako irizpenarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko azaroaren 2ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Galar Zendeako eta Aranguren Ibarreko udal mugapeen aldaketa onesten da, "Morea" sektoreko multzoko planaren eremuan. Mugak izanen dira udal horiek, hurrenez hurren, 2010eko maiatzaren 21ean eta 25ean egindako osoko bilkuretan hartutako erabakien bidez onetsitako planoetan adierazitakoak. Muga horien U.T.M. koordenatuak espedientean heldu dira.

2. artikulua. Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuari foru dekretu hau betearazteko behar diren ekintza guztiak aurrera emateko agintzen zaio.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko azaroaren 2an.-Nafarroako Gobernuko lehenbiziko lehendakariordea, Roberto Jiménez Alli.-Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilaria, Roberto Jiménez Alli.

Iragarkiaren kodea: F1117878