225. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2011ko azaroaren 2an hartua, "Jaurrietako hondakin uren tratamendua" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak ekainaren 30ean emandako 799/2011 Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri ziren aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, hamabost egunez.

Jendaurrean egoteko epea bukatuta eta interesdunek aurkeztutako alegazioak ebatzita, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak urriaren 20an emandako 1127/2011 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua.

Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da funtsezkoa delako obrak (araztegi bat eraiki eta hondakin uren isuriari lotzea, alegia) azkar egitea, berehala konpontzeko Jaurrietan hondakin urak arazketa biologikorik gabe isurtzeak gaur egun sortzen dituen osasun eta ingurumen arazoak.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A. (NILSA) enpresak alegatutako arrazoiak ikusita eta aurrekontuan balio justua ordaintzeko diru-izendapen nahikoa badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, adierazten da presakoa dela "Jaurrietako hondakin uren tratamendua" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egun horretatik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A.ri (NILSA) jakinaraztea.

Iruñean, 2011ko azaroaren 2an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1117895