225. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, 2011ko azaroaren 2koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Berriozarren eta Berriobeitin (Artika) merkataritza-establezimendu handi bat ezartzeko proposamena, Euro Depot España, S.A.U.k sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzen duena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

Euro Depot España, S.A.U.k Udalez gaindiko Plan Sektorial bat aurkeztu du Berriozarren eta Berriobeitin (Artika) merkataritza-establezimendu handi bat ezartzeko. Establezimendua Bricodepot merkataritza izenarekin arituko da, eta brikolajerako eta eraikuntzarako produktuak, tresnak eta materialak salduko ditu txikizka. Proiektuaren arabera, establezimenduak, guztira, 7.201,92 m²-ko azalera eraikia izanen du, eta 5.755,13 m²-ko azalera erabilgarria erakusketa eta salmentetarako.

I.-Aplikatu beharreko legeria.

Barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez, zenbait foru lege aldatzen dituen apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legeak honako hau ezartzen du:

"Txikizkako merkataritza-establezimendu handitzat hartuko dira txikizkako merkataritzan aritzen diren establezimendu indibidual edo kolektiboak, baldin eta produktuak saltzeko eta erakusteko duten azalera erabilgarria 2.500 metro karratu baino handiagoa bada".

"Merkataritza-establezimendu handien kontzeptutik at geratzen dira udal azokak eta ibilgailuen nahiz erregaien, makineria industrialaren, lorezaintzako gaien eta eraikuntzako nahiz saneamenduko materialen salmentarakoak, bai eta mugetako eremuetan kokatzen diren saltokiak ere.

Merkataritza-establezimendu handiak nagusiki bizitegietarako erabilera duten lurzoru urbanizagarrietan edo hiri lurzoruetan instalatzen ahalko dira bakarrik. Lur eremu batek nagusiki bizitegietarako erabilera duela irizten da baldin eta etxebizitza kolektibo jarraituko 250 etxebizitzako edo 600 biztanleko bizitegi-eremuak baldin baditu, eta hektarea bakoitzeko 40 etxebizitzako etxe-dentsitatea. Salbuespen gisa, berreskuratutako industria-eremuetan ere jartzen ahalko dira, hiriaren edo hiri-bilbearen zati badira.".

II.-Agiriak.

2011ko maiatzaren 18an eta 24an, eta ekainaren 8an, interesdunak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan honako agiri hauek osatzen duten plana aurkeztu du:

-Dokumentazio juridikoa.

-UPSaren oinarrizko proiektua.

-Hirigintza arloko bateragarritasunaren ziurtagiria.

-Lurrak eskuragarri izatearen egiaztapena.

-Eraginen duen mugikortasunari eta CO2-ren emisioei buruzko azterlana.

-Ziurtapen energetikoa.

-Ingurumen ondorioen azterlana.

-Salmenta aretoaren ziurtagiria.

-Tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

-UPSaren edukia.

Agiri horiek aurkeztuta, betetzen da Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak (apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legearen bidez partez aldatu zenak) eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeak eskatzen dutena.

III.-Proposamenaren deskribapena.

Merkataritza-establezimendua Artikako (Berriobeitiko udalerria) eta Berriozarko herrietan kokatu nahi da, Iruñeko Iparraldeko Ingurabidearen ondoan, "Mc-Donald's Berriozar" eta "Idea Center" establezimenduen ondoan. Iparraldeko Ingurabidetik (PA-30) zuzeneko sarbidea izanen du ibilgailuentzat, eraiki berri den biribilgune baten bidez.

UPSak ukitutako lurzatiek 12.088 m²-ko azalera hartzen dute, eta hirigintza zerbitzu guztiez hornituta dagoen poligono baten barruan daude. UPSan aurreikusi da egun dauden elektrizitateko, ur hornidurako, ur beltzen eta euri uren saneamenduko, gaseko, telefoniako eta argiteriako sareei lotzea.

Lurzoru urbanizatua denez, UPSak proposatutako antolaketan merkataritza-eraikina proiektatzen deneko lurzatiak baino ez dira antolatu. Eraikinak itxura laukizuzena du, eta eremuaren ipar-mendebaldeko muturrean kokatzen da. Eraikinaren aurrean aparkatzeko 178 toki dituen eremua jarriko da. Toki horietatik 12 (%6) mugimen murriztua duten pertsonentzat izanen dira.

Merkataritza-eraikina ale bakarreko bolumen bat da, alde formalei eta funtzionalei dagokienez. Solairu bakarreko nabe bat da, guztira 7.201,92 m²-ko azalera eraikia duena, eta 5.755,13 m²-ko azalera erabilgarria salmenta eta erakusketetarako.

Proiektatutako bolumenaren gutxi gorabeherako neurriak 67,01 x 107,50 m-koak dira, eta fatxadaren altuera, 9,5 m-koa. Eraikinaren kanpoko itxitura hormigoi aurrefabrikatuzko panel leunekin eginen da, eta estalkia, hiru isurkikoa eta %2ko malda izanen duena, 52 panel fotovoltaiko instalatzeko euskarri gisa erabiliko da.

IV.-UPSa baloratzeko irizpideak eta txosten sektorialak.

IV.1. 6/2010 Foru Legearen irizpideak UPSa onesteko.

Lehen adierazi den bezala, agiri horiek aurkeztuta, betetzen da foru lege horrek eskatzen duena aurkeztu beharreko dokumentazioari buruz, eta legeak, UPSa onetsi ahal izateko, finkatutako irizpideak ere justifikatu dira.

Foru legeak eskatzen du merkataritza-establezimendu handiak hiri-lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan instalatzeko, nagusiki bizitegietarako erabilera dutenetan, eta legearen arabera, horrelakoak dira "etxebizitza kolektibo jarraituko 250 etxebizitza edo 600 biztanle dituztenak, eta hektarea bakoitzeko 40 etxebizitzako etxe-dentsitatea". Hori dela eta, espedientean indarra duten hirigintza planeamenduen hainbat aipamen egiten dira, eta adierazten da planeamendu horiek merkataritza-eremuak ezarri dituztela hiri-ingurunean, eta horregatik zilegi dela merkataritza-establezimendu handi bat ezartzea, bizitegietarako erabilerarekin integratuta.".

Hori dela eta, adierazi behar da jarduketa Artiberri I sektorearen eremuan eginen dela, Berriozarko eta Berriobeitiko mugapeetan, non 200 etxebizitza aurreikusi diren. Horrela, sektorearen batez besteko dentsitatea 26 bat etxebizitza/hektarea izanen da. Sektorearen ondoan, Berriozarko herriguneaz gainera, Berriozako Artiberri II sektorea (1.032 etxebizitza kolektibo, 50 etxebizitza/hektarea) eta Artikako Etxebakar sektorea daude (1.142 etxebizitza kolektibo, 43 etxebizitza/hektarea). Hortaz, esan daiteke merkataritza proposamenak betetzen duela bizitegietarako hiri-bilbe batean ezartzeko beharkizuna, 6/2010 Foru Legeak ezarri duen bezalaxe.

IV.2. Indarreko hirigintza planeamendua.

Aurkeztutako planaren eremua Artiberri sektoreko J, N eta M lurzatiekin bat dator. Sektore hori Berriozarko eta Berriobeitiko hirigintza planeamenduak aldatzeko bi espedienteren xede izan zen (2009ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 20koa, eta 2009ko 147. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 30ekoa, hurrenez hurren).

Proiektaturiko eraikuntza sektore horren J eta N lurzatietan kokatuko da, eta "merkataritza-zerbitzu" gisa kalifikatu da. Guztira, 9.655,96 m²-ko eraikigarritasuna du. Eraikigarritasun horrek ez du merkataritza-eraikinarena gainditzen, ez eta agortzen ere, guztira 7.201,92 m²-ko azalera eraikia baitu proiektatuta. Bestalde, aparkatokien eremua M lurzati pribatuan aurreikusi da, lurzati libre eta zerbitzuetarako kalifikazioa baitu, eraikigarritasunik gabe. Proposamena, beraz, indarreko hirigintza planeamenduari egokitzen zaio, eta poligono horretan egindako urbanizazioa errespetatzen du.

IV.3. Aparkalekuak.

Sortuko den mugikortasunari buruz aurkeztu den azterlanaren arabera, "Berriozar-Berriobeitiko Bricodepoteko aparkalekuak 178 ibilgailurendako tokia izanen du". Azterlanean adierazten da, eskari handieneko egunean (larunbatean) sortuko diren aparkaleku beharrak azterturik, "aparkalekuaren gehieneko okupazioa %87koa izanen dela, eguerdiko 12etatik 13ak arte."

Ekipamendu horri dagokionez, adierazi beharra dago eramuaren ondoko bide guztietan, Iruñeko iparraldeko ingurabidean (PA-30) izan ezik, zilegi dela aparkatzea, dela ilaran, dela baterian.

IV.4. Udal txostenak.

17/2001 Foru Legeak ezarri bezala, interesdunak Berriozarko eta Berriobeitiko udalek egindako hirigintza txostenak aurkeztu ditu.

Berriozarko Udalaren 2011ko maiatzaren 17ko txostenak, bukaera aldean, dio "Artiberri 1 sektoreko N eta J lurzatiak egokiak direla brikolajeko produktuak eta eraikuntzako materialak saltzeko jarduerarako, hala erabilera motari nola azalerari dagokionez."

Bestalde, Berriobeitiko Udalaren 2011ko maiatzaren 9ko txostena ondorio honetara iristen da: "Kontsultaren xedeko lurzatietan eraikuntzako eta brikolajeko materiala saltzeko merkataritza erabilera baimenduta dago eta Artiberri sektorearen hirigintza araudiaren araberakoa da. Aldeko txostena ematen da".

IV.5. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostena.

Herri Lanetako zuzendari nagusiak, Nafarroako Foru Komunitateko errepide sareari dagokionez, 2011ko ekainaren 13an txosten bat egin du, non determinazio hauek ezarri baitira:

"-Bide azpiegiturak:

a) Proiektatutako urbanizazioaren euri-urak ez dira hustuko Nafarroako Foru Komunitateko bide-sareko errepideetako drainatze-saretik edo areketatik.

-Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenei dagokienez:

a) Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 26.2 artikuluaren arabera, kontuan hartu beharko da "egin gogo den jarduketa Nafarroako errepide-sareari lotzeko azpiegiturak sustatzaileak berak ordaindu eta, hala badagokio, egikaritu beharko dituela, baita, sustatutako jarduketa dela kausa sarea maizago erabiltzeagatik, sare horretan beharrezkoak liratekeen handitze-lanak ere." Hortaz, honako gastu hauek bederen sustatzailearen kontura izanen dira:

i. Bidegurutzearen eta urbanizazio-lanen proiektuak erredaktatzeko gastuak.

ji. Obrak egikaritzeko gastuak.

b) Sustatzaileak, foru lege horrekin bat eta obrak egikaritu aurretik, proposatutako sarbideak eraikitzeko behar den aginduzko baimena lortu beharko du departamentu honetan.

Horretarako, eskaerarekin batera, aurkeztutako dokumentazioa osatzeko beharrezkoa litzatekeen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du, eta obrak onetsiz gero, obrak zehaztu, egikaritu eta haien segimendua egiteko egokia iruditzen zaion beste edozein informazio ere."

IV.6. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostena.

2011ko ekainaren 13an, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi zuen "aurkeztutako Ingurumen ondorioen azterlanean jardueraren ingurunea eta balizko eraginak egoki aztertu direla. Horrenbestez, aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jotzen du, eta espedientea 30 egunez jendaurrean jartzeko moduan dagoela ondorioztatzen.

IV.7. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren txostena.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak 2011ko irailaren 15ean egin duen txostenean honako hau adierazi du merkataritzaren formatuari buruz: "Brikolajean espezializatua dagoen azalera handiko saltokiaren formatua bada jadanik Iruñerrian. Hegoaldean, Leroy Merlin izeneko establezimendu bat dago. Hortaz, proiektatutako establezimenduak ez du ekarriko ezarrita dauden merkataritza formatuez bestelako bat. Hala ere, brikolajearen merkataritza-establezimenduetan eragile berri bat Iruñerriko iparraldean ezartzeak lehia hobetzea ekarriko du, arlo horretako kontsumitzaileentzako eskaintza handitzen duelako."

Bestalde, txosten horretan adierazten da espedientean 6/2010 Foru Legean ezartzen diren energia arloko beharkizunak betetzen direla, hots, ibilgailu elektrikoak kargatzeko hornitzaileak instalatzea eta energia eragimenaren kalifikazioa edukitzea (eraikinak A kalifikazio energetikoa dauka eraikuntza berriko eraikinen energia eragimenaren ziurtagirien administrazio erregistroan).

Txosten honen bukaeran adierazten da proiektua behar bezala zehaztuta dagoela alderdi guztietan.

IV.8. Iruñerriko Mankomunitatearen txostena.

Iruñerriko Mankomunitateak 2011ko ekainaren 22an egindako txostenean adierazi du Uraren Zikloaren Departamentua, Hondakinen Departamentua eta Garraioetako Departamentua alde agertu direla. Txostenean adierazten da, hondakinak biltzeko gune gehiago behar izanez gero, eraikin berriaren inguruko aparkalekuan kokatuko direla, eta proiektu hau aurreikusita zegoela Artiberri II-ra doan 17. linearen luzapenean, eta beraz, behar diren jarduketak hasiak direla.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Berriozarren eta Berriobeitin (Artika) merkataritza-establezimendu handi bat ezartzeko proposamena, Euro Depot España, S.A.U.k sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

2. Sustatzaileak Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2011ko ekainaren 13an egindako txostenean eta Iruñerriko Mankomunitateak 2011ko ekainaren 22an egindako txostenean xedatutakoa bete beharko du.

3. Nolanahi ere, obren egikaritza baldintzatzen duten edo ukituta gelditzen diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egikaritzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta espedientearen eraginpeko lurretako udalei entzunaldia ematea, 30 egunez. Bi tramiteak aldi berean eginen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Sustapen eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1. solairua; 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Halaber, Ingurumen eraginaren azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea 7 - 31005 Iruña).

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea Sustapen eta Etxebizitza Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Berriozarko eta Berriobeitiko udalei, Artikako Kontzejuari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko azaroaren 2an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1117894