22. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

7/2011 FORU AGINDUA, urtarrilaren 13koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren azaroaren 8ko 333/2007 Foru Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez, eraikuntza sektoreko azpikontratazio liburua gaitzeko arauak ezarri ziren.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 23.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera, justifikatuz gero bitarteko elektronikoak nahitaez erabili beharra ezartzen ahalko da, interesdunak, lanbideagatik, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik, behar diren baliabide teknologikoak erabili eta eskura izateko aukera bermaturik duten pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak direnean.

Azaroaren 8ko 333/2007 Foru Aginduak, eraikuntza sektoreko azpikontratazio liburua gaitzeko arauak ezartzen dituenak, gaitzeko eskaera bertan agertuta edo telematika bidez egitea aurreikusten zuen. Gaur egun, ikusirik Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean ezarritakoa, Administrazioaren kudeaketa sistemak eta prozedura honen xede den enpresa sektoreak teknologia berriak erabiltzeko duen gaitasuna, bidezkoa da nahitatezko tramitazio telematikoa ezartzea eraikuntza sektoreko azpikontratazio liburua gaitu dadin eskatzeko.

Hortaz bada, azaroaren 8ko 333/2007 Foru Agindua aldatzea du xede foru agindu honek, nahitaezkoa izan dadin azpikontratazio liburua gaitzeko eskaera telematika bidez aurkeztea.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Eraikuntza sektoreko azpikontratazio liburua gaitzeko arauak ezartzen dituen azaroaren 8ko 333/2007 Foru Aginduko aldaketa.

Eraikuntza sektoreko azpikontratazio liburua gaitzeko arauak ezartzen dituen azaroaren 8ko 333/2007 Foru Aginduaren 2., 3. eta 4. artikuluak honela idatzita gelditzen dira:

Bat. 2. artikulua. Azpikontratazio Liburua gaitzeko eskaera.

"Enpresa kontratistek telematika bidez, nahitaez, aurkeztuko dute azpikontratazio liburua gaitzeko eskaera Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren bidez: www.navarra.es. Liburuan, lanak hasi zirenetik, ordena kronologikoaren arabera, adieraziko dira enpresa azpikontratistekin eta langile autonomoekin egindako azpikontratazio guztiak."

Bi. 3. artikulua. Gaitzeko organo eskuduna.

"Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da Azpikontratazio Liburua gaitzeko organo eskuduna".

Hiru. 4. artikulua. Azpikontratazio Liburuak gaitzea.

"Gaitzeko, Azpikontratazio Liburuak abuztuaren 24ko 1109/2007 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da. Errege Dekretu horrek Eraikuntza Sektoreko Azpikontratazioa arautzen duen urriaren 18ko 32/2006 Legea garatzen du."

2. artikulua. Eranskina kentzea.

Kendu egiten da Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren azaroaren 8ko 333/2007 Foru Aginduaren "Azpikontratazio liburua gaitzeko eskaera" izeneko eranskina, gaitzeko eskaera bertan agertuta aurkezteko eredua zekarrena.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko urtarrilaren 13an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F1100613