22. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

6/2011 FORU AGINDUA, urtarrilaren 13koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren maiatzaren 22ko 170/2008 Foru Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez Enpresa Baimendunen Erregistroa sortu zen eraikuntzaren arloan.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 23.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera, justifikatuz gero bitarteko elektronikoak nahitaez erabili beharra ezartzen ahalko da, interesdunak, lanbideagatik, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik, behar diren baliabide teknologikoak erabili eta eskura izateko aukera bermaturik duten pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak direnean.

2008. urtean erregistroa sortu zenetik, eskabideak bai bertaratuz bai bide telematikoz aurkezteko aukera eman da. Gaur egun, ikusirik Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean ezarritakoa, Administrazioaren kudeaketa sistemak eta prozedura honen xede den enpresa sektoreak teknologia berriak erabiltzeko duen gaitasuna, bidezkoa da nahitatezko tramitazio telematikoa ezartzea Enpresa Baimendunen Erregistroan inskribatzeko eskaera egiteko.

Hala bada, foru agindu honen xedea da eraikuntzaren arloan Enpresa Baimendunen Erregistroa sortu zen maiatzaren 22ko 170/2008 Foru Agindua aldatzea eta, horren ondorioz, erregistro horretan inskribatzeko eskaera bide telematikoz aurkeztu beharko da nahitaez.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Eraikuntzaren arloan Enpresa Baimendunen Erregistroa sortu zuen maiatzaren 22ko 170/2008 Foru Agindua aldatzea.

Eraikuntzaren arloan Enpresa Baimendunen Erregistroa sortu zuen maiatzaren 22ko 170/2008 Foru Aginduaren 2.2.d), 4., 5. eta 10. artikuluak honela idatzita agertuko dira:

Bat. 2.2.d) artikulua.

"d) Lan eta Immigrazio Ministerioak sortutako datu basean sartzea Erregistroan inskribatutako enpresen identifikazio datuak, bai eta eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa ere."

Bi. 4. artikulua.

"4. artikulua. Inskribatzeko eskaera.

1. Erregistro honetan inskribatu ahal izateko, enpresa interesdunek datu hauek jasoko dituen inskripzio eskaera bide telematikoz aurkeztu beharko dute nahitaez:

a) Enpresaren izena eta, hala denean, enpresa ordezkatzen duen pertsonarena, bai eta jakinarazpenak jasotzeko lehenetsitako bidearen edo tokiaren identifikazioa ere.

b) Sozietatearen helbidea.

c) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

d) Gizarte Segurantzako kotizazio kontu nagusiaren kodea.

e) Enpresaren jarduera, Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalaren arabera identifikatua.

2. Halaber, inskripzio eskaerarekin batera ondokoa aurkeztuko da:

a) Adierazpena, enpresaren ordezkariak sinatua, eraikuntzaren sektorean azpikontratazioa arautzen duen urriaren 18ko 32/2006 Legearen 4. artikuluko 1. eta 2.a) ataletan aipatutako baldintzak betetzearen ingurukoa.

b) Enpresak Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen araberakoa den prebentzio antolamendua duela frogatzen duen dokumentazioa.

c) Zuzendaritzaren eta produkzioaren eremuetan laneko arriskuei aurrea hartzearen arloan beharrezkoa den prestakuntza duten langileak badituela frogatzen duen dokumentazioa.

3. b) eta c) ataletako dokumentazioaren ordez enpresaren ordezkariak erantzukizuneko aitorpena aurkezten ahal du, eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzeko.

4. Sinadura elektronikoaren titularra eskaeran emandako datuen egiazkotasunaren erantzulea izanen da, bai eta eskaerari lotutako agiri elektronikoen benetakotasunarena ere."

Hiru. 5. artikulua.

"5. artikulua. Inskribatzeko prozedura eta ziurtagiria lortzea.

1. Organo eskudunak aurkeztu den dokumentazioa aztertuko du, eta enpresa eskatzaileak araudian eskatutako betebehar formalak betetzen dituen begiratuko du.

Eskaerak eta horri erantsitako adierazpenak abuztuaren 24ko 1109/2007 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, enpresa kontratista edo azpikontratista erregistroan inskribatu eta erregistroan identifikatzeko gako bat emanen zaio bakoitzari, eta hori bakarra izanen da enpresa bakoitzarentzat eta Estatu osorako. Gakoak hamaika digitu izanen ditu: lehenengo lauak 1431 izanen dira eta gainerako zazpiek enpresa bakoitzari esleitutako inskripzio ordenaren zenbakia jasoko dute.

Eskaeran ez badira araudian ezarritako datu eta agiriak agertzen, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzenketa egin dezala, eta ohartaraziko zaio hori egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aurretik horri dagokion ebazpena emanda.

2. Eskaerak eta horri erantsitako adierazpenak 4. artikuluan ezarritako baldintzak jasotzen ez baditu soilik ukatuko da erregistroko inskripzioa. Halakoetan, lanaren eta arriskuei aurrea hartzearen arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiak inskripzioa ukatzeko ebazpena emanen du hamabost eguneko epean, eskaera aurkezten denetik hasita, eta hurrengo hamar eguneko epean jakinaraziko da. Epe hori bukatu eta inskripzioa ukatzeko ebazpenik ematen ez bada, interesdunak ondorioztatzen ahalko du eskaera isiltasun administratiboaren bidez onartu dela.

3. Inskripzioa egindakoan, interesdunak inskripzioaren ziurtagiria eskuratzen ahalko du, erregistroan foru agindu honen 10. artikuluan ezarritako moduan sartuz".

Lau. 10. artikulua.

"10. artikulua. Erregistroan sartzea.

Erregistroan bide elektronikoa erabiliz sartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuaren atariaren bitartez (www.navarra.es).

Erabili beharreko eredu normalizatuen zerrenda eguneratua egonen da helbide elektroniko horretan, eta erregistroan sartu eta erregistro hori erabiltzeko ekipoek izan behar dituzten ezaugarri teknikoak azalduko dira."

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko urtarrilaren 13an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F1100612