212. ALDIZKARIA - 2011ko urriaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

116/2011 FORU AGINDUA, urriaren 3koa, Osasuneko kontseilariak emana, "Haurdunaldiaren borondatezko etendura dela-eta kontzientzia-eragozle diren osasun arloko langileen erregistroa" izeneko fitxategi informatizatua sortzen duena.

Azaroaren 8ko 16/2010 Foru Legearen bidez, haurdunaldiaren borondatezko etendura egiteko kontzientzia-eragozle diren osasun arloko profesionalen erregistroa sortu zen, eta halaber, haurdunaldiaren borondatezko etenduran zuzenean inplikaturiko osasun arloko langileek hura egiteari uko egiten diotela adierazteko prozedura ezarri zen. Arauaren zioen azalpenean Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoa aipatzen da, zeinak 19.2 artikuluan xedatzen baitu haurdunaldiaren borondatezko etenduran zuzenean inplikaturiko osasun-profesionalek eskubidea izanen dutela kontzientzia-eragozpenaz baliatzeko. Arau horrek dioenez, orobat, haurdunaldiaren borondatezko etendura egitea errefusatzea, kontzientzia arrazoiengatik, haurdunaldiaren borondatezko etenduran parte-hartze zuzena duten osasun arloko langileen banakako erabakia da, eta aurrez adierazi beharra dago, idatziz.

Azaroaren 8ko 16/2010 Foru legearen 3. artikuluan adierazten denez, haurdunaldiaren borondatezko etenduran parte-hartze zuzena duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileek, kontzientzia arrazoiak tarteko, ezin badute horrelako etendurarik gauzatu, kontzientzia-eragozpenaren adierazpena aurkeztuko dute, eta, halaber, Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoan ezarritako arrazoietatik zein alegatzen duten adierazi beharko dute. Adierazpen hori egiteko, azaroaren 8ko 16/2010 Foru Legearen eranskinean ageri den eredua erabiliko da.

Foru lege horren 4. artikuluak haurdunaldiaren borondatezko etendurak egiteko kontzientzia-eragozpena alegatu duten langileen erregistroa sortzen du. Bertan inskribatuko dira haurdunaldiaren borondatezko etendurak egiteko kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak. Lege xedapen horren ondorioz, erregistro hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Zuzendaritza-Kudeatzailetzaren mende egonen da zuzenean.

Datuak kudeatzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, foru lege horren 6. artikulua aplikatuz, beharrezkoak diren jarduketak eginen ditu izaera pertsonaleko datuen fitxategi automatizatua sortzeko eta foru lege honetan arauturiko erregistroan jasotako datuak indarrean dagoen araudiaren arabera kudeatzeko. Agindua betetzeko, hortaz, datuak kudeatzeko fitxategi informatizatu bat sortzea proposatzen da, "Haurdunaldiaren borondatezko etendura dela-eta kontzientzia-eragozle diren osasun arloko langileen erregistroa" izenekoa.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen mendeko fitxategi informatizatuak, datu pertsonalak biltzen dituztenak, arautzen ditu. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategi berriak foru agindu baten bidez sortuko direla, eta fitxategiaren ardura duen unitatea zein departamenturen mende dagoen edo zein departamenturi atxikirik dagoen, haren kontseilariak emanen duela foru agindu hori.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak egindako proposamenarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.-Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, honako fitxategi hau sortzea: "Haurdunaldiaren borondatezko etendura dela-eta kontzientzia-eragozle diren osasun arloko langileen erregistroa".

2.-Fitxategi automatizatuak ezaugarri hauek ditu:

A) Fitxategiaren xedearen eta aurreikusitako erabileren deskribapen zehatza.

Hona hemen erregistro horrek izanen dituen helburuak:

a) Haurdunaldiaren borondatezko etendurak egiteko kontzientzia-eragozpenaren adierazpenen inskripzioak jasotzea, bai eta adierazpen horien baliogabetzeak ere.

b) Nafarroako Osasun Administrazioari informazio nahikoa ematea, aipatu prestazioaren kudeaketa egokia ziurtatze aldera, haurdunaldia bere borondatez eteteko nahia adierazten duen emakumeak jakin dezan zein zentro publikotara joan daitekeen, Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz.

B) Ukitutako norbanakoak eta taldeak.

Haurdunaldiaren borondatezko etenduran parte-hartze zuzena duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileak, kontzientzia arrazoiak tarteko, ezin badute horrelako etendurarik gauzatu.

C) Datuen jatorria eta datuak biltzeko prozedura.

Datuak osasun arloko langile interesdunek egindako adierazpenetatik eskuratuko dira.

D) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak.

1) Identifikazio datuak:

-Izen-deiturak.

-Nortasun agiri nazionala.

2) Identifikaziokoak ez diren datuak:

-Titulazioa.

-Espezialitatea.

-Zerbitzuak ematen dituen zentroa.

-Atxikia dagoen zentroa.

-Sinesmenak

E) Datu pertsonalak lagatzea.

Ez da daturik lagako.

F) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa:

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Antolaketaren eta Informazio Sistemen Zuzendariordetzako Osasuneko Informazioaren Segurtasunerako Zerbitzua.

G) Bidezkoa denean, datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko unitatea:

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Antolaketaren eta Informazio Sistemen Zuzendariordetza.

H) Fitxategi automatizatua edo eskuzko fitxategi egituratua:

automatizatua.

I) Segurtasun neurriak.

Goi mailari dagozkion segurtasun neurriak hartuko dira.

3.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko urriaren 3an.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1116582