212. ALDIZKARIA - 2011ko urriaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

atarrabia

Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2011ko martxoaren 31an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea, ondoren erregelamenduaren arabera tramitatzeko, Atarrabian euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2011ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 4an, eta Udaleko iragarki oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Atarrabian, 2011ko urriaren 11n.-Alkatea, Pedro José Gastearena García.

ATARRABIAKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA
ETA SUSTAPENA ARAUTZEKO ORDENANTZA

ZIoen azalpena

Euskara Atarrabiako biztanleek mendeetan zehar erabili duten hizkuntza izan da eta da gaur egun ere. euskara nafar guztien ondarea da, dakitenena eta erabiltzen dutenena eta ez dakitenena eta erabiltzen ez dutenena ere. Gizarte honek, euskarak merezi duen estatusa lor dezan, eman beharreko urratsak eman behar eta eman nahi ditu.

Jakiteak ez du kalterik eta gizarte elebiduna (eta eleanitza) beti egonen da prestatuago etorkizunari aurre egiteko.

Hau dela eta, Atarrabiako Udalak euskara Euskal Herriaren ondare kulturalaren zati garrantzitsutzat, eta gaztelerarekin batera herriko hizkuntza ofizialetako bat jotzen du.

Gainera, euskara sustatzeko eta normalizatzeko hiritarrek duten aldeko joera, Nafarroako Gobernuak zein Atarrabiako Udalak orain arte egindako ikerketa soziolinguistikoetatik ateratakoaren arabera, biltzen da ordenantza honetan.

Euskararen aldeko nahi sozialaren isla den horren guztiaren arabera, Atarrabiako hiritar euskaldun eleaniztunen kopurua, urteak pasa ahala, handituko dela aurreikus daiteke.

Hiritar multzo horrek gero eta euskarazko zerbitzu gehiago eskatzeko eskubidea izango du, eta, ziur aski, halaxe egingo du, legeak ematen dizkion hizkuntza eskubideak baliatuz. Eta Udalak, erabiltzailearentzako zerbitzu publikoa den aldetik, dagokion moduan erantzun beharko dio eskakizun horri.

Atarrabiako Udalak berak, 2008ko martxoaren 31n egin osoko bilkuran, bere egin zuen euskararen normalizazioaren bidean beharreko neurriak hartzeko eta hizkuntza eskubideak errespetatzeko konpromisoa.

Beraz, egun indarrean dagoenetik abiatzen den Ordenantza berri honen helburua da, ikuspuntu estrategiko batetik, egungo eta etorkizuneko egoera soziolinguistikora egokitzea.

Beraz, ordenantza honen helburu orokorra da Udalaren baliabideak lanean jartzea, gizarte elebiduna sustatzeko, Atarrabiako hiritarrei udal zerbitzuak euskaraz emango zaizkiela bermatuz, eta euskararen erabilera areagotzeko esparru sozialak sortuz edota sustatuz.

Gizarte elebidunaz (eleanitzaz) ari garenean, gure herriko bi hizkuntza ofizialetan, gutxienez, hitz egiteko gai diren pertsona euskaldunez osatutako biztanleriari buruz ari gara, argi eta garbi.

Gaur egun euskara egoera gutxituan dago eta lortu nahi dugun gizarte eleanitz hau, euskarari eta euskal hiztunen hizkuntza-eskubideei lehentasunezko trataera eskaintzen badiogu bakarrik izanen da posible.

Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunak berak ere aitortzen du euskara bezalako hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartu behar direla, aipatu hizkuntzetan mintzo diren hiztunen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna sustatzeko xedearekin.

Nafarroako legediak, halaber, helburutzat du herritarren eskubidea babestea euskaraz ikasteko eta mintzatzeko eta hura berreskuratu eta garatzea.

Gure gizartea, gure herria, mundu globalizatu baten parte ere bada. Egoera honen ondorioetako bat da mundu zabaleko pertsona asko iritsi dela gurera. Pertsona hauetako batzuek gure erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat ezagutzen dute jada hona iristean; beste batzuek, berriz, ez dute ez bata ez bestea ezagutzen.

Erronka garrantzitsua da pertsona horiek guztiak gure herrian integratzea. Ordenantza honek bidea ireki beharko du gure gizartearen parte diren pertsona horiek ere euskarara hurbil daitezen.

Ordenantza honen lerro nagusiak etortzear zaigun gizarte-errealitateari behar bezala egokitzen zaizkio.

Honez gain, administrazio publikoek parte hartzen duten hizkuntza prozesuen erritmoa geldoa dela kontuan hartzen badugu, guztiz ulergarria eta beharrezkoa da ordenantza hau gaurtik jada martxan jarri eta garatzea.

Azkenik esan behar da administrazio publikoek, erabakiak hartzeko orduan hiritarren parte-hartzea gero eta handiagoa izan dadin begiratu behar dutela. Zentzu horretan, ordenantza honek parte-hartzeko organo bat artikulatuko du, gure herrian euskararen erabilera normalizatzeko egin beharreko politika publikoak lantzearen inguruan.

Hori dela-eta, ondoko helburu espezifikoak ditu ordenantza honek:

1. Hiritarrek euskaraz arreta jasotzeko eskubidea bermatzea.

2. Euskararen ahozko eta idatzizko erabilpenari buruzko araudia ezartzea, bai udal barruan zein udalerrian ere.

3. Euskaraz jakiteko eskatuko duten lanpostuak eta euskara lan-hizkuntza gisa erabil lezaketen administrazio prozedura ohikoenak zehaztea.

4. Zehaztea euskara baloratzeko portzentajea, hura jakin behar ez den lanpostuetan.

5. Langileak euskalduntzeko plan estrategikoa prestatzea.

6. Euskara sustatzeko neurriak jorratzea Udalaren eskumeneko esparru guztietan.

7. Hiritarrek parte-hartzeko bideak ezartzea.

Aipatu arauekin bat, eta Nafarroako Tokiko Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluei eta ondorengoei jarraikiz, ondoko ordenantza onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Euskara Udalerriko hizkuntza ofiziala da.

2. artikulua. Gaur egun urrun ikusten den hizkuntza normalizaziora iristeko helburuarekin, euskarak trataera lehentasunezkoa izanen du berdintasun erreala erdietsi ahal izateko.

II. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio esparruaren gainekoa

3. artikulua. Ordenantza hau Atarrabiako Udalean ezarriko da; Atarrabiako Udalak ondokoa biltzen du: Udala bera, zentzu hertsian, eta bere menpe dauden organismo autonomoak.

4. artikulua. Gestiorako edozein era erabiliz, publikoa (ad: 012) zein pribatua, Udalaren eskumenekoak izanik hirugarrenek emandako zerbitzuetan, Ordenantza honen VI., VII, VIII. eta IX. kapituluak aplikatuko dira.

5. artikulua. Atarrabiako Udalak bere egiten du euskararen erabilpenean eta sustapenean eman behar den "zeharkakotasun" printzipioa. Udalaren zerbitzuek oro eta Barne-kudeaketarako Batzordeak ere, ordenantza hau aplikatuko dute euren jardunean.

III. KAPITULUA

Hiritarren eskubideen gainekoa

6. artikulua. Herritar guztiek dute euskara ezagutu eta beste herritarrekiko harremanetan eta toki-administrazioko edozein esparrutan hizkuntza hau erabiltzeko eskubidea.

7. artikulua. Herritarrek Atarrabiako Udalari, bere erakunde autonomoei eta hirugarrenek kudeatutako zerbitzu publikoei euskaraz zein gaztelaniaz zuzentzeko eskubidea dute.

8. artikulua. Herritarrei aurreneko hitza edota erantzuna euskaraz emanen zaie. Jarraitzeko, herritarrak aukeratutako hizkuntza erabiliko da. Euskaraz ez dakien langileren batek hizkuntza horretan zuzendu edota zuzentzeko asmoa agertzen duen herritarren bati arreta egin behar badio, inguruan duen langile elebidunen baten laguntza eskatuko du.

Edozein kasutan, udal langileek ezinen diete eskatu herritarrei hizkuntza batean edota bestean hitz egin diezaieten. Aitzitik, zerbitzua herritarrak eskaturiko hizkuntzan eman beharko da.

9. artikulua. Herritarren artean euskararen erabilpena sustatzeko euskararen jakite-maila duten lanpostuen berri emango zaie era egokian herritarrei eta euskararen erabilera sustatuko da. Udalak, euskara hutsezko harremana bermatuko die hala eskatzen duten herritarrei. Helburu horrekin, euskaldunen zentsua eginen du. Halaxe jokatuko da, orobat, herriko elkarteekin, klubekin, fundazioekin, kolektiboekin, taldeekin, GKEekin, eta abarrekin.

10. artikulua. Herritarrek Udalarengana euskaraz zuzentzeko idazki bat edota bestelako baliabide telematiko bat erabiltzen badute, euskaraz erantzungo zaie.

11. artikulua. Herritarra Udalari idatziz gazteleraz zuzentzen bazaio, Udalak ele bitan erantzungo dio. Testua bi zutabetan idazten bada, euskarazkoa ezkerreko zutabean idatziko da eta eskuinekoan gaztelerazkoa. Era bertikalean idazten bada, berriz, euskarazko testua goiko aldean idatziko da.

12. artikulua. Xede horretarako, 6. 7. eta 8. artikuluei dagokionez, Euskara Zerbitzuak publikoarentzako arretarako lanpostuetan udal langile euskaldunak egongo direla bermatzea helburu izango duen jarduera-plana diseinatu eta garatuko du, ordenantza honen VI. kapituluak dioenari jarraikiz.

IV. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanen gainekoa

13. artikulua. Atarrabiako Udalak beste administrazio publikoei, entitateei eta erakundeei zuzentzen dizkien agiri, jakinarazpen eta harreman administratiboak ele bitan idatziko dira.

Ordenantza honen ondorioetarako testu osoa bi hizkuntzetan eta euskarri berean agertzen diren horiek joko dira agiri elebiduntzat. Testua bi zutabetan idazten bada, euskarazkoa ezkerreko zutabean idatziko da eta eskuinekoan gaztelerazkoa. Era bertikalean idazten bada, berriz, euskarazko testua goiko aldean idatziko da.

14. artikulua. Gaztelera hutsezko agiririk jasotzen bada, Atarrabiako Udalak agiri elebiduna eskatuko dio administrazio publiko, entitate edota erakunde igorleari. Euskaraz jasotako edozein agiriri euskaraz erantzungo zaio, erantzun behar izatera.

V. KAPITULUA

Udalaren barneko funtzionamenduaren gainekoa

15. artikulua. Atarrabiako Udalak konpromisoa hartzen du, pixkanaka, prozedura administratiboak eta langile publikoak euskalduntzeko.

16. artikulua. Atarrabiako Udalak zerbitzuen baitan eta zerbitzu eta sailen artean euskararen erabilera bultzatuko du.

17. artikulua. Euskara Zerbitzuak aurreko bi artikuluak aplikatzeko proposamenak eginen ditu.

18. artikulua. Osoko bilkura arruntetan zein berezietan itzulpen zerbitzua izanen da.

19. artikulua. Osoko bilkuretako eta udal kontseiluetako aktak euskaraz ere idatziko dira, baita eta erakunde autonomoetakoak ere, halakorik balego.

20. artikulua. Euskaraz luzatutako ebazpenek, jakinarazpenek, xedapenek, ziurtagiriek edota bestelako agiriek balio ofiziala izanen dute.

VI. KAPITULUA

Langileen gainekoa

21. artikulua. Plantilla organikoan euskararen jakite-maila ezarriko zaie lanpostu guztiei, izendapen librekoak barne. Jakite-maila hau derrigorrezkoa edota merezimenduzkoa izanen da.

Jakite-mailak hiru gradutan neurtuko dira: B1, B2 eta C1 (hizkuntzetarako Europako erreferentzia esparru bateratua: ikastea, irakastea eta ebaluazioa). Gradu hauen definizioa 1. eranskinean jasoko da.

22. artikulua. Hizkuntza perfila eta gradua ezartzeko irizpide orokorrak:

a) Euren eginkizun nagusien artean herritarrekin harreman zuzena izatea duten plantilla organikoko lanpostuetan, maila edozein delarik ere, euskara jakitea derrigorrezkoa izanen da (B2 maila edo goragokoa).

b) Plantilla organikoko A mailako lanpostuetan C1 graduaren ezagutza baliokidea eskatuko da; B mailakoetan B2 graduarena, eta C mailakoetan, gutxienez, B1 graduaren ezagutza baliokidea.

c) Aurreko irizpideen arabera derrigorrezkotasuna ezarrita ez duten plantilla organikoko E eta D mailetako lanpostuetan euskara meritu gisa baloratuko da: oposizio-lehiaketa osoaren puntuazioaren %10 E mailako lanpostuetan eta %15 D mailakoetan. Lehiaketarik gabeko oposizioa hautatzen bada, euskara jakitea derrigorrezkoa izanen da (B1 maila edo goragokoa).

23. artikulua. Euskara Zerbitzuak, ordenantza honen irizpideei jarraikiz, perfilak eta graduak aplikatzeko proposamena eginen du eta hauek plantilla organikoan izan behar duten derrigorrezkotasuna zehaztuko du.

Orokorrean zehazturiko gutxieneko euskara mailatik gorakoa ezartzeko, ondoko irizpideak hartuko dira kontuan: herritarrekiko harremana, eman beharreko informazio edota zerbitzu mota, lanpostuaren kokapena administrazio-katean edota lanpostua kokatzen den zerbitzuaren baitan euskara erabiltzeko planen bat dagoen.

24. artikulua. Lanpostua jabetzan duten langileek, nahiz eta hasiera batean ezarritako hizkuntza mailarik ez izan, lanpostua mantendu eginen dute.

Hala ere, hizkuntza maila hori aplikatu eginen da zenbait kasutan: deialdi berrietan -barne-igoera kasuetan edota libreetan-, merituen edota lekualdatze lehiaketetan, langileak edozein arrazoiengatik ordezkatu behar direnetan (bajak, eszedentziak, oporrak, erretiroak ...).

25. artikulua. Oposizio edota oposizio-lehiaketa batean eskaturiko euskararen ezagutza-maila ziurtatzeko froga bat eginen da, Nafarroako Gobernuko Euskararen Nafar Institutuko teknikariek eginen dutena. Merituen balorazioan aplikatu beharreko puntuazioa B1 baino beherakoa ez den ezagutza-mailari dagokion ezagutzaren proportziozkoa izanen da.

26. artikulua. Udalaren zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresetako langileek ere euskararen ezagutza-maila frogatu beharko dute. Aplikatu beharreko irizpideak ordenantza honetan udal langileentzako aplikatzen diren berberak izanen dira.

27. artikulua. Euskara ikasi nahi duten Udaleko langileei lagundu egingo zaie, ordenantza honek ezarritako helburuak beteko direla bermatzearren.

28. artikulua. Euskara Zerbitzuak prozedura administratiboak eta langile publikoak euskalduntzeko lau urterako plana eginen du, sindikatuetako ordezkariekin negoziatu ondoren aplikatuko dena. Plan honetan lanorduen murrizketa, diru-laguntzak eta izan litezkeen ordezkapenak aurreikusiko dira.

29. artikulua. Herritarrengan eta Udaleko barne-erabileran gehien eragiten duten lanpostuak lehenetsiko dira ezagutza sustatzeko orduan.

30. artikulua. Laguntza eta ezaguerak eskatu ahal izango zaizkie prestakuntza linguistikorako planetan sartzen diren Udaleko langileei eta Udalean lan egin ahal izateko euskararen ezaguera-maila baloratu zaienei -baita beraien lanbideko edozein fasetan ere-, Atarrabiako Udalaren administrazioan egin behar duten lanean eman eta erabiltzeko.

31. artikulua. Ez zaio mugarik jarriko euskara ikasteari beren lanposturako eskatutako jakite-maila gainditu duten langileei.

32. artikulua. Langile bat behin-behinekoz, ordezkatua izan behar denean, gutxienez plantilla organikoan lanpostu horretarako eskatu zen ezagutza-maila duen langile batekin ordezkatuko da.

33. artikulua. Atarrabiako Udalak esku-hartzen duen zerbitzu mankomunatu guztiei edota enpresa publikoei (infolocal, uren mankomunitatea, musika eskola ...) ordenantza honen edukiaren berri emanen zaie.

34. artikulua. Nafarroako Gobernuak udal mugapean ematen dituen zerbitzuei (hezkuntza, osasuna, liburutegia) ordenantza honen edukiaren berri emanen zaie.

VII. KAPITULUA

Kontratazioen gainekoa

35. artikulua. Zerbitzu publikoak emateko enpresa pribatuak kontratatzerakoan, erabiltzaileek haiei euskaraz zuzentzeko eta erantzuna hizkuntza honetan jasotzeko duten eskubidea bermatuko da, kontratuan jasoko diren klausulen bidez.

Kontratazioaren xede den zerbitzua ematerakoan herritarrekin harreman zuzena suposatzen duenean, ondoko baldintzak beteko dira:

a) Enpresa esleipendunak, herritarrek zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan jasotzen duten eskubidea errespetatuta emanen du zerbitzua.

b) Jendaurrean paratzen diren inprimakiak, idazkiak eta jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko ditu enpresa esleipendunak.

VIII. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

36. artikulua. Villava-Atarrabia izendapena erabiliko da, osoki, informazio-, publizitate- eta ekonomia-xedeekin gure herriaren aipamena egiten denean.

Gaztelerazko testuetan Villava erabili ahalko da, eta Atarrabia euskarazkoetan. Edonola ere, noizbehinka izendapen osoa (Villava-Atarrabia) erabiliko da, gaztelerazko zein euskarazko testuetan, goiburuetan eta amaieran.

37. artikulua. Atarrabiako Udalak eta bere menpe dauden erakunde autonomoek euskara eta gaztelera erabiliko dituzte hiritarrei zuzentzeko:

Honela, ondokoak ele bitan agertuko dira, 11. artikuluko irizpideei jarraiki:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak, programak eta plaka informatiboak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.

c) Eraikin, kale eta gune publikoen errotulazioa.

d) Udal sail eta bulegoen eta Udalaren parke mugikorraren errotulazioa eta langileen arropa eta uniformeena.

e) Turisten intereserako tokien, trafiko seinaleen eta zerbitzu-kontrolen seinaleztapen horizontal zein bertikala.

f) Udalak hiritarren eskura jartzen dituen dokumentu eta ereduak, administrazio prozeduren berri ematea helburu dutenak.

g) Posta elektronikoak, SMSak, web orriak, blog-ak eta antzekoak.

h) Udalerriaren irudi instituzionala edo kanpokoa erakusteko erabiltzen den gainontzeko komunikabide edo formatuak.

i) Atarrabiako Udalak ordenantza honen aplikazio esparruaren baitan egon daitekeen edozein seinaleztapenaren administrazio erantzuleei eskatuko die a, c, e eta h puntuetan forma elebidunak erabil ditzaten.

38. artikulua. Kartelak eta foiletoak.

1. Karteletako osagarri guztiak ele bitan agertuko dira.

2. Udalaren jardueren gaineko propaganda eta informazio-foiletoak ele bitan agertuko dira formatu bakarrean.

39. artikulua. Publizitatea komunikabideetan.

1. Prentsan jarritako udal iragarkiak elebidun agertuko dira, euskarazko komunikabideetan izan ezik; hauetan euskara hutsean agertuko dira.

2. Ikus-entzunezkoetan (irrati-telebistan) egindako publizitatea elebiduna izango da, euskaraz hasita.

40. artikulua. Argitalpenak.

Atarrabiako Udalaren eta bere menpe dauden erakundeen argitalpenak elebidunak izanen dira guztion intereserako baldin badira eta hiritarrei, orokorki hartuta, zuzentzen baldin bazaie, turisten intereserako baldin badira edo Atarrabiarentzat izaera esanguratsua edo sinbolikoa baldin badute.

41. artikulua. Udalaren beraren komunikabideak eta Udalaren diru-laguntzak jasotzen dituzten horiek:

1. Atarrabiako Udalaren informazio aldizkaria euskarri bakarrean eta elebitan eginen da.

2. Iragarleei jakinaraziko zaie iragarkiak euskara hutsean edota partzialki euskaraz ipintzeko aukera dutela. Horretarako Udalaren beraren itzulpen zerbitzua eskainiko zaie.

3. Udalak kontratatutako telebista-erreportajeetan edota bideo-dokumentuetan %30 gutxienez euskaraz eginen da. Dokumentua edota erreportajea azpitituluekin ageriko da, unean-unean dagokion hizkuntzan.

Dibulgaziokoetan eta dokumentaletan, gainera, euskara hutsezko kopia bat eginen da.

4. Udal irratian euskarazko saioak eta programak eginen dira. Denen intereseko irrati-iragarkiak elebitan eginen dira.

5. Euskararen sustapena helburu duten euskara hutsezko komunikabideek Udalaren diru-laguntza jaso ahalko dute.

42. artikulua. Ekitaldi publiko ofizialak.

Ekitaldi publikoetan (prentsaurrekoak, hitzaldiak, aurkezpenak harrera-ekitaldiak, omenaldiak) euskararen erabilera bermatuko da.

43. artikulua. Toponimia.

Atarrabiako Udala arduratuko da Udalerriko toponimia zaintzeaz. Karrikak eta plazak izendatzeko toponimorik egokiena lehenetsiko da.

44. artikulua. Kapitulu honetako informazioa euskaldunei bakarrik helarazteko orduan euskara hutsean eginen da.

45. artikulua. Kapitulu hau, euren jarduerak aurrera eraman ahal izateko Udalaren diru-laguntza jasotzen duten elkarteei, klubei, fundazioei, kolektiboei, taldeei eta GKEi ere aplikatuko zaie. Ordenantza honen 2. eta 6. artikuluek diotenari men eginez, euren jarduera euskara hutsean garatzen duten kolektiboek euskara bakarrik erabili ahalko dute publikoki.

IX. KAPITULUA

Euskararen sustapenaren gainekoa

46. artikulua. Euskara Zerbitzuak urteko jarduera-planen proposamenak egin eta garatuko ditu, euskarari dagozkion gaiei buruzko informazioa handitzeko eta hizkuntza honen ezagutza eta erabilera gizarte-esparru guztietan sustatzeko.

47. artikulua. Hainbat helburu lortzeko ekintzak diseinatuko dira; hala nola: hiritar elebidunen kopurua handiagotzea, euskararen erabilera ziurtatzea, pertsona elebidunen edota bidean direnen erabilera sustatzea eta enpresen, denden edota mota orotako gizarte-agenteen jarduna euskalduntzea.

48. artikulua. Atarrabiako Udalak, Nafar Gobernuarekin eta zenbait toki-entitaterekin koordinazioan hainbat kanpainatan hartuko du parte; hala nola: eskolatze kanpaina, helduen matrikulazio kanpaina, euskara familiaren barruan transmititzeko kanpaina, euskara udaletxean erabiltzeko kanpaina, merkataritzan eta aisialdian euskararen erabilpena sustatzeko kanpaina. Halaber, euskarazko eta euskara sustatzen duten aldizkarietan eta udalekuetan ere hartuko du parte.

Euskara Zerbitzua, eskolatzea gertu duten haurren gurasoei zuzenduko zaie, euskararen ikasteak dituen alde positiboen berri emateko.

49. artikulua. Atarrabiako Udalak euskararen erabilera areagotzeko gizarte-esparruen sortzea sustatuko du.

50. artikulua. Atarrabiako Udalak diru-kopurua esleituko du bere urteroko aurrekontuetan, euskara ikastaroetan parte hartu nahi duten Udalerriko helduentzat, horretarako urtero plazaratuko den deialdiaren arabera.

51. artikula.-Udalaren Kultur eta Kirol Arloek 3 eta 18 urte bitartekoentzat eskainitako euskarazko jarduera-kopurua, orokorrean, bat etorriko da euskarazko adarretan eskolatuak dauden aipatu adin bitartekoen proportzioarekin, eta inoiz ez da izanen osotarako eskaintzaren erdia baino gutxiago.

Era berean, euskarazko kultur eta kirol jarduerak eskainiko dira helduentzako.

52. artikulua. Euskarazko kultur jarduerak eta euskara sustatu nahi dutenak bultzatuko dira eta diru-laguntza emango zaie herri ekimenetik bultzatutakoei.

53. artikulua. Atarrabiako Udalak, berarekin elkarlanean jarduten edo hiritarrekin harremana duten zerbitzuen enpresa publiko zein pribatuei, Atarrabiako bezeroei igorritako jakinarazpenak, ordainagiriak, inprimakiak, errotulazioa eta informazioa, oro har, ele bietan izan daitezela eskatuko die.

Atarrabiako Udalak diru-laguntzak emanen dizkie "Euskara Merkataritzan" programan parte-hartzen duten merkataritza enpresei, aurrerago eginen den araudiaren arabera euren merkataritza guneak elebitan errotulatzeko.

54. artikulua. Kapitulu honetan aipatutako jarduera eta ekimenak "Euskararen erabilpena udal esparruan normalizatzeko Nafarroako Gobernuak eta zenbait toki entitatek sinatutako Lankidetza Hitzarmena"-ren urteroko garapen programetan azalduko dira.

55. artikulua. Teknologia berrien inguruko programak eta udal egoitzetan erabiltzeko erositako materialak oro, posible den guztietan, euskaraz zein gazteleraz erabiltzeko prest egonen dira.

56. artikulua. Amalur Haur Eskola

1. Atarrabiako Udalak aurrematrikulazio azterketa aurretiazkoak eginen ditu.

2. Euskaraz aurrematrikulatzeko eskari guztiei erantzuna emanen zaie. Horrela, gurasoek beren seme-alaben hizkuntz eredua aukeratzeko duten eskubide librea bermatuko da. Atarrabiako Udalak kontu hau garbi adieraziko du aurrematrikula egiteko jendearentzat prestatuko den informazioan.

3. Zerbitzua euskaraz emateko eskaera gero eta handiagoari aurre egiteko, Amalur Haur Eskolaren barne-egokitzapena aztertuko da. Hartara, eskolara sartuko diren langile berriak bi hizkuntzetan lana egiteko gai izanen dira.

57. artikulua. Irakaskuntza publikoa.

Udalak, derrigorrezko irakaskuntza prozesua amaituta elebitasuna hobekien bermatzen duen hezkuntza-ereduaren aldeko matrikulazioa sustatuko du bereziki.

58. artikulua. Hilarion Eslava Musika Eskola.

"Musika-hastapena" eta "musika-hizkuntza" ikasgaiak euskaraz ematea bermatuko da, eskaeraren arabera. Irakasle euskalduna dagonean musika-tresna eskolak euskaraz ematen ahalko dira. Irakasle berriak kontratatzerakoan euskara jakitea derrigorrezkoa izanen da eta irakasleek euskara maila egokia frogatu beharko dute. Halaber, irakasleentzako plana eginen da, euskaraz, era mailakatuan, birzikla daitezen.

59. artikulua. Herri Liburutegian eta Gaztelekun, euskarazko jarduerak eta ekintzak bultzatuko dira, udal ordenantza honek ezartzen duenaren ildotik.

60. artikulua. Haurrentzako euskarazko ludoteka zerbitzua sustatuko da.

61. artikulua. Biztanleria euskalduna.

1.-Atarrabiako Udalak, aldizka, ikerketak eginen ditu biztanleria euskaldunaren portzentajea jakiteko; horrela, Udalerriaren egoera soziolinguistikoari buruzko ezagutza hobea izateko eta haientzat kanpaina bereziak hobeto burutzeko.

2.-Euren borondatez izena ematen duten hiritarrekin, Atarrabiako euskaldunen zentsua prestatuko da, berme guztiak edukita egin ahal izateko haientzako kanpaina bereziak. Zentsuan jasoko den informazioa 2. eranskinean jasotzen dena izanen da.

62. artikulua. Biztanleria immigrantea.

Euskal Herritik kanpo etorritako pertsonei zuzendutako kanpaina berariazkoak eginen dira, euskararen berri eta Atarrabian duen egoeraren berri izan dezaten.

Haurrek zein pertsona helduek euskara ikas dezaten laguntzak eta neurriak ezarriko dira.

X. KAPITULUA

Herritarren partehartzearen gainekoa

63. artikulua. Euskararen Udal Kontseilua eratuko da. Horren egitekoak izanen dira: aholkuak ematea euskararen inguruko udal politikaren gainean eta, bereziki, ordenantza honi dagokionen gainean.

64. artikulua. Iradokizunak eta kexak bideratzeko tresna bat ezarriko da, ordenantza honetan xedatutakoa betetze-mailaren inguruan, 012 Infolocal telefonoaren bidez. Informazio hau Euskara Zerbitzuari eta Euskararen Udal Kontseiluari helduko zaie zuzen zuzenean, hauek azter eta balora dezaten.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordenantza hau, behin-betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Bigarrena.-Euskararen Informazio Batzordeak ahalmena du ordenantza honen segimendua egiteko eta honen garapena eta betetzea bermatuko dituen proposamenak egiteko.

Hirugarrena.-Atarrabiako Udalak bere urteroko aurrekontu orokorrean ordenantza hau bete dadin beharrezko kontu-sailak aurreikusiko ditu.

Laugarrena.-Euskararen Udal Kontseilua 2011ko lehen seihilekoan eratu beharko da.

Bosgarrena.-Atarrabiako Udalak ordenantza honetako irizpideen arabera eginen du 2011ko plantilla organikoa.

Seigarrena.-Euskara Zerbitzuak ordenantza honen betetze-mailaren inguruko txostena eginen du urtero.

Zazpigarrena.-Ordenantza onartutakoan hau azaltzeko materiala argitaratuko da, Ordenantza honetan zehaztutako hizkuntza-formatuan eta etxe guztietara igorriko da.

1. ERANSKINA

Euskarazko jakite-mailak Europako markora egokitzea erabakitzen da.

2. ERANSKINA

Euskal hiztunen zentsoa

Abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 20.2 artikuluak ezarritakoari jarraikiz, euskaldunen zentsuaren fitxategiak ondoko ezaugarriak izanen ditu:

a) Aurreikusten diren erabilerak eta helburua: soziolinguistika-eremuan lanerako tresna bat izatea programa bereziak lantzeko hiztunaren tipologia linguistikoaren arabera.

b) Ukitutako pertsonak eta taldeak: Atarrabiako herritarrak.

c) Datu bilketaren prozedura: datuak interesdunek edo haren legezko ordezkariak emanen ditu, inprimaki baten bidez.

d) Oinarrizko egitura eta fitxategian sartuko diren norberaren datuak:

1. Identifikatzeko datuak:

-Izen-deiturak.

-Helbidea.

2. Norberaren ezaugarrien datuak:

-Adina.

-Sexua.

-Ama hizkuntza.

3. Ikasketei eta lanbideari buruzko datuak:

-Prestakuntza.

e) Norberaren datuak uztea: fitxategiko datuak ez dira utziko edo jakinaraziko, interesdunaz kanpo, inori ezta inolako entitateri ere. Datu horien nazioarteko transferentziak ere ez dira eginen.

f) Fitxategiaren arduraduna: Atarrabiako Udala.

g) Baliogabetzeko, zuzentzeko eta sartzeko eskubideak erabili ahal izateko erakundea: Atarrabiako Udalaren Euskara Zerbitzua, Karrika Nagusia, 22 - 2., Atarrabia, P.K. 31610 (Nafarroa). Telefonoa: 948 13 66 80. Faxa: 948 13 63 86. Posta elektronikoa: villava@animsa.es

h) Segurtasun-neurriak: oinarrizko segurtasun-plan bat ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L1116744