212. ALDIZKARIA - 2011ko urriaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuetarako merezimendu partikularrak. Hasierako onespena

Lizarrako Udalaren Gobernu Batzarrak, 2011ko urriaren 6an egin bilkura arruntean, erabaki hau hartu zuen:

5.-Hasiera batean onestea Lizarrako Udaleko idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuetarako merezimendu partikularrak.

Udalburutzak Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak abuztuaren 30ean eman 642/2011 Foru Aginduaren berri eman zuen, funtzionarioen araubidean betetzeko hutsik dauden edo hutsik egon daitezkeen Nafarroako toki entitateetako idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuen hasierako zerrenda ezarri baitzuen.

Foru Agindu horrek xedatzen du toki entitateek zehaztu beharko dutela minusbaliatuendako txandarako erreserba eta, eremu misto eta eskualduneko lanpostuei dagokienez, hizkuntz eskakizuna, eta horretarako bi hilabeteko epea izanen dutela argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalburutzak errekerimendu eginda, idazkariak aditzera eman du Lizarrako Udalak, eremu mistoan egoteagatik eta 6/1990 Legeak dioenarekin bat, idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuen hizkuntz eskakizuna zehaztu behar duela eta, beraz, erabaki euskaraz jakitea zer den:

a) Nahitaezko baldintza.

b) Merezimendua.

c) Orain arte bezala, baloraziorik batere gabea.

Kontsiderazio horiek ikusirik, Udalburutzak dio proposamena izanen dela lanpostuen eskakizuna orain arte bezalakoa izatea, ez baldintza ez balorazio.

7/1985 Legeak 22-2-i) artikuluan esleitutako eskumenak erabiliz,

ERABAKI DA:

1. Aldaketa hau hasiera batean onestea Lizarrako Udalean indarra duen plantilla organikoan:

a) Idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak minusbaliatuendako txandarako erreserban ez sartzea.

b) Idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuen hizkuntza eskakizuna orain artekoa izanen da, ez baldintza ez balorazio.

2. Espedientea jendaurrean edukitzea entitate honetako Idazkaritzan, hamabortz egun baliodunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren oholean iragarkia paratu ondoan, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez ditzaten.

Hartan ohartaraziko da erabaki honen aurka, ez baita behin betikoa administrazio bidean, ez dela errekurtsorik paratzen ahal tramiteko egintza delako. Inork erreklamaziorik aurkeztu ezean, behin betikoz onetsitzat joko da, jendaurreko epea iragan ondoan, nahiz eta hori argitaratuko den, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 273. artikuluan adierazten den gisan.

3. Erabaki hau Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentura igortzea, erabaki hau hartu ondoko hamabortz egunean, eta Ogasun eta Langileria Alorretara ere, behar diren ondorioak izan ditzan, eta bere espedientean sartzea.

Lizarran, 2011ko urriaren 7an.-Alkatea, Begoña Ganuza Bernaola.

Iragarkiaren kodea: L1116703