2. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

697/2010 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Kulturako zuzendari nagusiak emana, Atalluko (Nafarroa) Errota izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzen duena.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak honako txosten hau aurkeztu du:

"Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak, ikusirik ur-errotek historian izan duten garrantzia eta egun gelditzen direnak desagertzeko dagoen arriskua, erabaki du ofizioz espedientea irekitzea, bere funtzioa behar bezala gauzatzeko beharrezko elementu guztiak gordetzen dituzten horietako bat ondasun inbentariatu deklaratzeko.

Atalluko Errota industriaurreko multzo teknologiko bat da, Nafarroako kultura ondarean begibistako interesa duena, bai bere elementuen eta egituraren kontserbazio egoeragatik, bai jarduerari utzi zitzaionetik suntsiketarik jasan ez izanagatik.

Higiezina errota bat da, eta jarduera horretarako beharrezkoak diren instalazioez osatzen da. Eraikin exentua da, kanpoaldeko hormak harlangaitzezkoak -luzituak- eta harlanduzkoak dituena; barruan, berriz, fabrikako horma egitura du eta zurezko zutoinak ditu (zur, soliba eta ohol forjatuarekin). Estalkiak lau isurialde ditu, teila kurbadunak eta forjatu inklinatuko armadura.

Hauek dira multzoa osatzen duten elementuak, jarduerarako ezinbestekoak direnak: presa edo noria, sarrerako ubidea, urmaela edo depositua, errota eta hustubidea.

Eraikinak eta haren funtzionamendua ahalbidetzen duten elementuek balio etnografikoko multzo arkitektonikoa osatzen dute; hori dela eta, bai Ondare Arkitektonikoko Zerbitzuak bai Nafarroako Museo Etnologikoak eraikina bere osotasunean kontserbatu behar dela uste dute.

Bere balio etnografikoa kontuan hartuta, proposatzen da Atalluko Errota izeneko higiezina ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzea."

Horrenbestez, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legea, urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretua, Interes Kulturaleko Ondasunen Deklarazioa arautzen duena (abenduaren 30eko 572/1991 Foru Dekretuaren bidez aldatua) eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretua;

EBATZI DUT:

1. Atalluko (Nafarroa) Errota izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzea, ebazpen honen eranskineko agirietan adierazten diren mugekin.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau Iparraldeko Ur Konfederazioari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Atalluko Kontzejuari eta Araizko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea bertan behera utzi behar direla ukitutako eremuak zatikatu edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentzien banaketa eta emanak daudenen ondorioak, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1d artikuluan xedaturikoarekin bat. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da kulturaren arloan eskuduna den departamentuaren baimena.

4. Ebazpen honen berri ematea Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Kultura Ministerioko Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistroari, aurreneurrizko idatzoharra egin dadin.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen den egunaren biharamunetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2010eko azaroaren 12an.-Kulturako zuzendari nagusia, Pedro Luis Lozano Úriz.

ATALLUKO ERROTA

Hitzez hitzeko azalpena:

Ondasunak Atalluko 1. poligonoko 112., 185. eta 186. lurzatiak, 181.aren eta 189.aren zati bat, eta lurzatia eta presa dagoen ibaialdearen beste zati bat hartzen ditu.

Iragarkiaren kodea: F1019556