2. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

81/2010 FORU DEKRETUA, abenduaren 20koa, Noain Elortzibarko udalerriko Iharnozko Kontzejua iraungitzen duena.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emandako hiru foru aginduren bidez (22/2008, otsailaren 20koa; 26/2009, otsailaren 23koa; 17/2010, otsailaren 15ekoa) ofizialtzat jo ziren Nafarroako kontzejuetako populazioaren zifrak, 2007, 2008 eta 2009ko urtarrilaren 1ari dagozkienak, hurrenez hurren.

Datu ofizial horietatik ondorioztatzen da Iharnozko Kontzejuan 14 biztanle zeudela 2007ko urtarrilaren 1ean, 14 2008ko urtarrilaren 1ean eta 14, baita ere, 2009ko urtarrilaren 1ean. Beraz, kontzeju horretako populazioa hamasei biztanletik beherakoa izan da hiru urtez segidan.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren ekainaren 4ko 360/2010 Ebazpenaren bidez, 2010eko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, uztailaren 14an, Noain Elortzibarko Udalari eta Iharnozko Kontzejuari entzunaldia eman zitzaien eta kontzejua iraungitzeko espedientea jendaurrean jarri zen.

Entzunaldirako eta jendaurreko eperako emandako hilabetea iraganik, entitate horiek bi alegazio aurkeztu dituzte.

Bai Iharnozko Kontzejuak, bai Noain Elortzibarko Udalak alegazioak aurkeztu dituzte, eta interesa agertu dute toki entitate horrek existitzen jarrai dezan, gorantz doan herria delako eta bertan etxebizitza berriak eraikitzea aurreikusten delako. Bestalde, kontzejuaren egoera ekonomikoa osasuntsua dela argudiatzen dute.

Horri dagokionez, adierazi behar da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriko bigarren atalean xedatutakoari jarraituz, 44.1 b) artikuluan xedatutakoarekin bat, iraungi egin "behar" direla agindu horretan aipatutako populazio eta famili unitateei buruzko betebeharrak ez dituzten kontzejuak (alegia, hiru urtez segidan biztanleen kopurua hamaseira ez iristea, edo, nahiz eta iritsi, hiru famili unitate ez izatea).

Hortaz, kontzeju horren populazioa hiru urtez segidan hamaseira ez iristeagatik (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak indarra hartu ondotik argitaratutako datuen arabera), bidezkoa da, 6/1990 Foru Legearen 44. artikuluko b) idatz-zatian aurreikusten den egitatezko baldintza gertatu baita, Nafarroako Gobernuak kontzeju horren iraungipena agintzea, arau horrek aginduzko izaeraz ezarritakoari jarraikiz.

Lurralde Mugaketako Batzordeak, 2010eko azaroaren 23an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Lege horren 44.2. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Iharnozko Kontzejua iraungitzearen aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko abenduaren 20ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Noain Elortzibarko Udalerriko Iharnozko Kontzejua iraungitzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

2. artikulua. Kontzejua iraungitzeko prozedurako arau hauei jarraikiko zaie:

1. Iharnozko Kontzejuaren ondasun guztien inbentarioa eginen da, Noain Elortzibarko Udalarenean sartzeko.

2. Iharnozko Kontzejuaren kontuak itxiko dira. Pagatu gabeko obligazioak eta kobratu gabeko eskubideak Noain Elortzibarko Udalaren aurrekontuei gaineratuko zaizkie. Iraungi den kontzejuaren baliabide finantzario guztiak udalaren diruzaintzara pasako dira.

3. Noain Elortzibarko Udalari emaniko ondasun, artxibo eta zigiluen akta eginen da.

3. artikulua. Foru dekretu hau Estatuko Administrazio Nagusiari jakinarazi beharko zaio, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.2. artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Urriaren 25eko 288/1990 Foru Dekretuaren 5. artikuluari jarraikiz, Iharnozko Kontzejuaren izena desagerraraziko da Nafarroako Toki Entitateen Erregistrotik.

4. artikulua. Foru dekretu hau Noain Elortzibarko Udalari eta Iharnozko Kontzejuari jakinarazi beharko zaie. Aditzera ematen zaie haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko abenduaren 20an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F1020987