2. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Ordenantza fiskala, Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko
eta eremu publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein
salgairen zamalanetarako erreserbatzeko tasa arautzen duena.
Behin betiko onespena

Udalak, 2010eko urriaren 18an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein salgairen zamalanetarako erreserbatzeko tasa arautzen duen ordenantza fiskala, behar bezala eginbideturik espedientean baitago eta erabaki honen zati baita. Iragarkia 2010eko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 29an.

2010eko abenduaren 7an bukatu zen jendaurreko aldia, eta ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu; beraz, gaurko egunarekin behin betiko onetsitzat jotzen da delako ordenantza fiskala, eta testua argitara ematen da jarraian.

Lodosan, 2010eko abenduaren 9an.-Alkatea, Jesús María García Antón.

ORDENANTZA FISKALA, IBILGAILUAK ESPALOIETAN BARNA SARTZEKO ETA EREMU PUBLIKOA APARKALEKU ESKLUSIBORAKO EDO EDOZEIN MOTATAKO SALGAIEN ZAMALANETARAKO ERRESERBATZEKO TASA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza hau honako lege testu hauen babespean ezarri da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikulua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduko 93-96 artikuluak, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak.

2. artikulua. Zergapeko egintza da eremu publikoan edo erabilera publikoko lurretan honako aprobetxamendu hauek egitea:

a) Erabilera pribatuko eraikin eta orubeetan 2 gurpil edo gehiagoko ibilgailuek sarbidea edo pasabidea izatea, sestra aldaketa eginez nahiz egin gabe.

b) Erabilera publikoko bide eta lurretan lekua erreserbatzea, salgaien zamalanak egiteko, enpresek edo partikularrek eskaturik.

c) Erabilera publikoko bide eta lurretan lekua erreserbatzea, entitateen edo gizabanakoen zerbitzuko ibilgailuak aparka daitezen.

3. artikulua. Ordaintzera beharturik daudenak:

a) Udal lizentzien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Ibilgailuendako sarbideak eta pasabideak zer eraikinetan ezarri diren, haien jabeak.

c) Ordenantza honen 2. artikuluko b) eta c) ataletako aprobetxamenduez baliatzen diren entitate edo partikularrak.

4. artikulua. Ordenantza honetako tasaren zenbatekoa finkatzeko, aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera hartuko dira kontuan, honen eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

5. artikulua. Tasarik ez zaie ordainaraziko pertsona edo entitate publikoei zein pribatuei, Udalbatzak, osoko bilkuran, erabakitzen badu komunitatearentzat zerbitzu mesedegarriak egiten dituztela.

6. artikulua. 1. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

2. Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan entitateari.

Toki entitateak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.

7. artikulua. Tasa ordaindu beharra aprobetxamendua ematen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

Hala ere, toki entitateak aprobetxamenduari dagokion zenbateko osoa edo horren zati bat eskatzen ahalko du aurretik.

8. artikulua. Ibilgailuak espaloietan barna aiseago iragan ahal izateko zoladuran mugimenduren bat egin behar baldin bada, aldi berean eskatu beharko da pasabidea egiteko behar den obra lizentzia eta hura arautzen duen ordenantzan ezarritako tasak ordainduko dira.

1. Pasabidea egiteko lizentzia eman ahal izateko pasabide horrek baimena izan beharko du eta tasa ordaindu eta gordailua egin beharko dira.

2. Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin.

9. artikulua. Lizentziaren titularrak beharturik daude ordenantza honetako baldintza tekniko-administratiboak betetzera eta aprobetxamendua bukatu eta gero baja ematera. Orobat, behar izanez gero, Udalak utzitako diskoak itzuli eta espaloia eta zintarria lehengoratu beharko dituzte. Horrela egiten ez bada, aprobetxamenduak segida duela ulertuko da harik eta espaloiak eta zintarria zeuden bezala utzi eta diskoak itzuli arte.

10. artikulua. Halako egoitza edo leku batean pasabide lizentziarik gabe aprobetxamendu hori egiten badute, udal zerbitzuek horren berri emanen diote betiere Udalari.

11. artikulua. Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik eskatu gabe aprobetxamendua egitea.

12. artikulua. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, edo, bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta bat heldu diren arauetan agindutakoari.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoaren arabera, ordenantza hau behin betikoz onetsitakoan, lege horren 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitara emandakoan.

TARIFEN ERANSKINA

Hauek dira ordenantza honetan aplikatu beharreko zenbatekoak:

I. epigrafea.-Ibilgailuen pasabidea.

-Metro lineala, urtean: 60,00 euro.

II. epigrafea.-Lekua erreserbatzea.

-Gau eta eguneko erreserba. Metro lineal bakoitza, urtean: 70,00 euro.

BALDINTZA TEKNIKO-ADMINISTRATIBOEN ERANSKINA

1. Pasabidea da eraikin baten pareko eremu publikoa erabiltzea edo espaloian nahiz zintarrian aldaketak egitea bi gurpil edo gehiagoko ibilgailuak eta gurdiak sartu edo pasatzeko xede hutsarekin.

2. Titularrak izendaturiko pertsona eskuduna arduratuko da pasabideak egin, aldatu edo kentzeko lanez, behar den obra lizentzia eskuratu ondotik eta betiere udal zerbitzuen ikuskaritzapean.

3. Pasabideen zolak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) 3000 tonako ibilgailuak edo arinagoak pasatzeko: espaloia bezalakoa izanen da, hormigoizko 10 cm-ko oinarria duena eta sendoturiko lurraren gainean 300 kg-ko dosifikazioarekin.

b) 3000 tonatik goitiko ibilgailuak pasatzeko: espaloia bezalakoa izanen da, hormigoizko 30 cm-ko oinarria duena eta finkaturiko lurraren gainean 300 kg-ko dosifikazioarekin.

4. Pasabide bakoitzaren luzera, zintarriaren gainean neurtuta, higiezinaren sarbidearen zabalera %25 handituta izanen da gehienez. Orubeen kasuan, Udalak zehaztuko du.

5. Ibilgailuak hogeita lau orduz pasatu ahalko dira gau eta eguneko pasabideetan barna; hortaz, debeku da ibilgailuak pareko galtzadan aparkatzea.

6. Aitzineko artikuluan xedatua gorabehera, ez da galaraziko ibilgailuak pasabidearen parean aparkatzea, betiere gidaria ibilgailuan badago, pasabidea erabili behar denean ibilgailua lekuz aldatu ahal izateko.

7. Gau eta eguneko pasabideen ezaugarriak Alkatetzak zehazturiko ikur batean agertuko dira; ikur hori pasabidearen atean jarri beharko da.

8. Debeku da ibilgailuak eremu publikotik higiezin edo etxebizitzetara sartzea behin-behineko edo egoera bakar baterako elementu mugikorrak, arrapalak, oholak etab. erabiliz, arrazoi baliozkoengatik baimen berezia ematen denean izan ezik.

9. Finken jabeek eta negozioetarako lokaletako maizterrek soilik eskatzen ahalko dute pasabiderako lizentzia eta haren titular izan, pasabidea noren zerbitzurako eskatzen den. Titularra da beti pasabiderako lizentziak sortutako betebehar guztien erantzule.

10. Udalaren iritziaren arabera, prekarioan eta hirugarrenei kalterik eragin gabe ematen da beti pasabiderako lizentzia.

11. Pasabiderako lizentziak ez du inongo eskubide subjektiborik sortzen eta titularrak bere bizkar kendu beharko du, baita eremu publioa edo espaloia eta zintarria lehengoratu ere, Udalak hala eskatzen dionean.

12. Pasabiderako lizentzia eskuratzeko, eskatzaileek ondokoa egiaztatu behar dute:

a) Etxebizitzak badira:

Legez garaje edo aparkalekua izatera behartutako eraikina izatea.

Borondatez edukitzea, ibilgailu bat edo gehiago sartzeko edukiera duela.

b) Merkataritza, industria eta negozioko establezimenduak badira.

Haien ezaugarriengatik ibilgailuak sartu eta ateratzen ibili behar izatea.

Behar adina leku izatea beti libre ibilgailu bat edo gehiago sartzeko eta beste helbururik gabe, zamalan astunetan izan ezik.

13. Pasabidearen lizentziaren titularrek udal administrazioari baimena eskatu beharko diote bertan edozein aldaketa egiteko.

14. Handitzeko eta lekuz aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, ordenantza honetan aurreikusitako tramite eta baldintzak bete beharko dira. Lekuz aldatzen denean, utzitako pasabidea kentzeagatik sortutako gastuak ere ordainduko ditu titularrak.

15. Pasabidearen titularra nahitaez dago behartua:

a) Pasabidea eta diskoak ongi zaintzera. Udalak emanen dio diskoa, behar den zenbatekoa ordaindutakoan.

b) Zintarria eta gainerako seinale edo adierazgarriak pintatzera udal administrazioak eskatzen duen aldiro.

c) Zoladura berritzera Udalak hala agintzen duenean.

d) Udalak agintzen dizkion obra arrunt nahiz bereziak egitera pasabidean, bere kontura.

16. Pasabiderako lizentziak baliorik gabe geratuko dira besterik gabe ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar bete gabe utziz gero.

17. Behar den baimena eskuratu gabe pasabidea eginez gero, titularra izatea dagokion lagunari errekerimendu eginen zaio, gehienez ere hamabost eguneko epean espaloia lehengoratzeko, bere bizkar lehengoratzeko ere.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, pasabideak ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen baditu, arau-hausleak pasabiderako lizentzia eskatzen ahalko du, urtebeteko tasak halako bi ordainduta.

Epe hori lizentzia eskatu gabe edo espaloia lehengoratu gabe iraganik, Alkatetzak hamar euroko isuna jarriko dio arau-hausleari arau-hausteak irauten duen egun bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L1020152