2. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

80/2010 FORU DEKRETUA, abenduaren 20koa, Artozkiko Kontzejua iraungitzen duena.

2003ko maiatzaren 22an, Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu zuen Itoitz-Nafarroako Ubidea Fundazioarekin, Artzirbarko Udalarekin, Artozkiko Kontzejuarekin eta Azparrengo Kontzejuarekin, Artozkiko Kontzejua hustu eta iraungitzeko. Agiri horretan adierazten zen, Itoizko urtegia eraiki eta betetzeko lanen ukipenen ondorioz, urek Artozkiko herria erabat hartuko zutela eta, horrenbestez, Artzibarko kontzeju hori iraungi eta Azparrengo Kontzejuan sartu beharko zela.

Artozkiko Kontzejuak, 2009ko abenduaren 12an egindako bilkuran, gehiengo osoz erabaki zuen Artozkiko Kontzejua aldatzea eta haren lurraldea Azparrengo Kontzejuaren lurralde eremuan sartzea.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren otsailaren 26ko 117/2010 Ebazpenaren bidez, 2010eko 37. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, martxoaren 24an, Artzibarko Udalari, Artozkiko Kontzejuari eta Azparrengo Kontzejuari entzunaldia eman zitzaien eta Artozkiko Kontzejua iraungitzeko espedientea jendaurrean jarri zen.

Entzunaldirako eta jendaurreko eperako emandako hilabetea iraganik, ez da alegaziorik izan.

Halaber, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44 artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola kontzejuak iraungitzat jotzea, Lurralde Mugaketako Batzordeak txostena eman ondoren. Lurralde Mugaketako Batzordeak, 2010eko azaroaren 23an, Artozkiko Kontzejua iraungitzearen aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko abenduaren 20ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Artzibarko Udalerriko Artozkiko Kontzejua iraungitzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

2. artikulua. Kontzejua iraungitzeko prozedurako arau hauei jarraikiko zaie:

1. Artozkiko Kontzejuaren ondasun guztien inbentarioa eginen da Azparrengo Kontzejuarenean sartzeko.

2. Artozkiko Kontzejuaren kontuak itxiko dira. Pagatu gabeko obligazioak eta kobratu gabeko eskubideak Azparrengo Kontzejuaren aurrekontuei gaineratuko zaizkie. Iraungi den Kontzejuaren baliabide finantzario guztiak Diruzaintzara pasako dira.

3. Azparrengo Kontzejuari emaniko ondasun, artxibo eta zigiluen akta eginen da.

3. artikulua. Foru dekretu hau Estatuko Administrazio Nagusiari jakinarazi beharko zaio, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.2. artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Urriaren 25eko 288/1990 Foru Dekretuaren 5. artikuluari jarraikiz, Artozkiko Kontzejuaren izena desagerraraziko da Nafarroako Toki Entitateen Erregistrotik.

4. artikulua. Foru dekretu hau Artzibarko Udalari eta Azparrengo Kontzejuari jakinarazi beharko zaie. Aditzera ematen zaie haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko abenduaren 20an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F1020991