194. ALDIZKARIA - 2011ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

149/2011 FORU AGINDUA, irailaren 16koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zenbait eskumenen erabilera departamentuko zuzendari nagusien eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko buruaren esku uzten duena, eta, zenbait kontratu formalizatzeko sinadura, berriz, departamentu horretako beste organo batzuen esku.

Maiatzaren 2ko 92/2008 Foru Aginduaren bidez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrak berezko dituen eskumenak departamentu horretako zuzendari nagusien eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko buruaren esku utzi ziren. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa nabarmen aldatu denez, bidezkoa da foru agindu berri bat ematea, eskumenak besteren esku uztea arautzeko.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak xedatzen dutenez, kontseilarien berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste organo batzuen esku uzten ahalko dira, organo horiek mendetasun-lotura hierarkikorik ez izan arren, salbu eta kontrakoa agintzen duen xedapenik bada. Halaber, ezartzen dute zeintzuk diren beste baten esku utzi ezin diren arloak, bai eta eskuordetza horren araubide juridikoa ere.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 40. artikuluak xedatzen du kontseilariek beren mendeko administrazio organoen titularren esku uzten ahal dutela ebazpen eta egintza administratiboen sinadura.

Legezko agindu horiekin bat,

AGINDU DUT:

1. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari dagozkion eskumen batzuk Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren esku uztea, hain zuzen, zuzendaritza nagusi horri dagozkion arloetakoak, salbu eta beste baten esku utzi ezin direnak, zehazki hauek:

a) Orokorrak:

-Administrazio espedienteen ebazpena, zehapenei buruzkoak barne.

-Gastuak egiteko baimenak eman eta xedatzea, ordaintzeko beharrak onartzea eta aurrekontuak aldatzea.

b) Kontratazioari dagokionez:

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 36.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, kontratuen gainean Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari dagozkion ahalmenak, eskuordetutako arloetakoak betiere, salbu eta Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Ataleko buruari esleitutakoak, obra, hornidura eta laguntza kontratuak formalizatzekoak, eta, aipatutako legearen 37.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten kontratuak sinatzekoak.

2. Ondarearen Kudeaketa Teknikoaren Ataleko buruaren esku uztea obra kontratuak formalizatzeko sinadura, obrak ondarearen arlokoak eta Ondarearen Zerbitzuaren eskumenekoak diren kasuetan.

3. Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Ataleko buruaren, Erosketa Bulegoko buruaren eta Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Ataleko Hornidura Bulegoko buruaren esku uztea hornidura eta laguntza kontratuak formalizatzeko sinadura, kontratuak ondarearen arlokoak eta Ondarearen Zerbitzuaren eskumenekoak diren kasuetan.

4. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari dagozkion eskumen batzuk Politika Ekonomikoaren eta Nazioartekoaren zuzendari nagusiaren esku uztea, hain zuzen, zuzendaritza nagusi horri dagozkion arloetakoak, salbu eta beste baten esku utzi ezin direnak, zehazki hauek:

a) Orokorrak:

-Administrazio espedienteen ebazpena, zehapenei buruzkoak barne.

-Gastuak egiteko baimenak eman eta xedatzea, ordaintzeko beharrak onartzea eta aurrekontuak aldatzea.

b) Kontratazioari dagokionez:

Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 36.1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, kontratuen gainean Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari dagozkion ahalmenak, eskuordetutako arloetakoak betiere, salbu eta, aipatutako foru lege horren 37.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten kontratuei dagozkienak.

5. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko buruaren esku uztea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari auzitegi horren arloan dagozkion eskumenak, batez ere espedienteak administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organoei igortzekoa. Eskuordetza honetatik espresuki salbuesten da Berraztertzeko errekurtsoei eta inpugnazio ekonomiko-administratiboei buruzko Erregelamenduaren 24.3 artikuluan ezarritako eskumena (erregelamendu hori uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

6. Aurreko ataletan aipatutako eskuordetzatik kanpo gelditzen dira administrazio errekurtsoen ebazpenen gaineko eskudantziak, lankidetza hitzarmenak sinatzekoak (salbu eta apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 86.2 eta 87.2 artikuluetan ezarritakoak) eta gastu konpromisoa hartzeko Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten espedienteen gainekoak.

7. Foru agindu honen bidez eskuratutako eskuordetzaren indarrez ematen diren administrazio ebazpenetan inguruabar hori adierazi beharko da espresuki. Ebazpen horiek Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emanak bailiran izanen dira, ondorio guztietarako, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, edo berraztertzekoa, aipatu kontseilariari zuzendua.

8. Foru agindu hau interesdunei, departamentuko zerbitzuei, Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Kontu Hartzailetza Delegatuari jakinaraztea.

9. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak maiatzaren 2an emandako 92/2008 Foru Agindua, zenbait eskumenen erabilera departamentuko zuzendari nagusien eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko buruaren esku utzi zuena, eta zenbait kontratu formalizatzeko sinadura departamentu horretako beste organo batzuen esku.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2011ko irailaren 16an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1115353