190. ALDIZKARIA - 2011ko irailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Itzako Udalaren lokalak erabiltzeko prezio publikoak
eta baldintzak arautzen dituen ordenantza

2010eko urriaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zen Itzako Udalaren lokalak erabiltzeko prezio publikoak eta baldintzak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Erabaki hau 2011ko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 7an.

Hilabetez egon da jendaurrean eta inork ez du erreklamazio edo alegaziorik aurkeztu; beraz, osorik argitaratzeko agintzen da behin betikoz onesteko.

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. idatz-zatiko 2. azpiatalean xedatutakoari jarraituz ezarri da ordainarazpen hau, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 262. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren babesean onetsi da ordenantza hau.

2. artikulua. Ordenantza honen helburua da Itzako Udalaren lokalen erabilera arautzea eta erabilera horren prezio publikoak ezartzea.

Ordenantza honetako arauak Udalaren eraikin, lokal eta instalazio guztietan aplikatuko dira, partikularrek horiek erabiltzen ahal badituzte eta arautzeko ordenantza berariazkorik ez badute.

BIGARREN KAPITULUA

Udalaren eraikinak, lokalak, instalazioak
eta gainerako ondasunak erabiltzeko arauak

Baimena ondoko erabilera arau hauei jarraituz emanen da:

3. artikulua. Aipatutako erabilera hori egiteko interesa dutenek, Udalaren baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik.

4. artikulua. Itzako Udalaren instalazioak herriaren jabariko eta zerbitzurako udal ondasunak dira, batez ere kultur jardueretan erabiltzekoak, musika, antzerki, eszena, gorputz adierazpen, kirol eta plastika arloetan, eta tarteka, inguruabarren bat dela medio, aipatuez bestelako jardueratan erabiltzen ahalko dira.

5. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak, edo dagokionean alkateak, aurkeztutako eskaerak ikusi eta bidezko juzgatzen dutena erabakitzen ahalko dute, kontuan izanik eraikinaren, instalazioaren edo zerbitzu bereziaren erabilgarritasuna, eskaeraren ezaugarriak, pertsona kopurua, helburua eta iraupena.

6. artikulua. Eskatutako kontzesioak lortzen dituztenek horien izaera eta xedea kontuan hartuz erabili beharko dituzte, inolako kalterik ez sortzeko, zertarako eskatu zen, helburu horrekin egindako erabilera ohikoa, egokia eta arrazoizkoa dela eta gerta daitekeen higadura izan badaiteke ere.

7. artikulua. Ordenantza honetako Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta ondasunak, eta zerbitzu bereziak, ezin izanen dira inoiz erabili baimendutako helburuaz bestelako helburuetarako.

8. artikulua. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek zainduko dituzte haien garbitasuna eta antolamendua. Egun bateko erabilaldiaren ondotik, garbitu eta altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, beste hartzaile batzuek berehalakoan erabiltzeko moduan.

9. artikulua. Itzako Udalaren esku daude instalazio honen funtzionamendua arautzea, jardueren antolaketa eta koordinazioa, eta instalazioen kontserbazioa eta hobekuntza.

10. artikulua. Eraikina edo lokala erabiltzeko giltza behar denean, erabilera eskatu duenak izanen du giltza bueltatzeko ardura. Ez du horren kopiarik eginen, horretarako alkatearen baimena jaso ezean; kopiak ateraz gero, eraikin eta lokalen erabilaldia bukatutakoan itzuliko zaizkio Udalari.

11. artikulua. Itzako Udalaren espazioen eta lokalen erabilerari dagokion arlo ekonomikoan, aldi bakoitzean indarra duten tarifak kobratuko dira, Udalak baimentzen dituen doako erabileretan izan ezik.

12. artikulua. Halaber, antolatzaile-eskatzaileak erantzukizun zibileko poliza kontratatu beharko du, egin beharreko ekitaldiaren ondoriozko edozein ustekaberi aurre egin ahal izateko.

13. artikulua. Itzako Udalak kontratuak edo hitzarmenak egiten ahalko ditu partikular edo entitateekin instalazioen erabilera arautzeko, denboraldi luze edo jarraian erabili behar direnean (hiru edo sei hilabetez, denboraldi batez, urte osoan, etab.).

14. artikulua. Erabiltzaileen kontura izanen dira:

I.-Tasaren, kontribuzioaren edo zergaren ordainketa, eta ordenantza honetan ezarritako fidantzen ordainketa.

II.-Egile eskubideak ordaintzea, horrelakorik izanez gero.

III.-Administrazioaren permiso eta baimenak.

IV.-Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntatu eta kentzea, antolamendua Udalarena ez denean, eta betiere, Udaleko langileek edozein momentutan ematen dituzten oharrei kasu egin beharko diete.

15. artikulua. Instalazioen erabilera publikorako orduak Udalak ezarriko ditu, prest dituen udal langileak eta eskaerak zenbat diren begiratuz.

16. artikulua. Entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Udalak antolatu edo babesten dituen jardueren erabileraren menpe.

17. artikulua. Oro har, instalazioak erabiltzen dituzten entitate edo partikularrek ondoko baldintzok bete beharko dituzte:

I.-Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal, administratibo zein laneko zergei buruzkoak, edo edozein tankeratakoak, eta beren eskutan soilik izanen dira beren erantzukizunak sorrarazten dituen kalte eta galeren ordainak, Udala erabat salbu geldituko delarik.

II.-Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen ekitaldirako.

III.-Instalazioak erabiltzeko eskaerak lau egun lehenagotik bederen aurkeztu beharko dira, Itzako Udaletxean.

Presako kasuak: pertsonek nahiz entitateek Udalaren lokalak erabili behar izan eta, arrazoi bereziengatik edo halako presa izateagatik, erregelamenduzko tramiteari segitu ez bazaio, beren eskabidea idatziz aurkeztuko dute Udaletxean, gutxienez egun bat lehenago. Eskabide hori ordenantza honen 18. artikuluan ezarritakoari egokituko zaio, eta hartan adieraziko dute sala zertarako eskatzen duten eta presaren arrazoiak emanen dituzte. Udalak bere iritziaren arabera baloratuko du presa hori.

IV.-Itzako Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen jendeak egiten dituen gauzengatik, entitate antolatzaileena baita, oso-osorik, erantzukizuna.

V.-Jarduera buruturik, entitate antolatzailea arduratuko da instalazioak erabiltzeko prest gera daitezen, jarduera hasi zenean zuten egoera berean. Instalazioaren ardura duten langileek ikus-onetsia eman beharko diete.

VI.-Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen edo kalteak konpondu edo ordaintzeko ardura, edozein izanagatik haien arrazoia edo zergatia. Horretarako, Udalak aurkeztuko dio likidazioa, non ez den bera zuzenean egin behar diren konponketen kargu egiten, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

VII.-Udaleko zerbitzu teknikoek edozein momentutan ikuskatzen ahal dituzte jarduera egiteko instalazio osagarrien muntatze eta desmuntatze lanak, eta entitate antolatzaileek horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak onartu eta bete beharko dituzte.

18. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren Udalaren eraikinak, lokalak, instalazioak edo zerbitzu bereziak erabili nahi dituzten pertsonek edo entitateek idatziz eskatu beharko diote Itzako Udalari, beren identifikazio datuak, beharrak, erabileraren denbora, okupatzaileen nortasun zenbakiak eta erabileraren helburua adieraziz.

Eskatutakoaz ebazteko egoki irizten dion dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatu ahalko du Udalak.

Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabilpenaren ondoriozko harremanak izaterakoan, horrexetarako izendatzen den lagunarekin arituko da Udala, edo, halakorik egon ezean, eskatzaileetan lehenbizikoarekin.

19. artikulua. Orokorrean, instalazioen barrenean ezin izanen da inongo publizitate eta propagandarik egin, Udalak kasu bakoitzean espresuki baimentzen duena izan ezik.

20. artikulua. Udalak eskubidea izanen du instalazioetan gaizki portatzen diren pertsona guztiei kargu hartzeko eta are instalazioetatik kanpora bidaltzeko.

21. artikulua. Erabilera bat baino gehiago edo denboraldi baterako, kontratu edo hitzarmena egiten duten entitateen kide edo partehartzaileek instalazioen erabileran haien portaeragatik istiluak sortu eta instalazioak hondatzen dituztenean, lehenbiziko neurritako, kargu hartu eta gastuen agiria ordaindu beharra ezarriko da.

22. artikulua. Inguruabarrek eraginda eta aldi baterako, eta Udalak horretarako baimena ematen duen aldi oro, partikularrek Itzako Udalaren biltegiguneak erabiltzen ahalko dituzte, trasteak, tresneria guztia, eszenako materiala eta abar gordetzeko.

23. artikulua. Udal lokaletan egiten diren jarduera guztietan, publizitaterik izanez gero, udal armarriaren logotipoa paratu beharko da, haien entitate laguntzailea den aldetik.

24. artikulua. Udalari dagokio ordenantza honetan jaso ez diren kasuen ebazpena eta zalantza sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa, eta, ezinbestean, dagokion udal organoari.

HIRUGARREN KAPITULUA

Udalaren eraikin, lokal, instalazio
eta ondasunak erabiltzeko prezio publikoa

Zergapeko egintza

25. artikulua. Itzako Udalaren lokalak eta instalazioak erabiltzean datza, erabiltzaileak pertsona fisikoak edo juridikoak zein erakundeak edo entitateak izanda, betiere Udalaren baimena baldin badaukate.

Subjektu pasiboa

26. artikulua. Aldez aurretik Itzako Udalaren edo alkatearen baimena izanik, haren eraikinak, lokalak, instalazioak, makineria, ondasun higigarriak edo zerbitzu bereziak egiazki erabiltzen dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, elkarteak, kirol eta josteta elkarteak oro har, eta erakundeak, nortasun juridikoa izan ala ez, horra prezio publiko hauen subjektu pasiboak.

Prezio publikoaren sorrarazpena eta haren ordainketa

27. artikulua. Prezio publikoaren sorrarazpena baimena ematen den unean berean gertatzen da eta ordainketa erabilera aurretik eginen da, eta betiere, 48 ordu lehenagotik. Halaber, ordenantza honen II. eranskinean ezarritako fidantzak ordainduko ditu eskatzaileak.

28. artikulua Itzako Udalaren edozein lokaletarako, egunen erreserbak ez du baliorik izanen ez bada erreserbaturiko errentamenduaren zenbatekoaren %25 ordaindu. Ordainketa hori behin betiko likidazioaren kontura eginen da.

Egindako erreserbak deuseztatzeko eskaerak bakar-bakarrik onartuko dira arrazoiak modu sinesgarrian frogatzen badira; idatzita eginen da eskaria eta, betiere, ekitaldiaren data baino 4 egun lehenagotik, gutienez.

Deuseztatuz gero, Udalak prezio publikoaren %50 besterik ez du itzuliko.

Salbuespenak

29. artikulua. Ezartzen diren prezio publikoak ordaintzetik salbu daude ondoko jarduera hauek:

a) Itzako Udalak eta Udalaren Haur Eskolak antolatuak.

b) Itzako Udalaren mugapean kokatuak dauden kultura, hezkuntza, kirol, gizarte, josteta edo politika arloko entitateek antolatzen dituztenak, betiere antolatutako ekitaldiengatik dirurik kobratzen ez bada.

Udalak espresuki onartu behar du irabazteko asmorik eza, kasu bakoitzean.

Zerga-oinarria

30. artikulua. Udalaren eraikinetako aretoak, lokalak edo instalazioak zenbat ordutan erabiltzen diren, horra karga-oinarria.

Tarifak eta fiantzak

31. artikulua. Lokalak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tarifak eta fiantzak, I eta II. eranskinetan daude.

LAUGARREN KAPITULUA

Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak

32. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen eta zerbitzu berezien erabiltzaileek erantzun beharko dute, maltzurkeria edo utzikeria direla medio bertan eragindako kalte eta galerengatik.

33. artikulua. Okupatzaile edo erabiltzaileak bat baino gehiago badira, denek elkarrekin eta solidarioki ordainduko dituzte bai prezio publikoak, bai higiezinetan, eraikinetan, ondasunetan edo makinerian egiten diren kalte-galeren ordaina, bai ezartzen zaizkien zehapenak.

34. artikulua. Arau-haustetzat joko dira:

a) Eraikin, lokal edo instalazioak okupatzea, ekipoak, makineria eta gainerako ondasun higigarriak hartu edo erabiltzea, Udalaren baimenik izan gabe.

b) Baimena izanik okupaturiko lokal eta aretoen eguneko garbiketa ez egitea ordenantza honetan agindutako eran.

c) Kalteak egitea eraikinetan, lokaletan, instalazioetan, makinerian eta gainerako ondasun higigarrietan.

d) Alkatearen baimenik gabe, erabilitako eraikin eta lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea.

e) Erabili diren eraikin eta lokaletatik behin betikoz alde egiten denean giltzak berehala ez itzultzea.

f) Ordenantza honetan aipatzen diren lokalak, makineria, ondasunak eta zerbitzu bereziak oker erabiltzeagatik kalteak, galerak edo hondaketa sortzea.

35. artikulua. Aipatu arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hauek ezarriko dira:

A.-Aurreko artikuluko a), b), d) eta e) ataletakoei, 60 euroko isuna ezarriko zaie.

B.-Aurreko c) eta f) ataletakoei, egindako kaltearen edo galeraren zenbatekoaren adinako isuna ezarriko zaie.

36. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak ezarriko dira kalte-galerengatik bidezko gertatzen dena ordaindu beharretik aparte.

Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak derrigorrezko betearazpenaren bitartez ordaindu eta betearaziko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legean ezarritako baldintzak bete ondoren eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

I. ERANSKINA

Tarifak

1.-Erabilera anitzeko gelak.

-Udalaren gela (Udaletxea).

-0tik 3 urtera bitartekoendako gelak.

Erabilera ordu bat edo zati bat (betiere erabilera egun batekoa baino txikiagoa izanik): 10,00 euro.

Egun osoa: 60,00 euro.

2.-Aitzinetik erreserba eginik, toki bat, erabaki baino denbora gehiagotan erabiliz gero, zatiagatik hurrengo tarifa kobratuko da.

3.-Halako material batzuk erabiltzeko, fidantza finkatuko da.

Oharra:

-Jaiegunetan tarifak ehuneko berrogeita hamar igoko dira.

-Lokala lagatzeaz gain ematen diren zerbitzu guztiak (berogailua, atezaintza etab.) aparte ordainduko dira, emandako zerbitzuaren kostu errealaren arabera.

-Lagapenari begira komeni bada, 300,51 euroko fidantza eskatzen ahal da, aldez aurretik, kontzesioa egiten denean.

II. ERANSKINA

Fidantzak

Baimena emandakoan, fidantza bat utziko da izan litezkeen hondaketengatik eta beste bat garbiketagatik. Fidantzak instalazioen egoera frogatu ondotik itzuliko dira, konponketei eta garbiketei dagokien zenbatekoa kenduta, halakorik egin behar izanez gero.

-Hondaketetarako fidantza: 20,00 euro.

-Garbiketarako fidantza: 20,00 euro.

Eritzebeitin, 2011ko irailaren 15ean.-Alkate udalburua, José Antonio Vázquez Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: L1115234