1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1372/2011 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Añorbeko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Sustatzailea Añorbeko Udala da.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
Lurraldea okupatzeko estrategiari eta ereduari buruzko 2008ko uztailaren 29ko txostenarekin abiatu zen Añorbeko Hirigintza Planaren Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta, bertan, Ingurumen ondorioen azterlanari eta Hirigintzako Udal Planari erantsi beharreko ingurumen alderdiak aipatzen dira. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2011ko maiatzaren 26an askitasunari buruzko txostena eman eta Añorbeko Udalak 2010eko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 23an, iragarkia argitaratu ondoren, jendaurrean jarri zen Hirigintza Plana, Ingurumen ondorioen azterlanarekin batera. Ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.
Añorbeko Hirigintza Planaren helburuak: dauden hiri sareak mantendu eta hobetuko direla ziurtatzea eta kultur ondarea babestea, baita zabalgune berriekin modu egokian lotzea ere, bizitegietarako, ekipamenduetarako eta jarduera ekonomikoetarako lurzoru beharrei erantzuna ematea eta sistema orokorrak aurreikustea eremu libreei eta berdeguneei dagokienez, eman nahi den zerbitzurako aproposenak eta egokienak diren lekuetan jarriz.
Planaren ingurumen helburuen artean aipatzekoa da, alde batetik, paisaiak identifikatu, babestu eta baloratu beharreko balioak dituela, eta, bestetik, Europar Batasunaren intereseko habitatak, Nekeas ibaia eta ibai horren uholde eremuak eta Errege Altxonbideko 6. Iraganbidea kontserbatu egin behar direla.
Hirigintzako Udal Planeko proposamenek udalerri osoa ukitzen dute (24 km²). Proposatu den bizitegi eremuaren hazkundea oraingo herrigunearen inguruan garatuko da, El Chaparro mendiaren ekialdealdeko hegalean, eta bizitegi lurzoruak oraingo gunearen iparraldean, ekialdean eta hegoaldean aurreikusiak daude, eta, gutxiago, mendebaldean. Planaren tramitazioaldian zehar, murriztu egin da bizitegi esparrua herrigunearen hego-ekialdean, eta erreserba lurzoru bihurtu da, garapen eredua babesteko lurzoru.
Herrigunea hegal batean kokatzean, topografiari egokitzeko mailakatu eginen dira etxebizitzak eta horien bolumena, harri-lubetarik eta ezponda handirik egin beharrik ez izateko (araudian erregulatuta daude). 3.1 sektorean zehazki, igerilekuen iparraldeko hegalean, kontuan hartu behar da zatirik handiena berdegune gisa erabiltzen dela ezaugarri topografikoengatik, eta jarraipena ematen zaiola jada baden parke begiratokiari eta, hala, parke handi bat osatzen dela muinoan.
Herrigunearen hegoaldean, Olazariko bidearen ondoan, udalarena den lurzati batean, 2,6 hektareako eremu bat erreserbatu da landa lurzoruaren ustiapenari lotutako tailer eta biltegietarako.
Ingurumen ondorioen azterlanean, udal mugapearen deskribapen eta diagnostiko laburra egiten da, ingurune fisiko eta biologikoaren azterketaren bitartez. Ingurumen ikuspegitik baloratzen du Hirigintzako Udal Planaren eta Añorbeko udalerrian eragina duten beste plangintza tresna batzuen arteko elkarreragina. Tresna horiek dira Nafarroako Lurralde Estrategia, 3. Lurralde Antolamenduaren Plana eta Nafarroako Ubidearen UPSa eta ubidearen eremu ureztagarriak.
Paisaiaren ikuspegitik, udalerriak 6 paisaia sektore, lurraldearen eremu homogeneoei dagozkienak, ditu. Herrigunearen inguruan zabortegia eta herriaren inguruko erreserbak daude, eta Garapen Eredua Babesteko Lurzoru gisa sailkatuta daude biak. Udalerriaren gainerako eremua honela banatuta dago: Landutako Eremuak, Oihan Eremuak, Mosaikoa eta Ekoizpen Sektorea nabeak eta biltegiak jartzeko eremuari dagokionez.
Lurzoru urbanizaezineko sailkapenak ingurumen balio nabarmenenak jasotzen ditu, hala nola artadiak, karraskadiak eta sastrakadi mediterranearrak hegal malkartsuenetan, eta itxiokorri sastrakadiak eta erromero eremuak Las Nekeasko igeltsu azaleramenduetan, eta lehorreko alorrekin mosaiko gisa, eta P-6 Iraganbidea, Taustetik Andiara arteko Errege Altxonbidea lotzen duena.
Las Nekeas alderdiko lurzoru urbanizaezinaren tratamenduari dagokionez, bi aukera aztertu dira: paisaia babesteko kategoria bat, laboreen eta sastrakadien mosaikoaz osatua, ezartzea, ala lurzoruaren bi kategoria kontuan hartzea nekazaritzako erabileren eta ingurumen balioko eremuen arabera, batez ere ipuruekin eta sastrakadi mediterranearrekin lotutako abarizti eremuak. Azkenik bigarren aukera hautatu da.
Ingurumen ondorioen azterlanak eraginak identifikatzen ditu eta horien ezaugarriak zehazten, erabileren aldaketei eta ibaien gaineko eta interes ekologikoko eremuen eta paisaiaren gaineko ukipenei dagokienez, besteak beste, eta ukipenak positibotzat jotzen ditu, zeren eta lurzoru urbanizaezinaren tratamenduak kontuan hartu baititu inguru horretan dauden natur eta paisaia balioak. Bizitegi eremua garatzeko eta eremu urbanizagarri berriak ezartzeko proposamenari dagokionez, paisaia babesteko neurriak aplikatu dira, eta topografiaren aldetik konplexuenak diren eremuak herriguneko berdegune gisa erreserbatu dira. Azterlanak ez du neurri gehigarririk ematen.
Udalerriaren hots zonifikazioa ere jasotzen da, Hotsari buruzko Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, hotsaren araberako zonifikazioari eta kalitate helburuei dagokienez. Hotsaren araberako lau eremu nagusi ezarri dira (bizitegi eremua, industriala, azpiegiturena eta naturguneena).
Horniduraren aurreikuspenei dagokienez, Erreniegako hegoaldeko hegaleko eta Izarbeibarko goi hornidurako planari lotuta egonen da Hirigintzako Udal Planaren bideragarritasuna.
Behin-behinekoz onetsitako Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio osoa 2011ko maiatzaren 23an jaso zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin du Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura gauzatzeari buruz, eta zenbait ohar egin ditu Añorbeko Hirigintzako Udal Planaren gainean; berretsi egin ditu 2011ko urriaren 13ko txostenean azaldutako alderdiak.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Añorbeko Hirigintzako Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da.
2. Hirigintzako Udal Planaren behin betiko dokumentazioan honako hau sartuko da:
-Loturarako garrantzizkoak diren elementuak zaintzea, hala nola idoiak eta hezegune txikiak, abaritz eta arte arboladiak, sastrakadiak eta larreak, Izarbeibarren ohikoa den mosaiko gisako paisaia osatzen dutenak; lurzoru urbanizaezinaren kategorian sartuta egoteaz gainera, paisaiaren eta ekologiaren aldetik dituzten balioen araberako babes araubidea izan beharko dute.
Alde horretatik, planean ingurumen balioko lurzoru gisa sartu beharko dira Ingurumen ondorioen azterlanean identifikatutako hezeguneak eta idoi txikiak, baita 6. poligonoko 116. lurzatian eta 4. poligonoko 1. lurzatian daudenak ere. Kartografiatu gabeko arboladiak eta landaredi naturaleko guneak dituzten nekazaritza eremuetan, berariaz ezarri beharko da erabileren erregulazio egoki bat, mosaiko gisako paisaia babes dadin.
-Altxonbideko 6. Iraganbideari dagokionez, Hirigintza Planeko lurralde helburuetako bat betetzearren, Plangintza eta Laguntza Atalak 2011ko abuztuaren 24an emandako txostenean ezarritakoari jarraituko zaio.
-Hots eremuen mugaketari dagokionez, behin-behinekoz onetsitako hirigintza proposamena aplikatuko da, eta "Naturguneen" hots eremua kenduko da, ez baitator bat Hotsari buruzko Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako irizpideekin.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Añorbeko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko irailaren 2an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F1114656