187. ALDIZKARIA - 2011ko irailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

47E/2011 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena ur hornidurako eta ponpaketako hodien proiekturako, Odron ibaitik Los Arcosko 7. poligonoko 397. eta 398. lurzatietako hegazti-haztegira. Sustatzailea Adrian Abaigar Álvarez de Eulate da.

2011ko ekainaren 13an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipaturiko espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektatu den jarduketaren xedea da bi hodi egitea: bata, Jurramendiko Mankomunitatearen udal sare orokorretik hargunea egiteko; eta bestea, Odron ibaiko ur-biltegiaren paralelo doana, Los Arcosko udal mugapeko 7. poligonoko 397. eta 398. lurzatietako landako oilo erruleen ustiategiraino urez hornitzeko.

Odron ibaitik ponpatzeko hodia Odron ibai gaineko zubitik 20 m inguru behera hasten da, hormigoi armatu aurrefabrikatuzko putzu zulatu baten bidez. Putzu hori 2 m sakon da, ibaiaren bazter batean dago eta ponpa elektrikoa du, sare elektrikotik, hargune baten bidez, elikatzen dena. Zubian kontagailua jarriko da, kutxeta batean, eta kutxetatik hodi bat aterako da, Jurramendiko sarerako hargune-hodiaren zanga berean lurperaturik.

Emandako dokumentazio grafikoaren arabera, bi sareen trazadura Odron ibai gaineko zubitik hego-mendebalderantz doa, Sancho El Sabio etorbidetik, Parada bidearekin bat egin arte, eta azken bide horretatik katastroko 7. poligonoko 397. eta 398. lurzatietaraino. Aurreikusten diren sare bakoitzaren luzera, guztira, 1.685,00 m-koa da.

Hasierako tartean, ponpatzeko sarea eta putzua lurzoru urbanizaezinean daude, bai eta Parada bideari dagokion tartea ere. Sailkapen horrek ingurumen ondorioetarako bi tarteei aplikatu behar zaien lege araubidea baldintzatzen du. Zehazki, bai Odron ibaitik ura ateratzeko putzuak, bai Los Arcosko mugatik hegaztitegiraino doazen sareek, Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko tramitea gainditu behar dute.

Ez da uste ingurumen ondorio nabarmenik sortuko denik, sareek populaziogunetik at duten trazadurak labore lurrak zeharkatzen baititu eta, bide baten ondoan, destinoko lurzatietaraino ailegatzen da. Halaber, irekiko den zangak eta ura ateratzeko Odron ibaiaren bazterrean eginen den putzuak ez dute ingurumen balioen galera ekarriko, zubi ondoko eremuan ibai-bazterretako landaredia urria baita (zuhaixkak eta zumar bakan batzuk).

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Eskaera Los Arcosko Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea ur hornidurako eta ponpaketako hodien proiekturako, Odron ibaitik Los Arcosko 7. poligonoko 397. eta 398. lurzatietako hegazti-haztegira. Sustatzailea Adrian Abaigar Álvarez de Eulate da.

2. Baimena ondoko neurri hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Odron ibaiaren bazterrean irekiko den lanerako eremua ahalik eta txikien izanen da.

-Ibai-bazterretako zuhaitzak moztu behar badira, horretarako behar den administrazio baimena eskatuko da departamentu honetan, zuhaitzak moztu baino lehen.

-Hondakinetarako kudeatzaile batek zangak betetzeko erabiliko ez diren lurrak inerteen zabortegi batera eramango ditu.

-Jarduketa bukatu ondoren, berak ukitutako eremuan ez da obra hondakin bat ere egonen.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarririko moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura, Los Arcosko Udalera eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko abuztuaren 31n.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1114832