1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
44E/2011 EBAZPENA, abuztuaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Frankin (Leitza) pista bat bikoizteko eta lur eremua egokitzeko lanen proiekturako. Sustatzailea Andrés M.ª Otermin Azpiroz da.
2011ko maiatzaren 13an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Proiektatutako jarduketaren xedea da beste trazadura aukera bat ematea Frankiko gaur egungo bideari, Frankiko baserriaren eta baserri horren iparraldeko larreetarako bidearen artean (bide hori Plazaolaren bidean hasten da, bide nagusia, Franki alderdira ere eramaten duena). Hala, inguru horretako nekazaritza eta abeltzaintza jardueraren ondoriozko ibilgailu trafikoak sortzen dituen eragozpenak murriztu nahi dira, baita Plazaolaren bidetik Etxetxurieta aldera Frankiko bidean barna joaten diren ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorria ere.
Proiektuak bide berri bat egitea aurreikusten du; Frankiko bidean hasiko da baserriaren ekialdeko puntu hurbil batetik, 120 metro eginen ditu mendi-mazelaren erdialdetik eta larreetarako bidera iritsiko da, baserriaren ipar-mendebaldean, Plazaolaren bidetik abiatu eta 220 metro egin ondoren. Ibilbide horrek batez besteko %13ko malda izanen du, eta gehieneko malda guneak %15ekoak izanen dira. 4 metroko zabalerako galtzada proiektatu da, zagorrez finkatua, sastrakak kenduta izanen dituen eta trinkotuta egonen den lur eremuan zuzenean, eta areka bat eginen da oinean, lur-erauzketaren aldean.
Bidea egiteaz gainera, proiektuak aurreikusia du Plazaolaren bidearen ondoko lur-erauzketa baten birmoldatze topografikoa egitea jarduketa osagarri gisa; horretarako, aspaldiko lur pila baten zati bat, hor barnean dagoena, mugituko da, eta bertara eramanen dira trazadura berriko bidearen obretako material soberakinak, eta birprofilatu eginen da lur eremua.
Dokumentazioaren barnean 2011ko apirileko Ingurumen ukipenen azterlana dago, interes naturaleko balioak aztertu eta neurri zuzentzaileak ezartzen dituena. Ingurumen intereseko alderdi gisa nabarmentzekoak: neurri zuzentzaileak hartu beharra sortzen diren ezpondak paisaian integratzen laguntzeko, eta bidean jasotzen den isurketa-ura ateratzea gurutzatzen dituen bideekin lotzeko puntuetan, luzetarako eta zeharkako malda handiko eremu batean. Kontuan hartu behar da, orobat, ezpondari akabera egokia eman behar zaiola Plazaolaren geltoki zaharraren ondoan; horretarako, hondeaketako lurrak eta bidearen obrako landare lurrak eramanen dira bertara. Kontuan hartzekoa da, gainera, inguru horren balio estetikoa eta jostetarako duen balioa, Plazaolaren bide berdearen eraginez.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Frankin (Leitza) pista bat bikoizteko eta lur eremua egokitzeko lanen proiekturako. Sustatzailea Andrés M.ª Otermin Azpiroz da.
2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:
-Jarduketa paisaian integratzen laguntzeko, proiektatutako galtzadaren zabalera 4 metrotara murriztu ahalko da, kontuan hartuta horren bidez jarraipena izanen duen bideak 2,5 metroko zabalera duela gutxi gorabehera. Helburu horrekin, trazadura gauzatu aurretik, Leitzako Udalari kontsulta eginen zaio sortuko den bideak emanen duen zerbitzuari buruz zer aurreikuspen dagoen jakiteko, horrela zabalerarik egokiena erabakitzeko.
-Hondeaketa lanak eta makineriaren zirkulazioa biderako proiektatu den lur-berdinketako eremura mugatuko dira (zabalgunea eta areka); eremu horrek ez du funtsean gaindituko biderako eta arekarako proiektatu den zabalera, eta ezponda handiak egitea saihestuko da.
-Obren hasieran trazadurako landare lurra kenduko da, obrek ukitutako eremuak lehengoratzeko lanetan erabiltzeko gero. Bideak jasotzen duen isurketa-ura ongi atera beharra ere aurreikusiko da, lotune puntuak uki ez daitezen.
-Lanak bukatutakoan landare lurra hedatuko da eremu andegatuetako betelan ezpondetan, eta Plazaolaren geltoki zaharrean birmoldatutako biltegi eremuan eta ezpondan.
4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarririko moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Leitzako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko abuztuaren 26an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1114780