1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
157/2011 EBAZPENA, irailaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Justizia Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako praktikaldi baztergarria garatzen duena, igoera txandan. Praktikaldia Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak martxoaren 2an emandako 212/2011 Foru Aginduaren bidez agindu zen.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, Nafarroako administrazio publikoen goi mailako erakunde teknikoa den aldetik, bere ardurapean du, besteak beste, Nafarroako sektore publikoa hobetzen duen edozein jarduera osagarri egitea, haren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera.
Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 2ko 212/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari agindu zitzaion Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako praktikaldi baztergarria ematea, igoera txandan. Hori maiatzaren 31ko JUS/1654/2010 Aginduan xedatu zen; haren bidez sarrera irekiko eta barne igoerako sistema orokorren bidez Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegoan sartzeko hautapen prozesurako deia egin zen.
Aurrekoa ikusirik, beharrezkotzat jotzen da ebazpen bat prestatzea alderdi teknikoak arautzeko, aipatutako deialdian emandako jarraibideekin bat. Horiek kontuan hartu beharko dira praktikaldi baztergarria ematean.
Horrenbestez, irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Estatutuen 15. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Justizia Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako praktikaldi baztergarriaren oinarriak ezartzea, igoera txandan. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
2. Ebazpen hau igortzea Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Justizia eta Barne Zuzendaritza Nagusiari, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari eta interesdunari. Azken horri epea jartzen zaio Zigor arloko 3. Epaitegiaren bulegoetan (San Roque kalea, 4, Iruñea) ager dadin, 2011ko irailaren 26ko 10:00etan.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2011ko irailaren 14an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Félix Taberna Monzón.
ERANSKINA
Justizia Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako praktikaldi baztergarriaren oinarriak, igoera txandan
Lehena.-Praktikaldi baztergarria.
Justizia Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako praktikaldi baztergarria, igoera txandan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen du, baztergarria izanen da eta maiatzaren 31ko JUS/1654/2010 Aginduan arlo horri buruz xedatutakoari jarraituko dio.
Justizia Ministerioak izendatutako praktiketako funtzionarioek hartuko dute parte praktikaldian, maiatzaren 31ko JUS/1654/2010 Aginduan ezarritakoarekin bat, eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 25. artikuluan xedatutakoaren mende egonen dira. Errege dekretu horren bidez Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide igoerari buruzko Erregelamendua onetsi zen.
Bigarrena.-Praktikaldi baztergarriko ikasgaiak eta balorazioa.
Hasteko, funtzionarioek dagokien lurralde esparruko egitura organikoari eta eskumenei buruzko prestakuntza berariazkoa eta Erregistro Zibileko prozedura judizialei eta espedienteei buruzko prestakuntza teoriko-praktikoa jasoko dute, eta, horretaz gainera, berariazko prestakuntza, tresna eta aplikazio informatikoak erabiltzeko beharrezkoak diren ezagutza eta trebetasunak lor ditzaten, bai eta Justizia Administrazioan erabiltzen baliabide teknikoak ere.
Prestakuntza horrek, nolanahi ere, gai hauek jasoko ditu:
-Prozedura zibila.
-Zigor prozedura.
-Atxilotze eta entregari buruzko agindu europarrak.
-Estradizioak.
-Indultua.
-Habeas Corpus.
-Erregistro Zibila.
-Baliabide informatikoak.
Aldi teorikoa bukaturik, aprobetxamendua ebaluatuko da proba objektibo baten bidez. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari dagokio hori prestatzea eta kalifikatzea.
Prestakuntza teorikoaren kalifikazioa 25 puntukoa izanen da gehienez. Horietarik 15 prestakuntza informatikoari ateratako probetxua ebaluatzeko izanen dira eta 10 prestakuntzako gainerako kontzeptuei ateratako probetxua ebaluatzeko.
Halaber, organo judizialek tutelatutako praktikak eginen dituzte praktiketako funtzionarioek, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 476. artikuluan adierazten diren kidegoaren berezko zeregin eta eginkizunen praktikak barne betiere.
Tutoretzapeko praktiken bigarren aldia amaitzean emanen da kalifikazioa: Gai edo Ez gai.
Ikastaro baztergarria gainditzeko, lehenengo fasean gutxienez ere 12 puntu lortu behar dituzte eta bigarren fasean Gai kalifikazioa izan behar dute.
Justizia Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako praktikaldi baztergarrian, igoera txandan, parte hartzea nahitaezkoa izanen da, ezinbesteko kasuetan izan ezik, halakoetan behar bezala justifikatu beharko baita eta balorazio batzordeak onartu.
Justizia Administrazioko edozein kidegotan jardunean dauden izangaiak azken bost urteotan sei hilabete baino gehiago egon badira benetako zerbitzuak egiten bitarteko funtzionario edo ordezko gisa, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegoaren (lehen Justizia Administrazioko ofizial) izendapenari jarraikiz, ez dituzte organo judizialek tutelaturiko praktikak egin beharko, "Gai" kalifikazioarekin baliozkotuko baitzaizkie.
Hirugarrena.-Praktikaldi baztergarriaren balorazio batzordea.
Batzordeak kide hauek izanen ditu:
-Batzordeburua: Estrella Lamadrid Morón.
-Ordezkoa: Tomás Rodríguez Garraza.
-Batzordekidea: Alfredo Amestoy Ibarra.
-Ordezkoa: Carmen Cirauqui Osés.
-Batzordekide idazkaria: Rosa Muro Hermosilla.
-Ordezkoa: Ana Román Puerta.
Praktikaldi baztergarria hasi baino lehen eratu beharko da batzordea.
Batzordea ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, batzordeburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
Balorazio batzordeko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari jakinaraziko diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute batzordekideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Batzordeak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauen interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak eta praktikaldi baztergarrian izan daitezkeenak.
Balorazio batzordeak ikastaro baztergarriko izangaiei emandako kalifikazioak lotesleak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarentzat.
Batzordeak aholkulari adituen laguntza izan dezake gai batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza batzordeari.
Laugarrena.-Ikastaro baztergarriaren iraupena.
Praktikaldi baztergarriak lau asteko iraupena izanen du.
Prestakuntza teorikoa 2011ko irailaren 26an hasi eta irailaren 30ean bukatuko da, eta Zigor arloko 3. Epaitegiaren bulegoetan (San Roque kalea, 4, Iruña) eginen da, ikastarorako ezarri den programari jarraikiz.
Prestakuntza teorikoaren ondoren, prestakuntza praktikoaren aldia hasiko da; hiru aste iraunen du, 2011ko urriaren 3tik urriaren 21era bitarte, aurretik zehaztutako Nafarroako organo judizialetan. Epaitegietako ohiko lanaldiaren barneko ordutegia izanen du.
Bosgarrena.-Tutoreak.
Foru Komunitateko organo judizialetan egiten den praktikaldian beharrezkoa izanen da Justizia Administrazioaren zerbitzuan Nafarroan ari diren funtzionarioek laguntzea eta tutoretza lana egitea. Laguntzaile eta tutore diren horiek, prestakuntza prozesua bukatutakoan, baimendutako izangaien gaitasunari eta aprobetxamenduari buruzko kalifikazioa eman beharko dute.
Agindu honen ondoriozko gastuak ordainduko dira Justizia Zuzendaritza Nagusian indarra duen gastuen aurrekontuko "Nafarroan justiziako langileak prestatzeko jarduerak" izeneko 060001-06000-2266-112100 kontu-sailaren kargura.
Iragarkiaren kodea: F1115105