1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
198/2011 FORU DEKRETUA, irailaren 7koa, Urbasa eta Andia mendietako natur baliabideen antolamendu planaren araudia aldatzen duena. Plan hori uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Urbasa eta Andia mendietako natur baliabideen antolamendu plana. Geroago, otsailaren 27ko 3/1997 Foru Legearen bidez deklaratu zen Urbasa eta Andia mendietako Parke Naturala.
Urriaren 8ko 228/2007 Foru Dekretuaren bidez, "Urbasa eta Andia" izeneko Europar Batasunaren Intereseko Lekua Zainketa Bereziko Eremutzat jo eta hura kudeatzeko plana onetsi zen. Zainketa bereziko eremu horretan sarturik dago Urbasa eta Andia mendietako Parke Naturalaren zatirik handiena.
Europar Batasunaren Intereseko Lekua zer espezietarako izendatu den, haiexen natur habitat eta populazioak kontserbazio egoera on batean atxiki edo berriz ere ezartzeko kontserbazio neurriak finkatu dira BILaren kudeaketa planean. Delako plana Europar Batasunaren araudiak eskatzen duenari jarraikiz prestatu da eta, beraz, Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruz Kontseiluak maiatzaren 21ean eman 92/43/EEE Zuzentarauan bildu diren eta leku horretan dauden habitaten eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuten dieten ekintza, neurri eta jarraibideak biltzen ditu.
Arestikoa kontuan harturik, beharrezkoa da Urbasa eta Andia mendietako natur baliabideen antolamendu planaren araudia aldatzea, delako kudeaketa planari egokitu beharrez.
Natur baliabideen antolamendu planak aldatzeko prozedura ezartzen duen irailaren 9ko 320/1996 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, planaren aldaketa puntualak foru dekretu horren 1. artikuluan araututako prozeduraren arabera eginen dira. Delako 1. artikuluan, berriz, prozeduraren lehen urratsa da, Nafarroako Gobernuak sustaturiko planetan, Nafarroako Gobernuak berak proiektua hasiera batean onestea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, 2008ko abuztuaren 11n erabaki zuen Urbasa eta Andia mendietako natur baliabideen antolamendu plana onetsi zuen uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretua aldatzeko foru dekretuaren proiektua hasiera batean onestea, eta jendaurrean jartzea. Erabaki hori 2008ko irailaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Alegazioak aurkezteko epea amaiturik, horien edukiera eta horiei emandako erantzuna foru dekretu honen eranskinean ageri dira. Dena den, kontuan hartu beharrekoa da onartutako alegazioak foru dekretuaren testuan txertatu direla.
Halaber, Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren 2006ko urriaren 24ko bilkuran foru dekretuaren proiektuari buruz txostena egiteko eskaera aurkeztu zen.
Horrenbestez, irailaren 9ko 320/1996 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2011ko irailaren 7an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.-Urbasa eta Andia mendietako natur baliabideen antolamendu planaren araudia aldatzea. Plana uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Urbasa eta Andia mendietako natur baliabideen antolamendu planaren araudia, uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren eranskinean ageri dena, aldatzen da:
Bat. Hona hemen 2. artikuluaren 1. atalaren testu berria:
"1. Natur baliabideen antolamendu planaren lurraldearen azalera 20.949,4 hektarea da; honela banaturik:
Andimendia: 4.372,45 ha.
Urbasa mendia: 11.445,22 ha.
Ameskoetako Limitaciones mendia: 5.012,76 ha.
(Eraulgo eta Etxabarriko zati bereizia barne).
Urederraren iturburua: 119,00 ha.
Guztira: 20.949,40 ha.
Bi. Hona hemen 9. artikuluaren testu berria:
"9. artikulua. Ordenantzak.
1. Limitaciones mendian egiten ahal diren jardueretan eta erabileretan Limitaciones mendiari probetxua atera eta hura kontserbatzeko Ordenantzak, eta bere geroko aldaketak, bete beharko dira. Ordenantza horiek Nafarroako Foru Diputazioak 1896ko ekainaren 26an hartutako Erabakiaren bidez onetsi ziren, eta Limitaciones mendiko Batzordeak 2003ko maiatzaren 23ko osoko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez eguneratu (2003ko 116. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 10ekoa).
2. Ordenantza horiek natur baliabideen antolamendu planaren aldaketa honen I. eranskinean ageri dira, Limitaciones Mendiari buruzko araudi berariazkoari dagokionez.
3. Ordenantzak eguneratu, aldatu eta berrikustean, Limitaciones mendiari buruzko irizpide nagusi hauek bermatuko dira:
a) Baliabideen erabilera antolatua, espezieak eta ekosistemak iraunkorki aprobetxatu, lehengoratu eta hobetzen direla bermatuz.
b) Limitaciones mendiko natur ekosistemen eta paisaiaren aniztasuna, berezitasuna eta edertasuna babestea.
c) Funtsezko prozesu ekologikoak eta oinarrizko bizi-sistemak mantentzea.
d) Limitaciones mendiko aniztasun genetikoa zaintzea.
4. Naturguneak babesteari buruzko araudiak natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileei esleitzen zaizkien izaera eta ondorioak izanen dituzte ordenantza eguneratuek."
Hiru. Hona hemen 20. artikuluaren testu berria:
"1. Debeku da parke eolikoak ezartzea, baita argindarra ekoizteko beste edozein instalazio, merkaturatzeko helburua duena.
2. Debeku da hidrokarburoak ateratzea.
3. Nolanahi ere, beste edozein aprobetxamendu egiteko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren onespena beharko da eta horretarako baldintza izanen da natur baliabideak (gea, fauna, landaredia eta paisaia) zaintzea eta parke naturaleko kultur balioak atxikitzea."
Lau. Hona hemen 21. artikuluaren testu berria:
"1. Debeku dira merkataritzako jarduerak. Modu berean, debekaturik dago golf zelaiak instalatzea.
2. Hala izanagatik ere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak honako hauek baimen ditzake:
a) Artisautzako produktuen saltokiak paratzea, inguruko herritarrenak badira.
b) Hondarreko urte hauetan ustiatzen ari diren ostalaritzako establezimenduak, horien titularrak inguruko herritarrak badira, jarduera horretarako gai diren eta egun dauden eraikinetan baldin badaude, jarduera sailkatuen gaineko araudia betetzen badute eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren baimena badute.
c) Freskagarri eta izozki saltokiak, horretarako gaituko diren tokietan.
d) Urbasako jauregiari dagokionez, eraikin hau turismo helburuetan erabiltzea posible egiten duten jarduerak, betiere horrek ekartzen ez badu parkea deklaratu zen egunean zegoen azalera eraikia handitzea."
Bost. 31. artikuluaren B), C) eta D) idatz-zatiak aldatzen dira. Hona hemen testu berriak:
"B) Interes ekologikoko gunea:
-B1: harkaitza.
-B2: hezeguneak.
-B3: arantzadia.
-B4: berezko eboluziorako oihan erreserbetako eremuak.
-B5: fauna, landaredi, arkeologia, paleontologia edo etnografiaren aldetik interesa duten tokiak, natur interesa duten haitzuloak barne.
C) Oihangintza eta abeltzaintzarako eremua:
-C1: oihanak kudeatzeko eremuak, zuhaitz mendiak dauzkatenak.
-C2: larreak kudeatzeko eremuak, larre hutsak eta zuhaitz larreak dauzkatenak.
-C3: oihanak eta aziendak kudeatzeko eremuak.
D) Erabilera publikoko eremua."
Sei. 34. artikuluaren 2. puntua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"2. Baimenen araubidea.
a) Baimentzen ahal diren jarduerak: oihan aprobetxamendua, arbolei eskainitako azalera ez murriztea bermatzen bada, abeltzaintzarako eraikinak egitea edo aldatzea, pistak ireki edo hobetzea eta sastraka kentzea.
b) Jarduera debekatuak: eremu zedarrituetan artzaintzan aritzea eta parkearen kudeaketari loturik ez dauden azpiegitura eta eraikin berriak egitea.
c) Nolanahi ere, Limitaciones mendiko ordenantzan aurreikusitako jarduerak egiten segitzen ahalko da."
Zazpi. Kentzen dira 34. artikuluaren 3. eta 4. idatz-zatiak.
Zortzi. Kentzen da 37. artikulua.
Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2011ko irailaren 7an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.
Iragarkiaren kodea: F1114841