1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
176/2011 FORU DEKRETUA, abuztuaren 31koa, Nafarroako Foru Komunitatean kanpoko desfibrilagailu automatiko eta erdiautomatikoak osasun esparrutik at erabiltzeko arauak ematen dituena.
ZIOEN AZALPENA
Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen informazio printzipioetako bat osasunaren ikuspegi osoa da; hala, legeak barnean hartzen ditu osasun administrazioek osasuna babestearen, eritasunei aurrea hartzearen eta osasun-arretaren gainean gauzatzen dituzten jarduketak.
Gaur egun, ospitale eremutik kanpo jazotzen diren bat-bateko heriotzen arrazoi nagusia gertakari koronario baten ondorioz izaten den bentrikulu fibrilazioa da. Bentrikulu fibrilazioko gertakari bat izaten duten pertsonen biziraupena nabarmenki hobetzea da osasun arloko langileen eta agintaritzen kezka nagusietako bat.
Frogatu denez, osasun arlotik kanpoko langileek desfibrilagailu automatikoak eta erdiautomatikoak erabiltzeak abantaila ugari ditu; izan ere, berehala esku-hartuz gero, bihotz eta arnas gelditze egoeran diren pertsonak onik atera daitezke. Horretaz gainera, egiaztatu da ez dagoela inolako arriskurik ez pazienteentzat ez lehenengo esku-hartzaileentzat.
Nafarroan, kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoen erabilera -mediku ez direnentzat- arautzen duen maiatzaren 20ko 105/2002 Foru Dekretuak ekarri zuen herritarrek premiazko osasun laguntzan Foru Komunitateko zerbitzu profesionalekin elkarlanean parte-hartzea sustatu zuen ekimena; ekimen hori beste autonomia erkidego batzuetan garai hartan abiarazi ziren bestelako ekimenekin bat zetorren.
Berriki, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluaren Osasun Publikoaren Batzordeak onetsitako Kardiopatia Iskemikoaren Estrategiaren arabera, desfibrilazio goiztiarra laguntza elementu funtsezkoa da. Ildo horretan, hiru urte geroago, martxoaren 20ko 365/2009 Errege Dekretua argitaratu zen; horren bidez ezarri ziren kanpoko desfibrilagailu automatiko eta erdiautomatikoak osasun esparrutik at erabiltzean bete beharreko gutxieneko segurtasun eta kalitate baldintzak. Errege dekretu hori oinarrizko araua da, eta haren xedapenak kontuan hartu dira foru dekretu hau egiteko, zeina Foru Komunitateak barne osasuna eta osasun laguntza legez garatzeko dituen ahalmenei jarraikiz eman baita.
Arestian aipatutako foru dekretua argitaratu zenetik eskuratutako esperientziak agerian utzi du arau haren zenbait alderdi aldatzeko beharra. Administrazio baldintzak eta prozedurak errazteko eta argitzeko zenbait aldaketaz gain, foru dekretu honek aldaketa esanguratsuagoak sartu ditu, prestakuntza jende kopuru handiagoari zabaltze aldera, desfibrilagailu automatiko eta erdiautomatikoak erabiltzen ikas dezaten.
Gaur egun arte indarrean egon den araudian ez bezala, oraingoan, Erizaintzako diplomadunak edo gradudunak eta Osasun Larrialdietako teknikariak sartu dira kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoak erabili ahal izateko prestakuntza osagarririk behar ez duten langileen artean. Arrazoia da aipatutako tituluen irakaskuntza programek dagoeneko barnean hartzen dutela foru dekretu honetan arautzen den prestakuntza.
Prestakuntza taldeetako kide izateko aukerak handitu dira, alegia, sartu dira Medikuntzako lizentziadun edo gradudun eta Erizaintzako diplomadun edo gradudun diren eta European Resucitation Councilek edo American Heart Associationek aitortutako entitateek emandako bizi-euskarri aurreratuari buruzko prestakuntza ikastaroa egin duten langileak.
Hasierako prestakuntza ikastaroa emateko gutxieneko denbora murriztu da, hamabi ordu eta erditik zortzi ordura; izan ere, beharrezko gaitasun eta ezagutzak lortzeko aski izateaz gainera, lanaldien ohiko iraupenera hurbiltzen da, eta horrek erraztu egiten du prestakuntza hori enpresa munduan egitea.
Halaber, ezarritakoari jarraikiz, etengabeko prestakuntza bi urtean behin egin beharko da; frogatu denez, aurreko araudian eskatzen zen urterokotasuna gehiegizkoa eta betetzen zaila da.
Azkenik, orain arte egin dena jaso, eta, prestakuntza sistema honek iraun bitartean, nahitaez sartu beharko da foru dekretu honetan ezarritako hasierako prestakuntza ikastaroaren edukia anbulantzietako garraioko laguntzaileen irakaskuntza programan; programa hori Osasuneko kontseilariaren 1995eko otsailaren 7ko Foru Aginduaren bidez arautu zen. Halaber, aipatutako edukia sartu da maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuan aurreikusitako igerilekuetako sorosleen prestakuntza ikastaroan; dekretu horren bidez ezarri ziren erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak.
Nafarroako Foru Komunitateak du barne osasunaren eta osasun laguntzaren arloko erregelamendu-ahalmena, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko abuztuaren 31ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Xedea.
Foru dekretu honen xedea da kanpoko desfibrilagailu automatiko eta erdiautomatikoak osasun esparrutik at erabiltzeko arauak ematea, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean horiek erabiltzeko baimendutako langileei hasierako eta etengabeko prestakuntza ematea ere.
2. artikulua. Kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoaren definizioa.
Kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikotzat ulertzen da bihotzaren erritmoa aztertzeko, heriotza eragiten duten arritmiak identifikatzeko eta bihotzaren erritmo bideragarria berrezartzen duen deskarga elektrikoa emateko gai den osasun produktua. Definizio horren barruan kanpoko desfibrilagailu automatikoak ere sartzen dira.
3. artikulua. Desfibrilagailuen instalazioa, mantentzea eta erabilera.
1. Kanpoko desfibrilagailu erdiautomatiko bat instalatzen duten pertsonek edo entitateek Osasun Departamentuari jakinarazi beharko diote hori egin dutela; horretarako, artikulu honetan eskatzen diren beharkizunak betetzen dituztela dioen erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko dute. Aitorpen horretan, jakinarazpena egiten duen pertsona fisiko edo juridikoaren identifikazio datuez gain, zehaztu egin beharko da tresna non instalatuko den, zer ezaugarri tekniko dituen eta nor izanen diren hura erabiltzeko baimendutako pertsonak.
2. Kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoak instalatzen dituzten pertsonak edo entitateak haien kontserbazio eta mantentzeaz arduratuko dira, fabrikatzailearen jarraibideei kasu eginez.
3. Kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoa ageriko leku eskuragarri batean instalatuko da eta behar bezala egonen da seinaleztatua. Leku berean, eta agerian, jarriko dira, orobat, hura erabiltzeko arauak.
4. 112 Koordinazio Zentroarekin lotura sistema eduki beharko du, eta seinaleztatuta egonen da, berehala abiarazi ahal izateko kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoa erabilitzen den bakoitzean, biziraupen katea berehalakoan aktibatze aldera.
5. Erabili ostean, kanpoko desfibrilagailu erdiautomatiko bat instalatuta duten pertsonek edo entitateek Osasun Departamentura igorriko dute ekipamenduak ematen duen dokumentu erregistroa, eta, horrekin batera, honako informazio hau: kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoa zer egunetan, ordutan eta balditzatan erabili zen, bai eta hura erabili zuen pertsonaren zein artatuaren identifikazioa ere.
4. artikulua. Kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzeko baimendutako langileak.
1. Honako hauek izanen dira kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzeko baimendutako pertsonak:
a) Hasierako prestakuntza ikastaroa Osasun Departamentuak baimendutako zentroren batean egin dutela egiaztatzen duten pertsonak; ikastaroaren edukia 1. eranskinean azaltzen da.
b) Beste autonomia erkidegoren edo Europar Batasuneko kide den beste estaturen bateko agintari eskudunek aitortutako prestakuntza ikastaroren bat egin dutela egiaztatzen duten pertsonak eta, beharrezko egiaztapenak eginda, Osasun Departamentuan, 7.1 artikuluan aipatutako erregistroan, sartzen direnak.
2. Lortutako egiaztapena mantentzeko, baimendutako pertsonek etengabeko prestakuntzako ikastaroa egin beharko dute, bi urtean behin; ikastaroaren edukia 2. eranskinean azaltzen da.
5. artikulua. Prestakuntza ikastaroak emateko entitateentzako baimena.
1. Prestakuntza ikastaroak Osasun Departamentuak baimendutako pertsonek edota entitate publiko edo pribatuek emanen dituzte; horien edukia 1. eta 2. eranskinetan jasotzen da.
2. Aipatutako ikastaroak emateko baimena eskuratzeko, pertsonek edo entitateek Osasun Departamentuari baimena eskatu beharko diote, eta agiri hauek aurkeztu:
a) Eskatzailearen nortasunaren egiaztapena eta, behar izatera, baita haren ordezkaritza egiaztatzen duena ere.
b) Pertsona juridikoa bada, entitatearen estatutuak.
c) Ikastaroak emateko eskuragarri dauden instalazioen deskribapena.
d) Eskuragarri dagoen irakaskuntzako materiala, osasun materiala, manikiak eta desfibrilatzaileak barne.
e) Ikastaroen irakaskuntza programa, gutxienez ere foru dekretu honen eranskinetan ageri den edukia izan beharko duena.
f) Irakaskuntza taldea, Medikuntzako lizentziadun edo gradudun eta Erizaintzako diplomadun edo gradudun diren eta European Resucitation Councilek edo American Heart Associationek aitortutako entitateek emandako bizi-euskarri aurreratuari buruzko ikastaroa egin duten langileez osatua.
g) Irakasleen artetik koordinatzaile bat izendatzea, ikastaroak antolatu eta nola gauzatzen diren gainbegiratzeko; koordinatzaileak European Resucitation Councilek edo American Heart Associationek aitortutako entitateek luzatutako bizi-euskarri aurreratuko irakasle ziurtagiria eduki beharko du.
Ez da beharrezkoa izanen dagoeneko Osasun Departamentuan dauden agiriak aurkeztea, eskatutako dokumentazioan aldaketarik egon ez bada.
3. Aurkeztutako agiriak aztertuta, Osasun Departamentuak eskatutako baimena eman edo ukatuko du.
4. Baimenak bi urterako balioko du.
6. artikulua. Ziurtagiriak.
1. Hasierako edo etengabeko ikastaroa amaituta, koordinatzaile arduradunak Osasun Departamentura igorriko du hura eman duten irakasleen eta hura osorik egin duten eta dagozkion ebaluazio probak gainditu dituzten ikasleen zerrenda jasotzen duen akta; horretaz gainera, dagozkion ziurtapenak luzatzea proposatuko du.
2. Beste autonomia erkidegoren edo Europar Batasuneko kide den beste estaturen bateko agintari eskudunek aitortutako prestakuntza ikastaroren bat -haren edukia foru dekretu honetan ezarritakoaren antzekoa bada, betiere- egin dutela egiaztatzen duten pertsonek Nafarroan desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzeko ziurtagiria eskatzen ahalko dute.
3. Osasun Departamentuak kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoen erabilera baimentzen duten ziurtagiriak luzatuko ditu, eta haietan zehaztuko da zenbaterako balioko duten. Orobat, 7. artikuluaren 1. atalean aipatutako erregistroan inskribatuko ditu Nafarroan kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzeko baliozko ziurtagiria duten pertsonak.
7. artikulua. Administrazio erregistroak.
Honako erregistro hauek mantenduko dira, Osasun Departamentuari atxikiak:
1. Nafarroan kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzeko baliozko ziurtagiria duten pertsonen erregistroa.
2. Nafarroan kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzeko prestakuntza ikastaroak emateko baimena duten pertsonen edo entitateen erregistroa.
3. Nafarroan osasun esparrutik at erabiltzeko kanpoko desfibrilagailu erdiautomatiko bat instalatu dutela jakinarazten duten pertsona fisiko edo juridikoen erregistroa.
4. Osasun Departamentuari jakinarazitako kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzeko datuen erregistroa.
8. artikulua. Datuen babesa.
Foru dekretu honetan aipatutako datuen tratamendua datu pertsonalen babeserako aplika daitekeen legediak ezartzen duenari lotuko zaio.
Lehenengo xedapen gehigarria.-Prestakuntza egiaztatzetik salbuetsitako titulazioak.
Medikuntzako lizentziadun edo gradudun eta Erizaintzako diplomadun edo gradudunek eta Osasun Larrialdietako teknikariek kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzen ahalko dituzte, foru dekretu honetan ezarritako prestakuntza egiaztatu beharrik izan gabe.
Osasuneko kontseilariaren foru agindu bidez, beste titulazio edo ziurtagiri profesionalak hitzartzen ahalko dira, haien curriculumek barnean hartzen dituzten ikasgaiak direla-eta, kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzeko, foru dekretu honetan ezarritako prestakuntza jaso beharrik izan gabe.
Bigarren xedapen gehigarria.-Genero berdintasuna.
Foru dekretu honek gaztelaniaz genero gramatikal maskulinoa erabiltzen duenean teknikari, osasun arloko profesional edo arduradun karguak aipatzeko, ulertu behar da adierazpenaren ekonomiagatik egiten duela hori eta gizonezkoak zein emakumezkoak aritzen ahal direla eginkizun horietan, ondorio juridiko berdinekin.
Hirugarren xedapen gehigarria.-Igerilekuetako sorosleen eta anbulantzietako garraioko laguntzaileen ikastaroak.
Foru dekretu honetan ezarritako hasierako prestakuntza ikastaroaren edukiak maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuan aipatzen den igerilekuetako sorosleen prestakuntza ikastaroaren programan jaso beharko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak.
Halaber, eduki horiek Osasuneko kontseilariaren 1995eko otsailaren 7ko Foru Aginduan ezarritako anbulantzietako garraioko laguntzaileen irakaskuntza ikastaroan sartu beharko dira; agindu haren bidez arautu ziren anbulantzietako garraioko laguntzaileen prestakuntza ikastaroak emateko zentroen ziurtapen prozedura eta ikastaro horien irakaskuntza programa.
Kasu bietan, ikastaro horiek egin dituzten pertsonek 6. artikuluan aipatutako ziurtagiria eskuratuko dute, eta 7.1 artikuluan adierazitako erregistroan inskribatuko dira. Lortutako egiaztapena mantentzeko, etengabeko prestakuntzako ikastaroa egin beharko dute; ikastaroaren edukia 2. eranskinean azaltzen da.
Xedapen iragankor bakarra.-Desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzeko gaikuntzaren ziurtapena.
Prestakuntza ikastaroak foru dekretu honetako hasierako prestakuntza ikastaroaren edukiak igerilekuetako sorosleen prestakuntza ikastaroaren programan sartu baino lehen egin dituzten sorosleek egiaztatu beharko dute, foru dekretu honek indarra hartu eta gehienez ere hiru urteko epean, baimendutako zentroren batek emandako desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzeko gaikuntza ikastaroa gainditu dutela.
Otsailaren 7ko 8/2011 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, anbulantzietako garraioko laguntzaileek egiaztatu beharko dute, 2014ko ekainaren 2an beranduenez, baimendutako zentroren batek emandako desfibrilagailu erdiautomatikoak erabiltzeko gaikuntza ikastaroa egin dutela; dekretu haren bidez arautzen da Nafarroako errepideko osasun garraioa.
Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauen indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen dira maiatzaren 20ko 105/2002 Foru Dekretua, Nafarroan kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoen erabilera -mediku ez direnentzat- arautzen duena, eta foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetan lehena.-Erregelamenduzko gaikuntza.
Baimena ematen zaio Osasuneko kontseilariari foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik bi hilabetera hartuko du indarra.
Iruñean, 2011ko abuztuaren 31n.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
1. ERANSKINA
Hasierako prestakuntza ikastaroa
Gutxieneko iraupena: 8 ordu.
Irakasleko gehieneko ikasle kopurua: 8.
Denboraren gutxi gorabeherako banaketa: %25 teoriarako eta %75 praktika zein ebaluaziorako.
1.-Teoria.
-Nola jokatu konortea galdu duen pertsona batekin.
-Bihotz eta arnas gelditzea.
-Bihotzaren eta biriken bizkortze oinarrizkoa.
-Kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoa. Funtzionamendua eta mantentzea.
-Legedia. Datu bilketa.
2.-Praktika.
-Bihotzaren eta biriken bizkortze oinarrizkoko praktikak.
-Kanpoko desfibrilazio erdiautomatikoko praktikak.
-Bihotz eta arnas gelditze baten simulazioa eta dagokion jokabidea.
3.-Ebaluazioa.
2. ERANSKINA
Etengabeko prestakuntza ikastaroa
Gutxieneko iraupena: 4 ordu.
Irakasleko gehieneko ikasle kopurua: 8.
Teoriaren oroigarria.
-Bihotzaren eta biriken bizkortze oinarrizkoko praktikak.
-Kanpoko desfibrilazio erdiautomatikoko praktikak.
-Ebaluazioa.
Iragarkiaren kodea: F1114427