2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLAZTI
Udal ordenantza, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak
eta bestelakoak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena
Olaztiko Udalak, 2011ko ekainaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta bestelakoak edukitzea arautzen duen ordenantza.
Onespenaren erabakia 2011ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 15ean. Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioa ebatzi ondoan, delako ordenantza behin betiko onetsi da Olaztiko Udalak 2011ko abuztuaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, baita xedatu ere osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eta horrekin bat heldu direnetan xedatuari jarraikiz.
Olaztin, 2011ko abuztuaren 25ean.-Alkatea, Gurutze Rodríguez Armendariz.
UDAL ORDENANTZA, ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK ETA BESTELAKOAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Olaztiko udalerrian egokitu eta aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak eta halako sailkapena ez dutenak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, azaroaren 30eko 1570/2007 Errege Dekretuak aldatu baitzuen.
2. artikulua. Definizioa.
50/1999 Legearen 2.2 artikuluan eta 287/2002 Errege Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako, honako hauek dira arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak:
1. Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.
2. 287/2002 Errege Dekretruaren I. eranskinean sartu diren zakurrak, arraza hauetakoak: Pit bull terrierra, Staffordshire bull terrierra, American Staffordshire terrierra, rottweilerra, dogo argentinarra, fila brasildarra, tosa inua, akita inua. Horietaz gain, oro har, arraza horien aitzinekoa izanik, haien ezaugarri etnikoak dituena eta haien gurutzatzea.
3. II. eranskinean jasotzen diren ezaugarri guztiak edo gehienak dituztenak, non ez diren gida-zakurrak edo laguntza-zakurrak, behar bezala kreditatuak eta heziak aitorpen ofizialeko zentroetan, autonomia erkidegoko legeari, edo, hala balegokio, Estatukoari jarraikiz, ezta baldintza hori lortzeko irakaskuntza fasean dauden zakurrak ere.
II. eranskineko idazkiaren arabera, ezaugarri hauek guztiak edo gehienak dituzten zakurrak:
a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.
b) Aiurri handikoa eta adoretsua.
c) Ile motza.
d) 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.
e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.
f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.
g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.
h) Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelua txikia egiten dutenak.
4. Edozein espezietako animaliak, pertsonei eraso egin izan diotenak, behin baizik izan ez bada ere, aiurri oldarkor handia dutenak edo beste animaliei eraso izan izan dietenak.
5. Erasorako hezi diren zakurrak.
3. artikulua. Lizentzia.
1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.
Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.
2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:
a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.
b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.
c) Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat jotzen duten erakunde ofizial batek luzatua.
d) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko zenbatekoa duena.
e) Espedientea tramitatzeagatik 10 euroko udal tasa ordaindu izana.
3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Olaztiko udalerrian bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Olaztin egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen udalerrian egon behar badu.
Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Olaztiko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.
4. Lizentziak 5 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.
Esanak esan, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.
4. artikulua. Arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzailearen betebeharrak.
Arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzaileak honako betebehar hauek ditu:
a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, hilabeteko epean erosi denetik.
b) Ordenantza honetako 3. artikuluko 2. atalean aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.
c) Erosten duenetik hilabeteko epean, erregistroan inskribatzea bere esku duen animalia bakoitza, arriskutsua izaten ahal bada.
d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.
e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.
f) Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.
g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.
h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.
i) Arriskutsu gerta daitekeen animalia bat Olaztira ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik gorako denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beherakoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik eta herritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.
j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.
Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egunekoa izanen da.
5. artikulua. Erregistroa.
Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, Erregistroan sartu nahi badituzte, Olaztiko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:
a) Animaliaren espeziea.
b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.
c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.
d) Sexua.
e) Jaioteguna.
f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.
g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.
h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.
i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.
j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.
k) Eraso kasuak.
Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.
6. artikulua. Segurtasun neurriak.
1. Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, ordenantza honetan aipatzen diren zakurrak metro bat baino gutxiagoko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jantzia dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin txikikoek ezin izanen dituzte inola ere eraman.
2. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurren instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:
a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.
b) Instalazioetako ateek inguruko gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek beraiek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.
c) Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.
3. Udalaren osasun zerbitzuek eraman eta konfiskatuko dituzte behin eta berriz arau-hausteak egin eta eragozpenak sortzen dituzten animaliak. Zakurra zuzen identifikatua badago, jabeari gaztigatuko zaio eta hark, biltzeko, 24 orduko epea izanen du jakinarazten zaionetik. Behar baldin bada, txertoaren egutegia eguneratzera beharturik dago eta udal diruzaintzan sortutako gastuak ordaintzera, baita gerta daitezkeenak ere. Bestelakoan, Nafarroako Gobernuko Zakurtegira eramanen da, eta bertan eduki legeak agintzen duen epea bete arte.
Nafarroako Gobernuaren zakurtegian sartzen diren zakurren elikadura eta zainketa gastuak jabeen edo hartzaile berrien kontura izanen dira.
Beren jabe edo edukitzaileen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen diren animaliak ustez abandonatutzat joko dira eta udal zerbitzuek atzematen ahalko dituzte.
7. artikulua. Beste arau batzuk.
1. Ordenantza honetako 2. artikuluan sartzen ez diren zakurrei arau hauek aplikatuko zaizkie:
a) Adinagatik beharturik badaude, zakur guztiek txertaturik eta txip bidez identifikaturik egon behar dute.
b) Hiri lurzoruan (Udal Planak horrela sailkatu duena) zakur guztiek uhalarekin loturik ibili behar dute, luzagarria izan daitekeena, gehienez ere bost metro egiteraino. Orobat, gidatzen edo laguntzen dituen pertsonarekin joan beharko dute beti.
c) Zakur batek edo beste edozein animaliak bide publikoan, plazetan, espaloietan, lorategietan edo beste edozein eremu publikotan kaka egiten badu, paseatzen duenaren egin beharra da hura berehala garbitzea.
d) Debekaturik dago arriskutsuak izan daitezkeen animaliak, zakurrak, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta arrazaz edo espeziez horien gisakoak direnak ikastetxeetara, aisia edo josteta-lekuetara, parke publikoetara eta eraikin publikoetara sartzea.
e) Halako batean lotu gabe eta laguntzailerik gabe dauden zakurrak bildu eta horretarako egokia den lokal batean utziko dira. Geroago, animaliak babesteko entitate baten eskuetan utziko dira.
f) Zakurrak hirugarrenei egiten ahal dizkien kalteak estaliko dituen erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea aholkatzen zaie zakurren jabeei.
8. artikulua. Arau-hausteak.
Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere arau-hauste administratibo larritzat jotzen dira:
1. Arriskutsutzat hartzen den animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adingabe batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.
2. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.
3. Olaztiko Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.
4. Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta jokamolde hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako beste arau-haustetzat.
Arau-hauste administratibo arintzat hartzen da ordenantza honetako 7. artikuluaren barreneko edozein ataletan xedatzen dena ez betetzea.
9. artikulua. Zehapenak.
50/1999 Legean ezarritako arau-hausteak eta ordenantza honetakoak 30,05 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
Arau-hauste arinak 30,05 eurotik 150 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
Arau-hauste larriak 150,01 eurotik 600 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
Oso larriei, 600,01 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.
Erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.
Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:
a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.
b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.
c) Arau-hausteak errepikatu edo haietan berrerori ote den.
Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.
10. artikulua. Datu pertsonalen babesa.
Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:
-Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.
Fitxategia eginen da Olaztiko Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak udalei ematen dizkien betebeharrak. Fitxategia Olaztiko Udalak baizik ez du erabiliko.
Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.
Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.
Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.
Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek aukera izanen dute sartu, zuzendu, deuseztu eta kontra egiteko eskubideak erabiltzeko.
Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditu da Zakurrendako udal ordenantza, Olaztiko Udalak 2001eko azaroaren 14ko osoko bilkuran onetsi zuena.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun geroago hartuko du indarra.
Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan aplikatuko da Arriskutsuak izan Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua, edo haien ordez ematen direnak, baita arautzen diren gaietan aplikatzen ahal diren xedapen guztiak ere, Udalaren erabakiak baino maila handiagokoak badira.
ERANSKINA
Tasa hauek ezarri dira:
1. Zakur abandonatuak jasotzea: 18,00 euro.
2. Egonaldia udal altxatokian: 6,00 euro, egunean.
Hiru ordutik goiti, egun osotzat hartuko da.
Iragarkiaren kodea: L1114788