184. ALDIZKARIA - 2011ko irailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BARAÑAIN

Deialdia, Barañaingo Udalaren zerbitzuan 4 udaltzain lanpostu oposizio bidez betetzeko

Barañaingo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2011ko irailaren 2an erabakita onetsi zen Barañaingo Udalaren zerbitzuan lau udaltzain lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia.

Hautapen prozesua arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Barañainen, 2011ko irailaren 6an.-Alkate udalburua, José Antonio Mendive Rodríguez.

OINARRIAK

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Barañaingo Udalaren zerbitzuan lau udaltzain lanpostu oposizio bidez betetzea, honako txanda hauetan banatuta:

a) Bi lanpostu, txanda murriztuan.

b) Bi lanpostu, txanda irekian.

Txanda murriztuko lanpostu hutsen bat bete gabe gelditzen bada, izangairik ez dagoelako edo aurkezten diren izangaiak hautaprobetan eskatutako gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, lanpostu hori txanda irekikoari gehituko zaio.

Era berean, igoera txandan lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik lortzen ez dutenek txanda irekiko lanpostu hutsetarako aukera izanen dute, aipatu txandara aurkeztu direnekiko lehia hertsian, lortutako azken puntuazioari jarraituz.

2.-Aplikatu beharreko arauak.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta 35 urte, gehienez ere.

c) Batxiler-titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketaren titulua edo baliokideren bat izatea.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 30. artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honetan onartua izateko, nahikoa da eskola-graduatua, lehen mailako lanbide-heziketako titulua edo baliokidea izatea, halako moduz non, deialdi honetako 7.2.3 arauan aurreikusitako prestakuntza ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide-heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baino ez da izanen, hau da, C mailako funtzionario izendatzeko, eta ez du inoiz balioko eta ez da onartuko arlo akademiko, irakaskuntzako edo hezkuntzakoan, ezta maila horretako lanpostuak okupatzeko ere administrazioko bertze arlo batean.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren IV. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Gizasemeek 1,65 metroko garaiera bederen izatea, eta emakumezkoek 1,60 metrokoa.

f) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

g) Gutxienez A2, B eta BTP motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

h) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen aitorpenaren bidez adieraziko da. Udaltzain izendatzen diren izangaiek baizik ez dute hartu beharko konpromiso hori.

Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, 3.g) eta 3.b) oinarrietakoak izan ezik. Lehenbizikoari dagokionez, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako (deialdiko 7.2.3 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da, eta, bigarrenari dagokionez, aski izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

3.2. Txanda murriztua:

Txanda irekiko izangaiei eskatutako beharkizunez gain, txanda murriztuko izangaiek bertze beharkizun hauek ere bete beharko dituzte:

-Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

-Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

-Administrazio publikoetan bortz urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 15.2.b) artikuluan eta Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 44.2 artikuluan xetatutakoari jarraikiz betiere.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Barañaingo Udaleko Erregistro Orokorrean (Udaletxe plaza, zk.g. 31010, Barañain) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen I. eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Barañaingo Udalaren bulegoetan eskuratuko da eskabidearen eredua; bertzenaz, Interneten, www.baranain.es helbidean.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Izangaiek ekarri beharreko dokumentazioa:

Bat.-Osasun ziurtagiri ofiziala, III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 9,20 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: 3008 0070 85 0702770629 (Rural Kutxa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

  • Izangaiaren izen-deiturak.
  • NAN/IFK
  • Kontzeptua: oposizioak, Barañaingo Udaleko udaltzain izateko lau lanpostu betetzeko.

Hiru.-Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

Lau.-Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua.

Bost.-Txanda murriztuko izangaiek ziurtagiria ekarriko dute Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoak direla, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez daudela dioena.

4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu egingo da.

4.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

5.-Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Hautaprobak non, noiz eta zer ordutan eginen diren zehaztuko da erabaki horretan.

Era berean, izangai onartu eta baztertuen zerrendak, bai behin-behinekoa bai behin betikoa, interesdunen eskura egonen dira hala Udalaren ediktu oholean nola interneteko www.baranain.es web orrialdean.

6.-Epaimahaia.

6.1. Osaera.

Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Burua: Juan Antonio Castro Moraza, Barañaingo Udaleko udaltzainburua.

-Ordezkoa: José Ignacio Ursúa Garde, Barañaingo Udaleko udaltzaina.

-Mahaikidea: Xavier Ibañez Sagardoy, Foruzaingoko inspektorea.

-Ordezkoa: José Antonio Ayuso Redondo, Foruzaingoko kaboa.

-Mahaikidea: Javier Orzaiz Ansó, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.

-Ordezkoa: Miguel Goñi Sos jauna, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.

-Mahaikidea: Barañaingo langileriaren ordezkari bat, Langileriaren Batzordeak berak proposatua.

-Ordezkoa: Barañaingo langileriaren ordezkari bat, Langileriaren Batzordeak berak proposatua.

-Mahaikide-idazkaria: Guillermo Ruano Ampudia, Barañaingo Udaleko Herritarren Segurtasun Alorreko administrari-ofiziala.

-Ordezkoa: Ana Urchaga Martínez, Barañaingo Udaleko Lan Harremanetako diplomaduna.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien legezko ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.-Oposizioaldia nola egin.

7.1. Oposizioa 2011ko azaroan hasiko da, ahal bada. Hautapenaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute.

Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

7.2. Oposizioak hautapenaldia izanen du lehenik, eta horretan probak baztergarriak izanen dira, kultura orokorraren eta egoera fisikoaren ingurukoak, psikoteknikoak eta medikoak, eta, bigarren aldian, oinarrizko ikastaro bat gainditu beharko da.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du probak gaindituta oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatua, eta kopurua ez da deialdiko lanpostuena baino handiagoa izanen.

7.2.1. Hautapenaldia.

Hautapenaldian proba hauek izanen dira:

a) Lehenbizikoa: test moduko galderak erantzun beharko dira, deialdi honetako II. eranskinean azaltzen diren lau gai-multzoei buruz.

b) Bigarrena: III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba horretako ariketak. Halaber, epaimahaiak erabaki dezake probak etetea, ondoko egunetan zehar jarraitu ahal izateko.

Haietan izangaiei altuera neurtuko zaie, 3.1.e) atalean eskatutako baldintza betetzen duten egiaztatzeko.

Izangai guztiak antidopin kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo bertze noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horrenbestez, debeku dira Kiroletako Kontseilu Gorenak 2007ko abenduaren 28an eman Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2008ko 5. Estatuko Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 5ea, argitaratua) eta, bestalde, indarra dute Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debeku diren metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babertzeari eta Kiroleko Dopinaren kontra borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatuaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segituko du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako Unescoren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

c) Hirugarrena: proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesionalaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Probak egin aurretik Barañaingo Udaleko Giza Baliabideen Alorrak lanpostuaren profil profesionala proposatuko dio Barne zuzendari nagusiari, onets dezan. Onespena epaimahaiari jakinaraziko zaio.

Lehenengo bi probak hogeitik gora izangaik gainditzen badituzte, hirugarren probara lehenengo hogeiak baino ez dira pasako. Hogeigarren postuan puntuazio berarekin izangai bat baino gehiago egonez gero, denak pasako dira hurrengo probara. Gainerako izangaiak oposiziotik baztertuko dira.

Hautapenaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, bai Udalaren ediktu oholean bai interneteko www.baranain.es web orrialdean, gainditu duten eta baztertu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.

d) Laugarrena: buruz buruko elkarrizketa, epaimahaikoekin, lanpostuarekin ikusteko duten gaien gainean.

e) Proba medikoak: a) b) c) eta d) ataletan aurreikusitako probak egindakoan, epaimahaiak Udalaren ediktuen oholean emanen du argitara oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartu diren izangaien zerrenda, txanden eta azken puntuazioen hurrenkeraren arabera (jakite mailako probako eta proba psikoteknikoetako puntuazioak baturik, handienetik txikienera).

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak onartuko dituzte, deialdi honetako 3. ataleko d) letran ezarritako moduan.

Proba hori Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuak eginen du edo, hala behar bada, behar bezalako kreditazioa duen kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

7.2.2. Dokumentazioa.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Barañaingo Udaleko ediktuen oholean jendaurrean jarri eta handik hamabost egun naturalean, izangaiek frogatu beharko dute deialdiaren 3. ataleko f), g) eta h) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Barañaingo Udalaren Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

-Deialdian eskatutako gidabaimenen aitzinaldeko eta gibelaldeko aldeen fotokopia konpultsatua.

-Erantzukizuneko aitorpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

Barañaingo Udaleko Giza Baliabideen Alorrak Justizia Ministerioaren Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari eskatuko dio izangaiek aurrekari penalik ez dutela edo haiek deuseztu direla frogatzen duen agiria eta ofizioz erantsiko dio espedienteari.

-Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

-Armak aldean izateko konpromisoa hartzeko erantzukizuneko aitorpena.

-Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta azterketa medikoaren emaitzak, hautapen prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, betiere proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntzako ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

7.2.3. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta gobernatuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

Martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatua, egin badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliozkotasuna frogatzen dituena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun Eskolari.

Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio bertze ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bertzetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen eskubide pasiboen bertze araubide batean afiliatuta zeudenak, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez du eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik ematen.

Ikastaroan baja emateak oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea ekarriko du berekin. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betikoz onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1 d) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak izangai horiek hautapen prozesutik kentzeko aginduko du; ondorioz, praktiketako funtzionario izateari utziko zaio.

Prestakuntza ikastaroa gainditu duten izangaiek, eta hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja eman ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

8.-Proben eta oinarrizko prestakuntza ikastaroaren balorazioa.

8.1. II. eranskinean agertzen diren ezagutza mailako probetan, gehienez ere 155 puntu lortzen ahal dira.

Lehenbiziko probako 1. ariketa 0tik 100 puntura baloratuko da.

Lehenbiziko probako 2. ariketa 15 punturekin kalifikatuko da.

Lehenbiziko probako 3. ariketa 15 punturekin kalifikatuko da.

Lehenbiziko probako 4. ariketa 25 punturekin kalifikatuko da.

Galdera bakoitzeko hiru erantzun izanen dira, bat bakarra izanik baliozkoa.

Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko puntuazioa izanen du. Erantzun oker bakoitza zehatuko da eta 0,25 puntu kenduko.

Baztertuta geldituko dira guztira, hau da, ariketen emaitzen batuketa eginda, 77,50 puntu eskuratzen ez dutenak, baita ariketaren batean 0 puntu lortzen dutenak ere.

8.2. Bigarren probako ariketetan izangaien kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, III. eranskinean ezarritako gutxienekoen arabera.

Ariketaren batean "gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak eta dopina galarazteko kontroletan positiboa ematen dutenak baztertuko dira.

8.3. Hirugarren proba 0tik 30 puntura kalifikatuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 12?5 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

8.4. Laugarren proba gehienez ere 15 punturekin kalifikatuko da eta ez da baztergarria izanen.

8.5. Osasun azterketetan izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.6. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik. Prestakuntza-ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dizkion izangaien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

8.7. Oinarrizko prestakuntza ikastaroan, izangaiak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira.

8.8. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapenaldian lortutako puntuazioei prestakuntza-ikastarokoak gehituko zaizkie.

9.-Izendapena, jabetza hartzea eta bizilekuaren gaineko betebeharra.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, udal bakoitzeko organo eskudunak oposizioa gainditzen duten izangaiak Udaleko funtzionario izendatuko ditu, txanden eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Udaltzain lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan gertatu denean izan ezik.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badaude edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanak badira; orduan, eta izendadu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.3. Bizilekuaren betebeharra.

Izendatutako izangaiek destinoa duten herrian bertan bizi beharra dute; horretarako, udalerri horretan finkatuko dute bizilekua.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Barañainen, 2011ko irailaren 2an.-Barañaingo alkatea, José Antonio Mendive Rodríguez.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Barañaingo Udala. Giza Baliabideen Alorra.

Izen-abizenak: .............................., adinez nagusia, NAN zenbakia (edo baliokidea): ................., jaioteguna: ........................, jaioterria: ................... (..............)., nazionalitatea: .................., gaurko helbidea: ............... (............), kalea: ................., zenbakia: ........, solairua: ...., hizkia: ......, posta kodea: ............ telefonoa: ................, lantokiko telefonoa: .................., sakelakoa: ...............

Honako hau azaltzen dut:

-Barañaingo Udaleko Udaltzaingoko 4 udaltzain lanpostu oposizio bidez bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

-Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

-Indarra duten xedapenetan ezarritako baterazintasunerako arrazoirik ez dudala.

-Dolozko delitu bat dela kausa ez naizela kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta ez naizela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

-Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

-Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako baldintzetan eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

-Epaimahaiari baimena ematen diodala nire sakelako telefonora deitzeko hurrengo hautaprobak non, noiz eta zer ordutan eginen diren ohartaraz diezadan.

-3.1 eta 3.2 oinarrietan eskatutako beharkizun guzti-guztiak betetzen ditudala, deialdian finkatu moduan bete ere.

[ ] Txanda irekia.

[ ] Txanda murriztua.

Horiek horrela,

Eskabide hau ontzat har dadila eta aipatu deialdian onar nazatela eskatzen dut.

Barañainen, 2011..............ko................aren ..............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai zerrenda

1.-Legeria.

1.1. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua: V. titulua: Administrazioaren xedapenak eta egintzak. VI. titulua: Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: VII. titulua: Egintzen berrikuspena administrazio bidean; administrazio errekurtsoak.

1.2. 1398/1993 Errege Dekretua, abuztuaren 4koa, Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura onesten duena.

1.3. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki entitate. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IX. titulua: Nafarroako toki entitateen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola. Bereziki Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

1.4. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

1.5. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea.

1.6. Prozedura Kriminalaren Legea (259. artikulutik 588.era, biak barne)

1.7. Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa; atariko titulua: "Zigor-bermeak eta zigor-legearen aplikazioa", I. titulua: "Arau-hauste penala", II. titulua: "Delitu eta faltei dagokienez erantzukizun kriminala duten pertsonak", eta III. titulua: "Zigorrak".

1.8. Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa.

1.9. Zigor Zuzenbide Prozesala: atxiloketa. Toki itxian sartu eta hori miatzea; liburuak eta paperak miatzea; eta idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

1.10. Barañaingo Udalaren ordenantza ez fiskalak (Merkataritza ez egonkorra arautzenduen udal ordenantza, Kaleetako zuhaitzak zaintzeko ordenantza, Udalaren osasunari buruzko ordenantzan Barañaingo udalerrian animaliak edukitzeari burukoa, Ibilgailuak espaloietan barna pasatzeko lizentziak eta eremu publikoetako erreserbak arautzen dituen ordenantza, Trafikoari buruzko ordenantza, Animalia arriskutsuak Barañaingo udal mugapean edukitzea arautzen duen ordenantza, Herritarren Partaidetzaren gaineko Erregelamendua, Herritarren arteko bizikidetza eta eremu publikoen babesa arautzen dituen ordenantza, Barañaingo herritarrek udal administrazioarekiko duten betebeharren gutuna eta Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea eta txartel hori Europar Batasuneko eredura egokitzea arautzen dituen ordenantza).

Oharra.-Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretako legeriaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

2.-Zientziak.

2.1. Nazioarteko neurri sistema.

2.2. Mugimendua: mota desberdinen azterketa problemak ebazteko aplikaturik.

2.3. Indarrak, masa eta azelerazioarekin lotuta. Indar unitateen erabilera.

2.4. Lana, potentzia, energia eta makinak. Problemetarako aplikazioa.

2.5. Berotasunaren azterketa eta makina termiko batzuetarako aplikazioak.

2.6. Elektrizitatea: motak, unitateak, zirkuitu baten osagaiak eta korronte elektrikoaren efektuak.

2.7. Materiaren egitura atomikoa eta molekularra.

2.8. Zatikiak. Eragiketetarako aplikazioak.

2.9. Proportzionaltasuna. Hiruko erregela bakun eta konposatua, ehuneko hainbat, banaketa proportzionala eta interes bakuna eta interes konposatua.

2.10. Geometria: planoa, poligonoak. Ariketa praktikoak.

2.11. Geometria: espazioa, poliedroak, piramidea, konoa, esfera. Ariketa praktikoak.

3.-Hizkuntza.

3.1. Substantiboaren, adjektiboaren eta aditzaren morfologia. Esaldi bakunaren sintaxia.

3.2. Esaldi konposatuaren sintaxia. Deskribapena: hainbat mota. Deskripzioaren objektibotasuna eta subjektibotasuna.

3.3. Ortografia.

3.4. Sinonimoak eta antonimoak.

4.-Proba praktikoa, Udaltzaingoari eta/edo Barañaingo geografiari buruzkoa.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak

1.-Urean aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ezta bertze baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Egiteko manera: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian eginen ditu, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen ditu bi metro, eta paretaraino segituko du gero.

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan pausatu, atseden hartu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren ertzean pausatu edo atseden hartzea.

b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean igeri egiteko eremuan burua ur gainera ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz:

-Gizonezkoak: 55'' baino gehiago. Emakumezkoak: 58'' baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.

-Gizonezkoak: 55'' edo gutxiago. Emakumezkoak: 58'' edo gutxiago. Kalifikazioa: gai.

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2.-Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek laster egin beharko dute, joan eta etorri, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan.

Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa bilakatuko da.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzea.

b) Izangaia bere kaletik ateratzea.

c) Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra ez zapaltzea.

d) Seinale akustikoa entzutean marra ez zapaltzea hiru aldiz jarraian (seinalea entzuten denean, marratik metro bateko tartea onartuko da).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik:

-Gizonezkoak: 10 baino gutxiago. Emakumezkoak: 8 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

-Gizonezkoak: 10 edo gehiago. Emakumezkoak: 8 edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

3.-Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Egiteko manera: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaistea.

b) Izangaiak zangoak flexionatzea.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzea.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera:

-Gizonezkoak: 40'' baino gutxiago. Emakumezkoak: 25'' baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

-Gizonezkoak: 40 edo gehiago. Emakumezkoak: 25 edo gehiago. Kalifikazioa: gai. Denbora neurtuko da hamarrenak kontuan hartu gabe.

4.-Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Egiteko manera: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barruan, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaia plataformatik kanpo erortzen denean, oin batekin edo biekin.

b) Izangaiak plataforma ukitzen duenean oinez besteko edozein gorputz-atalekin.

c) Izangaiak errebotatzen duenean plataformara erortzean.

Izangaiak nahi adina saio egiten ahalko ditu bi jauzi teknikoki baliagarri lortu arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan:

-Gizonezkoak: 0''57 baino gutxiago. Emakumezkoak: 0''47 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

-Gizonezkoak: 0"57 edo gehiago. Emakumezkoak: 0"47 edo gehiago. Kalifikazioa: gai. Denbora neurtuko da milarenak kontuan hartu gabe.

5.-Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren gibelean.

Egiteko manera: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta borzgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bertzera (A eta B ibilbideak grafikoan).

L1114706_0.EPS

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Izangai bakoitzak bi saio izanen ditu ibilbide bakoitzean, saioa baliogabetzat hartzen bada.

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako gehienez aurreikusitako denbora gainditzea.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek bukatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean:

-Gizonezkoak: 25''8 baino gehiago. Emakumezkoak: 27''8 baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.

-Gizonezkoak: 25''8 edo gutxiago. Emakumezkoak: 27''8 edo gutxiago. Kalifikazioa: gai.

IV. ERANSKINA

Bazterbide medikoak

1.-Ikusmena. Begien sistema.

-Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

-4/10 bi begietan, edo

-3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo

-2/10 begirik okerrenean eta 6/10 onenean.

-Ikuseremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bertzera.

-Diplopia.

-Diskromatopsia larriak.

-Estereopsi falta.

-Keratotomia erradiala.

2.-Entzumena. Entzuteko sistema.

-500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

-Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3.-Hizkuntza.

-Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.-Giharren eta eskeletoaren aparatua.

-Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

-Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

-Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

-Zifosiak, 30º baino handiagoak.

-Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

-Espondilitis ankilosantea.

-Paget-en eritasuna.

-Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

-Fibromialgia.

-Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5.-Digestio aparatua.

-Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

-B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

-Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Gibeleko zirrosia.

-Behazun-zirrosi primarioa.

-Pankreatitis kronikoa.

-Fibrosi kistikoa.

-Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Kakari eutsi ezina.

6.-Bihotz-hodietako sistema.

-Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

-Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

-Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

-Balbulopatiak.

-Miokardiopatiak.

-Perikardiopatia kronikoak.

-Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

-Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

-Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

-Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

-Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.-Arnas aparatua.

-Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

-Pleurako isuri berrituak.

-Berezko pneumotorax berrituak.

-Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

-Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.-Nerbio-sistema.

-Epilepsia.

-Esklerosi anizkoitza eta bertzelako eritasun desmielinizanteak.

-Neurona motorraren eritasunak.

-Ataxiak.

-Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

-Parkinson-en eritasuna eta bertzelako alterazio estrapiramidalak.

-Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

-Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bertzelako arazoak.

-Bertigoak.

-Siringomielia.

-Hidrozefalia.

-Miopatiak.

-Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

-Perlesia periferikoak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

-Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

-Neke kronikoaren sindromea.

-Anosmia.

-Beste alterazio motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.-Alterazio psikiatrikoak.

-Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

-Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

-Eskizofrenia eta bertzelako alterazio psikotikoak.

-Gogo-aldartearen alterazioak (jokabide bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi larria, alterazio distimikoak).

-Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

-Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.-Sexu eta gernu-aparatua.

-Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

-Gernuari eutsi ezina.

-Giltzurruneko polikistosia.

11.-Sistema endokrinologikoa.

-Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

-Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bertzelako alterazioak.

-Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

-Mellitus diabetesa.

-Adenomatosi endokrino anizkoitza.

-Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.-Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

-Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.-Odola eta organo hematopoietikoak.

-Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

-Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

-Hemofiliak eta hemostasiaren bertzelako alterazioak.

-Inmunoeskasiak.

-Esplenektomia.

-Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.-Bertzelakoak.

-GIB birusaren antigorputzen eramailea.

-Amiloidosia.

-Kolagenosia.

-Lupus eritematoso sistemikoa.

-Artritis erreumatoidea.

-Esklerodermia.

-Sjögren-en sindromea.

-Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Obesitatea (GMI > 25).

15.-Ohar orokorrak.

-Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

-Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Funtzioetan eragina duten gorputzeko bertzelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L1114706