1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
41E/2011 EBAZPENA, abuztuaren 9koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Cortesen, 4. poligonoko 374. lurzatian, 13,2 kV-eko linea elektrikoa eta 50 kVa-ko aireko transformazio zentroa ezartzea, ureztaketa sistemarako" izeneko proiekturako. Hermanos Sánchez Sánchez S.C.k sustatu du proiektua.
2011ko ekainaren 21ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Proiektu honen xedea da Cortesko udal mugapeko 4. poligonoko 374. lurzatian dauden ureztaketa pibotei hornidura elektrikoa ematea. Aireko lineak 270 metroko luzera eta bi bao izanen ditu.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Espedientean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eta Cortesko Udalaren aldeko txostenak ageri dira.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Cortesen, 4. poligonoko 374. lurzatian, 13,2 kV-eko linea elektrikoa eta 50 kVa-ko aireko transformazio zentroa ezartzea, ureztaketa sistemarako" izeneko proiekturako. Hermanos Sánchez Sánchez S.C.k sustatu du proiektua.
2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:
-Tentsiodun elementuen eta lotura euskarriak pausatzeko guneen artean gutxienez ere 70 zentimetroko distantzia lortzeko, eta Ingurumen ukipenen azterlanari jarraikiz, isolatzaile polimerikoko kateak erabiliko dira eta grapak, kable eroalea eta gainerako osagaiak isolatuko dira, aipatu luzera lortu arte.
-Elektrokutatzeko arriskua murrizteko, zubi lokak isolatuko dira euskarri mota ezberdinen arabera, Ingurumen ukipenen azterlanaren 4. planoari jarraikiz.
-Autobalbulak BCAC ("Bushing Connection Animal Cover") aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
-Energia elektrikoaren erabilera ureztaketa sistemara eta finkaren nekazaritza erabilerara mugatuko da, eta ezin izanen da beste ezertarako erabili.
-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Cortesko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko abuztuaren 9an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1114893