1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
35E/2011 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Valtierra-Arguedas" 13,2 kV-eko aireko linearen bariantearen proiekturako, Arguedasko udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola distribución eléctrica, S.A.U. da.
2011ko maiatzaren 12an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Proiektatu den jarduketaren bidez linea elektriko bat jarriko da, oraingo "Valtierra-Arguedas" linearen parez pare gutxi gorabehera, 39. euskarritik 51.era bitarte, tarte horretan lineari lotuta dauden abonatuen hornidura indartzeko eta zerbitzua hobetzeko. Horren ondoren, desmuntatu eginen dira zerbitzurik gabe gelditzen diren linea eta azpiegitura elektriko guztiak.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarririko ondorioak izanen ditu. Arguedasko Udalaren aldeko txostena jaso da espedientean.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, "Valtierra-Arguedas" 13,2 kV-eko aireko linearen bariantearen proiekturako, Arguedasko udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola distribución eléctrica, S.A.U. da.
2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:
-Proiektuarekin eta Ingurumen ukipenen azterlanarekin bat, loturako euskarriak isolatzeko U70AB66P motako konpositezko kateak erabiliko dira, eta esekidurakoetarako, berriz, U70YB20P motakoak.
-39. eta 51. euskarrietan, dauden isolatzaileen ordez U70AB66P motakoak jarriko dira, aldatutako tartea hegaztiak babesteari buruzko araudiaren arabera osorik egokitzeko.
-Autobalbulak BCAC aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
-Deribazioko euskarrietan, eta ebakitzekoetan, elektrokuzio arriskua murrizteko, zubi loka guztiak estali eginen dira linea nagusiaren eta deribazioaren arteko zubien artean, eta linea eroaleen eta XS zirkuitu-etengailuen arteko lotura zubien artean. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du.
-Desmuntatu eginen dira zerbitzurik gabe gelditzen diren linea eta azpiegitura elektriko guztiak.
-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskumena duen organoari eskatu eta gero.
3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarririko moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Arguedasko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko abuztuaren 4an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1114924