184. ALDIZKARIA - 2011ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

30E/2011 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Deikazteluko biltontzirako proiektua baldintzapean baimentzen duena. Sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2011ko apirilaren 6an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipaturiko espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuaren xedea biltontzi berri bat egitea da, gaur egungoa ordezkatzeko, hau kontserbazio egoera txarrean baitago eta, kokapena dela-eta, ezegonkortasun arazoak baititu eta horniduraren puntu batzuetan behar den presioa emateko kota nahikoa ez baitu.

Obren bidez, funtsean, ur biltontzi berri bat eginen da, 1.500 m³-ko edukiera izanen duena eta azalean 462,28 m² okupatuko dituena, Deikaztelu hornitzeko. Biltontzia urez hornitzeko, Jurramendiko biltontzitik datorren goi hornidurako 200 mm-ko diametroko burdinurtu harikorreko hodiaren deribazio bat proposatu da, eta biltontzitik herriraino ura eramateko, 200 mm-ko diametroko burdinurtu harikorreko hodi nagusiaren tarte txiki berri bat proiektatu da. Hodi hori bi adarretan banatuko da; bata, 100 mm-ko diametroko burdinurtu harikorreko hodi bat izanen da, eta bestea, 150 mm-ko diametroko material berekoa. Biltegiko hustubidea erabat berria izanen da, eta Deikazteluko saneamendu sarearekin bat eginen du. Aurrekoaz gain, lur azpiko linea elektrikoa ere proiektatu da.

Biltontzi berria erdilurperatuta egonen da, eta alboetako hirutan lubeta gisako ezpondak izanen ditu. Ezponden malda 2H/1B-ekoa da. Urbanizatuko da, eta perimetroko espaloia, hesia, iturria eta tantaka ureztatuko diren zuhaitzen ilara izanen ditu. Bide berria 6 m zabal (aldaketarik gabe) eta 39,3 m luze izanen da. Biltontzi zaharra eraitsiko da.

Proiektuaren ezaugarriak, Deikaztelutik begi-lerroen araberako kokapena eta proiektuak ukituriko azaleren lurzoruko erabilerak (alor landu bat eta belartzak eta zuhaixka komun bakan batzuk dituen azalera zati bat) kontuan hartuta, ondorioztatzen da ezen Ingurumen ukipenen azterlanean jasoriko ingurumen arloko babes eta zuzenketa neurriak hartuta, eta ebazpen honetan jasoriko neurriekin, jarduketak ez duela ingurumeneko ukipen handirik ekarriko.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarririko ondorioak izanen ditu.

Eskaera Deikazteluko Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedaturikoari jarraikiz. 2011ko maiatzaren 2an dataturiko erantzuna jaso da, non adierazi baita jarduketa bateragarria dela hirigintza aldetik, eta aldeko txostena eman da ingurumenean izan daitezkeen ukipenei buruz, udalaren eskumenen esparruan.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena baldintzapean ematea Deikazteluko biltontzia egiteko proiekturako, Jurramendiko Mankomunitateak sustatua.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Proiektuan agertzen den bezala, indusketako edozein lan hasi aurretik landare lurraren geruza kendu beharko da, gutxienez 30 cm-koa. Kentzen den lurra landareztatzea egiteko eta zorua lehengoratzeko izanen da, obrek ukituriko azalera osoan.

-Modu berean, obraren zuinketa zuzena azpimarratzen da, bereziki energia elektrikoaren hodia pinudiaren barnean gauzatzeak ukituriko tartean.

-Energia elektrikoaren hodia kokatzean zuhaitzak moztea saihestuko da, eta, nolanahi ere, makina txikiak erabiliko dira. Beharrezkoa bada zuhaitzen bat botatzea, departamentu honetako Oihanak Kudeatzeko Atalari behar den administrazio baimena eskatuko zaio horretarako.

-Indusketako lur soberakinak lurren zabortegi baimendu batera eramanen dira edo, bestela, obraren inguruan hondaturiko eremuak lehengoratzeko erabiliko dira, departamentu honek aldeko txostena eman ondoren.

-Biltontzi zaharra eta ukituriko pistaren zorua eraistean sortuko diren eraikuntza eta eraispen hondakinak kudeatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretua aplikatuko da. Bereziki, hondakin horiek dituztenen betebeharrei buruz eta hondakinak behar bezala kudeatuko dela bermatzeko eskudiruzko fidantza edo banku abala gordailutzeko beharrari buruz.

-Obrek ukituriko azalerak (ur nahiz elektrizitate hodiak jartzeko zangen trazadurako lan kaleak, pista osagarriak, sarbide berria eta lubeta-ezponden azalerak) ongi profilatuta eta biribilduta utziko dira, landare lurrez estaliko dira eta hidroereintza eginen da Ingurumen ukipenenetarako azterlanean proposaturiko hazien nahasketarekin. Horrez gain, proiektuan dauden perimetroko zuhaitzak, tantaka ureztaturikoak, landatuko dira.

-Obrak hasi aurretik Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena eskuratu beharko da.

-Obrak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kendu beharko dira.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarririko moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Deikazteluko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko abuztuaren 2an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1114855