1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
23E/2011 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, "Otemotz errekatik ura hartzeko proiekturako, Leitzako udalerria hornitzeko". Sustatzailea udala da.
2011ko maiatzaren 13an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N atalean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Proiektatu den jarduketaren xedea da Leitzarako edateko uraren hornidura hobetzea, Txaragorri errekaren adar bat den Otemotz errekaren ibilguan presa txiki bat eginez, Leitzako herritik kilometro batera baino gehixeago, ipar-ekialdera; halaber, hornidurarako hodi bat jarriko da herri horretako goi horniduraren sareraino, ur-biltegitik hurbil dagoen puntu batean. Jarduketa 2009-2012 urteetako Tokiko Inbertsioen Planean onetsi da eta, horretarako, kontzesio berri bat eskatu zaio Kantauriko Ur Mugapeari, segunduko 12 litrokoa.
Ur-biltegiaren eta presa txikiaren arteko hodia zanga batean lurperatuta joanen da, hormigoitu gabe, udal bideak erabiliz, hasierako tartean izan ezik, presa txikia jartzeko tokira eramaten baitu; horretarako sarbide bat eginen da, 80 metro luze eta 2 metro zabal, iraztor lekuan eta Quercus pyrenaicako harizti martzeszentea dagoen eremuan. Presa txikiak hormigoizko zeharkako horma bat izanen du, eta bilduko den urak gehienez ere metro bateko garaiera izanen du, gutxi gorabehera. Ura hodi berritik aterako da, erregulazio eta kontrol etxolatik abiatuta (neurri txikikoa, 2,30 x 1,30 metro, errekaren alboan jarria). Hodiaren hasiera zatiko bi gune zehatzetan izan ezik, dentsitate handiko polietilenozko hodia (PE Ø 180 mm-ko diametroa eta 1.078 metroko luzera guztira) bideen sestrari egokituko zaio, zabalera eta kotak aldatu gabe.
Dokumentazioaren barnean 2011ko apirileko Ingurumen ukipenen azterlana dago, interes naturaleko balioak aztertu eta neurri zuzentzaileak ezartzen dituena. Nabarmentzekoa da bideen kontserbazio maila altua eta paisaiaren aldetik duten balioa, inguru horretan ohikoak diren paretak eta muga arboladunak dituztela eta ustiapen tradizionalekin eta baso atlantiarrareko arboladiekin tartekatzen direla, eta nabarmentzekoak dira, halaber, oso malkartsua den Otemotz errekaren naturaltasun handiko ibilguari lotutako flora eta fauna.
Neurri zuzentzaileen artean, proiektuak zenbait baldintza aurreikusten ditu makina txikiak eta potentzia ez oso handikoak erabiliz egiten diren lanetarako, presa txikiaren diseinuan gainezkabide zentral bat ezartzen du emari ekologikoa mantentzeko, eta ur-ibilguan jalkinen tranpa bat instalatzea ere aurreikusten du, lanak egin bitartean korrontera iristen diren material xehei eusteko. Obren bukaeran, profilaketa eginen da bidea mehartzeko, lanek ukitutako eremuan bertako landareak sartuko dira eta soberakinak zabortegi baimendu batera eramanen dira.
Leitzako Udalak, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, txostena igorri zuen 2011ko urtarrilaren 11ko datarekin, non adierazi baitzen jarduketa bateragarria dela hirigintza aldetik.
Foru dekretu horren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela; horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, "Otemotz errekatik ura hartzeko proiekturako, Leitzako udalerria hornitzeko". Sustatzailea udala da.
2. Baimena 2011ko maiatzeko Ingurumen ukipenen azterlanean aurreikusitako neurri zuzentzaileak betetzearen baldintzapean eman da, bereziki hurrengo hauek:
-Proiektatu denarekin bat, egokitu eginen dira lanaren zabalera eta makineria ibiltzeko neurri bereziak, ahalik eta txikienak izan daitezen hodiaren korridoreko eta trazadura berria ur-ibilgura iristen den tokiko ingurumen ukipenak Halaber, jarduketaren aurretik edo aldi berean, arbolak inausteko eta mozteko lanak egin dira, horrela landarediari kalte gutxiago egiteko jarduketa egin bitartean. Arbolak mozteko administrazio baimena eskatuko zaio Oihanak Kudeatzeko Atalari.
-Ur-ibilguan eta horren ondoko sarbidean, ezkerraldetik, behar-beharrezko eremua soilik okupatuko da, erreka ertzetako landaredia eta morfologia ahalik eta gutxien ukitzeko. Horretarako, erreka ertzetan balizatu eginen da, aldez aurretik, ukipen eremua, eta horretatik kanpo utziko dira pilaketa guneak, eta interesdun landaredirik gabeko eremu batean ezarriko da, batez ere iraztor lekuan, Quercus pyrenaicako harizti irekiaren ondoan.
-Proiektatutakoarekin bat, presa txikiak diseinua mantenduko du muxarradura zentral batekin, kontzesio baldintzei egokituta, emari ekologikoa ziurtatzeko. Era berean, jalkinen tranpa instalatuko da ur-ibilguak bertako bidea gurutzatzen duen tokian, eta kendu eginen da jarduketaren ondoren, ur-ibilgura eroritako materialekin batera, baldin eta horrek ez badie kalte gehiago egiten landarediari eta erreka ertzei.
-Lanak bukatutakoan, profilatu eginen da sarbide berria zabalerari 1,5 metroko muga jarriz, profilatu eginen dira indusketako ezpondak eta lehengoratu eginen da hodiaren zangak ukitutako eremua, eta saihestu eginen dira isurketa uren kontzentrazio eremuak. Azkenik, proiektuan aurreikusitako bertako espezieak erabiliz eginen dira landareztatze lanak.
-Indusketako lur eta harriak, proiektuko lurren balantzeari eransten ez zaizkionak, eta obrako material eta hondakinak zabortegi baimendu batera eraman beharko dira edo hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri, hondakinak nolakoak diren kontuan hartuta.
-Obren sustatzaileak Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari jakinaraziko dio, lanak hasi aurretik, lanak zein egunetan hasiko diren eta zein aurreikuspen dagoen, jarraipena egin ahal izateko.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarririko moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Leitzako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko uztailaren 5ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1114899