184. ALDIZKARIA - 2011ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1473/2011 EBAZPENA, irailaren 6koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beherako haurrei 2011n diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.

2011ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2010 Foru Legeak "Garun-perlesia izanik Petö metodoko tratamendua hartzen duten haurrendako diru-laguntzak" izeneko lerroa ezarri zuen.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu egin beharko dira, deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratu ahal izateko.

11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beherako haurrei 2011n diru-laguntzak ematea, garun-perlesia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituztenei, hain zuzen ere.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Petö metodoaren tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beherako haurrei, garun-perlesia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituztenei, 2011n osorik edo hein batean finantzatzeko diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea.

2. Gehienez ere 182.360 euroko gastua baimentzea, 2011ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Garun-perlesia izanik Petö metodoaren bidezko tratamendua hartzen duten haurrendako laguntzak" izeneko 51120-511002-4809-313902 kontu-sailetik.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuari, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-Hartzailetza Delegatuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2011ko irailaren 6an.-Osasuneko zuzendari nagusia, Cristina Ibarrola Guillén.

ERANSKINA

Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beherako haurrei, garun-perlesia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituztenei, 2011n diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Diru-laguntzaren xedea.

Garun-perlesia edo antzeko nahasmendu neurologikoak izanik Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beherako haurrek 2011n izaniko gastua osorik edo hein batean finantzatzea.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

-16 urtetik beherakoa izatea.

-Garun-perlesia edo antzeko prozesu neurologikoa izatea, mediku batek diagnostikatua.

-Ohiko bizilekua Nafarroan izatea.

-Tratamenduaren beharra Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo zentro itundu bateko fakultatibo espezialista batek agindu izana.

3. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

Eskatzaileek (adingabearen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak) agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Haurra laguntza eskatu baino lehenagoko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen egiaztagiri ofiziala. Haurrak adin hori bete ez badu, aitak, amak edo legezko tutoreak frogatu beharko du betebehar hori.

b) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa jasoko duena eta tratamendua komenigarria dela adieraziko duena.

c) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

d) Petö metodoarekin proposaturiko errehabilitazio tratamenduaren azalpena.

e) Petö metodoaren bidezko errehabilitazio tratamenduaren kostua, familiak ordaindu behar duena.

f) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak beteak izan beharko ditu eskatzaileak. Osasun Departamentuak egiaztatu eginen du betebehar hori betetzen ote den, eskatzaileak aldez aurretik baimena eman eta gero.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) eta c) ataletan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira. Dena dela, eranskin honen 5. puntuan aipatzen den Ebaluazio Batzordeak beste txosten kliniko batzuk eska ditzake, beharrezkoak irudituz gero.

4. Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

4.1. Tratamenduaren kostuaren zenbatekoa ordaintzen duen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdian ezartzen diren laguntzak.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2011ko urriaren 31n bukatuko da.

4.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan (Amaia kalea, 2 A, Iruña) aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea igorririk. Eskabidearekin batera, deialdiaren 3. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira.

4.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela.

4.5. Diru-laguntzaren eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdia arautzen duten oinarriak onartzea.

5. Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, Ebaluazio Batzordeak proposatutakoari jarraikiz. Batzorde hori Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuko hiru pertsonek osatuko dute, zerbitzu horretako zuzendariak izendaturik.

5.2. Ebaluazio Batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten diru-laguntzak jasotzeko betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

-Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradunaren familiak, tutoreak edo legezko ordezkariak finantzatutako tratamenduaren kostuari begiratuko zaio, xede horretarako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik izanez gero.

-Zehazteko, kontuan hartuko da zenbat diru dagoen erabilgarri aurrekontuetan, laguntzak eginiko gastuarekin proportzionalak izan daitezen (aurrekontuko dirua hainbanatuko da).

-Onuradun bakoitzeko tratamendu ziklo bat finantzatzeko adinakoa izanen da, gutxienez, diru-laguntza, eta ez du inolaz ere gaindituko onuradunaren familiak, tutoreak edo legezko ordezkariak finantzatutako tratamenduaren kostu osoa.

-Aurrekontuko kontu-sailaren zenbatekoa ez bada aski eskatutako tratamenduen gastu osoari erantzuteko, poltsa osagarri bat sortzeko gordeko da kontu-sail horren zenbateko osoaren %7, baliabide ekonomiko gutxiagoko familiei emandako laguntzak handitzeko. Poltsa osagarriaren onuradunak zeintzuk diren zehazteko, hitzarmen bat ezarriko da, diru zuzkidurarik gabe, Fundación Aspace Navarra Residencial fundazioarekin. Poltsa osagarriaz baliatu nahi duten pertsonek eskabidean adierazi beharko dute, eta fundazioak eskatzen dien eta aipatu hitzarmenean zehaztuko den dokumentazioa aurkeztu.

5.3. Ebaluazio batzordearen proposamena lotzailea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, batzordeak ematen duen proposamenarekin bat.

6.2. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, deialdiaren 9. puntuan aipatzen diren agiriak egiaztatu ondoren. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7. Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak behin ere ezin izanen du gainditu familiak guztira ordaindutako kostua.

8. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute, eta xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazi. Jasoz gero, zenbatekoa zein izan den esan beharko dute.

Halaber, onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako eginbeharrak bete beharko dituzte.

9. Justifikazioa.

9.1. Justifikazio ekonomikoa Osasun Departamentuaren Erregistroan (Amaia kalea, 2 A, 2.a Iruña) jatorrizko fakturak aurkeztuz eginen da. Horietan datu hauek agertuko dira, gutxienez:

-Haurraren izen-deiturak.

-Tratamendua ematen duen entitatea.

-Harturiko tratamendua, aldiak zehaztuz.

-Familiak guztira ordaindutako zenbatekoa.

9.2. Halaber, urteko tratamendua bukatutakoan, tratamenduak haurraren bilakaeran izandako emaitzei buruzko ebaluazio zehatza aurkeztu beharko da Osasun Departamentuan.

10. Diru-laguntzaren ordainketa.

Oinarri arautzaile hauen 9. puntuan aipatutako frogagiri guztiak egiaztatu ondoren emanen da diru-laguntza.

Fakturak eta 9. puntuan aipatutako gainerako agiriak aurkezteko epea 2011ko abenduaren 7ko 14:30ean bukatuko da.

11. Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdian aurreikusitako diru-laguntzaren onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

12. Datuen babesa.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesdunek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.

13. Aplikatzekoa den araudia.

Oinarri arautzaileotan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

14. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1114881