184. ALDIZKARIA - 2011ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

2984/2011 EBAZPENA, irailaren 8koa, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak emana, zenbait eskudiantziaren erabilera Nafarroako Mendekotasun Agentziako Kudeaketaren eta Giza Baliabideen zuzendariordeari eskuordetzen dizkiena.

Nafarroako Mendekotasun Agentziaren estatutuak onetsi zituen abuztuaren 24ko 137/2011 Foru Dekretuaren 13. artikuluaren arabera, zuzendari kudeatzaileak zilegi du bere eskudantzia batzuk agentziako zuzendariordeen esku uztea, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat.

Behar den eraginkortasuna eta lastertasuna lortzeko, bidezkotzat jotzen da Kudeaketaren eta Giza Baliabideen zuzendariordeari eskuordetzea zenbait eskudantzia, ordainketak eta gastuak baimentzeko eta Nafarroako Mendekotasun Agentziaren ebazpenen eta agirien fede emateko eta egiaztagiriak luzatzeko.

Eskuordetza hau dagokion arloan indarra duen legerian ezarritakoaren arabera egin behar da, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluaren arabera.

Horrenbestez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren estatutuak onetsi zituen abuztuaren 24ko 137/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Kudeaketaren eta Giza Baliabideen zuzendariordeari eskuordetzea Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzailearen zenbait eskudantzia, gai hauei buruzkoak:

a) Nafarroako Mendekotasun Agentziaren transferentzia arrunten eta kapital transferentzien ordainketak eta gastuak eta jarduteko gastuak (15.000,00 eurora bitartekoak, BEZa kanpo) baimentzea.

b) Nafarroako Mendekotasun Agentziaren inbertsioen ordainketak eta gastuak (40.000,00 eurora bitartekoak, BEZa kanpo) baimentzea.

c) Nafarroako Mendekotasun Agentziako organoen ebazpenen eta Agentzian dauden agirien eta datuen fede ematea eta egiaztagiriak luzatzea.

2. Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak edozein unetan eskuratzen ahalko du edozein espediente, haren gaineko ebazpena emateko.

3. Foru agindu honen bidez esleitzen diren eskudantzien ondorioz ematen diren ebazpenetan espresuki aipatuko da hala dela. Ebazpen horiek Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak emandakotzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta haien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari zuzendua.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Mendekotasun Agentziako Kudeaketaren eta Giza Baliabideen Zuzendariordetzari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko irailaren 8an.-Zuzendari kudeatzailea, Ana Concepción Puyo Gracia.

Iragarkiaren kodea: F1114957